Badator EAEra DOBHren ezarpena

1997-07-01
Kurtso hau amaitu dugu, eta irailarekin batera etorriko da hurrengoa, 1997-98 ikasturtea. Baina ez da urtea soilik izango EAEn aldatuko dena, hezkuntza sistema bera ere bai. Derrigorrezkoaren Ondorengo Bigarren Hezkuntza (DOBH) ezarriko da EAEn. Ondorioz, LH1, IEE1 eta BBBko 1. mailak desagertu egingo dira. Antolaketa desberdina izango da, bai irakasgaien aldetik eta baita ikastetxeen antolaketari dagokionez.
 
 
EAEko Hezkuntza Sailak egindako planifikazioa garatua eta zehaztua dago. Hezkuntza arduradunak ikastetxeetako zuzendariekin elkartu dira eta egindako bileren ondoren, ikastetxe bakoitzaren antolaketa eta eskaintza zehaztuta gelditu dira.

DBH 16 urterarte ezartzekoa den honetan, BBBko 1. eta 2. mailak desagertu egiten dira, eta baita LH1 eta IEE1 ere. DBHko 2. zikloa arduratuko da 14 eta 16 urte bitarteko derrigorrezko hezkuntza eskaintzeaz. Ondoren, ikasten jarraitu nahi duten ikasleek DOBHrekin egingo dute topo, Batxilergoarekin eta Heziketa Zikloekin.

Batxilergoa bi urteko kurtsoz osatua egongo da, eta Heziketa Zikloak, berriz, erdi eta goi mailako ikasketez, biak ere bi urteko iraupenekoak. Ikasketa hauen edukiei dagokienez, aldaketak nabarmenak dira, antolaketa ezberdina, eta aukera anitza.



Batxilergoaren lau zutabeak

Batxilergoaren barnean lau adar desberdin izango dira: Natur eta Osasun Zientziak, Giza eta Gizarte Zientziak, Teknologikoa eta Artistikoa. Orain arte Batxilergoa eskaintzen zuten ikastetxe guztiek BBBko 3 mailak eta UBI eskaintzen zituzten, baina sistema berriarekin lau aukeretatik guztiak ez dituzte eskainiko. Gehienek bi adar emango dituzte, eta batez ere Natur eta Osasun Zientziak eta Giza eta Gizarte Zientziak. Hauek dira errazen topatu ahal izango diren adarrak. Aitzitik, eredu Artistikoa aukeratu nahi duenak urte batzuk itxaron beharko du, oraingoz ez baitu inongo ikastetxek eskainiko.

LOGSEren arabera finkatuko dira maila hauetako ikasgaien edukian, baina EAEn euskal dimentsio batekin. Hezkuntza Sailak dekretu curricular batzuk egin ditu euskal kulturaren berezko elementuak bultzatzeko. Horien araberako aldaketek ikasgai guztiei eragingo die, baina bereziki Geografia, Historia, Antropologia, Hizkuntza eta Literaturari.

Aldaketa hauekin batera ordutegi aldaketak ere aurrikusi dira. Hezkuntza Sailaren asmoa Bigarren Hezkuntzan egun lektiboak aldatzea zen. Urteko 175 lan egun ezartzea erabaki zen, astean ordubete gutxiago eginez. Ertainetan dauden irakasleek, ordea, orain 160 egunetan egiten dute lan, eta aldaketa berri hau ez dute begi onez ikusi. Egun kopurua errespetatzea eskatu diote Hezkuntza Sailari, eta baita zentro bakoitzak bere ordutegia erabakitzeko autonomia gehitzea ere. Eskakizun hauekin beste bi ere egin dituzte: ikasle kopurua gutxitzea eta Batxilergoko ikasleen orduen gehikuntzari irtenbide arrazionala ematea.

Arazo guztiok konpontzeko bilerak egiten aritu dira irakasle eta zuzendariak Hezkuntza Saileko arduradunekin.



Taula hauetan EAEko ikastetxeek Batxilergo mailan zein adar eskaintzen duten ikus daiteke. Topatzeko errazena eta ugariena den arloa Natur eta Osasun Zientziak da. Giza eta Gizarte Zientziak ere ikastetxe askotan ikasi ahal izango dira. Teknologikoa, berriz, urriagoa da, eta batez ere orain arte Lanbide Heziketako ikasketak eskaintzen zituzten zentroen esku geratu da arlo hau. Adar artistikoari dagokionez, bestalde, datorren ikasturtean ez da aukera hori izango. Oraingoz proiektua besterik ez da, eta 1999/2000 ikasturterako ezartzea aurrikusten da.

