Takolo, Pirritx eta Porrotx Nikaraguako ikasleen artean dabiltza

2001-02-01
Takolo, Pirritx eta Porrotx pailazo taldeak Nikaraguako haurrei Parrandan ikuskizuna eskaintzen dabiltza egun hauetan. Euskal jaiaren alaitasuna zabaltzen ari dira, hango haurren abestiak eta jolasak ezagutzearekin batera. Honek erakundeko eta Hik Hasiko kideak ere beraiekin batera dabiltza bidaia honetan.
 
 
Urtarrilaren 23an joan ziren Euskal Herritik Nikaraguara, eta bidaia honekin aspaldian buruan zebilkiten proiektu bat gauzatzen ari dira. Honek erakundea (Herri Oinperatuekin Nazioarteko Elkartasunerako Kideak) 80. hamarkadaz geroztik dabil Elkartasunaren alorra lantzen Ertameriketan, eta batez ere Nikaraguan. Bere ekimenaren ondorioz hainbat proiektu bideratu eta jarri dituzten abian: eskolak, nekazal eta abeltzantza kooperatiba txikiak, eraikuntza, aroztegi, latorritegi eta abarretako kooperatibak... Eskolei, haurrentzako harrera zentroei, haurrentzako jangelei, osasun zentroei, herri instituzioei eta abarri laguntza eman izan die. Horrekin batera, Honek erakundea sentsibilizazioarekin kezkatuta dago, eta horren aldeko kanpainak, hitzaldiak, erakusketak eta abar egin dituzte Euskal Herrian. Ildo horri jarraiki, iaz Takolo, Pirritx eta Porrotx pailazo taldearekin batera bi jaialdi egin zituzten "Los Quinchos" haur eskoletarako laguntza lortzeko.



Jaialdiaren ostean, Honekek eta pailazo taldeak ikuskizuna Nikaraguara bertara eraman zezaketela pentsatu zuten, hau da, hango haurrei zuzenean eskain ziezaiekeela beren ikuskizuna.



Horretan dabiltza egun hauetan Nikaraguan, hain zuzen ere. Parrandan ikuskizunarekin euskal jaiaren alaitasuna zabaldu dute dagoeneko Telpanecan, Somoton, Estelín, Ocotalen eta Cusmapan. Herri hauetako haurrei euskarazko dantzak eta kantak abestu dizkiete. Hitz egiteko garaian gaztelaniaz mintzatu dira, baina ez hemengo gaztelaniaz, nikaraguarren hizkera berezian baizik, hau da, bertakoen hitz eta esamoldeak erabiliz. Umorez eta alaitasunez bustitako abesti, jolas eta dantzen bitarteko sortu den komunikazioan haur nikaraguarrek ere beren alaitasuna, irudimena eta bizitasuna transmititu dizkiete beren olerki, abesti eta jolasekin. Pailazo taldea haur horiekin gauza asko ikusten eta ikasten ari da, eta Euskal Herrira itzultzen direnean hori guztia erakutsiko dute. Batetik 15 minutu inguruko bideo bat egingo dute haur nikaraguar baten egun bat nolakoa den azalduz. Eta bestetik, hurrengo diskoa eta ikuskizuna Nikaraguako jolas eta abestietan oinarrituko da.



Hurrengo egunetan Managuara joango dira. Hango Guachipilin antzerki taldearekin batera euren tailerretan parte hartuko dute. Managuako zabortegira ere joango dira, han bertan bizi diren 800 familiei eta handik ateratzen dutena komertzializatuz bizi diren beste 1.600 pertsonei musika eta alaitasuna eraman asmoz.







Hik Hasi hango hezkuntza errealitatea ezagutzen



Hik Hasi bidaia honen eta pailazoen ikuskizunen lekuko zuzena izaten ari da. Baina horretara mugatu gabe, Nikaraguako irakaskuntzaren errealitatea ezagutzen ari da, gero aldizkarian horren berri emateko. Somotoko "Los Quinchos" haur eskoletan egon da eta baita hango irakasleen sindikatuko (ANDEN) zenbait ordezkariekin ere. Managuan aurreikusita dauden bisiten artean Fernando Robleto Hezkuntza ministroarena, haur ezinduekin lan egiten duen Los Pipitos taldearena eta Asentamiento Nueva Vidako komunitatearena daude.