Freineten 100. urteurrena

1997-01-01
Célestin Freinet jaio zela 100 urte bete ziren urriaren 15ean, eta hil zeneko 30. urteurrena hilabete bereko 8an. Irakasle frantses honen ekarpenek garrantzi eta zeresan handia izan dute irakaskuntza munduan. 1930. urtean hasi eta 50 eta 60. hamarkadan asko zabaldu zen bere mugimendua. Orain, bere mendeurren honetan, berriro ere bere ideiak bizirik daudela atzeman daiteke. Baina, nor zen Freinet? Zein zen berak proposatutako metodologia? Zer eragin izan du Euskal Herrian?
 
 
Célestin Freinet Frantzia hegoaldeko herri txiki batean jaio zen 1896. urtean. I. Gerra Mundialean biriketan zauri bat jasan zuen eta harrezkero, bizitza osoan iraun zioten ondorioek: denbora luzean jarraian hitz egiteko mugak zituen. Irakasle bezala, 1920an hasi zen lanean herri txiki batean 6-8 urte bitarteko haurrekin. Aipatutako ezintasuna zela eta, klaseak emateko dinamika aldatu egin zuen: gelatik kanpora irteten zen haurrekin eguerdiero. Horrela, landareak, intsektuak, erreka, harriak... zuzeneko harreman batez aztertzen zituzten haurrek. Heziketa pedagogiko eta kultural autodidakta hasi zuen Freinetek.

20. hamarkadan bere teknika nagusienak etengabe agertzen hasi ziren: ikastetxeen arteko elkartrukeak eta kooperatibismoa. 1926tik aurrera, Elise bere emaztearen laguntzaz esperimentuetan eta hezkuntzako teknika berrietan murgilduta zebiltzan irakasleen artean mugimendu pedagogiko bat hasi zuen: CEL (Irakaskuntza Laikoaren Kooperatiba).

30. hamarkadan bere proposamenak zabalduz joan ziren. CELek kongresuak ospatzen zituen urtero, hezkuntza aldizkariak eta material pedagogiko desberdinak argitaratzen ziren eta irakasleen prestaketan ekintza anitz bultzatzen ziren.

Baina denek ez zuten ongi ikusten bere mugimendua. Garai hartan lanean zegoen Vence herriko St. Paul ikastetxeko alderdi kontserbadoreenak gaitzetsi egin zuten eta indarrean lekuz aldatua izan zen. Emazteak (hau ere irakaslea zen) eta berak ez zuten indarrean derrigortutako leku aldatze hori onartu, eta irakaskuntza publikoan dimititu egin zuten.

Ordutik aurrera, eskola propio bat egiteko beharra ikusi zuen. Eskola hori kooperatibaren laborategi pedagogikoa izango zen, hezkuntza gizarte berriaren muina. Egia esan, paradojikoa da mende honetako eskola publikoaren defendatzaile sutsuena ikastetxe pribatu batean lanean aritzera derrigortua ikustea. Baina pribatua izan arren, bere bokazioa publikoa zen, beste era bateko publikoa dudarik gabe.

Garai honetan asko bidaiatu zuen eta bere tekniken eragina handituz joan zen. Belgika, Estatu espainiarra, Italia eta Suitzan aplikatzen hasi ziren, eta baita herrialde gehiagotan ere jarraian.

II. Gerra Mundialak prozesu hau guztia geldiarazi egin zuen. Kontzentrazio-esparru batean egon zen urte t'erdi. Han prestatu zituen bere lanik helduenak. Aske gelditu ostean, Erresistentziaren partaide izan zen. 1945ean Vencera itzuli zen eta CELeko eskola eta biltegi guztiak hankaz gora zeudela ikusi zuen. Berehala lanari ekin eta 1947an Freineten Eskolaren ateak berriro ireki ziren. 50 eta 60. hamarkadetan, berriro ere, indar pedagogiko garrantzitsu bezala zabalduz joan zen. Nazioarte mailan ere bere garrantzia handituz joan zen. Bere lanak hizkuntza askotara itzuliak izan ziren.

