HEGOA, Gasteiz: Mundua beste era batera ikusteko saiakera
Gema Celorio.- Garapenaren Hezkuntza lankidetzarekin lotuta dagoela esan liteke, eta hezkuntza honen jomuga ikasleek errealitatea benetan den bezala ezagutzea da. Normalean guk telebistaren, irratiaren edo egunkarien bitartez jasotzen ditugu berriak, baina estereotipoz josita egoten dira. Horren kontra, Garapenaren Hezkuntzak beste balio batzuk bultzatzea eta errealitate horrekin lotuta dagoena askoz sakonago ezagutzea du helburu.
Ainhoa Garagalza.- Normalean Garapenaren Hezkuntza Iparra eta Hegoaren arteko harremanarekin erlazionatzen dugu. Hori aztertu eta landu behar den puntua da, baina horrekin batera balio gehiago landu behar dira: lankidetza, elkartasuna, justizia, kultur aniztasuna... Horiek guztiak preziatu eta barneratu behar dira, eta horretarako bide ematen du Garapenaren Hezkuntzak.
Celorio.- Zehar lerroak lantzen ditu Mundilabek, eta oso garrantzitsua da zehar lerro horiek lantzea eta, batez ere, guztien arteko lotura ikustea. Oso zaila edo ezinezkoa da errealitatea ulertzea genero harremanak nolakoak diren kontuan hartu gabe, edota gure garapena ezagutzea ingurunea ikusi gabe. Zehar lerro guztiak landu behar dira, ez hezkidetza bakarrik. Guztiek lotura handia dute.
Nola egiten da hori?
Celorio.- Irakasleek gai hau landu nahi izan arren, gehienetan ez dakite nola egin. Horregatik, ikastetxean horretarako espazio berezi bat edukitzea lagungarria dela uste dugu, lana errazten baitu. Guk Mundilab laborategia antolatzea proposatzen dugu.
Zer da Mundilab? Nolakoa da?
Celorio.- Natur Zientzietako laborategiaren antzeko laborategi bat da Mundilab. Harriak aztertu nahi ditugunean Natur Zientzietako laborategira joaten gara, harriak hartu eta bertan ukitu, ikusi eta esperimentatzeko. Bada, zergatik ez egin gauza bera errealitatea, gizartea edo interesatzen zaizkigun arazoak lantzeko? Hori da Mundilaben azpian dagoen ideia.
Garagalza.- Mundilab proiektuan dauden ikastetxeek gela berezi bat prestatu dute laborategia kokatzeko, 60 metro karratu ingurukoa. Leku finkoa izango da, ez mugikorra, ikasleak izango dira mugitu eta hara joango direnak. Laborategi horretan baliabide teknologikoak (ordenagailuak, bideoak...) eta oinarrizko dokumentazioa (erreferentzia lanak, gida didaktikoak, bideoak, CD-ROMak...) egongo dira. Ikastetxe bakoitzak daki zer material mota erabiliko duen, eta horren arabera osatu behar dute laborategia. Adibidez, batzuek CD-ROMak beharko dituzte eta bideorik ez, beste batzuek, berriz, batez ere bideoak beharko dituzte.
Bestalde, ia-ia egunero iristen dira zehar lerroei buruzko materialak ikastetxeetara, eta zer egiten dugu horiekin? Askotan apalean jarri eta ahaztu. Halakoak laborategian biltzea nahi dugu.
Material honez gain, laborategiaren erdigunea izango den mahai berezi eta garrantzitsu bat egongo da laborategi guztien erdian.
Zer mahai mota da laborategiaren erdigunea eta elementurik garrantzitsuena izateko?
Celorio.- Mahaiaren gainean munduko maparen irudia egongo da, baina ez da ikustera ohituta gauden mapa, Peters-en proiekzioa edo mapa baizik. Proiekzio honetan lurralde bakoitza bere azaleraren arabera dago adierazia, benetako neurriak errespetatzen dira (ikus irudia).
Mahai gaineko mapa hau piezaz osatuta dago, puzzlea bailitzan, eta horrela piezak aldatzeko, eta mapa egiteko eta desegiteko aukera ematen du. Horrela, mapan lan eginez, munduaren prespektiba aldatzen laguntzea nahi dugu.
