Kalitatea lortzeko bidean

1999-06-01
Azken urteotan Kalitatearen Gestioa industria eta zerbitzuetatik hezkuntzara zabaldu da. Gero eta ikastetxe gehiago dira Kalitatezko Hezkuntza eskaini nahi dutenak eta hori lortzeko lana egiten hasi direnak. Zentro asko dira etengabeko hobekuntza sistemak garatzen ari direnak.
 
 
Baina honek guztiak lana eta denbora eskatzen du, ez da esfortzurik gabe lortzen den errekonozimendua. Zentroa goitik behera kontrolatzea eskatzen du, autoebaluaketak egitea, akatsak aurkitzea eta beti hobetzeko nahia izatea. Hori guztia egiten laguntzeko Euskalit eta Foro XXI erakundeak daude EAEn.



Euskalit

Euskalit, Kalitaterako Euskal Iraskundea, 1992. urtean sortu zuten EAEko 18 enpresa eta erakundek kalitatearen kultura zabaltzeko asmoz. Helburua gizarteko hainbat arlotan garapena, konpetitibitatea eta ongizatea bultza-tzea da, eta arlo horien artean kokatzen da hezkuntza. Horrela, Euskalitek Kalitate Osoa lortu nahi duten ikastetxeentzako laguntza programak egiten ditu.

Gaur egun EAEko 135 ikastetxe daude programa honetan.



Euskaliten programa

Euskaliteko hezkuntza arloko arduraduna Monica Ituarte da eta beraiek egiten duten lanaren berri eman digu. "Kalitatearen gestioa aurrera eramateko hainbat eredu daude eta guk EFQM (European Fundation for Quality Management) europarrarekin egiten dugu lan. Eredu honekin eta gure programarekin Kalitate Osoaren Gestioaren estrategia ezartzen laguntzen diegu ikastetxeei".

Eredu honen gestioaren oinarriak "unibertsalak" dira, hots, edozein motatako erakundetan aplika daitezke. Hainbat europar adituk eratutakoa da eta behin eta berriro berrikusten dute, hobekuntzak gehitzen dizkioten bertsio berria argitaratuz. Eredu honen zabalkundea eta erabilera gero eta handiagoa da Europako Komunitatean. Ekonomikoki eta intelektualki eskuragarria da, 40 orduko prestakuntzarekin ereduaren oinarrizko ezagupenak eskuratzen dira eta.

Orrialde honetan duzue EFQM ereduaren eskema.



Pausoz pauso egin beharrekoa

EFQM eredua autoebaluaketan oinarritzen da. "Hasteko, zentro bakoitzak bere autoebaluaketa egiten du eta hainbat arlotan nola dagoen neurtzen du. Beste ikastetxeekin izandako esperientziaren arabera, gutxi gorabehera guk badakigu zein izaten diren akats gehien izaten dituzten arloak eta aurretik horien berri ematen diegu. Arlo horietako autoebaluaketaren ondoren puntuaketa bat egiten da eta hori hobetzea da egin beharreko lana".

Beraz, hobekuntza arloak zehaztu eta ikasturte bakoitzean egin daitezkeenak aukeratzen dira horiek hobetzeko helburuarekin. "Hurrengo autoebaluaketan beste arlo batzuk agertuko dira eta horiek hobetuko dira orduan. Horrela, pixkanaka-pixkanaka zentroa hobetuz doa. Lorik hartu gabe, beti hobekuntzak egitea da muina" dio Ituartek.

Baina nola lortzen da hobekuntza hori? Horretarako hurrengo pausoak ematen dituzte:

1.- Euskalitek prestakuntza saioak eskaintzen dizkiete zentroetako zuzendariei eta zuzendaritzako ordezkari bati.

2.- Ondoren, hauek jaso dutena zuzendaritzako beste partaideei helarazten diete.

3.- Zuzendaritza taldeak hainbat ekintza burutzen ditu ikastetxean saio hauetan ikasitakoa praktikan jarriz.

