VADER, Marinus:

1999-06-01
Aniztasuna eguneroko hizpide izan zen Seaskak Miarritzen antolatu zituen jardunaldietan. Haietako batean haurren arteko dibertsitatea eta ezberdintasuna gordin gordinean jasotzen dituen antolaketaz, eskola txikiek eskaintzen duten batere osperik gabeko ereduaz eta baita ere administrazioaren zigortzat hartuak diren adin askotako haur taldeez aritu zen aitzitik horrelako taldeen defendatzaile eta bultzatzaile den Marinus Vader, irakasle holandarra. Herbeheretan talde heterogeneoak ardatz zituen eskola batean urte askotan aritua, 4-12 urte bitarteko haurrak hartzen dituen Madrilgo oinarrizko eskola nederlanfonoko zuzendaria da gaur egun. Nafarroako ikastola txikiekin harremanetan dago, askotan egon delarik berauetan eta hauek ere bai bere eskolan.
 
 
Herbeheretako eskoletan haur talde heterogeneoak eratzea hain zabaldua al dago?

Nik ezagutzen dudanez Belgikako Lovaina inguruan, mugimendu pedagogiko oso bizia dagoen zonaldean horrelako adibide ugari dago. Holandan, berriz, Lehen Hezkuntzako eskola guztietako %15ak daude talde heterogeneoen inguruan antolaturik. Hauetariko asko Euskal Herrikoen antzera, haur kopuru txikiak eraginda osatzen dira, baina badira era horretako antolakuntzaren aldeko aukera egiten dutenak ere. Neroni horrelako 300 bat haurren inguruko eskola bateko zuzendaria izana naiz.

Beraz, badaude talde heterogeneoak osatzera behartuta dauden eskolak (hauetariko askok ez dute heterogeneotasunean funtzionatzen), talde heterogeneoen aldeko hautua egiten dutenak, talde homogeneotan (mailaka banatuak) oinarritzen direnak eta talde konbinatuak dituztenak (4-8 bitartean nahasian eta 8-12 bitartean adineka banatuak).

Bigarren Hezkuntzan, aldiz, ez dago aniztasun hau, denak talde homogeneoetan biltzen dira (nahiz eta irakasle bakan batzuk talde heterogeneoekin lan egin zenbaitetan).



Zergatik ez, jeneralean, hobesten diren gela homogeneoak aukeratu?

Nire ustez, irakaskuntza sistema ia gehienak uniformetasunean eta taldeen kontrolaren oinarrietan eratu dira. Honen adibidetxo batzuk datoz 97an berrargitaratu zen León Frapiéren "La Maternelle" liburuan: "Ez dago geletan eta pasabidetan ordena mantentzea baino gauza hoberik. Irakasleak bere mahaitik irakasten ditu gai garrantzitsuenak: irakurketa, idazketa, matematikak eta lengoaia. Haurra izaten da irakaslearengana jo behar duena eta ilaran jarrita itxaron behar duena bere txanda iritsi arte".

Gaur egun ere, tamalez, horrelakoak ugariak dira. Kontrolatu nahi honen eta proiektuaren erosotasunaren ondorio zuzena da mailaka programaturiko gaien sistema, talde homogeneoen sistema, alegia. Haur guztientzat eta batera egiten da azalpen bera, liburuaren orrialde berberean, denek egun berean beregana dezaten eta berriz ere biharamunean hurrengo orrialdeko kontzeptua ikas dezaten. Sistema hau irakaslearentzat da erosoena, bai, baina ez gelarentzat eta inoiz ere ez da ahal bezain probetxugarria ikasleentzat. Non dago irakasle horien haurren garapenari buruzko kontzientzia? Inon ere zalantzan jartzen ez den haurren mailen arteko desberdintasuna golpez erremediatzen dute era horretan, baina baita haur ugari porrotera eraman ere.



Esaizkiguzu talde heterogeneoak antolatzearen beste abantaila nagusiak.

