Zer irakur dezakegu irakasle, ikasle eta gurasook?

1997-12-01
Liburuak, aldizkariak, gidak, diptikoak, triptikoak, foiletoak... zenbat informazio iturrirekin topatzen ote gara egunero! Interesgarriak, erakargarriak, erabilgarriak, alferrikakoak, eskasak, zaharkituak, berri-berriak... produktu bera bakoitzarentzat desberdina izan liteke. Aspaldiko esaera da gustuez ez dagoela ezer idatzirik, eta egia da. Bakoitzaren lana, afizioak, denbora eta beste hainbat eta hainbat faktoreren arabera gauza batek milaka aurpegi eta kolore izan ditzake.
 
 
Gure nahia ez da kolore batzuk gainjartzea eta beste batzuk estaltzea, koloreztatu daitezkeen produktu horiek erakustea baizik. Gero norberak hartuko ditu gustuko dituen margoak.

Komunikazio euskarrien aniztasun hori irakaskuntza arloko aldizkarietan ere ematen da, beste hainbat arlotan bezala. Guztioi eragiten digu hezkuntzak; irakasleoi, gurasooi eta neska-mutilei. Momentu eta egoera bakoitzak bere kezka, beharra eta eskariak ditu, eta horiei erantzuteko daude aldizkariak.

Alde batetik, ikasleei zuzendutako aldizkariak daude; bestetik, gurasoentzat egiten direnak; eta azkenik, irakasleentzat argitaratzen direnak. Guztiei begirada bat emango diegu, aldizkari hauen orrietan murgilduko gara.



Etxeko txikientzako argitalpenak

Eskolako lehen urteetan liburuak ez dira gelaz jabetzen, baina hala eta guztiz ere pixkanaka-pixkanaka beraien lekua eginez joaten dira. 4 urtekin eta 14 urtekin irakurtzen ditugun liburuak ez dira berdinak, noski. Adin bakoitzari berea dagokio, eta horregatik daude merkatuan Xirrixta, Kometa, Ipurbeltz eta Kili-Kili.



Xirrixta eta Kometa

Bi aldizkariok Xirrixtazaleak elkarteak argitaratzen ditu. Xirrixtaren ibilbidea 1992. urtean hasi zen Euskal Kultur Erakundearen eskutik, baina handik bi urtera bereiztu egin ziren eta Xirrixtazaleak elkartea sortu zen aldizkariarekin jarraitzeko. Aintzane Lasarte kudeatzaileak lehenengo pausoak ongi gogoratzen ditu. "Gure irakurlerik ugariena Hegoaldean zegoela konturatu ginen, haur gehiago baitaude bertan. Horregatik Hegoaldean gehiago zabaldu behar genuela konturatu ginen, nahiz eta betidanik harremanetan egon bestaldeko jendearekin. Baina zirkulazio eta komertzializazio mailan zabaldu egin behar genuela ikusita, 1996. urtean Letrazopa elkartea sortu genuen Hegoaldean. Urte berean sortu genuen Kometa".

Xirrixta 4-8 urteko haurrentzat argitaratzen da hilero eta Kometa 8 urtetik gorakoentzat hiru hilabetetik behin. Hala ere, Aintzane Lasartek dioen bezala adin horiek orientatiboak dira. "Haur bakoitzak bere adina dauka eta batzuk 10 urtekin Xirrixta nahiago dute Kometa baino eskulan edo jolas gehiago dauzkalako".

Xirrixta da bi aldizkariotan osatuena, urte gehiago daramatzala kontuan harturik. 28 orriko aldizkari honen helburua haurrei irakurtzeak zenbat gauzatarako balio duen ulertaraztea da, eta ondorioz irakurzaletasuna bultzatzea. "Horregatik hizkuntza desberdinak lantzen dira: ipuinetan erabiltzen den irakurtzekoa erreportaietako informatiboa, aginterazkoa, komiki batean erabiltzen dena eta abar" dio Aintzanek. "Erosketak egiteko zerrendatik hasi eta ipuinak egitera bitartean, adibidez, hizkuntza mota desberdinak daude. Haurrak modu desberdinetan idazten dela ikusten du, lortu nahi denaren arabera hizkuntza mota bat edo bestea erabiltzen dela". Horrez gain, haurrak Xirrixta irakurriz eskulanak egin ditzakeela ikasten du, edo jolasteko gaiak lortu ditzakeela. Baina horretarako irakurri egin behar du eta gauzak nola egiten diren ulertu. Aintzanek azpimarratzen duen bezala "errezeten atalean ere irakurtzen jakin behar da. Ez da nahikoa barazkiak ikustea, irakurtzen jakin behar da gero jateko". Irakurketak ate asko irekitzen dituela erakutsi nahi zaie haurrei. Hori lortu ahal izateko arlo desberdinak eskaintzen ditu aldizkariak: komikiak, jolasak, ebakinak, ipuinak, erreportaiak... euskarri anitza da.

