L´educazione italiani

1997-05-01
Aste Santuko oporrak igaro baziren ere, guk bidaiatzen jarraitzeko asmoa dugu. Gure inguruko lurraldeetako ikastetxeak bisitatzen segitzekotan gara, bertako hezkuntza sistemak, ikasmailak, ereduak... ezagut ditzagun. Hilabete honetan Italiara begira jarri gara.
 
 
Italiako haurrak 3 urterekin hasten dira eskolaurrean, ikasteko eta moldaketa arazoak dituztenak barne. Urte horiek bete bitartean, ordea, Haur Eskoletara joateko aukera dute. Hauetako gehienak autoritate lokalen eskutan daude. 1992ko lege nazional batek dioenaren arabera, 0-3 urte bitarteko haur ezinduek haur zerbitzu horietarako sarbidea bermatuta eduki behar dute, eta baita Hezkuntza Sistema orokorreko hezkuntza eskubidea ere. Lege honen xedea behar indibidualen arabera diseinatutako hezkuntza plana aurrera eramatea da. Hori dena guraso, gizarte eta osasun-laguntzaile eta ikastetxeetako hezitzaileen kolaborazioarekin.

Eskolaurreko etapa, berriz, 3 urterekin hasi eta 5 urterekin amaitzen dute, asistentzia borondatezkoa delarik. Eskola pribatu eta publikoak daude horretarako, azken hauek doakoak direlarik. Eskolaurreko ardura orokorra Heziketa Publikoko Ministeritzaren gain dago, baina gehienen gestioa autoritate lokalen eskutan dago. Eskolaurreko urte hauen helburua haurrei beraien pertsonalitatea garatzen laguntzea eta derrigorrezko irakaskuntzarako prestatzea da. Era berean, gurasoen esfortzua ere osatzen du, edozein desoreka edota gizarte mailako moldatu ezinak ekiditeko.

Eskolaurreko haurrak gutxienez 14 eta gehienez 18ko taldetan banatu ohi dira. Talde hauetan adin berdineko edota desberdineko haurrak bildu ohi dira. Eskolaurrean 6 urtera arte egoten dira eta zentro estatalak doakoak dira. Dena den, familiartekoei garraio eta jangela zerbitzuetarako dirulaguntza eskatzen zaie.

Ondoren, Lehen Hezkuntza hasten dute 6 urterekin eta 11 bete arte irauten du. 1985 eta 1990 bitartean erabateko aldaketa jasan zuen Lehen Hezkuntzak Italian. 1985ean "programa berriak" onartu ziren eta 1990ean "sistema berria". Etapa hau bost kurtsoz osatuta dago eta bi ziklotan banatzen dira kurtsook. Klaseetan 25 ikasle baino gehiago ez dira egoten, eta ikasle ezindu bat baldin badago 20ko kopurua da maximoa. Ikasle ezindu honek laguntzako irakasle bat izango du bere integrazioa eta ikasketa bultzatzeko. Bestalde, ikasgela osoari dagokionez, bi klaseko hiru irakasle behar direla dio legeak.



Bigarren Hezkuntza bi ziklotan banatua

Bigarren Hezkuntza bi ziklotan banatua dago Italian. Lehen zikloari scuola media deritzo. Derrigorrezkoa da, dohanekoa eta hiru urte irauten ditu. Ordutegiari dagokionez, astean 30 ordu dira, goizero bost ordu astelehenetik larunbatera arte.

Hiru urte hauen ondoren derrigorrezkoaren ondorengo zikloa dator. Honek hiru, lau edo bost urte irauten ditu. Ikasketa hauek eskaintzen dituzten eskolak edo lizeoak kategoria desberdinetan sailkatuta daude:

- Klasikoak: ikasketa humanistikoak eskaintzen dituzte lizeo hauek. Helburua ikasleak unibertsitaterako eta goi mailako beste ikasketetarako prestatzea da. Bost urte irauten ditu eta bi ziklotan banatzen da: lehenengo bi urteei "gimnasio" deitzen zaie eta segidako hirurei "lizeo".

- Zientifikoak: zientziak, medikuntza edota kirujia ikasi nahi dituzten ikasleentzako irakaskuntza garatzen dute hauek.

- Haurtzaindegia eta Lehen Hezkuntzako irakasleriaren prestakuntzarako eskolak: Instituto Magistrale eta Scuola Magistrale deiturikoak dira lizeo hauek.

- Profesionalak: 14 eta 17 urte bitarteko ikasleei zuzenduta daude hauek. 19 urtera arte beraien ikasketak luzatzeko aukera ematen die bost urteko kurtso esperimentaletara joaten direnei.

- Artistikoak: lizeo artistikoetan Bigarren Hezkuntzako ikasketak egin daitezke, eta baita goi mailako ikasketa ez-unibertsitarioak ere. Lizeo artistikoen helburua ikasleei bereziki artera eta espresio formen sektorera bideratutako prestaketa kulturala ematea da. Normalean kurtsoek lau urteko iraupena izaten dute, bi kurtsoko bi ziklotan banatzen direlarik. Lau urte hauen ondoren ikasleek estatuko azterketa bat egiten dute Bigarren Hezkuntzako bigarren zikloko ziurtagiri artistikoa lortzeko (Maturità Artistica deiturikoa).

- Arte eskolak: ikasleen sormen kualitateak garatzeko prestakuntza kulturala eskaintzen dute hauek. Lanerako eta produkzio artistikorako prestatzen dira ikasleak. Bost urte irauten ditu; lehen zikloak hiru urte eta bigarrenak bi. Lehen zikloaren amaieran "Arteko Irakasle Diploma" lortzen da, eta bigarren zikloaren ostean "Arte Aplikatuetako Bigarren Hezkuntzako Goi Zikloko ziurtagiria".

- Teknikoak: 14-19 urteko ikasleei zuzenduta daude. Hauen helburua ikasleak praktika profesionaletarako, zerbitzu tekniko edo administratiboetarako eta nekazal, industria eta merkataritza sektoreetarako prestatzea da.



Goi mailako ikasketak

Unibertsitate eta akademiak autonomoki jokatzeko aukera dute, beti ere legearen mugak errespetatuz. Elkarte publiko eta pribatuek eskola eta institutuak eratzeko eskubidea dute. Hori dela eta, goi mailako ikasketa zentroen artean estatalak eta ez-estatalak daude.

Era berean, unibertsitateak eta institutu ez-unibertsitarioak ere bereiz daitezke. Lehenengoen artean, unibertsitateez gain Goi Mailako Hezkuntza Fisikoko institutuak eta Goi Mailako Hezkuntzako institutu mota desberdinak daude.

Hezkuntza unibertsitarioaren erantzunkizun orokorra Unibertsitate eta Ikerketa Zientifiko eta Teknologikoko Ministeritzak dauka. Unibertsitate publiko eta pribatuen diru banaketa ere berak egiten du (pribatuen kasuan eredu publikoa duten eta legalki onartuta daudenei). Bestalde, unibertsitate pribatuek elkarte, asoziazio eta fundazio lokaletatik ere jasotzen dituzte errekurtso finantzieroak.

Unibertsitate ikasketek kualifikazio hauek lortzeko aukera ematen dute: diploma unibertsitarioa (laure breve), gradu ziurtagiria (laurea), espezializazio ziurtagiria eta ikerketa doktoradutza (dottorato di ricerca).