Ikastetxeko Hizkuntza Proiektua

1997-05-01
EKBk antolatuta Ikastetxeko Hizkuntz Normalkuntzari buruzko ikastaroa burutu zen Donostian apirilaren 11 eta 12an. Kataluniako Generalitateko Joaquim Arenas, Hezkuntza Departamenduan Katalanaren Irakaskuntzarako Zerbitzuko zuzendaria, eta Maria Areny, koordinatzaile tekniko pedagogikoa, izan ziren ikastaroa eman zutenak. Katalunian garatzen ari diren Ikastetxeko Hizkuntz Proiektuaren hasiera, bilakaera, ezaugarriak eta ondorioak azaldu zituzten. Euskal Irakaskuntza garatzeko baliagarriak izan daitezke beraien esperientzia eta ideiak, eta horiexek bildu ditugu orriotan.
 
 
Ikastaroaren bi zutabeak Ikastetxeko Hizkuntz Proiektua eta Ikastetxeko Hezkuntza Proiektua izan ziren. Bi elementu horien arteko erlazioa aztertu zen, banatu ezin daitezken proiektuak baitira. Ikastetxeko Hezkuntza Proiektua lantzen hasten garenean, bere barnean dauden elementuen artean hizkuntza dago. Honen inguruan beste proiektu bat egin beharko da, baina aurrekoari lotuta, beti ere.

Ikastetxeko Hezkuntza Proiektua zentroaren bizitza zuzentzen duen tresna da. Estatuarentzat konstituzioak suposatzen duena suposatzen du proiektu honek zentroarentzat. Ikastetxe bakoitzak bere errealitateari egokitutako proiektua egin behar du, erreala eta erabilgarria. Joaquim Arenas eta Maria Arenyk proiektuak lau ezaugarri eduki behar dituela zioten:

1- Legalitatea: Hezkuntza sistemaren proiektuak definitzen duen marko legislatiboa kontuan hartu behar du (Autonomia Estatutua, LODE, LOGSE eta Hizkuntz Normalizaziorako Legea).

2- Egonkortasuna: iraupen minimoa eduki behar du ikastetxeko ikasleek hezkuntza prozesu konstantea jaso dezaten.

3- Koherentzia: ikasle guztien hezkuntza bateratu behar du eta denen arteko lanari koherentzia eman.

4- Integritatea, globalitatea: zentroko bizitza eta dinamika osoari eragin behar dio. Beraz, hezkuntza aktibitate guztietarako eta eskola komunitateko partaide guztientzako loteslea izan behar du.

Horretarako eskola barneko zein kanpoko faktore guztiak aztertu behar dira: egoera legala, ingurunea, herri edo auzoko egoera ekonomikoa, tipologia eskolarra (titularitatea, hezkuntza mailak...) eta zentroaren antolaketa eta funtzionamenduaren ezaugarriak (ikasle-irakasle ratioa, ikastetxearen ezaugarri kulturala, komunikazio sistema, kontrola, gurasoekiko lankidetza, irakasleriaren motibazioa...).

Puntu hauek kontuan hartu eta Ikastetxeko Hezkuntza Proiektua egiteaz Kontseilu Eskolarra arduratzen da.

Behin Hezkuntza Proiektua aztertu ondoren, Hizkuntz Proiektua egiten hasteko oinarriak badaude, zeren lehen aipatu bezala, hezkuntzaren plangintzan txertatu behar baita hizkuntz planifikazioa, ikasketen hizkuntza eta hizkuntzen ikasketari dagokien ataletan.

Ikastetxeko Hizkuntz Proiektua honela defini dezakegu: zentroko hizkuntz tratamendu orokorrari dagozkion printzipioak, non zentroko irakaskuntza eta hizkuntzen erabilpenaren inguruko elementuak biltzen dituen. Joaquim Arenasek zioen bezala, "hitz egiten dugunaren araberakoak gara, eta horregatik gure hizkuntz proiektua Kataluniako eskola katalanizatzea da. Euskal Herriaren kasuan, hemengo eskolak euskalduntzea".