4.- Zuzendari eta kolaboratzaile guztien bilera egiten da egindako esperientziak komunean jarriz.

Euskaliten programak hiru edo lau urtekoak dira. Denbora horretan garrantzitsuena ESFORTZUA da. "Ez dago esfortzurik gabeko ikasketarik. Gure programan parte hartu nahi izan duten guztiei beti argi utzi diegu esfortzu garrantzitsua eskatzen duela" azpimarratu digu Ituartek.

Esfortzu hauen ondorioz zentroen gestioa aurreratu egiten da eta ereduak ezarrita dituen puntuak gehitzen joaten dira. Izan ere, eredu honek 1.000 puntu ditu guztira, baina errealitatean ez omen da inor horra iristen. "Ondoen ibiltzen direnak 650 ingurura iristen dira eta 400 puntu lortzea ere oso ongi dago".

Baina puntu horiek lortzeak ez du esan nahi ziurtagiririk ematen zaienik. Ituartek argitu digunaren arabera, Euskalitek ez ditu ziurtagiriak ematen. "Hala ere, zentroek kanpoko ebaluatzaileak eska ditzakete beraien maila zein den balora dezaten. Kasu horretan beste bi ikastetxetako zuzendariak joaten dira eta hauekin batera pyme bateko gerentea, ospitale bateko zuzendaria edo beste zenbait. Hauek zentroa ebaluatzen dute eta txosten bat egiten dute zentro horrek gestio aurreratua duen ala ez ikusten duena eta kanpoko ebaluaketa pasa duten ala ez esaten duena".



Zer eskaintzen die ikastetxeei horrelako ereduak?

1.- Zentroen norabidea definitzen laguntzen du, eta ondorioz norabide hori bideratzeko erabili behar diren estrategiak ere bai.

2.- Definitutako bidean zein egoeratan dauden jakitea posible egiten dute aldikako analisi eta autoebaluaketek.

3.- Datu objektiboekin gestionatzen da. Eta ondorioz, datuak sistematikoki biltzen dira, antolaketa aldatzen da eta antolaketarako adierazle garrantzitsuak finkatzen dira.

4.- Gestio eredu honek eskatzen duen "lidergoaren" paper berria onartzen da. Hau da, gestioaren sistemarekiko inplikazio osoa sortzen da: prestakuntza pertsonala eta kultura honen zabalpena zentro osora, erraztasunak ematen ditu eta helburuak zehazten dira.

5.- Zentroaren barruan etengabeko hobekuntzaren kultura barneratzen da.

6.- Zentroaren funtzionamendurako taldean lan egiteak duen garrantzia ikusten da.

7.- Bezeroa nor den hausnartzen da eta honek izan behar duela gure ekintzaren oinarri.

8.- Zentroak eskaintzen dituen zerbitzuak ongi definitutako prozesuen emaitza dira eta ez kasualitatearen ondorio. Prozesuekin lan egiteak zenbait bertute ditu:

- Maila guztietako mugikortasuna errazten du (ordezkapenak, langile berrien etorrera, aldaketak...).

- Gauzak modu zehatz batean egingo direla ziurtatzen da.

- Denek modu berean lan egingo dutela bermatzen da.

- Gauzak kontrolpean daudela ziurtatzen da.



Zein dira ondorioak?

Kalitatearen Gestio Programaren helburu orokorra kalitatezko hezkuntza eskaintzea da eta hori lortzeko aukera ematen du eredu honek. Aipatu pausoak eginez eta autoebaluaketak burutuz ikusten dira ondorioak. "Zentro guztietako emaitzak ez dira berdinak, hasierako helburua ez baita guztietan berdina. Baina oro har, gehien ikusten diren emaitzak aipa daitezke:

- Euren puntu indartsuak ezagutzen dituzte.

- Hobetu beharreko arloak ikusten dituzte, horrela ekintzak planifikatzeko.

