KORTESEKO ikastola, Kortes: Hegoaldeko mugaraino euskaraz

1997-05-01
Nafarroako herri hau Zaragozako mugan dago. Bertako 3.400 biztanlek hegoalderako joera gehiago dute, baina badira iparraldera begiratu eta euskararen oihartzunak entzuten dituztenak. Entzun, sentitu, barneratu eta bereganatu. Horrek mugimendu bat sortu zuen eta bultzatu zuen duela lau urte, eta orduan jaio zen Korteseko ikastola.
 
 
Baina ez da ikastola handia Korteseko hau; irakasle bat eta hamar haur. Huarte-Arakilgo Txomin da irakaslea eta azken bi urteotan bera da ikastolaren gidaria. "Hasieran beste neska bat hasi zen, baina hura Tuterara joan ondoren, neu hasi nintzen" esan digu Txominek. Zortzi-bederatzi haur izan ziren lehenengo urtean matrikulatu zirenak, guztiak 18 hilabetekoak. "Bi urte igaro ondoren ikastola haurtzaindegi bezala ikusten zela konturatu ginen, eta zerbait egin beharra zegoela" jarraitzen du Txominek. "Orduan hartu genuen 6 urte arte jarraitzeko erabakia".

Adin desberdinetako haurrak biltzen dira ikastolan, baina Txominek komentatu digunez, oso ondo moldatzen dira beraien artean. "Handiak gustora daudela ikusten dute txikiek, eta beraiek ere pozik egoten dira, negar gutxiago egiten dute. Gainera, handiek asko laguntzen diete".

Momentu honetan 18 hilabeteko hiru haur daude, 2-3 urteko beste hiru eta 4-5 urteko lau. Eta Txominek jakinarazi digunez, aurten beste hiru matrikulatu dira. 6 urte bete ondoren, ikastolan ikasten jarraitu nahi badute, Tuterako Argia ikastolara joateko aukera dute, eta iaz horixe egin zuten bi ikaslek. Gainera, Tuterako ikastolarekiko harremanak betidanik izan dituzte. "Hemengo gurasoak ikastola sortzeko mugitzen hasi zirenean, Tuteratik laguntza handia jaso zuten. Horrez gain, ikasturtean zehar Argia ikastola bisitatzera ere joaten gara. Eta Tutera eta Korteseko 4 urteko haurrekin Etxarri-Aranatzera joaten gara egun batez, denok elkarrrekin".

Elkarrekin burutzen dituzten irteera hauek Txomini bere bakardadetik ateratzen laguntzen diote. Izan ere, oso gogorra da ingurune ez-euskaldun batean, bakarrik, hamar haur txikiekin lan egitea. Txominek berak ere oso zaila dela aitortzen digu. "Gehienbat ikastolako atetik atera ondoren sentitzen zara bakarrik. Hemen barrukoarekin zerikusirik ez duen mundua da. Haurrak ere familia erdaldunetatik datoz (bat ezik, aita Etxarrikoa duena). Atetik kanpo erdaraz hitz egiten dute. Baina hala ere, euskaraz ikasten dute hemen. Nik uste dut, datorren urterako 4 urtekoek ongi hitz egingo dutela euskaraz. Arazoa erabilerarena izango da". Bestalde, gurasoak ere poliki-poliki konturatzen ari dira zer den ikastolen mugimendua, euskarazko lerroa beste hezkuntza aukera bat dela, beste era bateko irakaskuntza.

Kortesen dagoen eskola publikoan A ereduan ikasteko aukera badago. Ikastola sortu zen garai berean ezarri zen, orain dela lau urte. Baina eredu hau nahi dutenek soilik hautatzen dute ingurune ez-euskaldunean bizi direlako. Gainontzekoek G ereduan (dena gazteleraz) ikasten dute. Orain dela urte pare bat A ereduko matrikulazioa ona izan zen. Aiako herri eskolarekin ere elkartrukea egiten zuten, eta horrek ere motibatzen zituen. Txominen iritziz, "lan polita egiten ari dira eskola publikoan, baina beste errealitate bat da". Bi irakasle euskaldun daude eskola publikoan eta beraiekin harreman oso onak ditu Txominek. "Tuteran ikastaroak antolatzen dituztenean gazteleraz izaten dira, eta euskaraz jar ditzaten eskatzeko guztiok elkarrekin joaten gara; ni, eskola publikokoak eta Turerako ikastolakoak".

Etorkizunaz hitz egiten hasitakoan ez du gauza segururik ikusten Txominek, baina baikor dago, oso baikor. "Momentu honetan Nafar Gobernuaren onarpena lortzen saiatzen ari gara Federazioaren laguntzaz. Legalizaziorik ez dugu lortuko, baina onarpena behinik behin bai, hemen gaudela kontuan har dezaten, bederen". Hizkuntz Politika Sailetik diru laguntza jasotzen dutela dio Txominek, eta daukaten egoitza Korteseko udalarena dela. "Udaletxeak ez digu traba handirik jarri orain arte. Lokalarekin ez daukagu arazorik, ez".

Nafarroako Ikastolen Federazioarekin ere harremanak badituzte, eta federatzeko bidean daudela argitu digu. "Hasieran ez genuen oso garbi ikusten; nola joango ziren gauzak, aurrera egingo ote genuen... baina orain bai". Korteseko ikastolak aurrera darrai, Txomin gogor ari da lanean, gurasoak gustora daude, eta haurrak ipuinak euskaraz kontatzeko gai dira. Zoriontzeko moduko lana, ez al duzue hala uste?