Hortik abiatuta, Ikastetxeko Hizkuntz Proiektuak helburu bikoitza du: alde batetik, curriculumeko hizkuntzen tratamenduaren inguruko alderdiak lantzea. Eta bestetik, zentroak bere hizkuntz prozesua kudea dezan posibilitatzea. Horretarako bi elementu barneratu behar ditu proiektuak:

- Zentro bat besteetatik desberdindu dezaketen identitate elementuak (hizkuntz normalkuntzarekin eta lengoaien tratamenduarekin erlazionatutakoak).

- Hizkuntz normalizazioarekin eta zentroko lengoaien tratamenduarekin erlazionatuta dauden helburu orokorrak.

Hau guztia kontuan hartuta, Ikastetxeko Hizkuntz Proiektuaren oinarrizko ezaugarriak bost hauek direla baiezta daiteke:

1- Legalitatea: ezingo du inongo momentutan hizkuntz normalizazioaren legislazioak eta arautegiak esaten dutenaren aurka joan.

2- Egonkortasuna: iraupen minimo bat izan beharko du ikasleek etenik gabeko hezkuntza prozesua jaso dezaten.

3- Koherentea: irakasleriaren hizkuntz ezagutzaren eta zentroko gurasoek katalanarekiko duten jarreraren arabera aplikagarria izan behar du.

4- Integrala, globala: zentroko dinamika eta bizitza osoari eragin behar dio. Beraz, hezkuntza aktibitate guztietarako eta zentroko partaide guztientzako loteslea izan behar du (etorri berriek ere errespetatu eta barneratu egin behar dutena).

5- Partehatzailea: bere arrakasta hezkuntza komunitateko kide guztien partaidetzaren arabera lortuko da. Partaidetza handitzen den heinean, helburuak lortzeko aukerak ere handitu egingo dira.

Ikastetxeko Hizkuntz Proiektuak Ikastetxeko Hezkuntza Proiektuari lotuta egon behar duela aipatu dugu, elkarren arteko harremana zuzena baita. Era berean, zentroko gainontzeko proiektu eta programazioekin ere lotura mantendu behar du, hala nola Zentroko Proiektu Curricularrarekin, Barne Erregimeneko Arautegiarekin, Urteko Programazio Orokorrarekin, Aurrekontu Proiektuarekin eta Gestio Memoriarekin. Hurrengo taulan garbi ikusten dira proiektu hauen arteko lotura eta harremanak:



Hizkuntz Proiektuaren garapena

Hasierako ikuspegi orokorra azaldu ondoren, Ikastetxeko Hizkuntz Proiektuaren egituraketa planteatu zuten Katalunian. Proiektua egiteko zein pauso jarraitu behar diren, zein elementu hartu behar diren kontuan, nola jokatu behar den,... Hori guztia martxan jartzeko eta planifikatzeko, lehenengo aurrebaldintzen diagnostikoa egin behar da, eta baita helburuak finkatu ere. Ondoren, dena planifikatu eta Ikastetxeko Hizkuntz Proiektuaren gauzatzea etorriko da, eta azkenik ebaluaketa. Prozesu guztiaren etapak sakonean aztertzeko aukera eskaini zuen ikastaroak, eta hemen laburbiltzera goaz pauso horiek.



1. Aurrebaldintzen diagnostikoa

Diagnostiko hau zera da: eskolako testuinguru linguistikoaren analisia. Horretarako zentroko eta inguruko hizkuntz egoera eta erabilera (irakasleriarena, administrariena, jangelako arduradunena...) aztertu behar dira. "Hauen guztien arteko adostasuna eta partehartzea ezinbestekoa da hizkuntz proiektuak benetako eragina izan dezan" hizlariek azpimarratu zutenaren arabera. Informazio hauek jasotzeko bide bi erabil ditzakegu:

- Informazio objetiboa: egoera soziolinguistikoari buruzko datu kuantitaboak eta informazio kualitatiboa ematen diguten behaketak emango digute informazio hau.