Aniztasun horren barruan hiru hilabetean behin gurasoei zuzendutako orrialde batzuk ere argitaratzen ditu erdialdean. "Ez dakigu irakurtzen dituzten edo ez, baina guk liburu batzuen erreferentziak emateko aprobetxatzen ditugu. Haurrek ez dute bakarrik irakurtzen 4-8 urte bitartean, gurasoekin baizik. Horregatik, gurasoei gomendioak zuzentzen dizkiegu".

Dena dela, aldizkaria batez ere irakasleei zuzenduta dago eta irakasleentzat duen balio zera da: gelan haurrekin egiten dituen gauzak haurrak etxean egin ditzakela jarraipena emanez. "Eskolako gauzak beste giro batean egin ditzakete eta horrek balio handia dauka eskolarako" .Ez da oinarrizko materiala, osagarria baizik. "Ez da ikasteko gaia, ez da ikasteko tresna, jolasteko tresna, plazerrerako tresna baizik, beti ere bizitzako gaietan oinarrituz. Ikasketa prozesurako baliagarria da zentzu horretan, eta ez hainbeste material didaktiko bezala".

Kometari dagokionez, berriz, 8 urtetik gorako haurrentzat da berez, eta irakurketa da bere ardatza. Aldizkariaren gehiengoa 40 orriko ipuinak osatzen du. Kapituluka banatua dago eta horrek irakurketa errazten du. "Liburuak ez ditugu jarraian irakurtzen, zatika baizik. Ipuin honekin hori erakutsi nahi dugu, eta horregatik banatzen dugu kapituluka, ipuina non utzi dezaketen erreferentzia puntu bat emateko". Ipuin honez gain, txisteak, errezetak, jolasak eta abar daude. Guztira 52 orri ditu Kometak.

Bi aldizkariok kaleratzeko lau lagun ibiltzen dira: bi erredakzio lanetan, idazkaria eta komertziala. Baina kolaboratzaile askoren laguntza jasotzen dute, bai marrazkiak egiteko, ipuinak idazteko...

Aldizkaria Frantziako Tolosa herrian dagoen Milan Press-i lotuta dago. Argitaletxe honek haurrentzako bi aldizkari argitaratzen ditu eta haietatik jasotzen dituzte zenbait lan. "Azpiegitura handia daukate, pedagogoak, irudi aztertzaileak eta beste hainbat jendek egiten du lan. Hemen ere posible litzateke horrelako zerbait egitea, baina oraingoz behintzat ezinezkoa zaigu. Gure helburua oinarri hori hartu arren, lan eta orrialde gehienak hemen sortzea da". Xirrixtak helburu hori nahikoa lortu du, 28 orritatik 10 Euskal Herrian egiten baitira, hemengo idazle eta marrazkilari zenbaitzurekin. Kometan, berriz, 40 orriko ipuina hemen sortutakoa izan dadin saiatzen dira. Iaz, esaterako, Juan Kruz Igerabidek egin zuen eta aurten ere beste norbaiten bila dabiltzala komentatu digu Aintzanek. "Ez litzateke oso normala izango inportatutako lanekin egitea aldizkari osoa. Hemengo sortzaileei ere bide xume bat irekitzeko balio behar du gure lanak". Ez dira elkarte handia eta ezin dute miraririk egin, baina euskal literaturan euren hondar alea jartzen ari dira. "Jende askok egin du gurekin lan eta oso gustura, baliagarritasuna aurkitu diote egindakoari. Irakurleen aldetik eta euskal kulturako jendearen aldetik ere lanean jarraitzeko animoak jasotzen ditugu".

Pixkanaka-pixkanaka Xirrixta ea Kometa leku gehiagotara iristen ari dira. Egun 3.000ko tirada daukate, eta bi aldizkarien artean 3.500 harpidedun. Liburutegi asko harpidedun dira eta ikastetxeak ere gero eta gehiago. "Beraien liburutegian aldizkari hauek eduki behar dituztela konturatzen ari dira". Liburudendetan ere egoten da, nahiz eta asko ez saldu, baina egon, egon behar dutela pentsatzen dute.

Aldizkariekin batera abenduan material berria kaleratuko dute: ipuin-kaseta. Xirrixtan argitaratuak izan diren zortzi ipuinekin osatutako kaseta izanen da.