- Bezeroen asetze maila jakiten dute guraso eta ikasleen artean sistematikoki egiten diren inkesten bidez.

- Gurasoen espektatibak nabaritzen dituzte seme-alabak zentrora eramatean.

- Zentroko pertsonalgoaren asetze maila nabaria da.

- Emaitzak aurrez ezarritako norabidean dauden ala ez ikusten da".



Foro XXI: Kalitatea Lanbide Heziketa Publikoan

Euskalit bezalaxe, Foro Gipuzkoa XXI erakundea ere kalitatea eta hobekuntza proiektuak egin eta bultzatzen jarduten da. Adegi, Elkargi, Kutxa eta EHUk osatzen dute. Hainbat esparrutara zabaltzen da bere jarduera eta hezkuntzara ere bai. Horrela, 1994. urtean hezkuntzan ere kalitatearen gestio sistema jorratzea erabaki zuten eta Lanbide Heziketako eskoletara jo zuten. 94-95 ikasturtean prestakunta saio batzuk eskaini zizkien 15 zentro publiko eta pribaturi. Horietatik lau zentrok aurrera jarraitzeko gogoa erakutsi zuten eta G1 izena jarri zioten sarea osatu zuten dinamika horretan sakontzeko asmoz. Tolosa, Martutene, Bergara eta Usurbilgo Lanbide Heziketako ikastetxeek osatu zuten sarea eta Foro Gipuzkoa XXIek koordinatzaile bat ezarri zuen kalitatearen gestio sistema garatzen laguntzeko.

Jorge Arevalo Hezkuntza Saileko Lanbide Heziketako Zuzendariak ongi ikusi zuen iniziatiba, eta 96-97 ikasturtean konbenio bat sinatu zuen Foro Gipuzkoa XXIekin. "Foro XXI: Kalitatea Lanbide Heziketa Publikoan" izena du konbenioak.

Hasieran lau ikastetxe hasi baziren ere, gaur egun konbenio honen barruan daudenak 32 dira. Guztiak koordinatzeko lanak egiten ditu Kike Intxausti proiektuaren koordinatzaileak. Proiektua bi arlotan banatzen dela nagusiki azaldu digu Intsaustik:

1- Sarea: hau da abiapuntua. Ikastetxeko zuzendariak eta kalitate arduradunak biltzen dira eta ikas- eta irakas-prozesua lantzen dute: ikas-irakas prozesua definitu...

2- Zentroa: bitartean ikastetxean hobekuntza taldeak egiten dituzte kalitate mundu honetan sartzeko prest daudenekin. Eskolan zer hobetu daitekeen ikusten dute eta gai bakoitzaren inguruan ekipo bat muntatzen dute. Ekipoan lan egitea oso garrantzitsutzat jotzen dute.

Hau guztia proiektuarekin hasten diren urtean egiten da eta bigarren urtean bi arloak batzen dira, sarea eta zentroa. "Sareko informazioa zentrora jaisten da eta sarean definitutakoak garrantzia duela ikusten bada zentroan, aseguramendu sistema ezartzen da, ISO 9002 ziurtagiria lortzera bideratua dagoena. Horrekin batera, autoebaluaketak egiten dira EFQM ereduaren arabera. Eta ondoren, zentroaren planifikazio estrategikoa. Hau da, zentroak zer nahi duen definitzen da eta hori garatzeari ekiten diote".

Hau guztia martxan jarri ondoren ISO ziurtagiria ateratzea erabaki lezake ikastetxe batek, baina ez da derrigorrezkoa. Intsaustik azpimarrazten duenez "garrantzitsuena kalitate sistema ezartzea da eta ondoren zentro bakoitzaren eskuetan geldituko da ziurtagiria eskatzearen edo ez eskatzearen erabakia".

Prozesu honek guztiak suposatzen duen lan guztia 1. grafikoan ongi ikusten da.