- Informazio kalkulagarria: kasu honetan ikastetxean daukagun esperientzia ezagutzaz baliatuko gara.

Datu hauen bilketak hezkuntza komunitatea eta bere ingurune osoa hartuko ditu, baina bere barnean sektore desberdinen arteko erlazioa ere aintzat hartu behar da. Talde bakoitzak bere berezitasunak ditu, eta horiek aztertu behar dira:

a) Zentroa: hezkuntza ereduak, harreman motak (ohiturak, hizkuntzak erabiltzeko joera kontestu desberdinetan), antolaketa kulturala, baliabide ekonomikoak, materialak eta formalak.

b) Irakasleak eta ez-irakasleak: berezko hizkuntzaren erabilera (irakasleen kasuan klasean nahiz klasetik kanpo), hizkuntz gaitasuna, hobekuntza ikastaroak eta hizkuntzarekiko jarrera.

c) Ikasleak: ikasketa esperientzia eta gaitasuna, hizkuntzarekiko trebetasuna, hizkuntzaren gaietan eta erabilpenean duten aurretiko ezagutza eta hizkuntzarekiko jarrera.

d) Gurasoak: familiako hezkuntza eredua, hizkuntzarekiko jarrera eta zentroan duten inplikazioa.

e) Testuingurua: ikastetxea kokatuta dagoen ingurune sozialaren ezaugarriak: administrazio lokalaren baliabideak hizkuntzaren normalizazioaren esparruan, aurrera eramaten diren programa zehatzak, instituzio eta kolektiboekiko kontaktua eta inguruneko ezaugarri kultural eta linguistikoak.

Aipatutako taldeei buruzko informazio horiek bildu ondoren, beharrak identifikatu behar dira. Behar horiek hiru motatakoak izan daitezke:

a) Preskriptiboak: hizkuntz normalizazioaren inguruan dagoen marko legala.

b) Indibidualak: hizkuntz proiektua aurrera eraman behar duten gizabanakoen espektatibak, hots, irakasle, ez-irakasle, guraso eta ikasleena.

c) Garapenekoak: prozesua hobetzera zuzendutako ekintza eta esperientziak.



2. Helburuen zehazpena

Ikastetxeko Hizkuntz Proiektuaren gauzapenean, hurrengo pausoa helburuak zehaztea izango da. Kasu honetan, helburu posible desberdinak daudela hartu behar dugu kontuan:

- Azkenekoak edo bukaerakoak:

Helburu hau ikastetxearen benetako hizkuntz normalizazioa lortzean datza. Hau da, hezkuntza komunitateko kide guztien zereginak eta ekintzak katalanizatzea. Horregatik, hau lortzeko, hezkuntza komunitateko kide guztien arteko adostasuna lortu behar da hasieran.

- Partzialak:

Azkeneko helburu horiek orokorrak direnez, gehiago zehaztu behar dira. Hauek, beharren diagnostikoaren arabera eta epe zehatzetan banatuz, helburu orokorrak lortzea posibilitatuko dute.

Helburu partzial hauek desberdinak izan daitezke partaideen normalizazio mailaren arabera. Horregatik, talde bakoitzarentzako helburu egokiak finkatu beharko dira, bakoitzak jarraitu beharreko ibilbidea oso desberdina izan baitaiteke.

- Lehentasunekoak:

Helburu partzialek pixkanaka-pixkanaka lortu behar diren helburuen ikuspegi orokorra ematen digute, azkenean bukaerako helburuak lortzeko. Lorpen hori zehaztutako denboraren arabera egingo da. Horretarako, beharrezkoa izango da aukeraketa bat egitea eta helburu partzialetan lehentasunak markatzea. Lehentasun horiek desberdinak izan daitezke talde bakoitzarentzat.

- Eraginkorrak:

Lehentasuna izan duten helburuak eraginkor bihurtu behar dira ondoren. Horretarako, egindako analisia bistatik ez galtzea komeni da, helburu eraginkor hauen adierazpena zuzena eta azken helburuak lortzeko egokia izan dadin.

