046: Hezkuntza Nazionalak SEASKAri: publikotasuna frantsesa gehiago irakastearen truke.

2000-03-01
Sorrerari eutsiz eta etorkizuna bideratuz, oraina erabaki
 
 
Frantziako Hez-kuntza Nazio-nalak eskaintza luzatu die ber-tan jarduten du-ten beste nazio-nalitateko hainbat esko-lari. Eskaintza, laburbilduz, honetan datza: publikotasuna frantsesa gehiago irakastearen truke. SEASKAk, Iparraldeko ikastolak, jaso du eskaintza.

Berriki Iparraldean egina den azterketa soziolinguistikoaren arabera, euskararen ezagutza, eta zer esanik ez erabilpena, izugarri ari da jaisten. Desorekan elkarbizitzen diren bi hizkuntza dauden herrialdeetan, hizkuntza gutxituak biziraungo badu, ikasketak hizkuntza horretan gauzatu behar direla frogatu da.

Bestalde, Napoleonek frantziar administrazioa modu funtzionarial eta zentralistan antolatu zuen. Ondoren, molde bera erabili zen Hezkuntza Sistema arautzeko eta estatuak kontrolpean izateko. Espainiako estatua izan da antolaketa modu horren jarraitzailerik fidelena.

Gaur egun, teorikoki, Frantziako Hezkuntza Sistemaren pedagogia konstruktibista da, eta Espainiako estatuan ere antzera gertatzen da. Hala ere, eta hona hemen zein neurriko kontraesana, erabakiak goitik behera hartzen dira, eguneroko lanean zuzenean jarduten dutenekin ezertarako kontatu gabe, eta euren beharrei muzin eginez. Erabaki horiek interes politikoak izaten dituzte oinarri, pedagogikoak ahantziz.

Une honetan eskaintza luzatua dago. Zein azterketa soziolinguistiko edo psikopedagogikotan oinarritu da gobernua, hizkuntza gutxituen kinka larriak arduratzen baditu behintzat, truke hori eskaintzeko?

SEASKA, Hegoaldeko gainontzeko ikastolak bezala, euskara iraunarazi eta suspertzeko sortu zen. Herriak sortua izan zen herriari erantzuten zion kultura eta antolaketarekin. Nola uler daiteke, historiaren tenore honetan, horrelako planteamendu ez integratzailea, ez anitza, baztertzailea, inposatzailea eta itxia?

EAEko esperientziak ireki zituen zauriak itxi gabe dauden honetan badago non begiratu.

Edo oraindik ez da nahikoa izan huts egiteez ikasteko...