Proiektuaren muina: pertsonalgoa

Kalitatearen gestio sistema ezartzerakoan eskolako gestio sistema osoa aldatu behar da eta gauza ugari hobetu behar dira, besteak beste pertsonalgoa. Intxaustik behin eta berriro dio kalitate pertsonalari garrantzi handia eman behar zaiola. "Horrelako proiektuak aurrera ateratzeko jendearen borondatea, gogoa, nahia eta jarrera positiboa eta baikorra ezinbestekoak dira. Hori da erabakiorrena". Zentro batek ISO ziurtagiria eduki dezake eta gauzak gestionatzeko ona izan daiteke, baina jendeak prest egon behar du hori ongi gara dadin.



ISO 9002 ziurtagiria

Kike Intxaustik azaldu bezala, kalitatea hobetzeko esfortzu horretan hainbat arlo jorratzen dituzte. Gestioa hobetzeko aseguramendu sistema bat ezartzen dutela aipatu du, eta berau ISO 9002 ziurtagiria lortzera bideratua dagoela ere esan dugu. Baina zer da ISO 9002?

ISO ziurtagiri bat da. Munduan erabiltzen den aseguramendu sistema bat da, funtzionamendu araudi bat. Araudi horietako bat ISO 9000 da eta honi lotutako arau guztiak kalitatearen ingurukoak dira. ISO 9000ren barruan 9001, 9002, 9003... daude eta bakoitzak bere berezitasunak ditu. Hezkuntza mailan ISO 9002 ziurtagiria erabiltzen da.

Zer suposatzen du ikastetxe batek ISO 9002 ziurtagiria edukitzeak? Ikastetxeko dokumentuetan idatzita dagoen guztia egia dela frogatzen duela. Hau da, ikastetxeak esaten duena eta egiten duena bat datozela ziurtatzen du ISO 9002k. Ikastetxeak egiten duen guztia, goitik beheraino idatzi eta zehaztu egiten du eta horrek gauzak frogatzeko eta egiaztatzeko balio dio ondoren. Azken finean, ISO 9002k erakundea antolatu egiten du nork, zer, noiz eta nola egin behar duen definituz.

Kalitateari lotuta dagoen ziurtagiri hau lortzeko prozedura bat jarraitu behar da. Mundu mailako ziurtagiria denez, hainbat estatutako ordezkari instituzionalek osatzen duten erakunde ofizial bat dago eta hemen zehazten da kalitatea izateko zein baldintza bete behar diren. ISO 9002ren kasuan 20 betekizun daude finkaturik eta horiek guztiak bete behar dira kalitatearen ziurtagiri hau lortzeko.

Beraz, ISO 9002 ziurtagiria lortu nahi duen orok 20 baldintza hauek bete behar ditu. Horretarako, lehenengo gauza dokumentu bat betetzea izango da. 20 baldintza edo puntu horien inguruko informazio guztia zehaztu beharko da dokumentu hauetan. Eta ondoren, kanpoko enpresa bati hots egiten zaio berauek azter ditzan. Bere lana 20 puntu horiek nola dauden ikustea izango da eta baldintzak betetzen badira, ziurtagiria ematea. Estatu espainiarrean ikuskaritza lan hau egiten duen enpresa AENOR da eta Hego Euskal Herrian ere bai.

Baina gauzak ez dira horrekin amaitzen, horrek ez baitu kalitatearen iraupena bermatzen. Ziurtagiria eman ondoren, sei hilabetera, AENOR enpresako ordezkaria auditoria bat egitera pasatzen da ikastetxetik edo enpresatik. Auditoria honetan dena goitik behera aztertzen du, edozein dokumentu eska dezakeelarik. Akatsik aurkitzen ez badu, hurrengo auditoria urtebetera izaten da. Baina akatsen bat topatzen badu, sei hilabetera berriro itzultzen da akatsa konpondu den ala ez ikusteko. Handik aurrera, auditoriak urtero errepikatzen dira.

