ANAUT, Loli:
Urteetako lanaren fruituak ikusita eta lan horri jarraipena emango dion talde sendoa dagoela jakinda jubilatu berri da Loli. Amara Berriko gelak utzi ditu, baina oraindik ere bere ekarpena ez da bukatu. Gauza asko ditu kontatzeko, eta guztiak liburu batean biltzeko asmoa du. Aurrera begira lasai egiteko lana izango da berau. Bien bitartean, ahoz azaldu dizkigu bere esperientziaren eta Amara Berri proiektuaren inguruko kontuak.
Donostiako Mariaren Lagundian, bertako kide nintzela, hasi nintzen irakaskuntzan. 1970ean Estatuko hainbat lekutako irakaslez osatutako pedagogia ikertze talde batean sartu nintzen. Madrilen biltzen ginen eta elkarrekin ikasi, kontrastatu eta formazio ikastaroak ematen genituen. Urte aberatsak izan ziren, maila pertsonalean eta kulturalean irekitasun handikoak. Han nintzela, 1972an Durangoko Jesuiten ikastetxean OHOko zuzendaritza pedagogikoa eskaini zidaten. Niretzat aldaketa eta pedagogia berrikuntza suposatzen zuen erronka onartu nuen, eta gaur egun Amara Berri denaren oinarria jarri zen han.
Zer aldatu nahi zenuen?
Hasteko, irakasle talde bat osatu eta lan taldea egin. Irakaskuntzan hasi berriak ziren irakasle gazteak sartu ziren. Ilusioz eta jakin-minez beteta, gizarte kontzientzia eta gizatasun handiko irakasleak. Ez zuten gogoko orduko eskola. Orokorrean klase magistralak eta testuliburuak ziren eskoletako elementu nagusiak. Irakasleak agindu eta ikasleek obeditu egiten zuten, baina ikaslea ez zen benetako egilea, eta ez zen bere prozesuaren kontzientzia bilatzen zuena. Ikasleari berari buruz hausnartu behar genuela pentsatzen genuen, bera baitzen guk lantzen genuen lehengai bizia.
Nolakoa zen ikaslea zuretzat, nola definitzen zenuten?
Izaki globatzat jotzen genuen eta egun ere horrela jotzen dugu, hau da, bere garapenaren esparru guztiak kontuan hartzen ditugu: bere nortasunaren garapena, bere harreman sozialak eta arloei lotutako ikasketak.
Ikasleak bere interesak eta motibazioak ditu: jolasa eta jolasaren bitartez helduen mundua imitatzen du. Pedagogia ikuspegitik berebiziko kontzeptua da. Ez diogu beldurrik izan behar jolasa hitzari, hezkuntza asmotik sortutako jolasa bada. Helduak izanda ere, jostatzen dugu.
Ikasle guztiak desberdinak dira. Bakoitza emozio eta kontzeptu eskema zehatz batetik abiatzen da eta badu bere ahalmena.
Hiru atal horiek present egon behar zuten metodologian. Bizitza globala zela esaten genuen eta esaten dugu. Ikastetxean bizi jarduerak sortu behar dira, non ikaslea izan eta bizi ahal izango den, eta bizi denez ikasi egingo duen. Jarduera horietan norberak bere erritmo eta mailan lan egin ahal izango du.
Azaldu eta zehaztuko al duzu jarduera mota hori?
Bai. Adibidez, matematika lantzeko banku-etxea, biltegizainak, saltzaileak eta erosleak dituen "Komertziala departamentua" daukagu, geometria lantzeko "Diseinu tailerra" , eta abar. Alderdi kurrikularra askoz gehiago zehaztu zen geroago Amara Berri. Durangon, aldiz, gehiago sakondu zen ikasleen antolaketa, hots, beren asanbladak eta zerbitzuak. Jarduera horrek adin desberdinetako ikasleak elkarrekin erlazionatzen ditu, eta curriculumaren arlo ofizialaz bakarrik nekez lantzen diren alderdiak garatzen ditu.