Ereduei dagokienez, ez da gauza garbirik ikusten. Eskariaren arabera ezarriko direla esaten da, baina gero ikusi beharko da taldeak osatzen diren, zenbateko ratioa eskatzen den...

Bestetik, irakasleriaren prestakuntza. D ereduan ikasten duten ikasleak gero eta gehiago dira, eta hauek DOBHko ikasketak eredu horretan egingo dituzte. Horregatik da hain garrantzitsua irakasleen prestaketa. Administrazioak erronka handia du arlo honetan, eta ongi aztertu beharreko eta gauzatu beharreko lana da, guztion onerako izan dadin.



Hezikleta zikloen aniztasuna

Arlo profesionalean Heziketa Zikloak dira berrikuntzaren oinarri. Erreformak erdi eta goi mailako ikasketak sortu ditu eta Heziketa Zikloak izena eman die. Erdi mailako Heziketa Zikloetara igarotzeko DBH gainditu beharra dago. Eta goi mailako ikasketak egin ahal izateko Batxilergoa gaindituta edukitzea eskatuko da eta maila ertaineko zikloak aukeratzen dituztenek ezingo dute berauetara igaro. 20 familia desberdin sortu dira: Administrazioa, Elikagaien industria, Merkataritza, Elektrizitatea, Gizarte Zerbitzuak, Egurra, Fabrikazio Mekanikoa, Produzio Zerbitzuak, Osasuna, Informatika, Kimika, Gorputz Ekintza, Ibilgailuen Mantenua, Nekazal Ekintza, Ostalaritza, Eraikuntza, Jantzigintza, Irudi Pertsonala, Komunikazioa eta Arte Grafikoak. Hauetako bakoitzean titulazio desberdinak daude, espezializazio maila desberdinak eta oraingoz 120 izendatu eta zehaztu dira. Bi urteko ikasketak dira, laburrak, eta oso espezifikoak. Ikasleek karpeta indibidual bat eskuratuko dute ikasketa hauekin, eta konpetentzia edo prestakuntza maila adieraziko da bertan.

Aniztasun honen helburua lan munduari egokitzea da. Hau da, unean uneko merkatu laboralak eskatzen duen ikasketa ezarriko da. Lan horretarako behar den jendea ateratzen denean, titulazio hori kendu eta eskariaren araberako beste bat ezarriko da. Eskaria-eskaintza lotura estua mantentzea ahalbidetuko du malgutasun honek. Hezkuntza Saileko arduradunen arabera hobekuntza nabarmenak ekarriko ditu langile zein enpresentzat. Ezarri diren eta ezarriko jdiren titulazioak sindikatu eta enpresen eskakizunen arabera garatu dira. Bi helburu garbirekin egin da hau: gaur egun dauden lanpostuetarako prestatzeko eta orain irudikaezinak diren lanpostuetara moldatzeko gaitasuna izan dezaten.

Sistema berri honekin batera jarraipen eta kontrola aurrera eramango dira curriculum berriek benetako eragina izan dezaten. Horretarako ezpezialisten taldeak sortu dira. Hauen zeregina enpresa pribatuen eskariak biltzea izango da, alde batetik. Eta bestetik, ikasleak ebaluatzeko sistema berriak diseinatuko dituzte. EAEko Eskola Kontseiluko komisio iraunkorrak testu liburu eta eskola argitalpenak kontrolatzea ere beharrezko ikusten du. Baimendu aurretik eta finkatutako helburuak betetzeko kontrol hau egin beharrekoa dela uste du, bai ikuspuntu pedagogikotik bai zientifikotik begiratuta. Era berean gaur egungo materiala baloratzeko eta euskal gizartera egokitutako material berriak sortzera bultzatzen du.

Dena dela, aurrikuspen hauekin lotuta ez doana ereduen garapena da. Titulazioen aniztasuna kontuan hartuta, euskara eskaintzen direnak oso urriak dira, eta gainera eskari kopuruak balditzaturik daude. Ez dago berma segururik, arazoak kolokan jarraitzen du.

Oraingoz, datorren ikasturterako Heziketa Zikloak finkatu dira ikastetxeetan eta horiexek dira ondorengo tauletan ikus daitezkeenak.