Prozedura honek hiru urte irauten du. Behin denbora hori pasa ondoren, ziurtagiria berritu edo kendu egiten dute.



EFQM eta ISOren arteko ezberdintasunak

- ISO 9002 prozesuetan zentratzen da, hau da, gauzak benetan hor idatzita dauden bezala egiten direla ziurtatzen du. Orduan, zentroko prozesu guztiak (administratiboak, matrikulazio prozesua, ikasketa prozesua, klaseak nola ematen diren, nola ebaluatzen den, nola bideratzen den tutoretza...), paper batean bilduta daude eta zentroko prozesu guztiak hor idatzita dagoen bezala egiten dira. Beraz, gauzei antolaketa bat jartzen hasten da.

Bestalde, gestioaren eredu europarrak (EFQMk) ere lantzen ditu prozesuak, baina eredu honek zentroaren ikuspegi zabalagoa du, hots, ez da prozesuetan soilik zentratzen, zentroa bere osotasunean nola gestionatzen den ere arduratzen da. Pertsonalgoa, bezeroa, emaitza akademikoak, emaitza ekonomikoak eta abar aintzat hartzen ditu.

- EFQM gestioaren kalitatea garatzeko sistema bat da eta ISO produktua eta produkzio sistema garatzeko sistema.

- ISOren helburua produktu eta zerbitzuen kalitatean maila uniformeak eta egonkorrak bermatzea da. Modelu europarrak, berriz, etengabeko hobekuntza bultzatzen du.

- ISO industrian eta industriarako sortu ziren arauak dira, eta arau horiek hezkuntzara egokitu behar dira, horrek ikaragarrizko lana suposatzen duelarik.

Dena dela, eredu biak osagarriak dira. ISO 9002 tresna egokia da zentroa antolatzen hasteko, abiapuntu egokia da. Baina garrantzitsuena horretara mugatuta ez gelditzea da, baizik eta gestioaren eredu europarrak (EFQMk) biltzen dituen arloetara zabaltzea eta hauek ere kontuan izatea. Baina aldi berean, eredu honen ondorioz burututako autoebaluaketei zukua ateratzea funtsezkoa da. Hau da, ikusten diren hobekuntzak gestionatu eta burutu egin behar dira, eta horretarako ISO sistema aproposa da.



Martuteneko B.H. Institutuaren esperientzia

"Gure helburua aseguramendu sistema honekin ikasleei zerbitzu egokiago bat ematea da"

Martuteneko B. H. Institutuan Batxilergoa eta Lanbide Heziketako Zikloak ikas daitezke gaur egun. Azken hauen artean bai erdi mailakoak eta baita goi mailakoak ere. Guztira 240 ikasle inguru dabiltza eta denak D ereduan.

Juantxo Mendikute kalitateari lotutako gai guztietan zuzendaritzaren ordezkaria da eta ISO 9002ren inguruko prozeduran hasieratik murgildu da. Horregatik jo dugu berarengana.



Noiz hasi zineten kalitateaz kezkatzen eta horren inguruan zerbait egiten?

Orain dela lauzpabost urte hasi ginen kalitateari buruz zerbait entzuten. EHUk Miramar jauregian antolatzen dituen ikastaroetara joan ginen zenbait irakasle eta han entzun genituen kalitateari buruzko lehen gauzak. Interesgarria iruditu zitzaigun, eta ondoren liburuak irakurtzen eta ikastaro gehiagotara joaten hasi ginen.



Zuek ikastetxe batean zaudete eta ez ohiko enpresa batean. Nola planteatu zenuten kalitatearen gaia ikastetxe batean?

Hainbat galdera planteatzen hasi ginen: gu zertarako gaude ikastetxe honetan? Soldata bat kobratzeko ala gure helburua beste zerbait da? Zein da ikastetxearen helburua?