Bere bizitzako azken urteak hezkuntza teknika berriak lantzen eman zituen. Eta ondoren, ICEMek (Eskola Modernoko Institutu Kooperatiboa) berak proposatutako lanarekin jarraitu zuen.

Eskola Berriko pedagogo gehienak medikuak eta biologoak ziren heinean, Freinet irakaslea zen, eta hori ere aipatzekoa da.



Freineten teknikak

Hitz gutxitan esateko, Freineten pedagogia berriaren ardatza kanpora ateratzea, ingurunea ezagutzea, esperimentatzea eta hori guztia adieraztea izan ziren. Inguruneaz baliatuz heziketa aktibo, kritiko eta eraikitzailea lortu nahi zituen. Haurra protagonista zen eskola berri bat sortu zuen.

Hori lortzeko ohiko testu liburuak eta liburutegiko klaseak alde batera utzi, eta irakurketa metodo naturala eta idazketa librea bultzatu zituen. Hau da, haurrari ematen zion hitza, azken finean. Asanblada, gelako antolaketa kooperatiboa, irakasle eta ikasleen arteko esperientzia trukaketa, eztabaida eta materialen ekoizpena ziren landu beharrekoak Freineten ustez. Haurraren askatasuna eta sormena eta konpromezu kolektiboak lotuta egon behar dute. Iniziatiba eta protagonismoa haurrarenak dira. Garrantzitsuena haurrak arazoen aurrean jartzea da, eta teknika horien bitartez gainditzeak aurrera jarraitzeko aukera emango dio.

Prozesu honetan agente desberdinek parte hartzen dute: testuinguruak, ikasleen aniztasunak, gurasoen aniztasunak, kultura eraikuntza, gela, pertsona, klima, ideologia... ezberdinek e.a. Irakaskuntzaren edukiak testuinguru hau kontutan hartuta definitzen dira; elkartasuna kultura desberdinetako ezagutza eta trukaketarekin osatzen da; eta irakaslea eraldaketa sozialaren bitartekaria da. Hori lortzeko eta aurrera eramateko gauza anitz landu daitezke: ikastetxeko egunkaria, testu librea, marrazketa librea, fitxeroak, gelako liburutegia, hormirudiak, konferentziak, lankidetza, lanerako planak, autozuzenketarako fitxak, asanblada... Klaseak zuzentzeko modu berri bat suposatzen du honek guztiak; haurrei hitza ematea, ikasteko modu eta erritmoa errespetatzea, ikasleen behar eta interesei denen artean irtenbidea bilatzea...

Era honetara Freinetek bere ikasleak pertsona kontziente eta kritikoak izatea lortu nahi zuen, arduratsuak eta aktiboak, solidarioak eta justuak.

Freineten berrikuntzak hiru etapa ditu: esperimentazioa, sormena eta dokumentazioa.

1- Esperimentazioa: ahal den gehienetan ingurunearekiko esperimentazioa landu behar da eta baita behakuntza, konparaketa eta egiaztapena ere.

2- Sormena: gauza errealetatik hasiz, esperientzia kontziente edo inkontzienteen ondorioz lortutako ezagutza instintibo eta formaletatik, giza gertaerari buruzko ikusmolde indibidual bat lortzen da irudimenaren laguntzaz.

3- Dokumentazioa: denbora eta espazioa, beste gizakiek, arraza eta belaunaldiek hartutako esperientziaren kontzientzia hartzean datza.

Eredu honekin haurraren motibazio eza desagertu egiten da, hori ohiko pedagogiak sorrarazten baitu. Prozesu honetan guztian irakasleak kolaboratzaile, gidari eta lagun izan behar du. Irakasle onena ez da ondoen azaltzen dakiena, lan antolatzen, animatzen eta zuzentzen dakiena baizik.

Elemendu klabea elkarlana da. Maila guztietan agertzen da elkarlana: ikasleen artean ikertutako lanaren emaitzak denen artean banatzen dira; ikasle eta irakasleen artean, irakaslea koordintzaile eta laguna da; irakasleen artean esperientzien trukaketa eta arazo eta soluzioen azterketa denen artean egiten dira; eta gurasoekiko harremana ere beti mantentzen da.

