AÑ‘ORGA, Pello:

1997-05-01
Pello Añorga ipuin kontalari oiartzuarrarekin solasean hasi orduko ipuin munduan sartu gara. Ipuinetako jeinuen putzura hurbildu gaitu, eta urrezko haritik poliki-poliki tiraz, puskatu gabe, kontu desberdinak atera dizkigu.
 
 
Pello, ipuin kontalaritzan buru-belarri sartu aurretik irakasle lanetan ibili zinen. Zer dela eta utzi eta dedikatu zinen kontalaritzara?

Beno, badira 10-11 urte Oiartzungo Haurtzaro ikastola utzi nuela. Egia esan, han nenbilenean hasi nintzen ipuinak kontatzen. Ostiralero maleta zahar bat hartu eta gelaz gela pasatzen nintzen ipuinak kontatuz. Komunikazio handia lortu genuen.

Baina gela batean irakasle egonda, gauza asko egin behar izaten dira, eta nik ipuin arloa jorratu nahi nuen batez ere. Ipuinak harreman didaktiko bezala erabiltzen ziren, zerbait erakusteko. Edozein espresiobide zerbaiten funtzioan erabiltzen da. Ni horrekin pixkat aspertua nengoen eta zera pentsatu nuen: zergatik ez erabili ipuina besterik gabe, haurrak emozionatzeko?



Beste ikuspuntu baten bila abiatu zinen, beraz.

Bai, kontalari bezala ez naiz zerbait irakasteko helburuarekin joaten, nahiz eta kontatzean beti zerbait irakatsi. Gozatzera eta komunikatzera joaten naiz, batez ere. Azken finean, irakaskuntza eta kontalaritza uztartzen dituzu. Eta niretzat terapia handia izan da bi mundu horiek uztartzea. "MAGIster" eta "MAGIcien" hitzek gainera erro berbera dutenez, esan daiteke irakasle eta mago izaten saiatzen naizela aldi berean.



Gela barruan ipuinak beti zerbaiten funtzioan erabiltzen direla aipatu duzu. Gaizki al dago hori?

Ez, noski, ipuinak zerbait esplikatzeko erabil daitezke. Baina erabiltzeaz gain, kontatu? Ipuinak kontatzen al dira? Nik uste dut gutxi kontatzen dela eta hori ere landu behar da. Alde batetik, ipuina zehatz-mehatz kontatu behar da haurrek hizkuntza beregana eta lan dezaten. Baina bestetik, ipuinak besterik gabe ere kontatu behar dira, eskaintza bezala, maitasunezko eskaintza eta opari modura.



Baina hori ez al du kontalari batek irakasleak baino hobeto egingo?

Ez derrigorrez. Irakasleak ere konta dezake, baina hori bai, emozioz egin behar luke. Emozioz kontatu behar da haurraren barneko emozioekin bat egiteko, eta elkarren artean konfidantza berria inauguratzeko. Ipuina emozioekin kontatzen denean giro berezia sor baitaiteke eta benetako komunikazioa lortu. Eta ez ahaztu, elkarren arteko komunikazioa dagoen lekuan haurrek eta irakasleek elkarrengandik irakats dezakegula.



Feed-back bat sortzea lortu behar dugu, beraz.

Bai, halaxe da. Sara Bryant-ek aspaldian frogatu zuen ipuina kontatzen den lekutan ordena eta umore berria sortzen dela gelaren dinamikan. Elkar entzuteko sortzen diren momentu horiek aprobetxatu behar dira beraz, ipuinak behar bezala kontatzeko. Ipuinek jeinu-maitagarri batzuk dituzte eta jeinu horiek noiz agertu behar ditugun jakin behar dugu. Horretan datza gakoa. Normalean hau ez da ematen eta hor sortzen dira arazoak.



Ipuinak komunikazioa sortzeko erabiltzen dira, baina horrez gain funtzio batzuk ere izango dituzte, mezu batzuk.

