Edozein kulturatan ematen den heziketa, komunitatezkoa zein formala

1996-12-01
 
 
Gogoeta bat egitera noa heziketaz. Horretarako nire buruaren azterketaz baliatuko naiz.

Duela 47 urte jaio nintzen Ataungo Sangreogorio auzoko kaleko Ezkalune etxeko bigarren solairuko gurasoen logelan. Natalia ama gureari askotan bere sei alabasemeok entzun diogu guretariko bakoitzaren jaiotzako berriak ematen.

Bospat urterekin auzoko "eskola nazionalea" lehen aldiz joan nintzen. Eskolaren garrantzia zeinen handia zen ordurako gure familiarengandik ederki ikasia nintzen ni ere beste senideen antzera. Alde batetik, gure gurasoek, Inaxiok eta Nataliak, beren bost semealabok, artean seigarren eta azkenengo senide emakumezkoa jaio gabe zegoen, eguneroko ogiarekin batera ikastolaren garrantziarekin haziak gintuzten. Bestetik, gure senide zaharrena, Jokin, Gipuzkoako Apeztegira, Donostian, sartua edo sartzeko hartan zebilelarik, ikastolaren handitasunaren agerikotasuna goi-goi mailaraino nereganatzen hasia nengoen.

Elizan, nire aurreko bi anaien antzera, Jokin eta Joxeantonio, monagilo hasia edo hastekotan nengoen. Monagilo izateko ere eliz-ikastolan maila goragokora iritxi behar zuen batek, mezatako latinezko esaldiak batipat beste eliztar inork ez bezala ikasi behar zituelako langintza hori burutu nahi zuen edonork.

Familia, ikastola eta eliza aipatu ditut nire haurtzaroko hasieran. Oraindik falta zait beste ikas-leku nagusienetako bat, kalea alegia. Gainera, gure familia Sangregorio auzoan kale-kalekoa zen. Esate baterako, kale hartan tabernak (Estango eta Sutegi), denda (Artilakoa), autobusa egunerokoa (Lasa), pasantzako auto eta kamioak Beasain eta Etxarri Aranaz artean Lizarrustitik barna zihoazenak, jaietako mezatako hainbat eta hainbat auzotar-eliztarrak eta El Diario Vasco eta La Voz de Guipúzcoa egunkarien salmenta, baina niretzat astekariak zirenak, eta arratsaldeko plazako musika eta karamelo-saltzailea, asteazkenetako Ordiziako peria, besteak beste, ziren nire eta nire ondoko haurren harremanetako kale-ekintza nagusienetakoak.

Eta haurtzaroko beste eragile handienetako bat oraindik ere aipatzekotan nago, nire lagunak eta ezagunak. Hauekin bereziki saiatu nintzen nire urte gutxiko bizitzako zenbait ekintza neketsu ikasten, auzoan ongi ikusiak ez ziren auzokideei buruzko agerpenak, bestela jakitea debekatzen zitzaizkigun haietakoak alegia: zergatik ez zitzaigun inoiz sekulan inon aipatzen Estankoko Mariaren gizonik? Zergatik ez zitzaigun aipatzen gure familiatan ezta ezertxo ere pertsona larrien arteko sexua? Zergatik? Eta gainera beste hainbat zergatik eta zergatik nituen nire lagun eta ezagun haurren modura!

Nik, orduan, lehen aldikoz ikastolaratu nintzenean, "eskola" izenez auzotar guztiok izendatzen genuen eta gazteleraz bakarrik liburuetan berriematen zen leku hartaratzean alegia, ez nekien handik hogei bat urtera neroni ere ikastolako irakasle bilakatuko nintzela Ondarruko Zubi Zahar Herri Ikastolan, eta gaur arte horretan eta aldi berean ikerkuntzan jarraituko nuela eta jubilatu arte jarraitzekotan nagoela. Baina handik hogei urte beranduago bai ordea argi eta garbi nekien zergatik nengoen irakasle eta ikerlari iadanik bilakatua. Hain zuzen nire haurtzaroko bost urte nituenean, gutxi gora-behera, familia, ikastola, eliza, kalea eta lagunak eta ezagunak nire euskal kulturazko nortasunean bereziki ikasketa formalaren bidez batzerakoan, nire euskal eta mundutar mundu-ikuspegia hobetoen azaltzea neukalako.

Ikasketen premiaz aipatu auzoko eragile horien guztien artetik gure familia izan nuen, nire beste bost senideek bezalaxe eragilerik handiena. Dudikan ez! Gure familian, berriz, aita gurea, duela bi hilabete eta egun batzuk 90 urterekin Lur honetatik joan eta Zeruan sartu zaiguna munduko espezie humanoko orain arteko eta datozeneko hil guztiok bezalaxe! Aita gureak, ama gurearen laguntzazko adostasun oso eta paregabekoz, beren ume guztiei, ume-umetatik edo jaio orduko, eguneroko ogiarekin batera eman zigun lema hau: eskolea, eskolea ikasi! zenbat eta eskola gehiago ordun da munduun hobeto moldatuko zeate, umeok!

Eskolea, eskolea heziketa formalaren zeregina da edonongo eta edozein garaitako edozein kulturatan! Baina, eta hau da nik gaur nire gogoetaren bidez adieratzi nahi dudan mezua, eskolea, eskolea lema zein beste edozein kulturazko lema oinarrizkoena ume bati lehenik eta oinarrizko beren gurasoek erakusten diotela. Heziketa ezformala, honela, heziketa formalaren hazi bera eta bakartzat bihurtzen zaiolarik munduko ume bakoitzari, bere kultura edozein delarik.

Gurasoak beren umeak ikastolaratzen hasi bitartean, eta handik aurrera ere amaigabeki berdin, beren inguruan ikastola, eliza, eta traszendentziaz arduratzen den erakunderen bat ez duen umerik ezin da inon mundu zabalean eman. Gainera kalea eta lagunak, guraso berenak zein beren umerenak, lankide ditu ume bakoitzak. Hots, komunitategintzatik hasten da heziketa orokorraren leloa ongien garatzen, eta bertan delako umeak hil arte hobetoen garatzen jarraituko du.

Kontzeptuak baikorki zientzian deitzea ikerlariarentzat helburu denez, heziketa ezformalaren ordez heziketa komunitatezkoa erabiliko dut. Eta, arestian azalduko dudanaren arabera, heziketa formala edo ikastolazkoaren oinarrian beti heziketa komunitatezkoa dago.

Pertsona bakoitza sortua den unetik hil eta deseginez traszendentziratzen den bitarteko osotasun konplexu horrek kultura bat osatzen du. Edozein kulturaren eusleen euslea heziketa komunitatezkoa dela erakutsi dit nire biografiak, nire inguruko beste askorenek eta nire ikerkuntza antropologiazkoak. Eta heziketa komunitatezkoaren arduradun nagusienak bakoitzaren aitamak direla, baita ere.

Gure gurasoek eta gure komunitateak, Ataungo Sangregorio auzoak alegia, ume-umetatik beti erakutsi zigutenetako gauza batekin, hots umeak ein, hazi eta hezi ein behar dituzte beren gurasoek, beti eta beti! delakoarekin antropologia bat egitera dator kultura pertsona eta gizartearen mundu ikuspegi baikorra dela erakusterakoan.