Gure artean hausnartu ondoren orritxo batzuetan Martuteneko B. H. Institutuaren eginbehar nagusienak zein ziren idazten saiatu ginen. Ondorio bezala betebehar garrantzitsuena zera zela ikusi genuen: ikasleak giro ireki batean hezitzea errespetua bermatuz eta etekin akademiko bat ateraz. Hori guztia kalitatearen filosofiaren barnean sartzen da, eta horrela hasi ginen.



Eta zer da kalitatearen filosofia?

Kalitatearen filosofiak esan nahi du zerbait egin aurretik zertarako den jakin behar dela, ez baitu zentzurik egiteagatik egiteak. Beraz, gure helburua lehen aipatu dugun heziketa ematea izanik, hori ahalik eta modurik egokienean bideratu nahi genuen. Horretarako, kalitate ziurtagiria baliagarri suerta zitekeela ikusi genuen. Filosofia honen barruan egiten duguna hobetu daitekeela eta horren aukera gure esku dagoela ikusi genuen.



Zein izan zen eman zenuten lehen urratsa?

Gipuzkoako Lanbide Heziketako ikastetxe asko genbiltzan gai honen inguruan eta Foro Gipuzkoa XXI horrelako proiektuak bultzatzen ari zen. Horrela, Tolosa, Usurbil, Bergara eta Martuteneko eskolak elkartu eta gure aseguramendu sistema eratzen hasi ginen. Orain dela hiru urte hasi ginen honekin, 1996an.



Nola bideratu zenuten sistema horren eraketa?

Lau ikastetxeetako zuzendariak eta zuzendaritza ordezkariak hamabostean behin elkartzen ginen Foro Gipuzkoa XXIeko aholkulari batekin. Pertsona honek ISO 9002 sistema ezagutzen zuen, baina hezkuntza mundua ez.

ISO 9002 ziurtagiria lortzeko zehaztuta zeuden baldintza guztiak industria hizkuntzan zeuden, eta gu hezkuntzara birmoldatzen hasi ginen. Adibidez, hirugarren eskaera kontratuen berrikuspena da eta hori guretzat oso mundu zabala zen. Enpresa mailan nahiko argi dago nor den hornitzailea, bezeroa eta kontratu batzuk daude tartean. Baina guk zer kontratatzen dugu? Guk zera definitu genuen: gure ikastetxera ikasleak etortzen dira, ikasturte hasieran matrikula bat egiten dute eta horrekin ikastetxea ikasle horiei kurtso bat ematera konprometitzen da. Beraz, kontratua hori da, ikaslea eta eskolaren arteko harremana, matrikularen truke ikastetxeak kurtso bat eskaintzen dio.



Horrela, hezkuntzara egokitutako dokumentua osatu zenuten. Eta nola helarazi zenieten ikastetxeko langileei?

Bilera horietan egiten genuenaren berri ematen genien beti gainontzekoei. Gainera, guk dokumentua osatu genuen, baina hori bete egin behar zen. Hau da, ikastetxe bakoitzak puntu bakoitza definitu behar zuen. Orduan, zuzendaria eta biok puntu konkretu baten egoera nolakoa zen idazten genuen, baina ondoren postu edo lan hori betetzen zuten pertsonengana jotzen genuen.

Adibidez, matrikulazio prozesuan atezainak eta idazkaritzako jendeak parte hartzen dute eta horiek ere zeresana izango dute. Beraz, guk matrikulazio prozesuari buruz idazten genuena hauei pasatzen genien egoki zezaten, dena ezaba zezaten, beraien ikuspuntua idatz zezaten...

Horrela guztion parte hartzea bermatu dugu eta guztion iritzia idatziz jaso. Horrekin guztiarekin osatu dugu dokumentazioa.



Zenbat denbora behar izan duzue horretarako?

Bi urte egon gara horretan. 1996ko urritik 1998ko maiatzera arte.



Eta ondoren, zer?