Ipurbeltz

Duela 20 urte ekin zion Ipurbeltz aldizkariak. Durangoko azokan kaleratu zen, azoka Santu Guztien egunean egiten zen garai haietan. Asmo bat baino gehiago zuten Ipurbeltz kaleratzen hasi zirenak, baina bat zen nagusi: ikastoletako haurrei baliabide bat gehiago eskaintzea. Indarrean zetozen ikastolak garai hartan eta materialak, berriz, urri. Bestalde, euskararen beraren molde biziak eskaintzea ere -ahozkoa, gehienbat- askoren gogoan zen. Artisten sorkuntzarako gogoa ere tartean zen, jakina.

Hasiera batean hamabostero argitaratzen hasi ziren, baina laister konturatu ziren hura ezinezkoa zela, eta hilero kaleratzeari ekin zioten.

Miel Anjel Elustondo Ipurbeltzeko zuzendariak esan digunez "Ipurbeltz harpidetza bidez banatzen da. Horrela, haur eta gazte askoren etxera ezezik, liburutegi, eskola eta liburudendetara ere iristen da. Guztira 2.500 ale banatu ohi ditugu".

Berez, 8-12 urte arteko neska-mutikoei zuzendurik dago, nahiz eta hilero egiten dituzten inkestek adin horretatik gorako irakurleak ere badituztela erakusten duten. "Jakinarazi digute, adibidez, zenbait erreportaia -Spice Girls, Tamagotchia, Lady Diren heriotza, udalekuak...- DBH hasierako mailetan irakurri eta fenomeno soziologiko horien gainean eztabaidak lantzeko erabili dituztela". Hileroko inkesta hauek DBHko ikasle batek egiten dituela adierazi digu Miel Anjelek, "bere ekimen eta borondatez eta ikaskideen laguntzaz".

Atalei dagokienez, prentsaren atalak eta komikiarenak bereizi behar dira Ipurbeltzen. Atal bakoitzean sail desberdinak daude. Prentsa atalean, esaterako, "Bai mundu bitxia!" (EEBBtako Nobuyuki Fujiokaren kolaborazioak barne) eta erdiko erreportaia luzeak ditu. Horrez gain kolaboratzaile askok idazten dute: Kike Amonarriz (Txikikeriak), Enekoitz Esnaola (kirola), Begoña del Teso (zinea), Ixiar Oreja (musika), Raul López ("megabit" ordenadore saila) eta Xabier Etxaniz (liburuak).

Komikiaren atalean, berriz, marrazkilari fin eta saiatu askok hartzen dute partea: Iñaki Holgado (Txorikeriak), Querejeta (denborapasak), Antton Dueso (Punki), Mattin (Kattalingorri), Jon Zabaleta (Haurren kolorezko kometa), Ruben Arozena (Triski eta Bi Luma), Gaston Majarenas (Naiara), Lopetegi (Kipe) eta Alvaro Matxinbarrena (Denbora galdu gabe).

Komiki eta erreportaia hauez gain, Hitzozkailua izeneko atala ere badago irakurleek beraien mezuak jartzeko.

Denborapasa aldizkaria da sortzez Ipurbeltz, baina egunean-egunean indarrean diren gaiak ere jorratzen ditu, irakurleentzako interesgarri direla jakinik. "Hori da helburua eta eskoletan denborapasa ezezik, eztabaidagai ere erabiltzen dituzte artikuluak" dio Miel Anjelek. "Gainera, euskara ortopedikoa baztertu eta hizkuntza bizi, fresko, aberats eta sueltoa erabiltzea da gure gogoa".

Begirada atzera zuzenduz Ipurbeltzek ibilbide luzea egin duela konturatuko gara. Aurten 20 urte betetzen ditu eta bere ibilbilde honetan zehar marrazkilari asko zaildu da Ipurbeltzen, arrakasta izan dutelarik beraien lanean, Euskal Herrian zein Europan.

Miel Anjelek dioenez "aldizkariak erantzun ona jaso du irakurleen aldetik, nahiz eta errespetu gutxiko zenbait erantzun jaso dituen helduengandik. Adibidez, Ikastolen jaialdietan Xirrixta eta Kometa aldizkariekin batera haur-prentsaren stand-a ezartzeko oztopo nabarmenak jarri izan dizkigute, edo zenbait lekutan aldizkaria sartzeko jarritako eragozpenak, sentiberatasun faltak eta abar".

Oztopoak oztopo hemendik aurrera lehenari eutsiko diote eta marrazkilari finen harrobi izaten jarraituko du Ipurbeltzek. Horrez gain, Miel Anjelek aurreratu digunez etorkizunera begira kazetari gazteen sarea eratu asmo dute eta harpidetzak ugaritzea ere bai. "Internet sareari ere leku egin nahi diogu mundura zabaldu ahal izateko. Momentuz EEBBetan bertan eskatu digute, gainera".

