Zabaltzen: euskalgintzaren zutabeari eraso

2001-02-01
Euskaldunok eta euskara ikerketapean jarraitzen dugu. Baita euskara hitzetik eratortzen den guztia, esaterako: euskal irakaskuntza
 
 
Eta orain ZABALTZEN. Ohiko estrategia zital bera: joan, sartu, bazterrak nahasi eta gainerakoa, berri-agentzien esku. Ofizialki 19 fakturen bila joan ziren eta, bide batez, jada erregistroan edozeinen esku zeuden 158 agiri eraman zituzten.

Errepara diezaiogun gure lanabesei, eskuartean darabilkigun material didaktikoari. Egun, ia normaltzat jotzen dugu horiek euskaraz izatea edo euskaraz aurkitu ahal izatea, bederen. Falta zaizkigunean, ZABALTZENera telefono deia eginez konpontzen dugu gehienetan.

Ez da urte asko euskarazko testu liburuak aurkitzea ia ezinezkoa zela. Eta izanda ere auskalo non eskura zitezkeen. ELKARrek 28 urte daramazki lanean. Bere lanari esker, irakasleek eta ikasleek erdarazko liburuak euskaratzen eta ahal genuen materiala sortzen igarotzen genuen denbora aurreratu dugu beste zeregin batzuetarako. ELKARrek sortutako ZABALTZEN banaketa sareari esker gero eta arruntagoa eta erosoagoa bilakatu da behar duguna euskaraz eskuratzea. Telefono deia egitea bezain erraza.

Baina ZABALTZEN banatzaile etxea baino gehiago da. Askotan aipatzen dugu Euskal Hezkuntzaren aupada garrantzitsua. Eta aurrerapauso horien artean dago, inoiz aipatzen ez bada ere, ZABALTZENek egin duen lana; euskarazko material didaktikoa ekoiztea eta banaketa ziurtatzea da ZABALTZENek euskal irakaskuntzari egindako ekarpen nagusiena.

Gainera, Euskal Herrian sortutako proiektu anitzek, tartean hik hasi berak, ZABALTZENen eta ELKARLANEANen magalean aurkitu dute hasierako une gogorretan babeslekua, eta hein handi batean itzal horri esker atera dira aurrera.

Ondorioz, eraso hori, Euskal Hezkuntzaren azpiegituraren oinarri garrantzitsuenetako bati egindako erasoa da. Euskal Hezkuntza Erkidegoa osatzen dugun guztioi eraso egin digute!

Bakoitzak jorra ditzala bere bideak, horixe da guk guretzat nahi duguna, eta delitu susmorik badute jardun dezatela sortu dituzten legeak agintzen dieten gisa: instrukzioak arauzko bideetatik eginez eta errugabetasun-presuntzioa errespetatuz. Epaiketaren ebazpenaren aurretik jasotzen ari gara zigorrak. Non dago euskaldunon defendatzeko eskubidea?