Kronika

1997-01-01
 
 
Hezkuntza eta politika nahastuz
Gizarte honetan esparru eta alor desberdinak egon arren, askotan politikak ukitu eta bustitzen ditu denak. Politikarien iritzi eta esanak zabaltzen diren heinean, alor hauei buruzko zeresanek ohiartzuna izaten dute. Eta horixe gertatu da Nafarroako Gobernuko lehendakaria den Miguel Sanz-en azken adierazpenen ondoren. Abenduaren 15an, Deia egunkarian egindako elkarrizketan Nafarroa Oinez-i buruz esandakoak hezkuntza alorra ukitu du. Nafarro Oinez eta Aberri Egunak inbasio kutsua dutela adierazi zuen. Nafarroa Oinez lau edo bost urtean behin ospatzeari ongi eritzi zion, baina urtero... Nafarroako ikastolen eguna zela onartu zuen, baina bertara joaten den jendetzaren %80a ez omen da Nafarroakoa. Hori lejitimoa omen da, baina berak pentsatzen duena esan behar duenez... horixe adierazi zuen. Miguel Sanzentzat Nafarroa Oinez ideia konkretu eta zehatz baten erabilera propogandistikoa da.
Dudarik gabe, horrelako adierazpenen aurrean, euskal irakaskuntzan lanean dihardugunok ezin gara isilik gelditu. Eta are gutxiago Nafarroako Ikastolen Federazioa, bera baita adierazpen horiek zuzenean ukitu duten elkartea. Elkarteko lehendakaria den Fermin Altzugaraik aipatutako adierazpenei erantzuna eman die Elkartearen izenean. Miguel Sanzek inbasoreak deitzen dien jendetza horri buruz gauza bakarra dute esateko: eskerrik asko. Egun honetara hurbiltzen den jende horri esker doa aurrera Nafarroako guraso eta talde sozialen proiektu pedagogikoa. Nafarroako Gobernuaren laguntza milioi bat pezetakoa izan da azken hiru urtetan. Kopurua igotzeko posibilitatea egon arren, oraindik ez da horrelako aldaketarik gertatu. Administrazioak laguntza ekonomiko handiagoak emanten ez dituen bitartean, Nafarroa Oinez bezalako egunen premia beharrezkoa izango da.
Hori da Ikastolen Federazioak pentsatzen duena. Eta horrelako egunetara hurbiltzen garenok ere, ez diogu amore emango denok elkartzeko eta ikastolei laguntza luzatzeko aukera ematen duen festa honi.

Trebiñon ere euskaraz
Trebiño eta La Puebla de Arganzoneko hogeita hamar bat ikaslek euskarazko klaseak izango dituzte beren eskoletan Udaberria elkarteari Arabako Foru Aldundiak eman dion laguntzari esker.
Asmo hau Trebiñoko Guraso Elkartetik sortutakoa izan zen 1992an eta haurren euskarazko klaseak inguruko udaletxeek finantziatutakoa zen arik eta Foru Aldundiak proiektua onartu zuen arte.

Santurtzin eraikin berria
Santurtziko Bihotz Gaztea ikastolak eraikin berria estreinatu zuen abenduaren 14ean, bide batez ikastolaren 30. urteurrena ospatzen zutelarik. Iazko Ibilaldian bildutako laguntzari esker 300 ikasle pasatxorentzat izango den azpiegitura gehitu diote ikastolari.
Han izan ziren Inazio Oliveri Hezkuntza sailburua, Josu MEabe Bizkaiko Ikastolen Elkarteko arduraduna, Juan Jose Guerrero ikastolako lehendakaria eta Andolin Eguskitza ikastolaren sortzaileetako bat.
Pausoz pauso, urratsez urrats
Ez da ekintza, ekitaldi edo ikuskizun erraldoirik egin behar laguntza emateko garaian. Norberak ahal duena ematen baldin badu ere, hori gehiago izaten da. EKBk (Euskal Kulturaren Batzarrak) abenduaren 14ean dei egin zuen manifestaldian ere, bakoitzaren presentziak milaka pertsonako jendetza osatzen lagundu zuen. Euskarari berea emateko manifestazioak atxekimendu ugari jaso zituen, eta irakaskuntza munduko hainbat elkarte ere tartean izan ziren. HIK HASI aldizkaria, Sortzen Nafarroako koordinakundea, Bizkaiko Gurasoen Elkartea, Gipuzkoako Ertainerako Gurasoen Elkartea, Ikasbatuaz eta EHUko Lore Erriondok adierazi zuten bezala, hartarako emandako prentsaurrekoan, Hezkuntzaren euskalduntze orokorrerako administrazioak bere gain hartu beharko luke dagokion erantzukizun historikoa, hezkuntzak hizkuntza normalkuntzarako tresna izan behar du derrigorrez eta honek euskara hezkuntza sistemaren berezko hizkuntza bilakatzea nahitaezkoa da.
Hizkuntz ereduek ezarritako mugak gainditu beharra dago eta euskal hezkuntzaren sistemaren batasuna erreibindikatu. Jatorriz euskaldunak diren ikasleen euskarazko eskolatzea bermatu beharra dago, hizkuntza bera lantzea, indartzea eta areagotzea helburu izango delarik, eta ikasle erdaldunak berriz, murgiltze sistemaren bidez euskaldundu behar dira, honek eskatzen duen azterketa eta plangintza ezarriz; ikastetxe bakoitzak Hizkuntz normalkuntzarako Plangintza eduki beharko luke.
Irakasleei dagokionez, irakasleriaren hizkuntz gaitasun ezak berebiziko garrantzia du. Euskalduntzearen eskaera handitzen doan eran desfasea gero eta handiago. Egun Irakasle eskoletan oraindik ere gaztelera hutsez ikas daiteke.
Sareak, lurraldeak, hizkuntza ereduak eta maila ezberdinak bere baitan hartuko dituen Plan Orokorra ezinbestekoa da beraz.

Liburuek begiratzen gaituztenean
Urte bukaera honetan, egia esan, liburu eta diska eskaintza oparoa izan ohi dugu. Abenduari errepaso bat eman besterik ez dago, horretaz ohartzeko. Hilaren 5etik 8ra Durangoko 31. Liburu eta Diska Azoka ospatu zen. Euskal argitaletxe eta disketxeetan erreferentzia bilakatu den azoka honetan, labetik atera berriak ziren produktuak begiratzeko eta erosteko aukera izan genuen.
Asko itxaron gabe, Hondarribiak hartu zion lekukoa. Abenduaren bigarren astean, Durangon baino lasaiago, berriro ere titulu eta estribiloen artean murgiltzeko parada izan genuen.
Donibane-Lohizunen ere, festa giro atseginean, Euskal Liburuaren eta Diskaren Azokak muntatu ziren abenduaren 14ean. Disko konpaktuak, bideoak, CD-ROMak, jokoak... topa zitezkeen bertan. Era berean, Euskal Kulturaren Eguna ospatu zen. Adin guztietako euskaltzaleen bilgune bilakatu zen Donibane-Lohizune.