Hala da. Propp-ek ipuin klasiko eta harrigarri guztiek funtzio zehatz batzuk zituztela ondorioztatu zuen herrialde desberdinetako ipuinak aztertu ondoren. Ipuin hauetan gure nahiak, beldurrak, desioak daude proiektatuta. Joseph Campbell mitologo ospetsuak haurrak hazteko, mitoekin eta ipuin klasikoekin harremanetan jarri behar direla dio. Zergatik? Haurrek, beraien mundu psikikoa garatzeko ezinbesteko laguntzak edo baliabideak aurkituko dituztelako beroietan, bitamina hazigarriak, nolabait esateko.



Zein ipuin mota dira haurren barne psikea garatzeko eta identifikazioa bultzatzeko balio dutenak?

Batez ere ipuin klasikoak. Ipuin klasikoek indar katalizatzaile handia gordetzen dute: indar totemiko paregabea. Gainera, egitura finkoa dutenez, belaunaldiz belaunaldi aisa gogorazteko eran egoten dira taxutuak.



Dena dela, ipuin klasikoez gain, mota gehiagotakoak ere badira.

Bai, noski. Literarioak ere hor ditugu. Hauek pertsona baten proiekzioak izaten dira, baina batzuetan unibertsalizatu eta jende askorengana irits daitezke. Almodovarrek hiru ipuin moeta aipatzen ditu kontatzeko unean gogoan edukitzeko: ipuin harrigarriak, ohiturazko ipuinak eta animalien istorioak. Gero ere, hor daude legendak, ipuin kateatuak, mitoak eta abar.



Ipuin zaharrekin osatzen duzue kontalariok errepertorioa. Eta zuek asmatutako ipuinik ez al duzue kontatzen?

Bai hori ere egiten dugu, kontalariak berak ere sor ditzake ipuinak. Baina niri gehiago interesatzen zait betiko ipuinak kontatzea egitura eta erritmo aldetik aproposagoak direlako. Gainera, gure benetako naturalezarekin hitz egiteko aukera harrigarria ematen digutenez, niri hori dena hartu eta ondo zaintzea gustatzen zait. Zaharrek askotan esaten dute lagun zaharrekin elkartu eta kontuak berritzen pasatzen dutela denbora. Nik ere horixe egiten dut. Kontu zaharrak hartu eta berritu, eta behin eta berriro berritu. Ezin dugu ahaztu, egunero zapaltzen dugun Lurrak milaka eta milaka urte dituela eta milaka urte horien memoria ipuin zaharren galerietan aurki dezakegula.



Dena dela, gaur egun asmatuko balira Txanogorritxo eta gainontzeko ipuin ezagun horiek, gure gizartera egokituak egongo lirateke. Beharbada ez lirateke hain agresiboak izango, haurrak alde horretatik babestu nahi izaten baititugu.

Kontuan hartu behar da garai batean gizartea zuria edo beltza zela. Gaua gauekoentzat zen eta eguna egunekoentzat. Ez zegoen tarteko egoerarik. Gaur egungo mundua, ordea, grisa da. Baina haurrentzat mundua ez da grisa, ez da NABARRA. Gaur egungo haurrek, oraindik, lehen haurtzaroan behinik behin, patroiak oso markatuak behar dituzte eta betiko ipuinek honetan asko lagun diezaiokete. Ipuinetako protagonistak behin eta berriro hiltzen eta behin eta berriro berpizten dira. Batzuk onak dira eta besteak gaiztoak. Gaua egunari lotzen zaio eta eguna gauari. Dena kate bat da, ondo lotu behar den katea, haurra ez lotua, baizik libreago senti dadin. Eta nik uste dut, haur txikiei kontatzeko urrezko kate honen jabe izan behar dugula, bestela ez baitugu asmatuko eta haurra galdu egingo zaigu bidean NABARmenki.



Haur txikientzako ipuinak aipatu dituzunez, adinen arabera sailka al daitezke ipuinak? Haurrentzako ipuinak haurrentzat al dira, eta helduentzakoak helduentzat?

