BELGIKA: Belgiar estatuko hezkuntza sistemak

1996-12-01
Gure Hezkuntza Erreforma dela eta ez dela, nahiko lanarekin gabiltza. Baina gehiegi itsutu gabe kanpokaldera begirada bat luzatzeak ez digu kalterik egingo. Hilabetero beste lurraldeetako Hezkuntza Sistemei buruzko zenbait informazio zabaltzen saiatuko gara, gure aldetik. Nozio minimo batzuk ezagutzea ongi etorriko zaigu guztioi.
 
 
Hasteko, Belgiar Hezkuntza Sistemara joko dugu. Estatu belgiarrean hiru eskualde daude Hezkuntza Sistema daude: Flandes, Walonia eta Brusela (elebiduna). Flandeseko hizkuntza ofziziala flandesera da eta biztanleek %57,5 osatzen dute. Walonian, ostera, bi hizkuntza ofizial daude: frantsesa (%42) eta alemaniera (%0,5). Hezkuntza Ministeritzak, ordea, bi daude: flandiarra eta waloniarra. Dena dela, komunitate nazional bakoitzak bere hezkuntza antolaketa egiten du. Belgiar estatuak hiru gauzetan soilik hartzen ditu erabakiak: derrigorrezko eskolarizazioaren finkapenean, diplomek eta tituluek bete behar dituzten gutxiengo arauen ezarpenean eta irakaslegoaren erretiroan.

Komunitate nazional bakoitzean hezkuntza hiru saretan banatzen da: estatuarena (flandiar eta waloniar adarrekin), administrazio lokalarena (probintzia eta udalarena) eta pribatua. Guztiek, publiko zein pribatuek, beren irakasleria kontratatzeko ahalmena dute.

Bestalde, 1958. urteko Itun Eskolarraren ondoren katoliko eta liberalen arteko gatazkak bukatu ziren. Geroztik bai administrazio publikoek eta bai pertsona pribatuek diru publikoarekin hezkuntza zentroak antolatzeko gaitasuna dute. Belgiar estatuaren aurrekontuen %20a Hezkuntzara zuzentzen da.

Aipatu bezala, komunitate bakoitzak bere hezkuntza antolaketa egiten du. Hurrengo tauletan flandiar komunitatearen eta frantses hiztunen komunitatearen sistemak ikus daitezke. Alemaniar hiztunen sistema frantsesenen antzekoa da.

Flamendiar komunitatean derrigorrezko hezkuntza 6-18 urte bitartekoa da. 14 urterarte egun osoko ordutegia izaten dute. 15 edo 16 urtetik aurrera, ordea, egun erdiko ordutegia aukera dezakete.

Bigarren Hezkuntzako eredu guztiek (orokorra, teknikoa, artea eta profesionala) goi mailako hezkuntzara igarotzeko aukera ematen dute, baina profesionalean urtebete gehiago behar da. Injenirutza Zibilean ezik, ez da selektibitaterik egin behar goi mailako ikasketetara pasatzeko.

Goi mailako ikasketen barnean hiru eredu daude: unibertsitatea, goi mailako irakaskuntza laburra eta goi mailako irakaskuntza luzea.

Irakaskuntza berezi bat ere badago ezinduentzat. Ohiko eredua ere jarrai dezakete, programa berezi batzuen laguntzaz.

Waloniar komunitatean (frantses eta alemaniar hiztunen kasuan) ere derrigorrezko hezkuntza 18 urterarte luzatzen da. Hala ere, egun osoko ordutegia 15 urte bete eta bigarren hezkuntzako lehen bi zikloak egin ondoren amaitzen da.

Frantses eta alemaniar hiztunen komunitateen arteko desberdintasuna bigarren hezkuntzan dago. Frankofonoen sisteman bi eredu daude maila honetan:



1.- Eredu berria: bi urtetako hiru zikloz osatuta dago (behaketa, orientazioa eta zehaztapena). Orientazio zikloan lau eredu bereizten dira: irakaskuntza orokorra, teknikoa, artistikoa eta formakuntza profesionala. Era berean, bi gradu desberdin daude: transizio etapa eta kualifikazio etapa. Lehenengoaren helburua goi ikasketetarako prestaketa da, eta bigarrena lan mundura zuzendua dago.



2.- Eredu tradizionala: hau hiru urtetako bi zikloz osatua dago. Hemen lehen ziklotik bereizten dira ereduak (orokorra, teknikoa, artistikoa eta profesionala).

Eredu berria gero eta gehiago zabaltzen ari da. Tradizionala bigarren hezkuntzako %3,7ak soilik jarraitzen du.

Komunitateen artean tirabirak ematen dira, eta horren adierazgarri garbiena 2. hizkuntza da. Flamendiarrek zein waloniarrek ingelesa ikasten dute 2. hizkuntza bezala, eta ez frantsesa edo flandesera.

Nahiko sistema konplexua da belgiar hau, baina emaitza onak dituena eta erreferentzitzat hartzen dena.