Aipatutako helburu hauen definizioak orokorrean eta talde bakoitzaren mailan egin behar dira normalizazioa modu eraginkorrez lortu nahi bada.



3. Planifikazioa

Helburuen ondoren ekintzak datoz. Hauek bi mailatan planifikatu behar dira:

a) Antolaketa mailan: eginkizunak eta funtzioak definitu, estrategiak zehaztu eta baliabideak (materialak, formalak eta giza baliabideak) antolatu.

b) Denboraren ardatzean: lehentasunak zehaztu behar dira denboraren aldetik.



4. Gauzatzea

Diseinatutako programazioa gauzatu egin behar da zehaztutako planifikazioaren arabera. Noski, ekintza guztiak koordinatu egin behar dira helburuak lortu ahal izateko.



5. Ebaluaketa

Lortzen diren emaitzak ebaluatu egin behar dira aurrez ezarritako kriterioen arabera.

Antolaketaren aldetik, ebaluaketak zehaztutako helburu orokor eta zehatzen egokitasunari buruzko informazioa ematen digu. Baita sortu diren batzorde edo taldeen egiturari buruz, pertsonen kalitateari buruz eta dauzkagun baliabideei buruz ere.

Gestioaren ebaluaketak, berriz, zuzendaritza, koordinazioa eta gauzatzearen inguruko datuak ematen dizkigu.

Bi ebaluaketa mota hartu behar dira kontuan:

1- Proiektuaren balorazio orokorra.

2- Gauzatzearen jarraipen eta kontrola. Honek burutzen diren ekintzen jarraipena eta helburuen eta emaitzen artean sortutako desberdintasunen berri emango digu; helburuen egokitze eza, baliabide falta, pertsonalgoaren edo instituzioen lankidetza eza, helburu eta marko legalaren arteko kontraesana, planteamentu eta denbora arazoa...

Jarraipen hau posible izan dadin, helburuak kuantitatiboki eta kualitatiboki neurtzeko moduan definitu behar dira.

Hauxe da Ikastetxeko Hizkuntz Proiektua egiteko jarraitu behar den bidea. Prozesu honetan agente dinamitzailearen zeregina oso garrantzitsua dela azpimarratu zuten hizlariek. Proiektu honen diseinuan eta garapenean pisu berezia duen edo duten pertsonak dira agenteok. Bi ekintza arlotan definitzen da agentea:

- Kanpoko agente dinamizatzailea (behaketa, laguntzaileak): hezkuntza komunitateari laguntza eskaintzen dio proiektuaren eraginkortasuna bermatzeko.

- Barruko agente dinamizatzailea: honek proiektua egin eta garatu egiten du. Pertsona batek edota talde batek har dezake ardura hau. Kasu honetan, zuzendaritzako kide bat eta hizkuntzako irakasle batek egon beharko dute.

Horrez gain, proiektua errazago gauza dadin Hizkuntz Normalizaziorako Komisio bat eratzea proposatzen dute hizlariek. Komisio hau honoko hauek osatuko lukete: zuzendariak izendatutako zuzendaritzako kide batek, proiektuko hizkuntza koordinatzaileak (egokiena zuzendariak izendatutako hizkuntzako irakasle bat izatea da, proiektuaren dinamizatzaile bezala jokatuko duena), beste mintegietako ordezkariak diren bat, bi edo hiru tutore teknikok eta nahi bada ikasle eta gurasoen ordezkari banak.

Komisio honen funtzioak lau izango lirateke:

1- Ikastetxeko Hizkuntz Proiektua egin eta idatzi.

2- Ikastetxeko Hizkuntz Proiektuaren urteko planifikazioa proposatu.

3- Aurreikusitako ekintzak koordinatu eta bultzatu.

4- Ikastetxeko Hizkuntz Proiektuaren gauzatzea jarraitu eta ebaluatu.



Urte hauetako esperientzia katalana

Ikastetxeko Hezkuntza eta Hizkuntza Proiektuen nondik norako orokorrak aipatu ditugu, baina horrez gain, Joaquim Arenas eta Maria Arenyk urte hauetan Katalunian izan duten esperientziaren berri ere eman zuten.