Mundu mailan zabaltzearekin batera, Euskal Herriko aldizkariekin elkarlanean jarduteko asmoa ere badute. Xirrixtazaleak Elkartearekin batera Haur Prentsa sendotzeko ahaleginetan dabiltza. Indarrak koordinatzen hasiak dira eta hortik aurrerakoa geroak esango du.



Irakasle informatuak

Irakasleon prestakuntzarako ikastaro eta liburu anitz daude. Baina material horrez gain, egunean egoteko eta azken berrikuntzeko berri jasotzeko modua aldizkariek ematen digute. Euskaraz argitaratzen direnak ez dira asko, baina daudenak ezagutzeak pena merezi du.



Jakingarriak

Orain dela 10 urte inguru kaleratu zuen Eskoriatzako Irakasle Eskolako Dokumentazio Zentruak Jakingarriak aldizkariaren lehen zenbakia Lehen saio haren emaitza fotokopien bidez egindako bilketa izan zen. "Gure asmoa bilduta geneukan materiala jendearengana zabaltzea zen, jendea informatzea, informatzearekin batera baitator prestakuntza" gogoratzen du Nerea Alzola Dokumentazio Zentruko arduradunak. "Guretzat oso baliagarria zen hainbeste material izatea gure ikasleentzat, gure klaseetarako, mintegietarako... Baina zergatik ez zabaldu material hori?". Galdera horri erantzunez hasi ziren lanean. Hori izan zen, beraz, lehenengo intentzioa. Gero, lana hobetuz joan ahala inprentara eramaten hasi ziren gaur egun Jakingarriak aldizkariak duen formatora iritsi arte. Gaur egun ikastetxe guztietara bidaltzen da.

Edukiari dagokionez aldizkariaren lehen zatia sumario antzekoa da; Berri bibliografikoak. "Informazio hau ematea oso interesgarria eta baliagarria da lanean dabilen irakaslearentzat datu asko agertzen delako". Horrekin batera, zenbait artikuluren komentaketak ere egiten dituzte eta liburu berrien aipamenak ere bai. Lehen orri hauen ondoren aldizkariaren muina den Gai monografikoa egon ohi da. "Gai desberdinak izaten dira beti, baina egitura berdina da: sarrera, oinarrizko bibliografia eta artikuluak". Gaiak desberdinak izan arren, nahiko didaktikoak izaten dira guztiak ere. Orain arteko gaien artean "Lan proiektuak haur-eskolan", "Eleaniztasun goiztiarra", "Tratu txarrak" eta abar topa daitezke.

Aldizkaria 0-7 urteko haurrekin lan egiten duten irakasleei zuzenduta dago printzipioz. Baina askotan gaiak irakasle guztientzat dira interesgarriak, bai Haur Hezkuntzako irakasleentzat eta baita gainontzekoentzat ere. "Eleaniztasun goiztiarraren gaiak, adibidez, ikastetxe guztia inplikatzen du, ikastetxearen proiektua izatea eskatzen du" Nereak dioen bezala.

Aldizkariaren erabilgarritasuna eta balioaz hitz egiterakoan Nereak ez du inongo zalantzarik. "Irakurtzen dutenentzat oso interesgarria dela iruditzen zait. Balorazio oso positiboa jasotzen ari gara. Gai batzuk oso interesgarriak dira eta material hori euskaraz izatea oso garrantzitsua da, altxor bat da". Alero gai baten inguruan sakontzen dute, baina ez da aldizkari espezializatua. Jende guztiarentzat da, haurrekin dagoen edozein irakaslerentzat. Erabiltzen duten euskara ere goxoa eta samurra da.



Kukuluma

Urtarrilean Kukuluma aldizkari berria argitaratzen hasiko direla aurreratu ditu Nereak. Lehen argitaratzen zuten Kukumiraren jarraipena izango da eta Dokumentazio Zentruko Haur liburua eta Eskolako Biblioteka atalari lotua. "Kukumira argitaratzeari utzi egin genion eta eten hori apurtuz berriz hasiko gara, baina izena aldatuta". Eduki aldetik antzekoa izango da: hasieran aldizkari ezberdinen sumarioa egiten dugu haur literatura eta haur liburutegien inguruan. Ondorengo orrietan haur txikientzat oso ona den idazle edo ilustratzaile baten inguruko artikulua irakurri ahal izango da oinarrizko bibliografia ezagutuz. Biblioteka baten inguruko artikulua izango da hurrengoa eta azkenik argitalpen eta liburuen berri emango dute.