Nolako erantzuna izan zuten ideia hauek 1972. urtean?
Garai hartako gizarteak ez zuen ulertu. Beste garai batzuk ziren: frankismoaren urteak ziren, euskaraz ikasteko departamentu klandestinoa antolatu genuen... Proiektuak ez zuen bat egiten garai hartako egoerarekin. Ulertzeko zaila zen, ez zen momentu egokiena, eta esperientzia moztu egin zen sei urte beranduago, 1978an.
Hala ere, jende asko joan zen proiektua ikustera eta La escuela que pudo ser liburuan bilduta gelditu zen esperientzia hura.
Durangotik Donostiara pasa zinen, eta hango ideiak eta proiektua ekarri zenituen Amara Berri eskola publikora. Nolakoa izan zen hasiera hura?
Ikuspegi hartatik abiatuta, Haur Hezkuntzan esperimentatzen hasi nintzen, Durangon egindako lana OHOn burutu baitzen. Urte haiek ahaztezinak izan ziren. Niretzat paregabeko unibertsitatea izan zen; hainbeste ikasi nuen, hainbeste jakinduria, askatasun eta maitasun deskubritu nuen izaki ttiki haiengan... ez dakite zenbat zor diedan! Garai hari "aurre ikerketa etapa" deitu nion.
Pixkanaka taldea osatzen joan zen eta irakasleak inplikatuz joan ziren heinean, esperimentazioa aurreratuz joan zen, ziklo eta etapa desberdinetara zabalduz. Hiru urte pasa genituen maila bakoitza garatzeko; bat martxan jartzen, beste bat sakontzen eta hirugarrena esperientzia orokortzen. Eta oraindik ere lan handia dago egiteko.
Anonimatuan hasi nintzen, baina ezin izan nion egoera hari luzaroan eutsi... Jende asko etortzen zen ikustera, ateak irekita edukitzen bainituen. Nik betidanik esan izan dut eskolako ateak irekita eduki behar direla, elkarri lagundu behar diogun profesionalak baikara. Garrantzitsuena ez baita lanean gabiltzan zentroa ondo joatea, eskola orokorrean ondo joatea baizik.
Zein motatako jendea hurbiltzen zen esperientzia ezagutzera?
Orain hurbiltzen denaren antzekoa, erantzun bila datozen profesionalak eta erakundeak, esku artean daukatena zalantzan jarri eta aurrera egiteko borondatea dutenak. Haiekin iritziak kontrajartzeko eta beraien ekarpenak jasotzeko aukera paregabea izan dugu. Ziur gaude kritika laguntza gisa egiten bada, aurreratzeko bide dela, eta guretzat izugarrizko ikasketa da.
Zer da pertsona horiek Amara Berrira bisitaldia egiten dutenean gehien baloratzen dutena?
Bisita motaren arabera, baina orokorrean deigarriena ikasleen autonomia, ardura maila eta irakaslea aurrean ez egon arren ikasleek lan egiteko adierazten duten gaitasuna da. Baita ikastetxearen izaera bere globaltasunean, hau da, hezkuntza asmoa, gehi praktika bere ezaugarri metodologikoekin, gehi formazioaren edo antolaketaren artean dagoen koherentzia. Bestalde, irakasleak ikasleekiko duen egiteko erak edo esku-hartzeak harritzen ditu, bakoitzarekiko duen arretak, non ezberdintasuna kualitatetzat hartzen den eta ez eragingarri bereiztaile bezala. Konturatzen dira ezinezkoa dela hori guztia aurrera ateratzea atzean lan talde sendorik eduki gabe.
Esango al diguzu zein den aipatu duzun hezkuntza asmoa?
