Euskal Ikasleen III. Biltzar Nazionala

1999-06-01
Maiatzaren hasieran elkartu ziren Euskal Herriko ehundaka ikasle Agurainen III. Biltzar Nazionala burutzeko. Zazpi gunetan egin zituzten bilera eta hausnarketen ondoren, hainbat ondorio atera zituzten. Nagusiena eta arlo guztietan azpimarratu dena euskalduntzearen premia izan da. Hori izanen da hemendik aurrerako lanaren zutabea.
 
 
Arlo bakoitzean bere euskalduntzearen egoeraz mintzatu ziren eta hauek dira atera ziren planteamenduak.



1. Unibertsitatea euskalduntzeko gunea

Egun inposatua dagoen unibertsitate markoak euskaldunon hizkuntz eskubideak ukatzen dituela argi ikusi dute. Eta horren aurrean aurten piztutako ekimenetan jauzi kualitatibo bat eman behar dutela ere bai. Jauzi horrek bi norabidetan joan behar duela adierazi dute:

1) Unibertsitatea euskalduntzea ikasle euskaldunon esku, eta horretarako gure autoantolamendua indartu eta fakultatez fakultate, klasez klase txinaurri lana egin behar dugu. Gakoa borroka lokaletan, helburu zehatz eta lorgarrien inguruan egituratzen diren horietan dago.

2) Borroka lokal hauek guztiak ardatz berdinaren ildoan kokatu behar dira: unibertsitatea euskalduntzeko ardatza, alegia. Unibertsitatea euskalduntzeko erronkak nazionala izan behar du.

Era berean, zenbait lan-molde ezberdin planteatzen hasi behar dutela ondorioztatu dute: erdarazko klaseetan ez matrikulatzea edo azterketak ez egitea, ekintza ikusgarriak burutzea...



2. Erdal ereduak

A eta G ereduak egungo irakaskuntza eredu kolonialaren aurpegirik bortitzena direla diote. "Gaztelera eta frantsesa oinarri duten eredu hauek euskal ikasleriaren euskalduntzea ukatzen dute, batez ere hizkuntzaren aldetik baina baita edukien aldetik ere".

Errealitate hau pairatzen duten ikasleek bi helbururekin antolatu behar dutela ikusi dute:

1) Urte luzez egindako sarraskia eta desideologizazio lana salatu egin behar dutela.

2) Erdal ereduek suposatzen duten odolustea ahal den neurrian ekidin behar dutela, A eta G ereduak barnetik gaindituz euskalduntzearen bide iraunkor baten ildoan.



3. Erdal edukiak

"Hizkuntzarekin loturik funtsezko auzi bat hartu behar dugu kontuan: edukien (edo curriculumaren) auzia, hain zuzen ere. Izan ere, egunero espainiar eta frantziar ikuspegi bat inposatzen digute, inplizituki zein esplizituki, klaseen eta testuliburuen bitartez". Honen aurrean zenbait estrategia garatu behar direla erabaki dute, identifikazio eta salaketa lanetik hasi eta desobedientzia jarreretaraino. Jorratu beharreko hiru ildo aipatu dituzte bereziki:

1.- Testuliburu espainiar zein frantziarrak ikastetxeetatik kanporatzea.

2.- Euskal curriculuma garatzea egunero-egunero ikastetxeetan.

3.- Hainbat irakasleren jarrera aldaraztea euskal edukiekiko konpromezua bilatuz.



4. Lanbide Heziketa

Egun Euskal Herrian Lanbide Heziketan eta Heziketa Ziklo berrietan dagoen euskarazko eskaintza izugarri murritza da (%7-8 ingurukoa), milaka ikasle euskaldunen eskubideak zanpatzen direlarik. "Egoera honen aurrean asanblada ezberdinen arteko sarea egituratzen joan behar dugu, eta hauen inguruan beste ikasleak, irakaskuntzako beste sektoreak eta gizartea bera mugiarazi behar ditugu".



5. Ertainetako euskara taldeak

D ereduko ikastetxeetako ikasleek askotan euskararen aldeko sentsibilitate berezia daukate. Sentsibitate hau hainbat modutan gauzatzen da: euskara taldeetan edo bestelako ekimenetan parte hartuz, adibidez. Beharrezkoa ikusten dute, zentzu honetan, euskararen aldeko sentsibilitate hori euskalduntzearen apustuaren inguruan gauzatzea. Horretarako ere, lan ildo zehatzak finkatu dituzte:

1.- Ikastetxean euskaraz bizitzea errealitate bihurtzeko garatu beharrekoak.

2.- Eskualdean dauden beste errealitateen inguruan (Lanbide Heziketa, erdal ereduak) garatu beharrekoak.



6. Ikasle aldizkariak

Euskalduntzearen erronkan funtsezko garrantzia dauka komunikazioak: esperientziak elkartrukatzea, apustu berdinaren parte sentitzea, egoera ezberdinak ezagutzea... Ildo honetan ikasle aldizkariek paper garrantzitsua jokatu behar dutela badakite: komunikaziorako tresna eraginkor bezala, zirikatzaile bezala, eztabaidak planteatzeko eragile bezala...



7. Ikastetxe euskaldunak

Talde honetan bildutakoek zera ikusi dute: hainbaten ahaleginari esker badaudela egun Euskal Herrian baldintza txukun batzuk dituzten ikastetxeak; euskaldunak hizkuntzaz zein edukiz eta sektore ezberdinen arteko gatazkarik gabekoak. "Ikastetxe hauetan euskal eskolaren ereduan sakondu egin behar dugu hiru ildotan, beste guztiontzat aitzindari izanez":

1.- Euskara komunikaziorako hizkuntza nagusia izatea, horretarako kanpaina iraunkorrak bultzatuz.

2.- Euskal curriculumean sakontzea, bakoitza bere ikastetxean baina aldi berean ikastetxe hauen guztien arteko elkarlana bultzatuz.

3.- Eredu demokratiko eta parte hartzaile batean sakontzea. Honetarako guztirako ikastetxe hauen arteko komunikazio iraunkorra beharrezkoa da, planteatutako ardatz hauek praktikara eramateko orduan.