DANIMARKA: Danimarkako hezkuntza sistema

1997-01-01
Danimarkako hezkuntza sisteman Haur Hezkuntza da aipagarriena. Tradizio handia duen arloa da eta Europa mailan erreferentzitzat hartu izan dena. Orotara BPGren %7a hezkuntzan inbertitzen da eta honetatik %12a sei urtetik beherako haurrentzako zerbitzuetan.
 
 
Europa Komunitateko emakumeen lanpostu kopururik altuena Danimarkan dago. Hori dela eta, haurrentzako zerbitzuen eskaerak gora egin du. Diru publikoak finantzatutako zerbitzuak ugari dira: haurren zentroak, kindergartens, integratzeko adinen zentroak, familientzako arreta zerbitzuak...

Zentro anitz eta plazak ere. 1.992an, 6 hilabete eta 3 urte bitarteko haurren %58rentzat lekua zegoen; 3-6 urte bitartekoen %82rentzat eta 7-10 urte bitartekoen %62rentzat. 1.995. urteaz geroztik, 12 hilabetetik gorako haur guztientzat lekua dago.

0-6 urte bitarteko haurrentzako zerbitzu guztiak Gizarte Ministeritzaren esku daude. Hauetatik %60a autoritate lokalek administratzen dute. Besteek independienteki funtzionatzen dute, nahiz eta autoritate lokalekin hitzarmen politikoak egin. Zentroek autonomia handia dute eta erabaki hartzeak asko deszentralizatu dira.

Sei urte bitarteko haurrentzako zerbitzuetako inbertsio publikoa 10,93 bilioi koroatakoa izan zen 1.994. urtean. Hau da, BPGren %1,2a, inbertsio eta azpiegitura gastuak kontuan hartu gabe. Orokorrean, hezkuntzara BPGren %7 ingurua bideratzen da.

Bestalde, zentro hauetako langileek gutxienez 3 urte eta erdiko prestaketa behar dute. %60 inguruk oinarrizko prestakuntza hau badu eta tituludunak dira. Sindikatuak ere badaude titulazioa duten zentroetan, titulazio gabekoetan eta familiarentzat lan egiten duten zentroetan. Langile gehienak afiliatuta daude.

Zentro hauen eta gurasoen arteko harremana estua izan da betidanik. Elkarren arteko lankidetzan oinarritzen dira: eguneroko eztabaidak, gurasoekin egindako bilerak, elkarrizketa informalak...egin ohi dira. Autoritate lokalak zuzentzen dituen zentroetako (%60) komitean gurasoek gehiengoa osatu behar dute. Aurrekontua eta politika pedagogiko orokorrean erabakiak hartzen dituzte. Baita langile berrien kontratazioetan ere.

Haurrentzako zerbitzu hauen artean 3-6 urtekoentzat dauden aterpeak aipatu gabe ezin daitezke utzi. Egunero, autobus batek haurrak hartu eta hiritik kanpora eramaten ditu egun osoa pasatzeko. Zentro horietan, kanpamentuak, haurrek egindako txabolak eta urtaroaren arabera antolatutako ekintzak daude.

Danimarkan Haur Hezkuntza ez da derrigorrezkoa, baina udaletxeek eskaini egin behar dute. Haurren %96 matrikulatu ohi da, gainera. Ondoren, Oinarrizko Hezkuntza 7-16 urte bitartean derrigorrezkoa da. Bederatzi urte hauetan ikasleak gela finkoetan egoten dira, eta nahi dutenak hamargarren kurtsoa egiteko aukera daukate.

Ikastetxe gehienak udalarenak dira, baina sektore independiente bat ere badago. Ikasleen %11 joaten da hauetara. Ikastetxe pribatuen gastuak diru publikoz finantzatzen dira gastuen %80a arte.

Lehen Hezkuntzaren ostean hiru aukera daude Bigarren Hezkuntzan:

1- Bigarren zikloko Bigarren Hezkuntza Orokorra: urte hauen ondoren goi mailako ikasketak egin daitezke.

2- Bigarren zikloko Bigarren Hezkuntza Orokor-profesionala: lehen hezkuntza eta lanbide heziketako lehen kurtsoa egin dutenek arlo honetara jo dezakete. Bi urteren ondoren, HHX eta HTX azterketak egin daitezke. HHX gaindituta giza zientzietako ikasketak burutu daitezke; eta HTXekin ingeniaritza ikasketak.

3- Lanbide ikasketak: hiru-lau urtetako ikasketak dira. Eskolan teoria ikasten da eta lantegietan egiten dira praktikak.

Goi mailako ikasketetan ere aukera desberdinak daude:

1- Ziklo motzekoa: bi urteko ikasketa teknikoak dira.

2- Ziklo ertainekoa: hiru kurtsoko ikasketa hauek egin ostean, zuzenean lan mundura sartzeko aukera dago.

3- Lizentziatura: ikasketa hauek egiten hasteko Bigarren Zikloko Bigarren Hezkuntza Orokor-profesionala gainditu behar da. Ondoren, hiru urteko ikasketen ostean, lizentziatura lortzen da. Honek bi aukera ematen ditu: lanean hastea edo ziklo luzeko goi ikasketak egitea.

4- Master gradurako kurtsoak: master ikasketak egin ostean Doktoradutza titulua lortzen da.

Danimarkan helduentzako irakaskuntzak tradizio handia du. Ikasketa orokorrak, profesionalak edota goi-mailakoak egiteko aukera zabala dago.

Ikasketa hauek diru publiko eta pribatuek finantzatutzen dute. Ikastaroen helburu eta edukiak oso desberdinak izan daitezke (trinkoak, ordu gutxitakoak, epe motzekoak, urte osokoak...).