Pedagogia honek bi zutabe ditu: alde batetik, teknika berri eta aurrerakoiak erabiltzen ditu, heziketa sendoa, aktiboa eta sortzailea posible egiten dutenak. Eta bestetik, ahalegin baterakoia da, konpetentzia desagertu eta elkarlana bultzatzen duena.

Ideia hauek guztiak bultzatzen hasi zen Freinet.



Freineten jarraitzaileak

Freinet eta bere ingurukoek ILK (Irakaskuntza Laikoaren Kooperatiba) sortu zuten. Beraien jarduera ohiko "eskolastika"ren alternatiba zen eskola eta pedagogia lantzera zuzendu zen. Ondoren, bere pedagogian oinarritutako mugimenduak zabalduz joan ziren. Frantzian "Institut Cooperatif de l'école Moderne" dugu. Jarraitzaile hauek pedagogia taldeen osaketa proposatu izan dute, ahalik eta irakasle gehienen arteko elkarlana eta harremana garatzeko. Horrez gain, pedagogia mugimendu batzuekin lan egiteko prest agertu izan dira beti (hala nola, GFEN heziketa berrirako taldea eta CEMEA heziketa aktiborako hezitze zentruarekin).

Estatu espainiarrean mugimendu honek bi etapa izan ditu: gerra zibila arte eta ondoren. Lehen etapako lehen pausua Leridako Escuela Normal ikastetxean zebilen Jesús Sanz irakasleak eman zuen, Freineten ideiak ekarri baitzituen. Garai beretsuan argitaratu ziren zenbait aldizkarik ere mugimendua ezagutarazi zuten. Giro honetan, ACIES (Cooperativa Española de la Imprenta en la Escuela) taldea sortu zen, ILK frantsesaren antzera. 1934an Freinet bera ere etorri zen Bartzelonara.

Gerra zibilaren ostean, zenbait irakasle valentziarrek berriro ere mugimenduaren berpizkundeari ekin zioten. 1969an Freineten teknikak aztertzeko lehen topaketak egin ziren Santanderren. Penintsulako herrialde askotako irakasleak bildu ziren. Urte haietako lana klandestinitatean burutzen jarraitu zuten, eta 64. urterarte, ACIES ez zen legeztatu. 1977an ACIES MECEP (Movimiento Cooperativo de Escuela Popular) bihurtu zen. Honek ere mugimenduarekin jarraitu zuen. Garai hartan eskola herriko klaseen askatasunaren alde borrokatzeko tresna kontsideratzen zen. MECEPeko irakasleak eskola herrikoiaren eraketako bultzatzaileak sentitzen ziren.

Gaur egun, krisia jasan ondoren, berriro ere aurrera doan mugimendua da. 60. hamarkadako mugimendu orokor, iraultzaile eta anbiziotsu hartatik, mugimendu moderatu, txikiago bat izatera pasa da, baina corpus ideologiko eta tekniko mardula duena.



Freinet gure artean

Txillardegik "Larresoro" goitizenez izenpetutako bost liburu argitaratu zituen 1.972an. Ezaguna ez bada ere, Freineten lanak liburu itxuran euskaraz gazteleraz baino lehenago argitaratuak izan ziren.

Liburu hauetan Freineten teknikak, zientzien irakaskuntza, berezko irakurpidea, bere filosofia eta zenbait aholku aurkezten zaizkigu. Gaur egun liburu hauek aurkitzea zaila suerta daiteke, agortuak baitaude. Guk, berarengana jo behar izan dugu hauek guztiak eskuratzeko.



Zer egiten da gaur egun?

Ondorengo solasaldian Iparraldean zer egiten den ikus dezakegunez, Hegoaldeko egoera zein den aztertuko dugu. Laburrean esanda, orokorrean, Freineten zenbait teknika ikastetxe askotan erabiltzen direla esan daiteke, horretaz oso konszienteak ez badira ere. Hala nola, txokoak, korrespondentzia, irteerak, trukeak e.a.