Ni neroni talde homogeneoan eskolatua izan nintzen eta orduko Lehen Hezkuntzaren denboraldi osoan (6-12 urte bitartean) nire gelako kideek eta nik hasieran hartu genuen "estatusa" (heldutasunagatik, itxura fisikoagatik, izaeragatik, trebeziagatik...) mantendu genuen bukaerara arte, ez baitzen inongo aldaketarik jazo bitartean. Nire ustez, klub itxi batzuen tankerako taldeak bihurtzen dira talde homogeneoak.

Adin ezberdinetako haurren ezaugarriak elkar ekintzarako eta garapenerako eskaintzen duten aukera baztertzea desabantaila ikaragarria dela uste dut.

Talde nahasietan ereduak eta dibertsitatea biderkatu egiten dira eta eskolako giroa aberastu. Adin eta gaitasun ezberdineko haurren arteko elkar ekintza nabarmen areagotzen da, haurrak aktiboagoak dira, gazteenek zaharragoekin ikasten dute, beren arazoei aterabide bat aurkitzeko gaitasuna eta sormena azaleratu behar dituzte, eta zaharrenek, berriz, beren jakinduria azaltzeko eta ulertarazteko adierazpen molde berriak sortzen dituzte.

Irakasleek ere oso bestelako rola betetzen dute. Hauen betekizuna asko malgutzen da, ez da ia gelako martxaren gunea, talde osoei zuzentzen zaizkien azalpenetan baino banakako aktibitateetan egiten dute lana, haurren arteko ahalmen anitzez kontziente behar dute izan eta horren arabera jardun. Haurrak autonomoak dira eta ez dute irakaslearekiko dependentziarik, irakasle baino laguna bezala ikusten dute.



Zein oinarri teorikotan jarri dituzue horrelako eskolaren zimenduak?

Eskola baten eginkizun garrantzitsuenetarikoa haurraren garapen prozesua ez eragoztea da, eta hau horrela izan dadin oinarrizko printzipio pedagogikoei loturiko antolakuntza eraiki behar da. Gure kasuan euskarri pedagogiko horiek dibertsitatea eta aniztasuna gehien faboratu duten pentsalari eta eskoletatik hartu ditugu:

Hasteko, Peter Petersen alemaniarrak, Genako eskola planifikatuaren egileak dio haurra gizaki ordezkaezina bezala sartzen dela eskolan funtsezko talde batean. Hemen besteei laguntzea eskatzen zaio haurrari eta lehiaketa guztiz baztertzen da. 4-8 urte bitartekoentzat jokoa aitortzen da funtsezko elementu bezala eta 8-12 urte artekoentzat, berriz, interes gunea. Azkenik, lau ikasketa egoera gailentzen ditu: jokoa, lana, ingurua eta ospakizunak.

Maria Montesorik zioen haurrek garapen etapa batera iritsitakoan aurkikuntzak egiteko beharra sentitzen dutela, eta haurrak motibatzeko material didaktiko ahal bezain erakargarria eskuratzea beharrezkoa zela. Bere eskolan ez dira haurrak mailaka banatzen eta irakasleak ikasketa prozesuaren gida izan beharrean haurren laguntzaile bihurtzen dira.

Rudof Steinerrek haurraren sormenezko formakuntzari eta bizitza sozialari ematen zion garrantzia. Hezkuntzak ez omen luke oso alde intelektualera zuzendua egon behar.

Celestin Freinetek zioen haurrek munduaz duten esperientziatik abiatuta hobeki ikasten dutela, inposatzen zaien ikasketa gai batetik hasita baino. Haurrekin izandako elkarrizketetatik abiatzen zen bera hitz egiten, idazten eta irakurtzen irakasteko.

Helen Parkhurst, EEBBtako Dalton eskolakoarentzat ikasleari ezinbestekoak zaizkio independentzia eta nozioak era autonomoan bereganatzeko aukera izatea. Beraz, eskolan amankomunean egiten den lanaz aparte, nahitaezkoa behar luke banakako lana egiteak ere.

Teorizatzaile hauei guztiei gehitu beharko genieke 70eko hamarkadan Holandan hasi zen irakaskuntza klasikoaren berrikuntza.



