Kronika

1998-06-01
 
 
atxilergoaren finantzaketa oraindik airean da Nafarroan
Maiatzaren 21ean Nafarroako Parlamentuan burutu zen plenoak ez zuen CDNren mozioa onartu. Mozio honetan LOGSEko batxilergo berriak eta Lanbide Heziketako heziketa ziklo berriak finantzatzeko modu bat proposatzen zen, baina UPN eta PSNk ez dute onartu. CDNk kontzertuen sistema planteatzen du batxilergo eta heziketa ziklo berriak finantzatzeko. Sistema honek benetako hezkuntza askatasuna bermatuko omen du.
Bestalde, UPN eta PSN ez daude ados sistema honekin, baina beraien artean ere desberdintasunak daude. UPN kontzertuen sistema defendatzen du, baina momentuz batxilergoko lehen kurtsorako, maila ertaineko heziketa zikloetarako eta garantia sozialeko programetarako. Sozialistak, berriz, batxilergoan beka sistema ezartzearen alde daude. Eta Lanbide Heziketari dagokionez, eskola pribatuekin kontzertuak egiteko aukera planteatzen dute.
Gauzak erabakitzeke dauden bitartean, ikasleak datorren ikasturterako aurrematrikulazioak egiten ari dira. Oraingoz datu zehatzik ezagutzen ez bada ere, Lanbide Heziketako heziketa ziklo berrietan uste baino ikasle gehiagok eman dute izena. Aurrematrikulazioak bikoiztu eta zenbait kasutan hirukoiztu egin dira. Guztira 20 plazako 113 ziklo eskaintzen ziren sare publikoan eta pribatuan. Lanbide Heziketaren birmoldaketa Erreformaren zutabetzat hartu da eta garrantzia eman zaio. Unibertsitatearen aurreko alternatiba moduan aurkezten da eta errealitate sozio-laboralarekin lotura estua duena bezala. Gizarteak ongi erantzun du orain arte eta horren froga da aurrematrikulazio hauen kopurua.

Euskarazko irakaskuntza publikoa eztabaidagai Nafarroan
Jakina denez, aurtengo aurrematrikulazio kanpainan Nafarroako Gobernuak ez du D ereduaren aldeko kanpainarik egin aurten, eta elkarte askotatik salatu da jokaera hau. Honen aurrean Javier Markotegi Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak zera argudiatu zuen: D ereduaren aldeko kanpaina ez dela desagertu, irakaskuntza publikoaren aldeko kanpainaren barruan sartu baizik. Horrekin batera, D ereduari tratamendu berezirik ez zaiola eman behar esan zuen.
Baina errealitatean ez da horrelakorik gertatzen. Nola ulertu bestela, G ereduko gela bat irekitzeko gutxienez lauzpabost ikasle behar izatea eta D ereduko bat irekitzeko 25 eskatzea? Honen ondorioz, guraso batzuek ezin dute beraien seme-alabek euskarazko irakaskuntza jasotzea bermatu.
Horrelako arazoak gainditzeko asmoz Nafarroako Herri Batasunak sei proposamen aurkeztu zituen Parlamentuan, baina UPN eta PSNk banan-banan errefusatu zituzten proposamen guztiak.

Urruñako harriak kolokan dira
Urruñako ikastolaren aldeko kanpainaren ondoren harri ugari lortu dira ikastola eraikitzeko, baina Daniel Poulou auzapezak denak bota ditu. 1997ko abenduan herriko kontseiluak ikastolaren eraikuntzaren aldeko bozka eman zuen, baina orain atzera egin du. Horretarako aitzakia Herritarrak talde abertzaleak Urruñako Udalaren aurka jarritako kereilak izan dira. Poulou auzapezari ez zaizkio batere gustatu Puttilenia izeneko etxebizitzaren proiektuaren aurkako kereila hauek. Bere ustetan etxebizitza berri horiek ez egiteak ondorio sozial eta ekonomikoak izango ditu, eta beraz, ikastolari laguntzeko dirurik ez du oraingoz.
Gurasoak haserre daude Poulouk elkarrekin zerikusirik ez duten bi gai nahastu dituelako: Herritarrak taldearen kereilak eta Urruñako ikastolaren eraikuntza. Kereila horiek atzera botatzea baldintzatzat jarri du ikastolaren aldeko negoziaketak jarraitzeko.
Gauzak horrela, Urruñako ikastolaren aldeko elkarteko kideak gauzak birplanteatu beharrean aurkitzen dira. Izan ere, Herriko Etxeak agindutako lur eremurik gabe, oraingo proiektuak ez du baliorik. Gainera, aipatu proiektuarekin aurrera jarraitzeko, udalaren agiri batzuk behar dituzte, eta nahiz eta martxoan eskatu, oraindik ez dituzte eskuratu.
Egoera honen aurrean, ikastolako gurasoak protesta ekintza iraunkorra aurrera eramatea erabaki dute Poulouri 1997ko abenduko Herriko Etxeko akordioa bete dezan eskatzeko. Horretarako, gurasoak egunero informazioa eskaintzen daude Urruñako Herriko Etxeko sarreran, arratsaldeko 4.00etik 7.00etara astegunetan eta goizeko 10.00etik 12.00etara igande eta jai egunetan. Informazioa emateaz gain, ikastolaren aldeko sinadurak ere jasotzen dituzte Herriko Etxera bidaltzeko. Beraz, oraindik ez dago esperantza galtzeko motiborik, aurrera jarraitu beharra dago.

Frankismo garaiko andereñoen lana
Frankismo garaian ikastoletan lan egin zuten andereñoak isilpean lan egin beharrean aurkitu ziren, eta ondorioz, Gizarte Segurantzan kotizatu gabe. Hori dela eta, orain eskaera bat egin diote Gasteizko Parlamentuari eta Lakuako Ogasun eta Herri Administrazio Sailari, aurretik Arartekoarengana zuzendu direlarik.
Izan ere, 65 urte bete eta jubilatzeko garaia iritsi zaien andereñoak kotizatu gabeko urte haietako dirurik gabe gelditzen dira. Gizarte Segurantzak 35 urteko kotizaziora iristeko falta den urte bakoitzeko %2a murrizten die. Andereño hauei, ostera, legezkoa iruditzen zaie jubilazio-pentsioa lanean aritu ziren urteei egokitzea. Hori dela eta, Gizarte Segurantzaren pentsioarekiko aldea Lakuako Gobernuak ordaintzea proposatu dute. Arartekoak egin dituen kalkuluen arabera 7.353.830 pezeta ordaindu beharko lituzke.
Momentuz 23 andereño dira eskaera hau egin dutenak; 22 Gipuzkoakoak eta Bizkaiko bat. Dena dela, zerrendan, arazo hau duten andereñoak gehiago ere izan daitezke.