Hezkuntza asmo hori ikastetxeko helburu orokorretan eta metodologia printzipioetan laburbildurik dugu. Harnasten dugun airea bezalakoa izan dadin nahi dugu. Adibidez: uneaz eta orainaz gozatzen jakitea; pertsonak direnagatik baloratzea eta ez dutenagatik; ideiak defendatzeko, argudiatzeko eta aldatzeko gai izatea eta abar. Lehenago beste batzuk aipatu ditut, ikasleen antolaketari buruz hitz egiterakoan: asanbladak, zerbitzuak...
Helburu horiek ikasleentzako ez ezik, eskola elkarte osorako ere, norberaren eta taldearen hazkundetzat jotzen ditugu. Inoiz eskuratu ez ditugun ikasketa sakonak dira.
Eta praktika, nola gauzatzen da? Zein ezaugarri ditu metodologia honek?
Ez dugu gai edo ikasgaika programatzen, lehen aipatu dudan bezala, bizi jardueraka baizik, arloak bata bestearekin harremanetan jarriz, kontestu sozial, egonkor eta osagarriak derizkiogunak.
30 kontestu sozial, bizi jarduera edo jolas dago ziklo bakoitzean (komertziala, auzoa, bikoizketa eta abar), departementu edo gela bakoitzeko lau inguru, eta beste batzuk orokorragoak (ikasleen asanbladak, zerbitzuak...).
Zein da programazio honen ekarpena?
Ikasleei buruzko kontzepzioaren kontzientzia. Kontestu sozialak antolatzen ditugu harreman sozialak sorrarazten dituztelako. Elkarreragin horretan bakarrik, kontzeptu eta emozio eskemak aurreratzen dira.
Kontestu horiek egonkorrak dira ziklo osoan aldatzen ez direlako, eta honela ikasleak eskemak bilatzen doazen heinean, behin eta berriz eta sistematikoki kontestu horietatik pasaz, kontestu bakoitzak ahalbidetzen duen ezaguera multzoan sakonduz joan daitezke. Eta bestetik osagarriak ere badira, ziklo eta ziklo arteko departamentu ezberdinetan egiten diren ikasketa eta garapen prozesuen arteko osagarritasuna aztertua dagoelako.
Zenbaitetan irakasleok pentsatzen dugu guztiok berdin programatu eta ebaluatu behar dugula, eta hori ez da horrela. Garrantzitsuena hezkuntza proiektuak adierazten duen asmoarekin koherentziaz programatu eta ebaluatzea da.
Ba al ditu metodologia honek berezko beste ezaugarri batzuk?
Bai, badira beste ezaugarri batzuk. Zikloko programarekin egiten da lan, bi urtetan garatua eta adin ezberdinetakoak elkarturik.
Ikasle talde bakoitzarekin irakasle bat baino gehiagok lan egiten du.
Ikasleek egunean zehar departamentuan lantzen dituzten jarduera guztiek badute beren "zertarakoa", irrati, prentsa, telebista, erakusketa eta eskola barruko ikuskizunen bidez bideratzen dena.
Ezaugarri horietako bakoitzak eta beste kontzeptu batzuk, jolasa, askatasun printzipioa, indibidualizazioa, eta sormena besteak beste, ikastetxeko egituretan sortzen diren garapen teorikoen oinarri dira eta ikastetxearen eite kulturala osaten dute.
Zein dira antolaketa modu horiek?
Antolaketa oinarrizko estrategia da esku-hartzea bultzatzeko, eta formazio eremutzat hartzen dugu. Gure ustez, edozein antolaketa moduk ez du gauza bera sortzen.
Badira ikasleei dagozkien antolaketa moduak: asanbladak, zerbitzuak eta gela edo departamentuko kontestuak.
Eta noski, proiektuaren antolaketa sistematizazio hori guztia aurrera ateratzeko, irakasleen antolaketak ere garrantzi handia du. Honako egituretan gauzatzen da: klaustroa, bilera pedagogikoa, sektorea, zikloa eta mintegiak.