Zein ekarpen egin zituen berrikuntza hark?

Garai hartan hezkuntzaren inguruko politika eraikitzaile bat ezarri zuen Hezkuntza Ministeritzak. Hark lurralde ordezkaritza bakoitzean lanak egiteko parada eman zien zuzendari eta irakasleei, interes handia sortuz, eta bide hortatik informazio ugari iritsi zen eskoletara. Eskola berri bat eraiki nahi zen belaunaldi berri batentzat eta batez beste horrelako ekarpenak egin zituen: irakaskuntzak ikasle guztien etenik gabeko garapena ahalbidetu behar zuen, ikasleek beste haurrekin elkarlanean ikasiko zuten bakoitzak bere erritmoan, eta norberak zituen gaitasunetan aurrera egiteko aukera izango zuen. Haurrek ez zuketeen imitazioz jokatu behar, asmatzaile eta sortzaile gisa baizik, eta beraz, buruaz eta eskuez ere baliatzen ikasi behar zuten. Haurrek igarotzen zituzten etapak kontuan hartuko ziren eta zituzten zailtasunez ohartu eta konponbidea aurkitzen saiatu. Eskolak etxekoekin eta auzoarekin ere lotura izango zuen jatorriak eragindako ezberdintasunak berdintzen saiatuz.



Zein da gaurko egoera? Non gelditu dira ideia horiek?

30 urteren ondoren, etsipenez oroitzen gara mugimendu haren garai hoberenetaz. Beste arlo askotan gertatzen den bezala, berrikuntza haien instituzionalizatzeak bidea moztu zien hainbat ekimeni eta geroz eta azkarrago erretzeko arriskuan daude. Denok gara kontziente eskolan talentu asko alferrik galtzen direla eta haurrak hiritar burujabeak izateko formaziotik urrun gabiltzala. Hala ere, gaur egun kriminalitateak, zentzurik gabeko bortizkeriak, ingurugiroaren egoeraren okertzeak, pertsonen arteko desberdintasunak eta miseriak egin duten hedatzeak irakaskuntzaren berrikuntza birplantea arazten digutela beste behin ere. Irakaskuntzan eta haren politikan aire berriak ekarriko dituen buruak behar dira. Alabaina, berrikuntza horrek ez luke aitzindari horien menpe egon behar. Aldiz, proiektu horiek kemenez, idealismoz eta izpiritu militantez bultzatu eta baliabideez zuzkitu beharko lituzkete.

Bestalde eta zorionez, mende honen bukaeran oso garapen itxaropentsu eta handia antzematen dugu, inteligentzia anitzaren printzipioa eskolan aplikatzearena. Badakigu ikasleak arlo batean edo bestean azkarrak direla, hizkuntzetan trebea ez dena teknika arloan abila izan daitekeela, eta matematikan ona ez dena marrazkilari ikusgarria dela agian. Ez al da bada, eskolaren zeregina gaitasun horientzat garapen bidea zabaltzea? Beharrezkoak dira aniztasun hori txertatuko duten programa eta metodo berriak. Talde heterogeneoak aintzat hartzen dute puntu hori.



Nola hasi talde nahasiekin lanean?

Orain arte aipatutako guztia talde homogeneoetan ere aplikatzeko modukoa da, baina talde heteregoneoen antolakuntza konplexuagoa bihurtzen da. Ez dago formula bakarrik, antolatzeko mila era sor daitezke, baina lehen lehenik klaustro osoak adostutako proiektu bat behar da eskuetan eta hau ez da bi egunetan lortzen den gauza.

Alferrikakoa izaten da hierarkikoki inposatutako agindua izatea, horrek ez du inoiz funtzionatu izan. Gutxienez urtebeteko prestaketa lana edo gehiago behar izaten da klaustroa ildo berrian sendotzeko eta erabakitzeko nolako eta zeren araberako antolamendu espaziala egin, ordutegia, curriculuma edo lan proiektua, material didaktikoa, programazioak...

