Sarean Elkartearen ondorioak

1999-06-01
Sarean elkarteak VI. Topaketak burutu zituen Bilbon. Euskal Autonomia Erkidegoko Haur eta Lehen Hezkuntzako 75 ikastetxe publikotako irakasle eta ordezkariak bildu ziren zenbait gaien inguruko hausnarketa egiteko asmoz.
 
 
Gai ezberdinak jarri zituzten mahai gainean: eleaniztasun goiztiarra, euskalduntze prozesua eta hizkuntz normalkuntzarako proiektuak, gizarte edo kultura ikuspegitik besteak baino egoera txarragoan dauden ikasleen eskolaratzea, Interneten aukerak... Alor hauetako erronkei aurre egiteko giza eta ekonomi baliabideak behar dituztela agerian utzi dute jardunaldi hauetan.

Eleaniztasun goiztiarraren kasuan, hainbat proiektu martxan jarriak izan dira ikastetxeetan: aprendizaia naturala, haurren imitatzeko eta esperimentatzeko joera, ahoskeran lortzen diren emaitza hobeak... Egindako esperientzia aitzindarien berri zehatza jakinarazteko eta haiek garatzeko beharrezko baliabideez hornitzeko beharra ikusi dute.

Hizkuntz normalkuntzaren alorrean argi ikusi dute eskola bizitza osoa euskaraz egin ahal izateko baliabideak bermatzea beharrezkoa dela. Horrekin batera, hizkuntz normalkuntza proiektuan sartu gabe dauden ikastetxeei sartzeko aukera ematea eskatu diote Hezkuntza Sailari.

Ikastetxe publikoetako ordezkari hauen beste kezka bat gizarte edo kultura ezberdineko ikasleen eskolaratze arazoak dira. Haur atzerritar eta ijitoen eskolaratzeaz hitz egin zuten, batez ere. Lehenengoen kasuan, nahiz eta hasieran arazo handirik ez sortu, adinak gora egin ahala bazterketak eta hizkuntz arazoak sortzen direla ikusten dute. Horrelako egoerei aurre egiteko baliabide urriak daudela azpimarratu dute topaketa hauetan.

Ikasle ijitoen kasuan, hainbat arazo irakaskuntzarekin zerikusirik ez dutenak direla ohartarazi nahi izan dute eta beraz, gizartea eta eskolaren artean konpondu beharrekoak direla. Horrela, udal eta foru administrazioei gizarte laguntza eskatzeaz gain, gai hau landuko duen batzorde misto bat eratzea proposatu dute.

Laugarren atal bezala Interneten aukerak izan zituzten aztergai. Internetek eskaintzen dituen komunikazio eta informazio baliabideak aprobetxatu behar direla azpimarratu dute. Horretarako irakasleak prestatu eta zentroak beharrezko baliabide informatikoez hornitzeko plana diseinatu eta garatzea proposatu dute.