Beno, ipuin batzuek duten egitura sinpleagatik oso erraz iristen dira haur txikiengana. Egitura oso finkoa dute. Baina honek ez du esan nahi helduentzat ere egokiak ez direnik. Egia da, bestalde, haurraren barnean badirela aro batzuk kontalariak oso gogoan hartu beharko lituzkeenak. Esaterako, lehen aroan, lehen haurtzaroan alegia, esan dezakegu ipuinaren koordenada ETXEAREN inguruan dagoela finkatua (Txanogorritxo, Hiru txerrikumeak...). Etxea da haurraren lehen espazio emozionala. Gero, bigarren aroan, bigarren haurtzaroan edo, haurrak etxetik atera eta BIDEAREKIN jarri beharko du harremanetan, BASOAREKIN, eta abar. Aro honetan, haurrak lagun berriak egingo ditu eta beraiekin egin beharko die aurre sortuko zaizkion arazoei (Hansel eta Gretel, Erpurutxo...). Gero, ia hirugarren aroan edo, basoz bestaldera joan eta UHARTEAK ezagutzen hasiko da, beste galaxiak, esfingeak, enigmak eta abar, eta noski, erantzun ezin diren unibertsoko inkognitekin jarriko da harremanetan.



Eta gero zer gertatzen da?

Gero, beno, gero, zera, honetarako adin bat eduki behar da, eh! (barrezka); gero, zera, konturatzen zara, txikitan hainbeste amesten zenuen altxor majikoa ez dagoela basoan, edota uhartean, edota ilargian, baizik eta zure ETXE BERBERAREN AZPIAN; eta horregatik orain, hain zuzen, oso haur txikientzat diren ipuin horietan aurki ditzakezula oso klabe garrantzitsuak gure benetako naturalezarekin hitz egin dezagun. Nire azken liburuan, "Arrain gorria"n, honetaz mintzo naiz. Lehen horregatik nioen, oso txikientzat diren ipuinak ere helduentzat oso ederrak izan daitezkeela. Edertasunak bai al du adinik, bada?



Adinen araberako banaketa zehatzik ez dago, orduan.

Ez, banaketa guztiak faltsuak dira. Egia da ipuinen egituragatik batzuk aproposagoak direla haurrengana iristeko. Baina ni berdin-berdin emozionatzen naiz haur oso txikientzat diren ipuinak helduei kontatzerakoan. Gurasoak haurrekin daudenean ere berdin emozionatzen dira.



Ipuinak kontatzerakoan tresna osagarri batzuk ere erabiltzen dituzu, adibidez perkusioa. Zer zentzu dauka gehigarri hauek erabiltzeak?

Kultura guztietan perkusioa bidaitzeko tresna garrantzitsua izan da, besteak beste, norberaren bihotzaren taupadatik gertu sentitzeko. Nik ere, nolabait esan dezaket, ipuinaren barneko bihotzetik eta erritmotik gertu sentitzeko erabiltzen dudala perkusioa.



Eta libururik? Eskoletan gehienetan liburuekin kontatzen dira ipuinak.

Batzuk liburuak erabiltzearen aurka daude, baina liburu batek ilustrazio ederrak baldin baditu, zergatik ez erabili? Zergatik ez erakutsi? Zergatik ez gozatu beraien ilustrazioekin? Baina, dudarik gabe, esku hutsik ere, inongo sostengurik gabe, kontatzen jakin behar dugu. Eta esan daiteke hor hutsune handi eta larria dagoela eskolan.



Ipuinak kontatzerakoan ahotsarekin batera gorputza ere erabiltzen da. Kontalaria antzesle bihurtzen dela esan al daiteke?