Zer esanik ez horrelako astinketarako irakasle gartsuak, konprometituak, ongi prestatuak, beren gaitasunetan sinesten dutenak, iradokizun berriak aurkituko dituztenak, goitik eta kanpotik datozen presioek eragiten duten desilusioari aurre egingo diotenak behar direla derrigorrez. Funtsezkoa da irakasleen arteko hausnarketa, malguntasuna eta komunikazioa arazo handiak eta txikixeagoak ere mahai gainean jartzeko. Honek ematen duen konfindantzaz ekintza pedagogikoak busti ahal izango baitira eta irekitasun hau ez duen irakaslearen eragina irakaskuntzaren kalitateak pairatzen baitu, azken finean. Irakasle talde egokirik gabe antolaketa guztia eror daiteke.



Nola neurtu irakaskuntzaren kalitatea?

Eskola bateko irakaskuntzaren kalitatea ez da neurtzen ikasleen kopuruaz, ez irakasleenaz, ez eta batera dauden haurren adinen kopuruaz. Kalitatearen zamarik handiena ikuspuntu pedagogikoak eta didaktikoak darama, talde horren antolaketak eta irakasleriaren arteko komunikazioak, hain zuzen ere. Kalitate oneko irakaskuntza egiteak segurtasuna ematen die irakasleei eta hauek, era berean, beren "bezeroei", hau da, gurasoei.

Giro honek irakaskuntzaren hobekuntzan jarraitzeko behar den lasaitasuna eta konfidantza bermatzen du. Irakaskuntzaren kalitatea lan eskemetan eta eskolen arteko kontaktuetan antzematen da: materialen ekoizpen kolektiboa, eskolen arteko trukeak, elkarlanerako proiektuak, prestakuntza amankomunak... Ekintza hauek gainera haur eta irakasleen esperientziak, iritziak, ikusmoldeak eta itxaropenak zabaltzen laguntzen dute.



Programazioa eta materiala aipatu dituzu, besteak beste. Nolakoak izan behar dute?

Hezkuntzak garapena sustatu behar du, haurraren osoko garapena erraztu, bai garapen kognitiboa eta bai bere pertsonalitatearena ere. Bi alor hauen aurrean irakasleak artekari izan behar luke, bera baita haurraren babeslea eta gure ondare kulturalaren eramailea. Holandako oinarrizko hezkuntzaren legeak bete beharrekoak diren gaiak arautzen ditu (Historia, Geografia, Natur-Zientziak...), baina ez du edukiei buruz ezer esaten.

Beraz, eskola bakoitzeko klaustroak aukeratu behar ditu haien haurren interesak, beharrak eta elkarbizitzak dituen eskakizunak uztartuz, eta gurasoei informatu gero. Honetarako, hiru arlo hauetan hartu beharko dituzte hainbat erabaki galdera hauei erantzunez: Kulturaren transmisioa dela eta zein gai izango lirateke esanguratsuenak? Haurren egoeren analisiatik abiatuta, zein gai indartu beharko genuke? Haur txikien garapen eta ikasketa prozesuak kontuan hartuz, nola ekin?

Hemen klaustroak adostu beharko du zein epetako programazioak eta lanak proposatzen zaizkien haurrei. Gurean ez da epe finkorik izaten, baina gehienetan astebetekoak izaten dira. Programazio hori haurren motibapen eta beharretatik ateratako elementuz osatzen da eta aste hasieran erakusten zaie. Horrela badakite aste horretan zer egin eta ikasi behar duten, baina bakoitzak nahi duenean eta nahi duen erritmoan egingo du.

Oinarrizko eskolek haurraren zerbitzuan egon behar dute eta ez alderantziz. Horregatik, eskolako curriculumak edo lan proiektuak oso dokumentu malgua izan behar luke eta ez betirako finkatuta gelditzen den zerbait.



Gurasoek parte hartzen al dute lan proiektu honetan?

Kasu honetan ez, lan hau klaustroak egiten baitu. Baina eskolan parte hartzen dute, tailerretan, hain zuzen ere. Hau da, egurrarekin lan egiten duten gurasoak daude eta hauekin tailerrak muntatu ditugu arratsaldetarako. Lan horretan profesionalak dira eta haurrei ongi erakuts diezaiekete, irakasleek ez bezala. Zentzu honetan, asko egin dugu lan gurasoekin.