Beraien lanari ekiteko legediak bermatzen zien gunea lantzen hasi ziren. Joaquim Arenasek aipatu bezala "Tarradellasen garaian Generalitatek bi gauza onartu zituen: bata, eskolaren hizkuntz perfila definitzea, eta bigarrena, katalana biztanleria guztiarenganaino zabaltzea".

1983. urtean Kataluniako parlamentuak "hizkuntz normalizaziorako legea" onartu zuen, eta katalanaren erabilera berreskuratzeko oinarria bihurtu da harrezkero. Katalana ezarri zen Kataluniako berezko hizkuntza bakartzat eta ondorioz, Kataluniako eskoletakoa ere. Orduan jaio zen Eskola Katalanaren kontzeptua. Geroxeago azaldu zen LODE, 1985ean, eskolak beraien kontseilu eskolarren bidez Ikastetxeko Hezkuntza Proiektua burutzeko ahalmena ematen ziena. 1986an eskola publikoen gida organoak arautzen zituen dekretua onartu zen. 1992an, berriz, Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntza arautuko zuen dekretua onetsi zen. Bertan unibertsitatera bitarteko irakaskuntzako hizkuntza izendatu zen katalana, ez irakatsi eta ikasteko hizkuntza soilik, hezkuntza komunitate osoaren erlazio hizkuntza bezala, baizik. Bataz beste 140 arau onartu izan dira orain arte hizkuntz normalizazioaren inguruan, gizarte katalanak katalanaren normalkuntzarako eskolak duen garrantzia onartu duen arte. %62ak nahi du katalana bertako hizkuntza nagusia izatea. Asko garatu izan da eskola katalanaren kontzeptua eta ildo honetatik jaio zen 1992ko Ikastetxeetako Hizkuntz Proiektua, eskola goitik behera katalandu zedin. Helburu hau bete ahal izateko 1983. urtean irakasleriaren hizkuntz erreziklaia izugarriari ekin zioten; sentsibilitate kanpaina handia egin eta 92 leku desberdinetan 18.000 irakaslek eman omen zuten izena, hauetatik 15.000ak katalana ez zekitelarik. Gaur egun irakasleriaren %87a erreziklatua omen dago.

Bistan da gizartea eleaniztasunerantz bideratu dela eta funtsezkoa da hizkuntza bakoitzari eman nahi zaion indarra ondo finkatzea. Horretarako, hizkuntza proiektuak egungo arautegia nola eta non gauza daitekeen eztabaidatzeko unea sortzen du.

Kataluniako administrazioak Servei d´Ensenyament del Catalá-ren (SEDEC) bidez laguntza eskaintzen die eskolei hizkuntzaren arloan proiektua garatzen joateko.

Lehenago esan den bezala, katalanak soilik du erabilera sozialaren mailako kategoria curriculumean, gaztelania bigarren mailako hizkuntza da eta atzerriko beste hizkuntzak bezala, ez du ikasteko gai batek duen baino toki handiagorik, nahiz jakin Kataluniako haur guztiek gaztelania erabiltzen dutela. Beraz, nola hedatu katalanaren erabilera eskolako partaide guztiengana?

SEDECekoek proiektuaren arrakasta bermatzeko bi baldintza bete behar direla zioten: bata, zuzendaritzak Hizkuntz Proiektuaren erantzukizuna bere gain hartzea, eta bestea, klaustroak Hizkuntz Proiektuarekiko konpromezua bereganatzea. Honi dagokionez askoz ere gauzatze bizkorragoa izan omen du Haur eta Lehen Hezkuntzan Bigarren Hezkuntzan baino. Lehenengoei irakurketa eta idazketa garaia gainean zutelarik, katalana ikastea eta erabiltzea ezinbestekoa egin zitzaien, irakurketa eta idazketa prozesu guztia katalanez egin ahal izateko. Bigarren Hezkuntzako irakasleei korporatibismo gutxi samar, ordutegi traketsak eta bestelako eragozpenak egozten zitzaizkien. Jakina da hizkuntza baten erabileraren berreskurapen prozesuan ahozko espresioa oinarri-oinarrizkoa dela, baita hizkuntzaren erabileraren eredua eta koherentzia ere. Honekin guztiarekin hezkuntza komunitatean parte hartzen duten guztien inplikazioa ezinbestekoa suertatzen da. Gaur egun zuzendaritza taldeak hiru urterako izendatzen dira egonkortasun honek hizkuntz proiektua diseinatu eta kunplitu arazteko baldintza serioagoak ezartzen dituelakoan.