Aldizkariko artikulu guztiak euskaraz izango dira, baina gaztelaniazko itzulpena ere izango dute. "Euskal Herritik kanpora asko bidaltzen dugu eta gaztelaniazko liburuen berri ere emango dugu. Horregatik erabaki dugu elebiduna izatea". Haur liburuen arloan harreman estua daukate Katalunian eta Madrilen. "Han IBI nazioarteko elkartea dago. Haur eta Gazteen Literaturaren inguruan zabaldutako elkartea da eta Euskal Herriko IBIren egoitza hemen daukagu. Horregatik, harreman dexente dauzkagu kanpokoekin". Komunikazio tresna bezala erabiliko dute Kukuluma.



Dokumentazio Zentrua

Dokumentazio Zentrua, Jakingarriak eta Kukuluma oso lotuta daude. Zentru hortatik irteten dira aldizkariak, bertako informazio-tresna dira. Orain dela 10-12 urte ireki zen eta informazio gune garrantzitsua bilakatu da. Eskolaren berrikuntza eta eskolaren euskalduntze prozesuan lagungarriak izan daitezkeen materialak eskaintzea da bere funtzioa. Horretarako bildutako material guztia ongi sailkatuta daukate. "Hainbat eta hainbat material daukagu zentruan, dena sailkatuta eta edozein irakaslek kontsultatzeko moduan" Nereak azaldu digunez. "Liburuak, artikuluak eta beste dokumentu batzuk dauzkagu. Dokumentu batzuk argitaratutakoak dira eta beste batzuk, berriz, aldizkari arrarotan aurkitutakoak". Dena gordeta eta sailkatuta dago, horrek izugarrizko garrantzia baitauka. "Materiala baldin badaukazu, baina zer daukazun ez baldin badakizu, alferrik daukazu". Dokumentazio Zentruaren funtzioa materiala eta informazioa edukitzea da, baina hori aurkitzeko posibilitatea ematea ere bai.

Irakasleen prestakuntzarako hiru baliabidetegi eskaintzen dituzte: Haur Hezkuntza (0-7 urte), Hizkuntzen Didaktika eta Haur liburua eta Eskolako Biblioteka. Haur Hezkuntzaren inguruan Jakingarriak aldizkaria kaleratzen da eta Haur liburua eta Eskolako Biblioteka atalean Kukuluma argitaratzen hasiko dira urtarriletik aurrera.

Argitalpen hauek denak aurrera ateratzeko Dokumentazio Zentruko kideak dabiltza lan eta lan. Jakingarriak argitaratzeko Nerea Alzola eta Marian Bilbatua ibiltzen dira, eta Kukuluman Nerea eta Pello Añorga.



Adartzale

Adarra elkarteak Adartzale aldizkaria kaleratzen du, baina ez dauka aldikotasun finkorik. Urtean behin edo bitan kaleratzen da eta 400 bazkideen artean banatzen da Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan. Aldizkaria bazkide hauei zuzendua dago, eta gehienak irakasleak dira, baina Guraso Elkarteak ere badaude.

Emilio Ordoñez Adarrako kideak aipatzen digunaren arabera "aldizkariaren oinarria berrikuntza pedagogikoen berri ematea da, bai hezkuntza politikan bai gai pedagogikoetan. Ez gara gai sindikaletan eta politikoetan sartzen. Gure enfokea pedagogikoagoa da".

Horen arira mugitzen diren edukiak atal desberdinetan banatzen dira: berriak, hezkuntza arloko etapa desberdinetako iritziak eta gaiak, elkarte barruko berriak eta 20-30 orritako gaia sakon garatua. Guztira 40-50 orrialde izaten ditu aldizkariak, baina kopurua ez da finkoa. Emiliok dioenez "gai edo dokumentu guztiek ez dute luzera bera eskatzen eta horren arabera aldizkariaren orri kopurua aldatu egiten da.

Aldizkaria euskaraz zein gaztelaniaz argitaratzen da eta Emiliok azaldutakoaren arabera "erabili beharreko hizkuntz politika ez daukagu oso garbi. Euskaraz idazten diguten kolaboratzaileen lanak euskaraz argitaratzen ditugu, eta gaztelaniaz daudenak ere bai batzutan. Guk, berriz, bietara idazten dugu". Hala ere, gaztelaniazko idatzien kopurua handiagoa da eta egileen asmoa diferentzia hori orekatzea da, hots, euskaraz gero eta gehiago idaztea.

Sei-zortzi pertsonen artean egiten dute aldizkaria, baina horrez gain elkartean bertan lan gehiagotaz ere arduratzen dira. Aipatu beharra dago aldizkariaz aparte urtean zehar liburuak, gidak eta beste hainbat material ere banatzen dituztela bazkideen artean.