Euskal Herrian Freineten jarraitzaile bezala ikastetxeren bat hartzekotan, hori, Hernaniko Langile ikastola izango litzateke. Aipatzekoak dira era berean Gernika inguruko Eskola Txikiak eta modu pertsonalean teknika eta filosofia horiekin lana egiten duten irakasleek.



Freineten teknikak Euskal Herrian

Euskal Herrian Freineten teknikak aplikatzen hasi ziren lehenengoak Seaskako ikastolak izan ziren. Hasierako urte haietatik hasi eta gaur egungo egoerara arte hitz egiten egon gara Margari Etxart, Itziar Barriola eta Jone Forkada irakasleekin.



Noiz hasi zenuten Freineten inguruko esperientzia?

* 1970. hamarkadan izan zen. 68an sortu zen Seaska eta hasieratik Freineten ideiei heldu genien. Frantziako 68ko iraultzaren testuinguruan hezkuntza berriak tradizionalak ez zuen zerbait eskain zezakela pentsatzen zen. Berrikuntza pedagogiko eta hezkuntzari buruzko ideia bat zen.

Freineten zein teknika jarri zenituzten martxan?

* Freineten metodoa naturala zen, adierazpen maila lantzen zen aho hizkuntzan, marrazketan, idazketan... eta gu horretan oinarritu ginen. Matematikan ere, haurrak bizitzen dituen esperientzietatik abiatzen ginen. Adibidez, goxokien banaketak egiten genituen, erosketak...

* Baloreak ere lantzen ziren, kooperatiba sistema, elkarrekin bizitzea...

*

Elkarrekiko bizitza hori, kooperatibismoa, nola transmititzen zaie ikasleei?

* Komunikazioa lantzen da, batez ere. Haurrek helburu batekin idazten dute: informazioa pasatzeko, galdera batzuk egiteko, lan bat besteei aurkezteko...

* Haurrek idatzitako hori inprenta baten bidez zabaltzen zuen eskola zehar Freinetek. Baina euskarazko tiporik ez zegoenez, guk gelatinaz atera eta fotokopiak egiten genituen. Ondoren, gainera, haurren testu horiek erabili egiten genituen.

Teknika hori anitz erabiltzen da, bai eskola barruan eta baita eskolaz-eskola ere.



Beraz, beste eskolekiko trukaketak ere egin izan dituzue?

Bai, bai, eta mantentzen ditugu oraindik ere. Gure artean "Iparraldea debalde" izeneko programa baten barnean egiten ditugu trukaketak. Eta Hegoaldean Ondarrura, Getxora... ere joaten gara.



Zein da honen guztiaren azpian dagoen filosofia?

* Haurren parte hartzea, dudarik gabe. Ordurarte irakasleak ematen zuen material prestatua eta kitto. Guk, ordea, haurrek behar zutena beraien eskuz sortzea lortu genuen. Lan txokoak antolatzen genituen, eta bakoitzak bere materiala egiten zuen.

* Teknika hau gaur egun normalizatua dago, baina duela 20 urte "anarkista" batzuk ginen horrela antolatzen genuelako. "Haurrak nahi dutena egiten dute" esaten zuten inguruan.

* Ni guztiz liluratzen ninduena zera zen: asteroko lana haurrak egin ahal zuen, berak antolatzen zuen hamar urte ingururekin. Hori guztiz ederra iruditzen zitzaidan. Ikasleek egiten zuten planifikazioa, eta aurrerapen izugarria iruditzen zitzaidan.

* Ordurarteko eskola tradizionala zen oso. Haurra ez zen espresatzen, isilik behar zuen egon, irakasleak agintzen zuen eta etxean ere ezin zen mintzatu. Freinetek eskola kooperatiba honekin haurra espresatzeko bide bat ireki zuen.



Sozialki ere oso puntu garrantzitsua izan zen aldaketa hori.