Adibidez, Garapenerako Hezkuntzak beti salatu izan du askotan munduaren ikuspegi oso eurozentrista egiten dugula: gure garapen eredua onena dela pentsatu izan dugu, gu aurreratuenak eta azkarrenak garela... Estereotipo horiekin eta Europa munduaren erdigunea delako ideiarekin apurtzeko, aldakorra eta mugikorra den mapa batekin lan egitea lagungarria da, prespektiba aldatzen lagun dezakeelako. Esaterako, Afrikan biziko bagina, mundua nola ikusiko genuke? Bada, horren arabera jartzen ditugu mapako piezak, eta horrek aipatu ikuspuntua aldatzen laguntzen du. Era berean, mapak beti horman edo planoak ikustera ohituak gaude, eta horrek Iparra-Hegoa ideia erreproduzitzen du behin eta berriz; Iparra goian eta Hegoa behean.
Zer gai landuko dira mahai honekin eta laborategiko beste materialekin?
Garagalza.- Zehar lerroak landu nahi dira, baina, lehen esan bezala, denak erlazionatuta daudenez, denak landuko dira.
Baina nola gauzatzen da lotura hori? Zehar lerro ugari daude; irakasle batek sexualitatea landu nahiko du, beste batek ingurugiroa, eta hirugarrenak kontsumoa. Nola globalizatzen da hori?
Celorio.- Ez da erraza eta lan asko eskatzen du, baina posible da. Metodologian dago gakoa. Garapenaren Hezkuntza, Bake Hezkuntza, Giza Eskubideen Hezkuntza eta Ingurugiroa lotzea derrigorrezkoa da. Ezin da ulertu ingurugiroaren egoera daukagun garapen eredua kontuan hartu gabe, ezinezkoa da. Arazo ekologikoak baldin baditugu, horrek badu bere zergatia (garapen eredua, industrializazio prozesuaren ondorioak...). Beste adibide bat jartzearren, nola azter dezakegu gure garapen eredua emakume eta gizonen arteko harremanak nolakoak diren jakin gabe? Beraz, dena erlazionatuta dago, eta gai bakoitza ikasgai guztietan landu daiteke. Adibidez, Leioako ikastetxean kontsumoa lantzea erabaki dute eta irakasle bakoitzak bere ikasgaian landuko du; Ekonomian zenbakiak landuko dira, Hizkuntzan edo Literaturan publizitate mezuak aztertuko dituzte, Plastikan irudiak eta argazkiak, Natur Zientzietan ingurugiroan duen eragina... Normalean zailena Matematika izaten da, baina ez da ezinezkoa. Gauza da matematikako hainbat kontzeptu modu abstraktuan landu izan ditugula, eta hori egin ordez, gai bati loturik ikas ditzakegula. Metodologia horrekin bi gauza lortzen ditugu: matematikako edukiak edo curriculuma lantzea, eta zehar lerroek proposatzen dutena lantzea.
Horretarako irakasleen arteko koordinazioa eta ikastetxearen inplikazioa ezinbestekoak izango dira, ezta?
Garagalza.- Bai, horrekin ados gaude, baina beti ez da lortzen. Proiektu honetan sartu diren Lehen Hezkuntzako ikastetxeen kasuan, eskola osoa konprometitu da. Besteetan proiektua irakasle talde batek jarriko du martxan. Gutxienez, proiektuan sinesten duen sei-zortzi irakasleko talde bat egotea beharrezkoa da, gurditik tirako duen norbait egotea ezinbestekoa baita. Gure erronka irakasleria osoa inplikatzea da, baina hasteko talde bat egotea ondo dago.
Celorio.- Duela 15 urte irakasle guztiek eskola aldatzeko ilusio handia zuten eta metodologia berriak erabiltzen hasi ziren. Gaur egun gauzak ez direla aldatu ikusirik, ilusio hori asko apaldu da. Baina hala ere, proiektu honetan proposatzen dugun metodologia berria izanik, interesgarria eta erakargarria da, eta hori ona da irakasleak animatzeko.
