IBAIALDE 97. Ezagutu eta maitatu

1997-05-01
Udaberrian gaudenean kanpora ateratzeko gogo handiagoa izan ohi dugu, besterik gabe inguruneaz gozatzera. Baina, aldi berean, aurrean daukagun paisaia hori hobeto ezagutzeko aprobetxa ditzakegu momentu horiek. Hori da Ibaialdek urtero proposatzen diguna, eta aurten ere gonbidapena luzatzen digu.
 
 
Urtean zehar Ingurugiro Hezkuntzako egitarau ugari gauzatzen dira. Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ikerketarako ikastegien koordinazio lanen laguntzaz talde asko dira biztanle guztiei aktibitate desberdinak eskaintzen dizkietenak. Horietako bat aipatu izan dugun Azterkosta proiektua da. Europako kostaldean egindako behaketa da, eta Euskal Herriko kostan ere burutu dena.

Bada antzeko beste proiektu bat ere: Ibaialde. Honen oinarrian EAEko ibai guztien behaketa dago. Iaz hedatu zen proiektu hau eta bere xedea ibaien ikerketa, ezagupen, sentsibilizazio eta partehartze jarrera sustatzea da. Iazko egitarauan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 5.000 lagunek parte hartu zuen 200 taldetan banaturik. Horietatik %48a ikastetxeetatik etorritakoa zen, eta beste %52a herriko elkarteetatik.

Denen artean 32 ibaien eta euren isurkideen datuak bildu ziren. Ondoren dossier bat osatu zen bildutako datu guztiekin. Parte hartzaileek ibai-ekosistema gertutik ezagutzeko aukera izan zuten. Eta horrez gain, elkarteen arteko koordinazioa bultzatu zuen; administrazioa, ikastetxeak, GKEk, ekologistak, natur taldeak, kultur elkarteak, aisialdiko taldeak, ehiza eta arrantza elkarteak eta abarren arteko harremana estutu zen.



Ibaialde 97 martxan da

Aurten ere Ibaialde proiektua martxan da "Ezagutu eta maitatu" lelopean. Aurreko bi hilabeteetan izena eman duten partehartzaileei bost kilometro inguruko ibai tarte bat esleitu zaie. Eta orain, hor dago lana, ikerketa. Talde bakoitzari lanerako behar den materiala banatu zaio egin diren bileretan. Egitarauko puntu ezberdinez hitz egin da bilera hauetan, eta maiatzeko lehen hamabostaldian irtengo dira ibaira. Laginak jaso, analisiak egin eta hainbat inkesta osatzeko aukera emango du lan honek.

Ondoren, eskuratutako datuak, aztertutako ibaien egoera, konponbideak, konpromezuak eta abar Ibaialdeko kontaktu-helbideetara bidaliko da. Bertan, datu guztiak bildu eta dossier bat osatuko da.

Gure ibai ekosistemen hedapena eta kontzientziaketa zabaltzeko balioko du txosten honek, edo hori da xedea, bederen; herritarren inplikazioa lortzea, ingurunearekiko kezka eta begirunea hedatzea.

Ibaialde 97 proiektuan parte hartu nahi duen edonork edota informazio gehiago eskuratu nahi dutenek, telefono hauetara dei dezakete:

Araban (945) 26 77 67 goizez eta (945) 28 60 86 arratsaldez

Bizkaian (94) 427 79 17

Gipuzkoan (943) 86 25 19