Kronika

1997-07-01
 
 
Haurtzaindegiak kexu
Gipuzkoako Foru Aldundiak haurtzaindegientzako diru-laguntzetan iragarri dituen murrizketak Gipuzkoako Haur-Eskolen Koordinakundearen haserrea piztu du. Neurri honi erantzunez ondoren bertan behera utzi zuten protesta eguna deitu zuten ekainaren 17rako.
Besteak beste, Koordinakundeak Administrazioaren jarrera salatu du, Hezkuntza Sailari arazoaren aurrean gero eta gogor eta itsuago jokatzen ari dela leporatu dio, kordinakundeak eskaintzen dituen irtenbideei "muzin egiten diolarik". Haur-Eskolen Koordinakundeak gainera, Hezkuntza Sailak agertzen duen "borondate politiko" falta salatu du.
Hezkuntza Saila bi urteko haurrentzako gelak irekitzen uzten ari da eta koordinakundearen iritzian hori legearen aurka doa, honek ziklo osoak ireki behar direla aipatzen baitu, 0-3 urte bitartekoak alegia. Gela horiek irekitzeak kalte ekonomiko handia suposatzen die Haur-Eskolei.
Foru Aldundiko Gizartekintza Sailarekin adostasun batera iritsi dira eta eskari plataforma bat osatu dute Hezkuntza Sailarekin adosteko. Bertan, Hezkuntza Sailak beregan hartzen duen neurrian Aldundiak bere laguntza murriztea jasotzen da. Aurten 120 milioi, heldu denean 80 eta hurrengo urtean 40 milioi izango lirateke, falta dena Hezkuntza Sailak osatuko lukeelarik.
Gipuzkoan 30 haurtzaindegi publiko eta pribatu daude publiko joerarekin eta hauetara 0-3 urte bitarteko 2.000 haur joaten dira.

Eskola ereduak ezagutarazten
Seaskak Ikastolen Besta antolatu zuen Donibane Lohitzunen joan den ekainaren 28an. Gisa honetako egunaz baliatu nahi izan du ikastolak aurkezteko. Antolatzaileek mezu bat helarazi zuten: ikastola eskola publiko bat dela, deneri irekia eta euskalduna.
Ikas Bik ere, plazaratu berria duen gida baten bidez elebitasunaren nondik-norakoak azaldu nahi izan ditu. Gida honetan, eskola ereduaren oinarriak, eta antolakuntza, irakaskuntza elebidunaren historia eta guraso eta irakasleengan elebitasunak dituen ondorioak jasotzen dira. Ikas Bik gida hauek banatu ditu iparraldeko eskola, herriko etxe eta leku publikoetan.

Nafarroako ikastolak tinko
Hamaika egonezin eta haserre altxatu ditu Nafarroako Ikastolen Elkarteak (NIE) eta Javier Markotegi Hezkuntza eta Kultura Kontseilariak burututako bilerak.
Kontseilariak adierazitakoaren arabera, ikastetxe txikiek desagertu egin behar dute Nafarroan. Gauzak honela, ondorioz, Altsasu, Baztan, Bera, Cortes, Etxarri, Irunberri, Lesaka, Lodosa, Sartaguda, Tafalla, Tutera eta Vianako ikastolak desagertzera bultzatuko lituzkete. Erabiliko lukeen prozedura NIEren esanetan "hitzarmen-ekonomikoak ez ematea da, eta hori gurasoek ikastetxea aukeratzeko duten eskubidea zapaltzea litzateke".
Ez litzateke hau Nafar Gobernuak diru-laguntzei dagokien arloan legea betetzen ez duen kasu bakarra. Aurrekontuen arabera, Administrazioak ikastetxe kontzertatuek LOGSEk eskatutako betebeharretara egokitzeko egindako inbertsioen %50 ordaindu behar du, baimendu dituen kasuetan. NIEk Administrazioarekin hitzartutako inbertsioa 2.000 milioi pezetakoa (80 milioi libera) izan da 1995 urtetik eta gaur arte milioi bat pezeta (40.000 libera) besterik ez ditu jaso.
Nafarroako Gobernuaren eragozpenak direla medio NIEko 17 ikastoletatik 6k arazoak dituzte Mapa Eskolarrarekin. Gainera, beste irakaskuntza sareetan gertatzen den legez, ikastolek ez dute sustengu irakasleen laguntzaz gozatzen.

SORTZENen erantzuna
Euskarazko irakaskuntzaren aldeko manifestaldira deitu zuen SORTZENek ekainaren 14ean Iruñean. Ekitaldi honekin Javier Markotegik azken asteotan euskarazko irakaskuntza publikoaren aurka egindako eraso bortitzak salatu nahi zituen. Aldez aurreko matrikula D ereduan egin duten haur askok beste eredu batzuetan ikasi beharko dutela, Donapea LHko euskarazko lerroaren itxiera eta DBHri buruzko foru dekretua salatu zituzten.
Deialdiarekin bat egin zuten CCOO, EILAS, ELA eta LAB sindikatuek eta EA, EAJ eta HB alderdiek. Honetaz gain, sindikatuek bere aldetik protesta egin zuten Hezkuntza Sailaren aurrean, Herrikoia guraso federakundearekin batera.