Garagalza.- Garrantzitsuena animatu diren irakasle horiekin lanean hastea da eta, ondoren, gainontzekoak animatzea. Horretarako funtsezkoa da egiten den lan guztia eta ematen diren pauso guztiak idaztea, eta erabiltzen den materiala jasotzea. Horregatik, gure asmoa fitxa batzuk osatzea da, eta horietan hainbat pauso jasoko dira: nola lan dezakegun gai bat, ikerketa bat egiteko zein diren jarraitu beharreko pauso nagusiak, estrategia didaktikoen aldetik zertarako balio duen rol joko batek, nola aztertu eta erabili bideo bat...
Zein adinetako ikasleentzat prestatu duzue proiektua?
Celorio.- Proiektua hiru urtekoa da eta momentuz DBHko 2. zikloko ikasleekin hastea erabaki dugu. Halere, aurrera begira gainontzeko etapetara ere zabalduko dugu. Aurten sei ikastetxerekin hasiko gara eta horietako bi Lehen Hezkuntzakoak dira.
Zein pauso eman dituzue orain arte?
Celorio.- Momentu honetan laborategiak jarrita daude ikastetxe guztietan, baita Gasteizko Irakasle Eskolan ere. Hemendik aurrera, ikastetxe bakoitzak aukeratu duen gaia lantzeko aukera du. Horretarako, material aproposa prestatu dugu, batez ere metodologiaren aldetik, gure aholkularitzarekin batera. 3. hiruhilekoan ebaluazioa egingo dugu denok, bai ikasleek, bai irakasleek eta bai guk.
MUNDILAB
Mundilabek mundua sartzen du eskolan zehar lerroen ikuspegitik hainbat ezagutza landuz: Garapena, Lankidetza, Ingurugiroa, Giza Eskubideak eta abar. Teknologia zahar eta berriez baliatzen da ikaskuntza prozesua aurrera eramateko.
Mundilab gune ezin hobea da ikertzeko, hainbat analisi metodo eta informazio iturri erabiltzeko. Teknika ezberdinak eta gaitasunak garatzeko bidea ematen du. Leku aproposa da beharrezkoa den zehaztasun zientifikoa lantzeko, pentsamendu kritikoa garatzeko eta elkartasuneko jarrerak bultzatzeko.
Mundilab egungo mundu aldakorrak hezkuntzari eskatzen dion eraldaketa teoriko eta praktikoen zilbor hestea da. Bere zeregina egungo gazteak biharko gizarteari aurre egiteko prestatzea da.
Mundilaben helburuak
- Zentroetan Heziketa Gune Berria sortzea: berau proposamen berritzaileak integratzeko diseinatua eta eratua izatea, batez ere; irakasleek, Pedagogia Berrikuntzarako mugimenduek eta beste hainbat gizarte kolektibok sustatutakoak.
- Zehar lerroak indartzea: ikasgai ezberdinetako curriculum edukiak Garapena, Lankidetza, Elkartasuna, Bakea, Giza Eskubideak, Ingurugiroa, Kontsumoa, Osasuna eta beste zenbait zehar lerroen ikuspuntutik lantzeko baldintzak eta baliabideak biltzea.
- Diziplinarteko proiektuak sustatuko dituzten ikuspegi globalizatzaileak bultzatzea: gai monografikoak lantzea (adibidez migrazioak, elikadura, energia, teknologia...) edo herrialde eta lurraldeak ikastea ezagutza arlo ezberdinetatik (matematika, fisika, kimika, geografia, ekonomia, historia, literatura, atzerriko hizkuntzak...).
- Ikasle zein irakasleen Formakuntza Iraunkorra mesedetzea: laborategian lanerako errekurtso eta metodo anitz bilduz.
- Informazio iturriak eta analisi metodoak dibertsifikatzea: eskuliburua gida bakarra izan dadin ekidin. Testu alternatiboekin, aldizkariekin eta egunkariekin lan egitea bultzatu. Bideoetan, diaporametan, argazkietan, CD-ROMetan edota Internetean oinarritutako lanak sustatu.
- Baliabide teknologiko anitzak biltzea: ohiko euskarriak eta Teknologia Berriak biltzen dituzten euskarriak erabiltzea: boligrafoarekin edo teklatuarekin idaztea, arkatzarekin edo ordenagailuarekin marraztea, testuak eta irudiak aztertu eta osatzea, idatzizko eta ikus-entzunzko iturrien erabileran trebatzea eta abar.