Ez, ez da gauza bera. Antzeslea beti pertsonaia baten larrupean babesten da, eta kontalaria ez. Kontalariak ez du ezer antzezten, baizik eta kontatu besterik gabe, nahiz eta batzuetan imintzioak erabili, keinuak, ahots aldaketak eta abar. Nik askotan esan izan dut, kontalariaren lurraldea poesiaren norabide berean dagoela eta bere kezkarik nagusiena DENBORAREKIN harreman sakonak izatea dela. Ze, kontalariak, edo ni behinik behin identifikatzen naizen kontalariak, azken finean lortu behar duena denbora konjuratzea baita. Edota beste hitzetan esateko, denbora eramatea denborarik gabeko lurraldera. Hori da bere dohairik ahaltsuena, bere pozima sekretoa. Hori da Hamelingo xirularen magia. Niri askotan esan izan didate saioaren ostean:

- Hi, Pello, hik haurrak geldi-geldi uzten dituk.

Nik zera erantzuten diet:

- Noski, denbora gabeko lurraldean aingura bota dugulako.

Denborarik gabeko lurraldean badakizu dena dela posible, baita eserita dauden haurrei, bat-batean, zilborreste berriak ateratzea ere. Horregatik, ez harritu ipuinaren bukaeran haurrak gozo-gozo, lekutik mugitu ezinik daudela ikusten badituzu. Ipuinaren esneak ondo elikatu dien seinale. Momentu horietan oso amatiar sentitzen naiz. Ni, gainera, Pello Maria naizenez, nire barneko Maria asetzeko modua izaten dut horrela (barrezka).



Bestalde, txotxongiloak ere badaude, eta hauek ere ipuinak kontatzen dituzte. Zein desberdintasun dago txotxongiloen eta kontalariaren ipuinen artean?

Ipuin kontalariak jendearen aurrean bere presentzia osoarekin kontatzen du, eta momentu hori ordezka ezina dela uste dut. Ipuin kontaketa batean, entzulegoa eta kontalariaren artean ez dago bereizketarik, ze, espazio berean daude harrapatuak. Antzerkian, aldiz, edota txotxongilotzan, edota telebistan, beti dago distantzia bat. Bat da bat, eta bestea bestea. Bat da agerian dagoena, eta bestea, aldiz, gordean. Kontaketa, ordea, beti elkarrekin egiten dugun bidaia dela esan daiteke. Bidaia honetan kontalariak lera jartzen du, ipuinak masta eta entzulegoak, berriz, arnasa. Zenbat eta arnas gehiago izan, orduan eta gehiago harrotuko da masta, eta orduan eta urrutiago joango da ipuinaren itsasontzia: urez bestalderaino. Haize eskasa baldin badago, ordea, ez gara ur ertzetik zentrimetro bat ere mugituko, kontaketa geza izan denaren seinale, edo.

Dena den, uste dut medio guztiak direla baliagarriak, baina guztiak ordezkaezinak direla, aldi berean. Kontalaria kontalari da, eta bere artea zaintzen ikasi beharko du besteek berea zaindu beharko duten bezala.



Ordezka ezina den jarduera honetarako, ipuin kontaketarako, zein osagai dira funtsezkoak zure ustetan, Pello?

Teknika aldetik, kontalaria zenbat eta naturalagoa izan eta bere barneko haurra zenbat eta biziagoa eduki, orduan eta kontalari handiagoa izango da. Noski, gero ahotsa eta jarrerak landuago edukitzeak ere laguntzen dute, baina niretzat ez da hori garrantzitsuena. Hiru gauza dira funtsezkoak:

- istorio bat edukitzea; zeu identifikatzen zarena eta gustura sentitzen zarena.

- istorio hori kontatzeko gogoa izatea.

- istorio hori kontatzeko momenturik egokiena bilatzea. Izan ere, ipuina kontatzen hasi eta momenturik egokiena ez baldin bada, agian munduko ipuinik zoragarriena kontatuko dugu baina momentu horretan ipuinik kaxkarrena izango da. Ipuin bakoitzak bere jeinua baitu eta oso erne egon behar dugu ipuinak kontatzeko unean.



Ipuin kontaketarako, beraz, kontalariaren portaerak sentibera izan behar du, bai ipuinarekin eta baita entzuleen sentimenduekin ere.