Urtarrilean AENORi deitu genion eta gure dokumentazioa bidali. Horrela, baldintza minimoak betetzen dituzun ala ez ikusten dute eta betez gero, auditoria eguna finkatzen da. Hala ere, aurretik guk barne auditoria bat egin genuen. Hau da, ikastetxeko jendeak zentrora barrura begiratu eta zein akats zeuden aztertu zuen horiek konpontzen saiatzeko. Eta ondoren, AENORekoak etorri ziren beraien auditoria egitera.



Zer egiten dute auditoria horretan?

Ikastetxea goitik behera begiratzen dute: geletan sar daitezke, nahi duten paper oro begiratzeko eskubidea dute... Oso gogorra da, oso gogorra baita irakasleari agian kanpoko bat etorri eta gelara sartuko dela esatea.

Ikuskaritza honen ondoren dokumentazioan esaten dena betetzen dugun ala ez egiaztatzen dute.



Dena dokumentazioan zehaztuta dago, orduan.

Bai, hala da. Dokumentazioa egiterakoan ikastetxea goitik behera aztertzen dugu. ISOk gure erakundea antolatu, egokitu, aztertu eta definitzeko balio izan digu. Orain definitua dugu nork, zer, noiz eta nola egin behar duen. Horretan laguntzen dizu, egiten duzuna definitzen, nahiz eta horrek ez duen esan nahi ondo egiten duzunik. Positiboena da plagintza bat daukazula eta bakoitzak definituta daukala hilabetero egin behar duena. Eginkizun bakoitzak bere arduraduna du.



Baina dena hain zehaztuta badago, malgutasunik gelditzen al da aldaketak egiteko? Ez al dago inprobisasioarentzat lekurik?

Bai, badago. Aurreikusitakoa aldatzeko aukera badago, horretarako ez dago arazorik, baina aldaketa guztiak idatzi egin behar dira. Izan ere, ISOk egiten duzun guztia idaztera behartzen zaitu, esaten duzuna egiten duzula bermatzeko. Gainera, prozesu nagusienak zehaztuta ditugunez, edonork proposa ditzake aldaketak.



Antolaketa aldetik zer aportatu dizue ISOk?

Programazioak egiterakoan hobekuntzak ekarri dizkigu. Orain arte agian irakasle batek bi orriko programazioa egiten zuen eta beste batek ehunekoa. Izugarrizko desoreka zegoen. Orain, aldiz, batzorde pedagogikoak bideraturik akordio batzuetara iritsi gara eta programazioek zein gutxieneko izan behar dituzten zehaztuta daukagu. Azterketa bat zuzentzeko adibidez, homogeneizazio eta kalifikazio sistemak ezarri dira.

Bestalde, udan irakasleontzako koaderno bat egin genuen, guztiontzat berdina. Irakasleok antolatu eta osatu dugun koadernoa da eta oso tresna garrantzitsua.



ISOz gain, EFQM eredu europarra ere erabiltzen da kalitatearen gestiorako. Zuek baliatu al zarete eredu honetaz?

Bai, ISOrekin hasi baino lehenago pare bat autoebaluaketa egin genituen. Horrela ikastetxea goitik beheraino aztertu genuen eta puntu ahulak zein ziren ikusi. Baina autoebaluazio hori egiten jardun ginen guztiok hurrengo ikasturtean ez ginen gogoratzen atera genituen emaitzez, ez baikenuen sistematizatu. Nahiz eta autoebaluazioa tresna egokia izan, sistematizatu gabe baldin badago eta pertsona batzuen gain bakarrik gelditzen bada, ez du askorako balio.

Dena dela, eredu biak osagarriak dira eta elkarri lotuta doaz. ISOk edo sistematizazioak datorren ikasturterako helburu nagusiak, horiek betetzeko ekintzak eta abar finkatzeko balio du. Eta horiek guztiak autoebaluazioa egin ondoren ateratzen dira, hots, EFQM sistemarekin. Beraz, biak lotuta daude, ez da bata bestea baino hobea.



