ERRIONDO, Lore: Hizkuntzaren normalkuntza eskolan

1996-12-01
Hizkuntzaren normalkuntza esaterakoan, honako helburu hau lortzeko bidea aipatzen dugu: euskera izan dadila irakaskuntza sistemaren berezko hizkuntza, bai ohiko irakas hizkuntza bezala, bai gainerako ihardunetarako ere, euskal hezkuntza sistemaren bidean. Hezkuntza sistemak hizkuntzen ezagupen praktikoa ziurtatzeaz gain, komunikazio eraginkorrezko metodologiak erabiliz, era berean, euskararen erabilpen publikoaren aldeko jarrera sustatuko du Euskal Herriaren berenezko hizkuntza den aldetik. Era berean, euskal hezkuntza sistemak euskal gizartea egituratzen lagunduko du.
 
 
HIZKUNTZAREN EGOERAREN AZTERKETA ESKOLAN

Euskararen sarrera hezkuntza sarean

Bi hitzetan esatearren, ikastolen mugimenduak ekin zion hizkuntzaren normalkuntza bideari, ordurarte ezinezkoa zen irakaskuntza euskaraz gauzatzeari alegia, hizkuntza eta kultura uztartuz, hezkuntza proiektu nazionala izanik. Hemendik abiatuta kokatu behar dugu ondoren, Autonomi Erkidegoan 1.979. urtean euskara irakaskuntzan sartzeko 1.049/1.979 errege dekretua, zeinaren bidez euskara irakasgai gisa sartzen den sare publikoan. Ondoren, 1.982an, euskararen erabilera arauzkotzeko 10/1.982 legea jartzen da indarrean eta ondorengo 138/1.983 koarekin, ezartzen dira egun guztiok ezagutzen ditugun A,B eta D hizkuntz ereduak.

Nafarroan beranduago ekiten zaio prozesuari, Vascuencearen legea dela medio, eta 159/1.988 legea dugu irakaskuntza ez unibertsitarioan euskararen sarrera arautzen duena. Nafarroan baina, Autonomi Erkidegoan ez bezala, zonalde soziolinguistikoak bereizi dira: euskalduna, mixtoa eta ez-euskalduna, eta honekin batera, euskaraz ikasteko eskubidea mugatu zonaldearen arabera.

Iparraldean, ez dago oraino hauen pareko legerik garatu, nahiz eta bertan ikastolak egon ere badauden eta zenbait ikastetxe publikoetan euskara sartu ere.



Ikaslegoa

Pasa dira beraz 13 urte hizkuntza ereduak sortu zirenetik, eta honekin batera azterketa, ikerketa eta estatistika ugari argitaratu ere. Hau dela eta, esan dezakegu egun indarrean jarritako hizkuntza ereduen sistemak bere goia jo duela, normalkuntza bideratu baino eragotziz. Argi eta garbi ikusten da hau A hizkuntza ereduan. B ereduaren kasuan, indefinizioa da nagusi praktikan; hau da, errealitatean, A eredutik D eredurarteko guztia izenda daiteke B eredu eta honen araberakoak dira ere emaitzak. D eredua da azkenik, normalkuntzari hurbiltzen zaion bakarra, baina hau jatorriz euskaldunak diren ikasleentzat sortu zela kontutan edukirik, kolokan jartzen du ereduen sistema bera. Egia da bestalde, zenbait B eta D eredu, murgiltze eredutzat hartzen direla eta hauetan soma genezake euskalduntzearen arrakasta.

Normalkuntzaren ikuspegitik beraz, gainditu beharra dago ereduek ezartzen dituzten mugak eta euskal hezkuntzaren sistemaren batasuna aldarrikatu. Hauek honela, ikaslegoaren hizkuntz jatorria kontutan harturik, euskaldunak eta ez-euskaldunak genituzke. Lehenengoean, euskaldunen kasuan alegia, hauen hizkuntzan burututako eskolatzea bermatuz, hizkuntza bera landuaz indartu eta areagotzea izango litzateke eredua. Bigarrenean, berriz, erdaldunen kasuan alegia, murgiltze eredua eskaini beharko litzaieke, tokian tokira eta beronek eskatzen duen diseinu eta plangintzak ezarriaz.

Guzti hau ikastetxe orok burutu beharreko Ikastetxeko Hizkuntza Normalkuntzarako Plangintzan agertu beharko litzateke, honek bideratuko bailuke, ikastetxe bakoitzaren hizkuntz normalkuntza prozesua.



Irakasleria

Euskararen sarrerak irakaskuntzan egokitzapenak eskatu baditu, ez dago zalantzarik irakasleriaren arazoak berebiziko garrantzia izan eta duela. Abiapuntuko egora kontutan harturik, ez zegoen euskarazko irakaskuntza bermatzeko inolako gaitasunik. Hori zela ete, ekin zitzaion besteak beste irakasleriaren euskalduntze planei. Baina urteen joan-etorriak erakutsi digute gizartearen eskakizuna aruntzago zihoala eta egindakoa askoz ere apalagoa izan dela; honek beraz, arazoak sortzen ditu. Bestetik, euskara ikastea eta irakasleriaren euskalduntzea ez datoz bat halabeharrez, ez da hau kontutan hartu irakasleriaren prestakuntzan; izan ere, irakasleria eskolatan oraindik er gaztelera hutsez ikasterik badago, ondoren honek dakarren irakasleriaren euskalduntze beharrak bere horretan dirauelarik.



Zerbitzuak eta ikasmateriala

Irakasleriaz gainera, hainbat zerbitzu kokatzen dira hezkuntza alorrean; hala nola: adminiztrazioa, ikuskaritza, zuzendaritza, PAT delakoak, irakasle laguntzaileak, teknikariak, zerbitzuetako langileak (garbitzaleak, atezainak, garraioetakoak,...), eskolaz kanpoko ihardueretarako monitoreak,... Guzti hauetan ere, kontutan hartu beharko litzateke normalkuntza beharra, izan ere, eguneroko eskola ihardunean eragiten baitute eta hauetan hain zuzen eman dira urratsik txikienak.

Normalkuntzaren ikuspegi honetatik, ikasmaterialeen egokitzapena ere ezinbestekoa da.



Plangintzaren beharra

Aipatu hutsune eta gebeziak gainditzeko, proiektu isolatuak motz gera daitezkeelakoan, Normalkuntza Plan Orokorra izateari ezinbestekoa deritzogu. Sareak, lurraldeak eta hezkuntza eredu desberdinak barne hartzen dituena, ikuspegi osotu eta integratua darabilena. Bidea beraz, Plangintza Orokorra diseinatzea litzateke, bertan Hezkuntza sektoreari dagokiona eta honen barruan irakaskuntza eskolarrarena. Honek beronek eskatuko du besteak beste, ikastetxe bakoitzeko Hizkuntza Normalkuntzarako Plangintza diseinatzea.