Begira, nik gauza bat ikasi dut ipuinekin: kontalariak munduko zuhaitzik altuena bezain altua izan behar duela baldin eta egitazko zerbait kontatu nahi badu konbentzimenduz; baina aldi berean, goroldiorik bajuena bezain bajua izan behar du baldin eta ipuina ondo entzun nahi badu eta gehiegi ez behartu. Zeren, gehiegi behartuz gero, ipuina erretzeko arriskua dago, eta orduan bai munduko zuhaitzak itoko direla harik eta mutu geratu arte. Honi buruz esan daiteke, kontalariak ezin duela berak nahi duena egin, baizik eta ipuinak behar duena. Bestela, ipuinaren zarata ikusgarri itsusia besterik ez baita entzungo. Nabardura handiko gauzak dira hauek eta oso gogoan hartzekoak. Ezin dugu ahaztu, kontalaritza arte bat denez gero, bere estetika duela, eta noski, bere etika.



Hori al da Eskoriatzako Irakasle Eskolan zure ikasleei irakasten diezuna?

Beno, ni ez naiz katedraduna eta kontaketaz ere ez dut katedrarik sortzeko asmorik. Baina, ikasleei leiho batzuk zabaltzen saiatzen naiz. Aurki dezatela hor beraien kontatzeko modua, gauza edo elementu minimoak eduki ditzatela. Ni bibliografia ematen saiatzen naiz eta jendearen aurrean kontatzeko behar duten konfidantza.

Izan ere, gaur egun ez da erraza jendearen aurrean kontatzea. Burua eta bihotza erabat bereiztuta ditugu eta kontalariak biak batzen jakin behar du, hitz gorpuztua erabili beharko duelako modu natural batean. Ni gorputza eta hitzaren arteko erlazioa erakusten saiatzen naiz, eta horren arabera konta dezala bakoitzak bere istorioa, nahiz liburuarekin nahiz libururik gabe.

Izugarrizko beldurra dago jendearen aurrean kontatzeko. Ikasleek oso gaizki pasatzen dute askotan, baina jendearen aurrean hitz egiten jakin behar dute. Hori lortzearekin konformatzen naiz.



Azken urteotan libururik gabe ipuinak kontatzeko une horiek ugaritu egin dira, kontalaritzak halako boom bat ezagutu baitu. Nondik sortu da hori?

Orain dela bost urte ematen hasi zen boom hori. Estatu mailan Francisco Garzón kubatarra agertu zen eta katedra itinerantea sortu zuen Espainian. Madrilgo kafetegietan eta abar ipuinak kontatzen hasi zen jendea eta komunikabideetan ere agertuz joan ziren. Zabalpen hori pixkanaka esan daiteke, Euskal Herrira ere iritsi dela gaur egun.

Orain dela 13 urte Koldo Amestoi bakarrik ibiltzen zen hemen. Nik Haurtzaro ikastolara ekarri nuen eta neu ere ipuinak kontatzen ibiltzen nintzela komentatu nion eta hortik hasi zen bion arteko harremana. Ondoren neu ere kontatzen hasi nintzen, herriz-herri eta eskolaz-eskola, baina egia esan, nahiko bakarrik sentitu nintzen eta Kataluniako kontalariekin eduki nituen harremanik handienak.



Dena dela, gaur egun Euskal Herrian ipuin kontalari asko zabiltzate. Euskal kontalaritza gorpuztu dela esan al daiteke?

Beno, alde batetik liburutegietako ipuinen ordua dela eta, jende asko gabiltza herriz herri: liburutegietan, kultur etxeetan, heldu nahiz haurrentzat, euskaraz eta erdaraz... denetariko pausoak ematen ari gara. Baina momentu honetan azterketa bat falta da gure artean gauza batzuk zehaztu daitezen; azken finean kontalaritza mundua gorpuzten eta aberasten joan dadin. Denentzat, horrela, mesedegarria gertatuko baita, baita ipuinentzat ere.