BIURDANA institutua, Iruñea: Nolako ikaslea halako lana<br />Zer behar du? Hori eman nahi diot

2001-02-01
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakasleok askotan tresna sinple eta errazak behar izaten ditugu gure lana antolatzeko. Laguntzaileak baldin badauz-kagu ere (ikasle batentzako lehendabiziko errefortzuak, curriculum egokitzapenak edota beste laguntzak), egin eta bideratu behar ditugunean,bakarrik gaude.
 
 
Ikasle desberdinei aukera berdinak emateak ikasleak desberdin tratatzea dakar. Ikasle desberdinak berdin tratatzen baditugu, aurrera egiteko aukerak murriztu egiten dizkiegu.

Hasieratik bertatik laguntza ongi antola ahal izateko, hausnarketa egiteko tresna sinple bat aurkezten dizuegu hemen.

Egoera Lidergoa (Hersey eta Blanchard) delako ereduarekin lan egiten saiatuko gara.

Ikasleengan eragina izateko eta lideratzeko modu konkreturik ez dago. Lidergo estiloa batzuetan ona izan daiteke eta beste batzuetan txarra. Kontuan hartu behar duguna honako hau da: ikasleak lan konkretu bat egin behar duenean adierazten duen heldutasun maila. Heldutasun maila horren arabera emanen diogu trataera bat edo bestea.



Ikaslearen heldutasun maila

Ikasleak daukan heldutasun maila ezagutu behar dugu. Beraz, hori diagnostikatzea izanen da egin beharko dugun lehendabiziko lana. Horri hasierako ebaluaketa deitzen ahal diogu. Lan konkretu bat egin behar duenean, ikasleak adierazten duen heldutasun maila ezagutzen saiatuko gara.

Ikaslearen heldutasun maila diagnostikatzeko bi aldagai hartzen ditugu kontuan:

a Ahal izan : jakinduria, esperientzia, abilezia, badaki, egiteko gauza da.

b Nahi izan : motibazioa, segurtasuna, konpromisoa, egin nahi du, seguru ikusten du bere burua.

Ikaslearen heldutasuna (beti lan konkretu bat egin behar duenean) bi aldagai hauek elkartuz atera dezakegu, hala nola:

Heldutasun maila bakoitzari trataera desberdinak eman behar dizkio irakasleak. Lidergo estiloa zehazteko, irakasleak erabil ditzakeen bi jokaera mota gurutzatuko ditugu.



Irakaslearen jokaera motak

a) Lan jokaera :

- Helburuak ongi definitzen ditu.

-Egin beharreko lana ongi zehazten du.

- Ongi egiteko arauak, nola egin, noizko... zehazten du.

- Beharrezkoak diren azalpen guztiak ematen ditu.

- Norabide bateko komunikazioa: irakasleak ikasleari.

b) Harreman jokaera :

- Bi noranzko komunikazioa, atzeraelikadura: irakasleak ikasleari eta ikasleak irakasleari.

- Aktiboki aditu.

- Laguntza emozionala.

- Laguntza jokaera.

- Motibazioa...

Bi jokaerak elkartuz lau estilo ikus ditzakegu. Estilo bakoitza mesedegarriagoa edo kaltegarriagoa suerta daiteke heldutasun maila desberdina duten ikasleei aplikatzen bazaie. Une batean ona izan daiteke, eta beste une batean txarra. Horregatik, egin beharreko lana beti kontuan hartuko dugu.



Gauza hauek guztiak kontuan hartu ditugu ematen dizuegun koadrotxoa osatzeko. Iritzi guztiak behar-beharrezkoak direla erran behar dizuegu. Ongi uler dezagun, zutabe bakoitzean ongi ezagutzen dugun ikaslea kokatzeak lagun dezake. Ikaslearen heldutasun maila zehazteko interesgarria da, hasieran behinik behin, irakaskide batekin diagnostiko egitea.