Klaustroan irakasle guztiek hartzen dute parte antolaketa edo kudeaketa gaietan aritzeko. Bilera pedagogikoetan ere irakasle guztiek parte harten dute gai pedagogikoei heltzeko. Sektorean ikasle berberekin lan egiten duten irakasleak elkartzen dira bakoitzaren jarraipena egiteko eta esku-hartze estrategiak planifikatzeko. Zikloan bertan aritzen diren irakasleek alderdi funtzionalak landu, erabaki eta antolatzen dituzte, ikastetxearen ikuskeran oinarrituriko irizpideak erabiliz. Mintegietan arlo baten inguruan lanean jarduten duten irakasleak curriculumaren faseak jorratzeko elkartzen dira.
Zer zehazten da curriculumaren fase horietan?
Lehenengoan espazioak, denborak, baliabidea, lan metodoa, "zertarakoa" edo jardueraren irteerak antolatzen dira. Bigarrenean edukiak, helburuak eta testuinguruen edo jardueren zehaztapena eta mailakatzea egiten da. Sistematizazio lan sakona egiten da ikasleei joko modura azaldu arren. Hirugarrenean ikasleen jarraipena, esku-hartzea, ikasketen ebaluazioa eta ikasketa horien aurreiritziak lantzen dira.
Dena dela, proiektuaren oinarrian dagoen sistematizazio horrek ez al du malgutasuna murrizten? Dena hain zehaztuta egonik, aldaketak egiteko aukerarik uzten al du?
Sistema honen oinarrian ikaslea pertsona bezala hartzen da. Bere beharrei erantzunez garapena ahalbidetzen zaio. Horrek irakasleoi konpetentzia eta profesionaltasuna eskatzen dizkigu ea sistematizatzeko talde lana ezinbestekoa da. Sistematizatzea irakasleak bere zereginean hausnartzea eta egitura guztietan parte harturik konpetentziaz janztea besterik ez da. Sistema irekia denez, sekula ez da amaitutzat ematen eta beti berrinterpreta daiteke.
Baina egia esan, badago gurea ez den beste pentsamolde eta egiteko eera, non norberak bere gelan nahi duena egin dezakeen, 60. hamarkadan gertatu ohi zen bezala.
Amara Berrin bere haurra matrikulatzen duten gurasoek argi dute proiektu batean hezi nahi dutela, eta ondorioz, irakasleei konpetentzia eta erantzukizuna eska diezaieketela.
Zer esan nahi duzu antolaketa formazio eremuak direla diozunean?
Egitura ezberdinetan parte hartuz, etengabeko kontrastaketan, gure kontzeptu eta jarrerazko eskemak bilakaera izaten dute, eta hori da formatzea.
Formazioari buruz zera uste dugu: norberak bere interes edo beharren arabera autore edo ildoren bat azter dezakeela, hori norbanako aukera baita. Baina ikastetxeko eta taldean egindako formazioa, ekarpenak egitea, jasotzea, kontrastatzea, berrinterpretatzea eta praktika zehaztea izango litzateke. Hots, formatzea, aurreratzea eta eskolaren eite kulturala osatzea, betiere berrinterpretazio berrietara irekia.
Urte hauean ikusi duzunaren arabera, erraza suertatzen al zaie irakasle berriei sistemara egokitzea eta bertan inplikatzea?
Bai, poliki-poliki joaten dira egokitzen, bakoitza dagoen lekutik abiatuta eta bere erritmoan. Eta hori da nik berandu ikasi dudan gauzetako bat. Nik, lehen, gauzak denek aldi berean egitea nahi nuen, eta hori ezin dela ikusi dut. Norberak deskubritu behar du egin behar duena, norberak iritsi behar du horretara dagoen lekutik abiatuta. Bakoitza dagoen lekuan dago, eta ez guk nahi dugun lekuan. Ni ere ahal dudan lekuan nago, eta ez besteek nahi duten lekuan. Orduan, hori aintzat hartu behar dugu aurrera jotzeko.