Zein balorazio egiten duzu daramazuen prozesu guztiaz zuk? Merezi al du?

Iritzi ezberdinak daude, baina nire ustez bai. Esfortzu handia eskatzen du, lan asko eta ordu pila bat, baina merezi du. Horrelako sistematizazio batek ikasleei begira hobekuntzak ekarriko dituela sinesten dugu eta horregatik gaude istorio honetan.

Ni honen defendatzaile sutsua naiz, sistema honetan sinesten dut eta ez dut uste burokrazia hutsa denik. Burokrazia zenbait pertsonaren artean dokumentu pila bat egitea eta ziurtagiria lortzea da. Baina benetan planifikazio egoki baten ondorioz lortzen dira emaitza egokiak. Eta gure kasuan denon parte hartzea bultzatu dugu hasieratik, denok inplikatu gara. Eta ez pentsa erraza denik. Gogorra da kanpoko norbait zure gelara sartzea eta gauzak nola egin behar diren esatea. Mentalizatu egin behar da. Garrantzitsua da barnean giro hori lortzea eta irakasleria, ikasleria zein gainerako langileria prest egotea.



Honek guztiak irakasleen gaineko kontrol gehiago suposatzen du. Presionatuak sentitu al dira?

Bai, bai, asko, baina prozesua autokontrola bezala definitu dugu. Sarritan esan da "orain beste batek esan behar al digu nola egin behar dugun lan? Orain arte egiten genuena ez al zegoen ongi?".

Inork ez du esan orain arte egindakoa gaizki zegoenik. Alderantziz, orain arte egiten zena paperean islatzea besterik ez da izan. Programazioa idatzi da, sekuentziak zehaztu, noiz zer egin behar den finkatu, zein material erabili behar den eta material hori non dagoen. Hau guztia idatzita egonik, programazioa jarraitzeko modua dago, eta ordezko bat etortzen bada, aurreko irakaslearen lanarekin jarrai dezake.

Bestalde, erreklamazio kutxa ere edonoren eskura dago eta benetan hori da gauzak bideratzeko modurik egokiena. Erreklamazioa gauzatu ondoren, prozedura bat definitua dago: kaltetuak elkartu, egoera aztertu eta epe baten barruan erantzun bat eman behar dute proposamen idatzi batekin.



ISO 9002 kalitate ziurtagiria edukitzeak eraginik ba al du matrikulazioan?

Momentuz guk ez dugu nabaritu. Baina eragina izan dezakeela uste dut. Gizarte mailan eta enpresen munduan kalitate ziurtagiria dutenek sinesgarritasun gehiago ematen digute, gauzak ongi antolatuta dauzkatela bermatzen baitigute. Eta horrek merkatua zabaltzen du.

Ikastetxeen kasuan ere antzeko zerbait gertatuko da. Gurasoek ziurtagiria duen ikastetxe batera jotzen badute, bertan dena zehatz-mehatz erakutsiko diete. Adibidez, niri Teknologiako lehenengo kurtsoan matrikulatu nahi duela esaten badit guraso edo ikasle batek, kurtso hori nola dagoen antolatuta esango diot, zein den helburua, zein den egitura, zein baldintza bete behar dituen ikasleak, zein ikasgai jasoko dituen, ikasgai bakoitzean zenbat ordu izango dituen, zer eduki minimo jasoko dituen... Gurasoek dena jakin dezakete eta ikastetxeak aseguramendu sistema baten barruan dagoela ziurtatzen dio. Aseguramendu hau ez duten ikastetxe batean ere gauza berdinak konta ditzakete, baina ez dakigu egia den ala ez, frogatzeko modurik ez dutelako.

Hala ere, gure helburua ez da aseguramendu sistema bat edukitzea ikasle gehiago izateko, dauzkagun ikasleei zerbitzu egokiago bat ematea baizik. Hori da helburu nagusia eta ahaztu ezin duguna.