Hezkuntzaren Oihartzuna

Izenburu honen pean Forum elkartearen aldizkaria kaleratzen da. Forum edo Euskal Herriko Hezkuntza Administrarien Forum Europarra, European Forum on Educational Administration elkarteari atxekituta dago. Europa eta Estatu mailan lehenago sortu bazen ere, Euskal Herrian 1990. urtean eratu zen. Elkartearen helburua hezkuntzarekin, eta zehazki, ikastetxeetako administrazio eta gestioarekin zerikusia daukaten gaien inguruan eztabaidarako topagune izatea da. Maria Jesus Azkue Gestio Batzordeko idazkariak dioen bezala "hezkuntza eremuan Antolaketa eta Gestioaren garrantzia ulertarazi nahi diogu Hezkuntza komunitateari, eta horren inguruko berriak zabaldu".

Helburu hori aurrera eramateko sortu zen Forum elkartea. Mahainguru, topaketa eta hitzaldiak egiten dituzte gai honen inguruan eztabaidatzeko eta ikasteko. Baina horrez gain, informazio hori guztia zabaltzeko Hezkuntzaren Oihartzuna aldizkaria daukate.

Hau Euskal Herrian argitaratzen dena da, baina estatu mailan ere argitaratzen da baliokidea den "Gestión y organización de centros" izenekoa. Hezkuntzaren Oihartzunak itxura berria hartu du aurten. "Orain arte foileto antzekoa zen eta gure artean, barnean erabiltzeko modukoa" dio Maria Jesusek. "Orain, berriz, aldizkari itxura du". Laugarren zenbakia da azkenekoa eta bertan Forum elkartearen estatutuak, iragana, orain eta geroa, funtzionamendua eta antzeko berriak zabaldu dituzte. Azken asanbladan aldizkariaz arduratuko den taldetxoa sortu zen eta hemendik aurrerako zenbakietan bera arduratuko da aldizkariaren orriak betetzeaz. Maria Jesusek dioenez, "gure asmoa aldizkariari egitura finkoa ematea da: editoriala, artikuluak, bazkideen iritziak eta iradokizunak jasotzeko txokoa, bibliografia aipamenak eta komentarioak eta abar". Beraz, Forumaren ekintzen berri emateaz gain, beste ikastaro eta jardunaldien eta aipatu ataletako gaien berri emango da. Forumkideen asmoa urtean bi aldizkari ateratzea da, udaberrian eta udazkenean.

Zuzendaritza eta gestio inguruan dauden gaiak ukitzea da, azken finean, aldizkari honen xedea. "Helburua ez da metodologiak azaltzea, aipatutako arloko gaiak baizik. Adibidez, estatu mailako aldizkarian eskola mailako marketinari buruzko monografikoa argitaratu zen teoriak eta esperientziak azalduz. Beste momentu batean "Emakumea eta zuzendaritza" gaia landu zen, baita "Zuzendaritza eta stresa", "Nola antolatu denbora", "Nolako zuzendaritza behar da antolaketa ona egiteko" eta abar. Gai asko daude lantzeko". Gaiak asko dira eta ohiko aldizkari pedagogikoetan lantzen ez direnak.

Aldizkaria bazkide batzuen borondatezko lanaren ondorioz argitaratzen da. Bazkideen artean banatzen da. Hauetako gehienak ikuskariak eta zuzendariak dira, administrazio eta gestio munduan lanean dabilen jendea, alegia. Guztira 70 inguru dira, bai ikastetxe publikoetakoak eta bai pribatuetakoak ere.

Aldizkariak baditu bere baliokideak Madrilen eta Europan, Forum elkarteak dituen bezalaxe. Denen artean jardunaldiak egiteko elkartzen dira gainera. Urtean bitan, adibidez, lurralde desberdinak bisitatzen dituzte hango hezkuntza sistema, antolaketa eta abar ikusiz eta gai desberdinen inguruko mahainguruak eginez. Aurten Noruegan izan dira. "Horrekin batera elkarketa bilateralak ere egiten dira eta baita estatu mailakoak ere, beti ere esperientziak elkartrukatzeko".



Gurasoak; etxean baina hezkuntzaren partaide

Haurrak hezitzea irakasle eta gurasoen zeregina da. Askotan hainbat gauza eskolan landu behar direla uste izaten dugu, irakasleen lana dela hori. Baina ez da egia. Gurasook ere zeresan handia dugu eta guztion artean gure seme-alabei emango diegun heziketa osatuagoa eta orekatuagoa izango da. Horregatik, gurasooi ere komeni zaigu ikastetxean aurrera eramaten diren ekintza ezberdinak ezagutzea: zentroko hezkuntza proiektua, ikasgaiak, ikasmaterialak, berrikuntzak eta abar.