Klaustroek bere aldetik lehentasun batzuk hartu beharko lituzkete zentroko curriculumaren proiektua gauzatzerakoan. Egun 146 eskoletan ari badira inmertsio bidean, noiz hasi orduan gaztelaniarekin (edukien sekuentziazioaren inguruan)? "30 haur- irakasle bakarra-programa bakarra" tipologia zaharkituta gelditu da, jakin badakigulako ez dela posible patroi berdinarekin haur guztiei irakastea. Beraz, ordutegiak, taldeak, irakasleen ordu libreak... beste era batean aprobetxatzea eskatuko luke horrek; tresna objetiboen bidez jakin dezakegu ikasleen ahozko eta idatzizko gaitasun linguistikoa eta horrela ebaluatu ematen diren aurrerapenak. Gainera, honako oinarri honekin jokatu behar da: irakasle oro da hizkuntzako irakasle. Biologia, Historia, Matematikako orduan hizkuntza erabiltzen da eta ez da materia hizkuntzatik banatu behar, ez eta hizkuntza materietatik. Hemen garbi asko ageri da irakaslearen garrantzi izugarria hizkuntzaren transmititzaile bezala, eta honetaz kontziente izan beharko lukete irakasle guztiek.

Aipamen berezia eskatzen dute Katalunian bizi diren etorkin ugari eta anitzek (filipinoak, arabiarrak, afrikarrak, japoniarrak...). Berandu txertatzen diren ikasle hauengatik hizkuntzaz aldatu behar al du eskolak? Zentroak berezko hizkuntza mantenduz dibertsitate guztiari erantzuteko gai izan behar luke.

Zertan du Hizkuntz Proiektuak eragina eskolako beste gobernu organuetan? Hizkuntz Proiektuak katalana erabilerako hizkuntza bihurtzen lagundu beharko luke. Adibide batzuk aipatzearren zentroko proiektuak erabaki behar du zein hizkuntzetan oinarrituko den atzerriko hizkuntzaren ikasketa, liburutegirako erosten diren liburuak katalanez idatzitakoak behar lukete posible den guztietan.... Barne Erregimeneko Arautegia osatzerakoan, orohar, funtziomandu linguistikoaren mekanismo guztiak ahaztu egiten dira, baina Hizkuntz Proiektua kontuan hartuz gero, komisio guztiek nola jokatu beharko luketen esango liguke; matrikula txartelak direla, ebaluaketa informeak, gutunak, errotulazioa, extra-eskolarretarako begiraleen kontratazioak, jangelatako pertsonalgoa, hitzaldiak emateko deituak diren pertsonak, museoetara egiten diren bisitak... Hauei buruzko antolaketan hizkuntza hartu beharko litzateke kontuan, eta Hizkuntz Proiektuak dioena betetzeko ahalegin guztiak egin. Are gehiago, Barne Erregimeneko arautegiak hizkuntzako koordinatzailearen lanpostua sor dezake. Hizkuntz Proiektua gauzatzerakoan eskolako arlo guztien hizkuntz analisia eta diagnostikoa egina egon behar luke aurretik.

Gestio Memoria eta Aurrekontuetako partidetan ere eduki behar luke bere lekua Hizkuntz Proiektuak, proiektua gauzatzeko erabiltzen diren errekurtsoen arabera.

