EPERRA ikastola, Sohüta:

1997-05-01
bere bi hegalak, bai eta bürün gainian... kokarda ejer bat...". Horrelakoa zen orain arte ezagutzen genuen Zuberoko eperra, baina beste bat ere agertu da, oraindik txikia, poliki-poliki hazten ari dena guztion artean ematen ari garen babes eta janariarekin.
 
 
Maule ondoko herri txiki batean dago, Sohütan, eta Eperra ikastola bezala ezagutzen dugu. Leku polita da oso, lasaia. Bertan topatu dugu Itxaro Borda, Hazia Elkarteko lehendakaria. Mauleko ikastolako gurasoak biltzen dituen elkarte hau da Sohütako ikastolaren aldeko kanpaina aurrera eramaten ari dena. Biziki pozik daude orain arte izan duen erantzunarekin. "Jendeak eraikitzen ikusi gaitu eta ikastolarekin harremanik ez zutenak ere hurbildu zaizkigu laguntzera eta gurekin solastera".

Ingurukoen laguntza ez da bakarra izan, ordea. Hegoaldetik ere jende anitz joaten da asteburuero ikastola eraikitzen laguntzera. Itxarok azaldu digunez "Pazko astean 50 lagun etorri ziren eta asteburuero 10 lagun etortzen dira. Abenduaren 14an hasi ginen lanean eta uztailaren 31ean bukatzea espero dugu. Datorren ikasturtea hemen hasteko moduan, beraz".

Kanpaina beldur handiz hasi zutena aitortu digu Itxarok, arriskuaren kontzientzia handiz. Baina gauzak oraingoz ondo doaz, bai diru aldetik eta baita jendearen eskuzko eta izerdizko laguntzaren aldetik. "Guretzat biziki garrantzitsua da laguntza hori. Zuberoan izanez, beti pentsatzen dugu ahaztuak eta isolatuak gaudela. Baina hori ez dela egia ikusi dugu. Ideia eta elkartasunaren aldetik bederen hurbil gaude denok eta zinez ederra da hori".

Beharbada Itxaro Borda idazlea eta ezaguna izateak kanpaina honen erantzunean eragina izango zuela komentatu diogunean, berak lan asko egin duela baieztatu digu, baina garrantzi gehiago eman dio Euskal Herrian behar den elkartasun sareari. "Botereak bereiztu egin nahi gaitu, bakoitza bere etxean gera dadin nahi du. Baina guk eutsi egiten diogu, elkarrekin egon nahi dugu; Iparraldea eta Hegoaldea, barnealdea eta kostaldea... uste dut hori dela oinarria".



Borondate politiko eskasa

Proiektu honekin bost urte daramatzate. Hasierako helburua botere publikoekin adostasun batera iristea zen. Seaska ikasketa publiko alternatibo bat izatea nahi zuten. Baina hasierako solasaldi luze haiek huts egin zuten borondate politiko eskasa zela medio.

Horren ostean, Habia Elkarteko partaideek beraien kabuz aurrera jarraitzeko erabakia hartu zuten. "Seaskak indar handia egin du xede hau abandona ez genezan eta zoriontsu gara egiazki. Ez lortuko dugulako soilik, baita gure xedea ukatu ez dugulako ere".

Helburu honen zifra eta zenbakia ere kalkulatuta dauzkate gutxi gora-behera. 1.500.000 liberatako (33.750.000 pezeta) mailegua eskatu dute. Euskal Herri osoan zehar zabaldu duten kanpainatik, bestalde, 300.000 libera (6.750.000 pezeta) lortzea espero dute, eta Herri Urratsetik 500.000 libera (11.250.000 pezeta).

Diru kopuru hauekin eta jendearen lan eta izerdiarekin, uztailaren 31rako Eperra ikastolako eraikina bukatuta egongo da. Datorren ikasturtean 60 ikasle inguru izango dira bertan, 2 eta 11 urte bitartekoak (Ama Eskola eta Lehen Maila).

Aurten, beraz, Nikaraguara, Venezuelara... joan gabe, hemen Euskal Herrian bertan laguntza luzatzeko aukera badago; bai bertara lanera joanez, bai bono laguntzak luzatuz. Sohütako eperra hegan egiteko prest izango da irailean denon laguntzarekin.

Informazio gehiago:

Eperra ikastola, Habia Elkartea

12 Evades de France karrika

64130 Maule

Tlf. (Hegoaldetik deitzeko)

07- 33 559 28 33 78