Baina nola lortu informazio hori? Bada, aldizkarien bidez. Gurasoentzat argitaratzen diren aldizkariak ere badaude, bai.



Ikastola

Aldizkari hau 1991. urtean sortu zen Ikastolen Elkartearen eskutik. Harrezkero urtean hamar ale kaleratzen dira, uztaila eta abuztuan oporrak hartzen dituelarik. "Ikastolen mugimendua handia izanik gure arteko boletin bat falta zitzaigula konturatu ginen" dio Zuriñe Mendizabal Ikastola aldizkariaren koordinatzaileak. "Gure arteko albisteak ezagutarazteko medio bat behar genuela ikusten genuen". Askotan prentsan leku gutxi izaten dutelako, edota prentsan agertzen ez direnak ezagutzeak ere garrantzia duelako erabaki zuten aldizkaria sortzea.

Ikasleak, irakasleak eta gurasoak, hiru ziren hartzaile posibleak izan zitezkeenak, eta Zuriñek adierazi digunez "oso argi geneukan gurasoentzat izan behar zuela. Azkenean helduen munduarentzat egitea erabaki genuen, hots, guraso eta irakasleentzat". Aldizkariak 24 orrialde ditu eta helduen mundura mugatzen dira batik bat. "Badakigu haurrentzako ezer gutxi duela, baina orri kopurua mugatua izanik, ezin da denentzako modukoa egin. Horregatik zuzentzen gara helduengana batez ere".

41.000 ale ateratzen dira eta ikasle bakoitzari banatzen zaio etxera eraman dezan. Familia bakoitzak ale bat hartzen du horrela.

Aldizkariaren edukia ikastolen mugimenduari eta gaurkotasunari loturik dagoela esan daiteke. Alde batetik, ikastolen mugimenduak sortzen edo antolatzen dituen festa, jaialdi, kongresu, jardunaldi, ekitaldi, batzar eta abarren berri ematen da. Bestetik, gaurkotasuna duten gaiak lantzen dira. Baina Zuriñek azaldu digun bezala "gure helburua ez da izaten azterketa sakona egitea, gaia mahai gainean jartzea baizik aukera desberdinen berri emanez". Ikastoletan egiten diren esperientzien berri ere ematen du aldizkariak. Batzutan aldizkariaren egileak dira ikastoletara joan eta esperientziak bilatuz ibiltzen direnak, eta bestetan ikastoletatik bertatik deitzen dute daukaten gaia planteatuz. "Gehienetan azken hau gertatzen da, ikastolek beraiek hartzen dute iniziatiba eta hori oso garrantzitsua da".

Erantzuna badagoenaren seinale da hori, aldizkaria erabiltzen dutela eta erabilgarria dela uste dutela, alegia. Izan ere, hasieran bi kazetarik eta koordinatzaileak ibili behar bazuten ere jendearen atzetik, orain alderantzizkoa gertatzen da. Zuriñek dioen bezala hori da aldizkariak jaso duen erantzuna neurtzeko termometrorik egokiena.



Ibiltzen

Bizkaiko Gurasoen Elkartea orain dela sei urte hasi zen Ibiltzen aldizkaria kaleratzen eta harrezkero urtean lau zenbaki argitaratzen dituzte. Hasieran Ertainetako Guraso Elkartea hasi zen, baina ondoren, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako elkartearekin batu ziren eta ordutik hona guztien artean eta guztientzako egiten dute aldizkaria.

"Hasieran Ertainetako gurasoengana heltzeko zailtasunak handiagoak zirela ikusi genuen" dio Ana Izagirre Bizkaiko Guraso Elkarteko kideak. "Badirudi seme-alabak handitzen diren heinean ez garela hainbeste hurbiltzen ikastetxera. Eskutitzen bidez bidaltzen genuen informazioa eta azkenean eskutitzak bidali eta bidali ibili beharrean aldizkaria ateratzea pentsatu genuen". Horrela ikastetxeko informazioa bertan biltzen hasi ziren, hasieran Ertainetan eta ondoren maila guztietan, Haur Hezkuntzatik unibertsitatea hasi arte.