Gurasoek ere badute zer esana, lehen aipatu dugun eran. Zentroko proiektuko partaide sentitu behar dira. Horretarako ikastaro intentsibo batzuk eratu izan ziren, non hizkuntza soilik ikasten baitzuten; horretan guraso gutxi ausartzen omen zen. Gero, tailerrak eratzeko ideiak arrakasta handiagoa izan zuen; dantza tailerrak, sukaldekoak, makrame eta eskulanak, sendabelarrak... beti katalanez aritzen zirenak. Ondorio bezala, 700 gurasok tailerretan parte hartzea lortu zen eta proiektuaz interesatzen ziren.

Ikasleei dagokienez, duten hezkuntza eskubidea aipatu zuten hizlariek. Gurasoren batek gaztelaniaz hezitzea nahiko balu, eskolan onartua izango litzateke eta arreta indibidualizatua jasoko luke. Baina gelako beste haur guztiek katalanez jardungo lukete eta irakaskuntza ere katalanez emango litzateke. 680.000 ikasle inguru dira Lehen Hezkuntzan, eta 240.000 Bigarren Hezkuntzan, hauetatik gutxi gora-behera 89k eskatu dute horrelakorik eta ez dute luze iraun integratu gabe.

Oso arrakastatsua izan zen udaletxeak, aurrezki kutxak, kooperatibak eta bestelako elkarteak prozesu horretan inplikatzea, baina azken urtean diru murrizketa zela eta, bertan behera utzi behar izan dute.

Hizkuntz Proiektuak beraz, erlazio sozialaren kultura berria sortzea du helburu, jarrerak aldarazi, ohitura berriak hartu... Horretarako beharrezkoak dira diagnostiko bat, antolaketa berria eta epeak zehaztea, azkenean ebaluatu ahal izateko, abiapuntuko egoera eta helburuak geroz eta gertuago izateko. Lantegi honetan laguntzeko sortu zen SEDEC.

Katalanaren Irakaskuntzarako Zerbitzu honek duen helburua katalana erabilerako hizkuntza bihurtzea eta katalanaren erabateko normalizaziorako behar den laguntasuna ematea da. Sorreratik eduki izan du Generalitat-en babesa, giza eta dirulaguntzak. Zerbitzuan egon diren teknikoak ideologia oso desberdinekoak izan dira, baina hizkuntzarekiko helburu amankomuna zutenak. Gaur egun, 60 pertsona ari dira lanean, laguntza eta bultzatze programak eskainiz. Horretarako eskoletan bertan egiten dituzte mintegiak eguneroko lanean sortzen diren arazoak berbideratzeko. Batazbeste 66 irakasle biltzen dira mintegi hauetan.

Eskola bakoitzak beraz, kanpoko laguntza bi hartzen ditu: Ikuskaritza eta SEDECeko koordinatzaileak. Eskolak, bada, eska ditzake ahozko hizkuntzaren laguntzaileak (Bigarren Hezkuntzan), formakuntzarako mintegiak eta kasu zehatzetarako laguntza bizkorra. Bigarren Hezkuntzari zuzenduta ekintza bereziak antolatzen dituzte: aipatu elkarrizketarako laguntzaileak, goiko mailetan oraindik behar luketen hizkuntz maila hartu ez duten ikasleentzat; irakasle erreziklaiarako bi urtetik behin egiten diren hizkuntz eta literaturari buruzko ikastaroak (700-800 irakasle inguru biltzen dira) eta beste zenbait ekintza curricular, hala nola, R4 irratiaren bidez egiten dutenaren antzekoak (azkenak "Gazteluak" du gaia eta 900 eskolek hartuko dute parte). Horrela kultura herrikoian murgiltzen dira. Bestalde, hizkuntzaren erabilera suspertzeko bi programa jarri berri dituzte martxan. Aztertua zuten "Euskaraz Bizi" proiektuaren helburu bereak dituzte eta gizarte katalanari egokitutako prozeduraz osatu dituzte programak. 7 bat eskoletan ari dira proiektu hauek gauzatzen.