* Hala da, esan dugun bezala, hasieran "anarkista" batzuk ginen, euskaraz ikasten eta gainera pedagogia horrekin... Baina ondoren arrazoia eman ziguten askok. Izan dira metodologia honengatik, harreman honengatik, haurrak gure ikastoletan sartu dituztenak. Ez euskararengatik, erabili den metodoagatik baizik.

Mintzaldi batean, katalan batek eskolen eraikuntzei buruzko azterketa baten berri eman zuen. Bere ondorioa eskola, gartzela eta psikiatriko guztientzat egitura bera zegoela ikustea izan zen. Irakaskuntza goitik behera kontrolatua zegoen eta haurren bizia ere bai. Guk hori aldatu genuen.



Estatu mailan nolako harremana zenuten Freineten mugimenduarekin?

* Bileretara eta urteroko kongresuetara joaten ginen. Eta hemen gure artean ere biltzen ginen. Horrez gain, Ziburun estatuko eskolako irakasle frantses batekin elkartzen ginen.

Freineten eskola ofizialik ez zen estatu frantsesean. Irakasle bakoitzak bere teknikak aplikatzen zituen bere gelan eta gu irakasle horiekin elkartzen ginen.

* Seaskaren barnean kostaldekoak eta barnekaldekoak biltzen ginen bi hilabetean behin edo.

* Bazen "L'educator" aldizkaria ere eta hortik ere gauzak ateratzen genituen. Kongresuetan, berriz, eskoletako esperientzien testak egiten genituen, gure gelaren aurkezpena eta esperientzia nolakoak izan ziren komentatzen genuen.



Lotura hori noiz arte mantendu zen?

* Seaska bezala 80-84an inguruan utzi genuen. Baina teknikak barneratuak izan dira eta aplikatzen jarraitu da.

* Momentu honetan lan-txokoak, korrespondentziak e.a. ikastola guztietan zabalduta daude.



Izpirutua mantentzen da, orduan, nahiz eta mugimenduarekin harreman zuzenik ez eduki.

* Nik uste dut izpiritua oinarrian hor dela beti.



Freineten ondoren Piaget etorri zen bere teoriekin, eta honekin Freineten teknikek indarra galdu zuten. Zein eragin izan zuen horrek zuengan?

* Korronteek beti bata bestearen aurka egiten dute, baina hauek osagarriak dira. Piegetek urrats bat gehiago eman zuen. Esperientzian soilik oinarrituz ez dela ikasten zioen. Pentsakera moldean urrats intelektual bat ematen ez baduzu, haurra bera bakarrik ezin dela iritsi ikastera zioen. Adibidez, zuhaitz batetik sagarrak erortzen direla ikusten du, baina ez daki grabitatearen printzipioa. Haurrak, berez, esperientziarekin soilik ezin duela ikasi zioen; batzuk gehiago iristen direla, baina beste batzuk bultzatu egin behar direla erreflexio hori egitera.

Freineten printzipioa, berriz, esperientzian oinarritzen zen, metodo naturalean, haurraren esperientzia propioan. Baina esan bezala, osagarriak diren metodologiak dira biak.



Gaur egun korronte definiturik ba al dago?

* Ez, orokorki ez. Ez Seaska mailan eta ezta estatu mailan ere. Ofizialki konstruktibismoa dago estatu frantsesean gaur egun, baina denetarik dago.



Orain beraz, nola zaudete? Zein norabidetan?

* Orain dela bi urte berriz aldizkariak hartzen eta irakurtzen hasi nintzen, eta oso aldizkari onak dira. Baina egia esan, nahiko krisian daude.

* Dena den, guk Freineten teknikak aplikatzen jarraitzen dugu. Eta eskola frantses tradizionalekiko desberdintasuna hori izateaz gain, horrek dakarren beste bat ere oso nabarmena da: gurasoekiko harremana. Geure harremana guraso eta haurrekin beste bat da. Beraiek ere erantzukizun bat dute eta autonomia bat ematen diote horrek. Gurasoen partaidetza oso handia da.