Esparrua zabaldu den bezalaxe zabaldu dira gaiak ere. Guztientzat interesgarriak izan daitezkeen gaiak jorratzen dituzte, eta horrekin batera maila bakoitzari dagokion atal zehatza ere badu aldizkariak. "Beti ez dira modu berean agertzen etapa guztiak, momentua eta gertakizunen arabera baizik. Baina hala ere erreferentzia beti egiten zaie". Anak aurreratu digunez berrikuntza bat gehituko dute hemendik aurrera. Bizkaia 12 zirkunskripziotan banaturik dago eta zenbaki bakoitzean pare bat hartu eta bertako informazio zehatza ematen hasiko dira. "Urte eta erdian denak agertuko lirateke eta horrela zonalde bakoitzari dagokion protagonismoa emango diogu." Berrikuntza honen asmoa zirkunskripzio bakoitzaren errealitatea besteei ezagutaraztea da. "Gainera mapak egiterakoan, heziketa zikloak eskaintzerakoan eta abar erreferentzia orokorra eduki behar dugu, ez gure herrikoa soilik. Horretarako balioko du berrikuntza honek".

Guraso Elkartean sei gurasoz osatutako batzorde bat arduratzen da aldizkaria egiteaz. Hauei kazetari batek eta kazetaritza ikasle batek laguntzen diete. Normalean BIGEko Batzordeak erabakitzen du zein izango den gai nagusia, beti ere gaurkotasuna duten gaiak landuz. Ondorengo lana guraso batzorde horrek egiten du. "Horrez gain, ikastetxeetatik ere bidaltzen dizkigute idatziak eta ikasleek ere badute beren txokoa".

Azken berrien eta Administrazioarekiko harreman eta akordioen berri luzatzen da aldizkariaren orrietan. Ikastetxe ezberdinetako gurasoak zer egiten ari diren jakiteko tresna ere bada Ibiltzen. "Adibidez, ikastetxe batean gurasoek eskolaz-kanpoko ekintzak antolatzen dituztela jakiten dutenean beste ikastetxeko bateko gurasoek, beraiek ere anima daitezke". Hartzaileak batez ere gurasoak dira, baina ikasle eta irakasleei zuzendutako atalak ere badaude.

Idatzi guztietan hizkuntza erraza erabiltzen saiatzen dira, ulergarria izaten. "Beti daude zailagoak diren gaiak, baina irakurketa errazten saiatzen gara". Aldizkaria elebiduna da eta euskaraz %30 idazten dute. "Portzentaia hori euskaraz ateratzea derrigorrezkoa da. Eta hortik gora ere posible da. Horretan saiatzen gara, euskaraz gero eta gehiago idazten". Ikasleek idazten duten atala, berriz, beti euskaraz egiten da eta hori ere finkatuta daukate.

Ibiltzen aldizkaria eskuratzeko bide ezberdinak daude. Alde batetik, seme-alaben bidez. Hau da, ikastetxeak kuota ordaintzen du eta diru kopuru bat gehiago ordainduz gero, ikasle guztiei banatzen zaie aldizkaria. Bigarren modu bat ikastetxeak kuota ordaindu gabe aldizkari kopuru bat eskatu eta banatzea da. Eta azkenik banakako harpidetza egitea. Banaketa Bizkaian egiten dute, nahiz eta batzutan beste lurraldeetara ere bidali. "Adibidez, Ikas-Bi elkarteari buruz idatzi genuenean Iparraldera bidali genuen" dio Anak. Guztira 25.000 ale argitaratzen dituzte.



Gehiago ere bai

Hauexek dira ikasle, irakasle eta gurasoentzat argitaratzen diren aldizkari nagusienak, baina ez bakarrak, noski. Sindikatuek ere euren aldizkariak kaleratzen dituzte: LABek Iraultzen eta STEE-EILASek Eskola Publikoa, CC.OOek CC.OO Irakaskuntza...

Hetelek, Alecop-ek, Ceidak, Euskadiko Irakaskuntza Kooperatiben Federazioak eta beste hainbat elkartek ere barne informazio gisa argitaratzen dituzte aldizkari txiki batzuk. Hauek elkartearen barruko gora-beheren eta partaide diren ikastetxeetako egoeren berri ematen dute.

Eskola barruan ikasleek edota gurasoek egin ohi duten aldizkaria ere leku askotan zabaltzen da. Ikastetxe batzutan ikasleek egiten dituzte orrialde guztiak. Denborapasak, elkarrizketak, erreportaiak, lehiaketak eta antzeko edukiez osatuta egon ohi dira aldizkariok. Irakasleen laguntza izaten dute prozesu osoa aurrera eramateko.

Beste zenbait kasutan gurasoak izaten dira ekimen honen lehen protagonistak. Familia eta eskolaren arteko zubia izatea da aldizkarion helburua. Gurasoen ahotsari leku egiten diote, baina baita irakasle, zuzendaritza eta ikastetxeko gainontzeko langileei ere. Guztien arteko hormak botatzeko modua da, azken batean, aldizkaria. Gu ere horretan saiatzen gara HIK HASIn, guztion arteko zubia eraiki eta sendotzen.