Horregatik, batzuei gehiago kostatzen zaie sisteman integratzea eta gauzak ulertzea, eta beste batzuei gutxiago. Ikasleekin gertatzen den gauza bera pasatzen da: bakoitza ahal duen erritmoan joaten da.
Dena den, oso prestatua dagoen jendea dago eta gehienak edo denak egiten duten lanarekin konbentzituta daude. Jendea inplikatu egiten da eta berehala sartzen da taldean. Iristen diren irakasle berriak berehala konturatzen dira beraiek bakarrik ezin dutela ezer egin, askoz ere gehiago ikas dezaketela besteekin batera, taldean.
Zein oztoporekin aurkitu zarete zuen sistema aurrera ateratzeko garaian?
Asko izan dira, bizitza osoan zehar ilusioekin batera gatazkak izaten ditugulako. Niri gainditzea asko kosta zitzaidan oztopo bat zera izan zen: LOGSEren erreformaren ondoren, EAEko eskola publikoetan Lehen eta Bigarren Hezkuntza banatu egin ziren, zentro independienteak eratuz. Ondorioz, Amara Berri Lehen Hezkuntzarekin bakarrik gelditu zen. Gure proiektua gaur egun Bigarren Hezkuntzako 1. zikloa den mailara arte garatua zegoen eta Batxilergoan ere esperimentatzen hasiak geunden. Erreformak, ordea, Haur eta Lehen Hezkuntzarekin soilik utzi gintuen. Asko kosta zitzaidan horrelako aurrerakadaren ondoren atzerapausoa ematea. Baina gauzak gertatu egiten dira eta horrek ere hazten laguntzen digu.
1990. urtean Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Hezkuntza Berrikuntzarako Ikastetxea izendatu zuen Amara Berri eta 1995ean Ikerketa eta Saiakuntza Ikastetxea. Zer ondorio izan ditu horrek?
Ikerketa eta berrikuntzarako eginkizunak ofizialki eman zitzaizkion, eta era berean, sistema eta metodologia honetan prestatu nahi duten ikastetxeei formazioa emateko aukera ere bai, besteak beste.
Benetako ondorioa ordura arte burutzen zen guztia egiten jarraitu izana da, baina onarpen ofizialarekin.
Beste ikastetxeei eskaintzen diezuen formakuntzak zer berezitasun dauka beste ikastaroekin konparatuz gero?
Formazio plana dugu, ikastetxeari bere osotasunean heltzen diona, eta honako esku-hartze eremuetan garatzen da: zuzendaritza taldeen formazioa, gela edo zikloetako behaketa, ikastaroak, bisitaldiak Amara Berrira eta behar denean ikastetxeetako klaustroetako parte-hartzea.
Formazio hori ez dator bat ikastetxea bere osotasunean hartu gabe alderdi isolatuak garatzen dituen formazioarekin.
Zergatik uste duzu izan duela horrelako arraskata eta jarraipena Amara Berriko Sistemak?
Ikastetxea beti irekita eduki dugulako eta ikusi dutenei gustatu egin zaielako. Jende arduratsu asko etorri izan da, eta aurreratu eta eboluzionatzeko nahia agertu dute.
Ziur beste batzuk guk baino askoz ere lan gehiago egin dutela, baina proiektu partzialetan, horrela orientatu zaielako. Askotan dena lotzen duen bizkarrezurra falta izan zaie, eta lan handia eginagatik, ez dute fruiturik ikusi. Gurean, berriz, bizkarrezurra eta koherentzia ikusten dute, eta hori da baloratu eta eskatzen dutena.
Nola ikusten duzu etorkizuna?
Etorkizunari begira lasai nago, bestela ez nintzen jubilatuko. Irakasle talde sendoa geratu da, profesionala, bere lanean sinesten duena, taldean lan egiten duena eta ikasleentzako onenaren bila dabilena. Lan talde sortzailea eta egunero ikasi eta hazteko prest dagoena.