Kronika

1997-05-01
 
 
Aurrematrikulazioetan euskara nagusi
Apirilaren 19an bukatu zen unibertsitatez kanpoko irakaskuntzan aurrematrikulazio kanpaina Nafarroan, eta EAEn ere epeak itxi ziren. Bi lurraldetan euskarako ereduen igoera nabarmena izan da. Nafarroan Haur eta Lehen Hezkuntzan D eredua asko igo da azken urteotan. 92-93 ikasturtean ikasleen %16,8ak D ereduan ikasten zuen, %9,5ak A ereduan eta %73,5ak G ereduan. 96-97 ikasturtean, berriz, %22,1a da D ereduan dagoena, %16 An eta %60,8 Gn. Euskararen legeak ezartzen dituen eremuak kontuan hartuz, eremu euskaldunean %84,5ak B eta D ereduan ikasten du; eremu mistoan Haur Hezkuntzako ikasleetatik %26,2ak ere eredu hori aukeratu du; eta eremu ez-euskaldunean %5,3ak. Eredu honen igoeraren aurrean, G eta A ereduen beherapena ematen ari da Nafarroan.
EAEn ere joera bera nabari da. Hezkuntza sailak emandako datuen arabera, 97-98 ikasturtean hasiko diren 3 urteko haurretatik %54ak D eredua hautatuko du. A ereduan, bestalde, %13 izango dira. Bien bitartean, DBHn A ereduan ikasiko dutenak %41 izanen dira. Beraz, nabarmena da kopuru biren arteko desberdintasuna, etorkizunera begira %54 horiek izango baitira DBH euskarako ereduan egingo dutenak.
Euskararen erabilera bultzatzeko plangintza aurrera eramateko asmoa ere agertu du Hezkuntza Sailak. "Ikabil" izeneko programa osatu du aurten ere. Honen bitartez ikastetxe desberdinen arteko elkartrukeak bultzatuko dira. Euskararen presentzia handiagoa den lekuetara joateko aukera izango dute ikasleek, eta bertako neska-mutilekin euskarako harremanak gauzatzeko posibilitatea. Iaz ere burutu zen Ikabil elkartrukea eta gutxi gora-behera 50 ikastetxetako 1.000 ikasle inguruk hartu zuten parte.

Paulo Freire pedagogoaren hutsunea gelditu zaigu
Paulo Freire pedagogo ospetsua hil da 75 urterekin Sao Paulon (Brasilen). Zuzenbide ikasketak egin arren, pedagogo bezala egin zen ospetsu mundu osoan, eta baita injustiziaren aurka egindako lanagatik ere. Liburu asko argitaratu ditu bere bizitzan zehar. Ezagunenak "Pedagogía del oprimido y acción liberadora", "Educación Liberadora" eta "Educación como práctica de la Libertad" dira. Euskaraz itzulitako lan bat ere badago: "A Importância do ato de ler" (Irakurtzeko egintzaren garrantzia).
Elkarrizketari izugarrizko garrantzia ematen zion eta berak etengabe landu zuen haur, heldu, zahar, txiro, behartu eta abarrekin. Humanizazioa, askatasuna eta benetako demokraziaren aldekoa eta hezkuntza bankarioaren aurkakoa zen.