Baina irakaskuntzako gaietan ez, nahiago dugu hori profesionalen eskuetan uztea, hau da, irakasleen eskuetan. Zenbait urtetan gurasoekin lan egin dugu geletan, baina ez daukate haurraren garapenari buruzko ezagutza asko. Eta horregatik erabaki genuen gai profesionaletan lanik ez egitea gurasoekin.



Nola erlazionatzen dira haurrak?

Konbentziturik gaude haurrek batzuek besteengandik izugarri ikas dezaketela. Beraz, beraien arteko harreman bideak sustatzen dituen eraikuntza eta praktika pedagogikoa antolatzen saiatzen gara. Honetan eskolaren diseinuak ere badu bere garrantzia. Lehengo eskolan, adibidez, ikastetxearen erdian genuen liburutegia eta ormak mugikorrak ziren, momentuan komeni den tamainako gelak osatu ahal izateko. Haurrek jarduten duten gelak irekiak ziren, haurrak beraiek eta baita irakasleak ere (hau klaustroan adostutako puntua da) batetik bestera joan zitezkeen zituzten beharrek hala eskatzen zutenean. Horrela entzunda anarkia bat dela pentsa daiteke, baina ez, eta hori guregana etortzen diren gurasoek frogatzen dute. Etortzen direnean ez diegu uzten ordubete baino gutxiago egoten, goiz edo arratsalde osoa baizik. Bestela, ez dute benetan nola lan egiten dugun ikusteko adina denborarik izaten.



Eta zer ikusten dute? Nolako aktibitatea dago eskolan?

Haurrak taldetan eseritzen dira, ez dira talde isilak, elkarrekintza handia dago, taldetik taldera joaten dira kontsultatzera, galdetzera, laguntza eskatzera... eta honetan bultzatzen zaie eskolan sartzen diren unetik jarrera hori bereganatu eta natural bihurtu arte, geroz eta era autonomoagoan funtzionatu arte.

Elkarlan horretatik sortzen dira beraien interesak bultzatutako proposamenak. Ikusita nago haur zaharrenetariko batzuek nola azaltzen zizkieten zatikiak 4-5 urteko haur talde bati eta arrakasta osoz, gainera. Haur txikienen mailako esaldi eta hitzak asmatzen dituzte eta funtzionatzen du, txikiek ulertzen dute. Gainera, beti ez dira lagun berdinengana joaten gauzak galdetzera eta horregatik elkar ekintza handia sortzen da.



Adin ezberdinetako haurren artean sortzen diren gatazkak nola konpontzen dira?

Antolakuntza honetako irakaskuntzan daramatzadan 25 urtetan ez dut bat bakarrik ere gogoratzen, ez eta jolas lekuan ere. Eguneroko jardunean ere ez dago abusurik zaharragoen aldetik, elkarrenganako errespetu handia dute. Nik uste lehentasunezko baldintza betez gero, hau da, edozein haurrek pozik joan behar duela eskolara, eta besteekin erlazionatzeko eta besteengana jotzeko askatasuna edukiz gero, ez dela gatazkarik sortzen.



Nola moldatzen dira Bigarren Hezkuntzako talde homogeneoetara pasatzen direnean?

Egia esateko, ez dute arazo larriegirik izaten. Hala ere, ezin da ukatu talde heterogeneoetan zuten askatasun eta malgutasunik ez dutela izaten Bigarren Hezkuntzan eta batzuentzat zail samarra suertatzen dela beste erara moldatzea. Baina ikasleak helduagoak dira, badakite Bigarren Hezkuntzako eskolen funtzionamendua nolakoa den eta beren bidea bilatzen dute. Talde homogeneoetan ikasitako ikasleek ere izaten dituzte arazoak ikastetxez aldatzerakoan. Izan ere, 12-13 urteko adina guztientzat izaten da "delikatua".