Zerbaiten ondorio ona ateratzekotan, eskolak Hizkuntz Proiektua edukitzea litzateke lehen baldintza, bigarrena eskolan katalanez bizitzeko aukera izatea, eta hauen ondorioz, naturalki katalana erabilerako hizkuntza bilakatzea nahiko litzateke, oraindik erabat lortu ez bada ere.



Hezkuntza Proiektuetarako Dekalogoa

Jaume Cela eta Juli Palou katalanek hamar puntu hauek aipatzen dituzte hezkuntza proiektuaren garapenaz hitz egitean 1993ko urriko "Perspectiva escolar" aldizkarian.

1- Errealitatetik abiatu: kalitateko eskola garatzeko modu bakarra errealitatetik abiatzea da. Nora iritsi nahi dugun jakiteko, non gauden jakin behar dugu lehenengo, eta aurrera jarraitzeko zein posibilitate dauzkagun.

2- Aldamenekoaren proiektua ez kopiatu: hobea izango da bukatu gabeko proiektua bat, akatsduna, hutsuneak dituena, baina eztabaidatua eta hezkuntza komunitate osoak barneratua duena.

3- Ez pentsatu proiektua papel zati bat denik eta gorde eta hautsak hartzekoa denik: pentsamendu hau onartzeak proiektuaren alde baikorra ez dugula ikusten adierazten du. Proiektuak dinamikoa izan behar du, guztion begiz, ahotsez eta behatzez zikinduta egon behar du.

4.- Talde bakoitzak bere zeregina bete dezala: Eskola Kontseiluak partaidetza mekanismo guztiak argi eta garbi zehaztu behar ditu proiektuaren planifikazioa burutzen duenean. Gomendagarria da, adibidez, proiektua une egokian azaltzea eta onartu baino lehenago guztiek irakurtzea zuzenketak egiteko.

5- Iritzi guztiak bildu eta bat egin: talde bakoitzaren ideiak eta aberastasuna bakar batean batu behar dira. Guztien arteko armonia lortu behar da.

6.- Akordioak errespetatu eta adostasunera iristeko lana egin: adostasunak ez du esan nahi nork bere usteak alde batera utzi behar dituenik. Kasu batzutan eta helburu zehatz batzuetarako borondate kolektiboari eman behar zaiola lehentasuna baizik.

7.- Hezkuntza proiektua beti hobe daitekela onartu behar da: nahitaezkoa da proiektuak hobetzeko eta sortzen diren beharretarako egokitzeko mekanismoak edukitzea. Errealitatea dinamikoa da, etengabe aldatuz doa. Ikastetxeek ezin dute egunero helburu orokor guztiak berrikusten egon, baina komenigarria da aspektu garrantzitsuenak birplanteatzea.

8.- Gure prestakuntza hobetu behar dugu dakiguna gutxietsi gabe: proiektua egiteko orduan aspektu zehatz batzuei buruzko laguntza eska dezakegu. Baina ezin dugu esan zer egin nahi dugun ez dakigunik. Azken finean, proiektua egunerokotasunaren hausnarketa da, gure hezkuntza aktibitatea gidatzen duten puntu nagusiak bilatzea.

9.- Ikuskapenaren bisitari ez alde egin: ikastetxeak bere lanaren arrazoiak gizarteari erakutsi behar dizkio, eta bere lana ahalik eta ondoen egiteko baldintzak eskatu behar ditu. Ikuskapenak, besteak beste, funtzio hori dauka: ikastetxe bakoitzaren bizitzaren jarraipena egitea.

10.- Proiektuaren erdian ikasleak jartzea: ikasleentzat egiten dugu lan eta beraiek dira proiektuaren erdigunea. Beharbada hau da printzipiorik nagusiena. Gure ikasleen hezkuntza hobetzeko egiten dugu lan eta bakoitzarentzako erantzunak eduki behar ditugu.

Azkenik, dekalogo hau gure lanaren asmorik sendoena biltzen duen esaldi batean laburbil daiteke:

Maitatu lanbidea, lanbide handia baita eta gure lanbidea da.