Erreformaren inguruko tira-birak
EAEn Derrigorrezkoaren Ondorengo Bigarren Hezkuntza datorren ikasturtean jarriko da martxan, Eusko Jaurlaritzako kontseiluak onartutako dekretuaren arabera.
Egia esan, Batxilergoa eta Lanbide Heziketaren erreforma prozesu honek gora-behera handiak izan ditu azken hilabeteotan. Hezkuntza Sailak hartutako erabaki guztiak ez dira denen gustokoak izan. PSE-EEko bozeramailea den Fernando Buesa proiektuaren aurka azaldu zen. EA eta EAJak bultzatako proiektuak hezkuntza ertaineko lanpostuen birmoldaketa eta 6.000 irakasleren berbanaketa suposatzen zuen, eta hori "ilegala" zela adierazi zuen Buesak. CCOO eta UGT sindikatuak ere kritikatu zuten plana, eta baita Bizkaia eta Gipuzkoako irakasleek ere. Plana lau aldiz aldatu da, baina azkenean, badirudi behin-betikoa onartu dela.
1997-98 ikasturtean ezarriko da 42 ikastetxetan (26 publiko eta 16 pribatu) eta sistema integratua jarriko da martxan. Inaxio Oliveri Hezkuntza sailburuak adierazitakoaren arabera, plan integratu honek Lanbide Heziketa eskaera sozio-ekonomikoen arabera moldatzeko malgutasuna emango du. Hezkuntza, Ekonomia eta Industria Sailak hezkuntza sistema honetan integratuta geldituko dira.
Dena dela, ez da arazoak eta tirabirak sortu dituen gai bakarra izan. Nafarroan DBH dela eta ez dela sortu dira kontraesanak. Gobernuan dagoen UPN alderdiak DBHren ezarpenean zenbait aldaketa egiteko dekretua egin zuen. Bertan aurreikusten ziren aldaketak honoko hauek ziren: ezgaitasuna eta hezkuntza berezia behar duten ikasleentzako gela bereziak ezartzea, ikasgai kopurua 11tik 10era jeistea eta DBHko 4. mailan aukerako lau lerroen ordez hiru ezartzea. Aldaketa hauen aurrean IU alderdi politikoak mozio bat aurkeztu zuen dekretu hori atzera botatzeko eskatuz, LOGSEren izpiritu eta filosofiaren aurka zihoalako. PSN, HB, eta Ea mozioaren alde agertu ziren, eta CDN abstenitu egin zen. Hezkuntza Publikoko sindikatuak, STEE-EILAS, CCOO, LAB eta UGT ere berrikuntza hauen aurka agertu ziren aldaketa hauek ordutegian, ikasleen aukeraketan eta denbora batez behar bereziak dituzten ikasleengan eragiten zutelako.
Baina, alferrik. Nafarroako Gobernuak ez du bere dekretua bertan behera utzi talde parlamentario guztiak aurka agertu arren (CDN ezik, lehen esan bezala hau abstenitu egin baitzen). Gobernuko bozeramailea den Santiago Cerverak erabakia behin-betikoa dela adierazi zuen, eta atzera biderik ez duela. Hori bai, beste alderdien, sindikatuen eta profesionalen ekarpenentzako bidea irekia gelditzen omen da.

Euskarari trabak jarri nahian Iparraldean
Seaskarentzat udaberria ez da alaitasunez eta berri onez gainezka etorri. Errebindikazio eta eskakizunek hartu dute leku: maiatzaren 6an Baionako Arenas Haur Eskola eta udaletxea okupatu zituzten. Ekintza honen arrazoia garbi azaldu zuten: Hezkuntza Nazionalari 2. mailako hezkuntzan terminaleko ES adar zientifiko bat irekitzea eskatzen diote.
Seaska eta Hezkuntza Nazionalak 1994. urtean akordio bat sinatu zuten, eta horren arabera administrazioa da irakasle postuak finantzatzen dituena eta lanpostu berrien sorrera baimentzen duena. Joan den urrian François Bayrou Pirinio Atlantikoetako buru eta Hezkuntza Nazionaleko arduradunak datozen sei-zazpi urtetan euskarako irakaskuntzaren euskal ereduetarako irakasle berri ugari hitzeman zituen. Baina hori gauzatzeko pausorik ez du eman geroztik.
Gauzak horrela, Seaskak maiatzaren 2a ezarri zuen erantzunen bat jasotzeko epe bezala. Horrelakorik gertatu ez zenez, iragarritako mobilizazioei eman zaie hasiera, eta hori dela eta okupatu zuten Baionako udaletxea. Beraiek kanporatzeko polizia azkar mugitu zen. Orain, Hezkuntza Nazionaleko arduradunak mugitzea falta da.