Kronika

2001-02-01
 
 
Udalbiltzak euskal hezkuntza sistema propioaren aldeko ekimenak jarri ditu abian. Espainiako Gobernuak abenduan onartutako hezkuntza erreformaren haritik, Madrildik eta Paristik egiten diren erasoak salatu dituzte. Horren aurrean eta horri erantzun asmoz, batetik Euskal Herriko udaletxeetan mozio bat aurkeztuko dute, eta bestetik euskal curriculuma lantzen hasiko dira. Mozioan hezkuntza sistema propio bat edukitzeko dugun eskubidea aldarrikatzen da, eta ezin direla Madrildik edo Paristik datozen dekretuak onartu. Beraz, mozioa onartzen duten udalek euskal hezkuntza propioaren aldeko urratsak emateko konpromisoa hartuko dute.
Euskal curriculuma lantzeari dagokionez, Euskal Herriko ikastetxeetan ematen den curriculuma eta erabiltzen diren materialak aztertuko ditu Udalbiltzaren Aldeko Hautetsien Irakaskuntza taldeak. Ondoren azterketa bat egingo dute eta hezkuntzako hainbat eragilerekin bateratu.

Nafarroako bide seinale elebidunak ez dira kenduko momentuz
Nafarroako Gobernuak abian jarri dun euskararen erabilera arautzeko onartu den Foru Dekreturen Ekintza Plana. Bertan hiru eremu zehaztendira: irudi korporatiboa eta instituzionala, hiritarrentzako zerbitzuak eta lanpostuetarako sarbidea. Lehenengo aldaketak bide seinaleetan egingo ditu. Hasieran seinale elebidun guztiak berehala kenduko zituela aditzera eman bazuen ere, azken adierazpenen arabera, aldaketak pixkanaka egingo dira. Dagoeneko jarrita dauden seinaleak bere horretan utziko dira, eta hemendik aurrera jartzen direnei aplikatuko zaie dekretu berria. Hau da, eremu mistoan, orain ez bezala, gaztelania hutsezko bide seinaleak ezarriko dira.
Foru Dekretuak eta neurri horrek erabateko gaitsezpena jaso dute Nafarroako gizarteko sektore sozial, politiko eta kulturaletatik. Eremu Euskalduneko 18 herritako alkateek eta Malerrekako Mankomunitateak "erabateko desadostasuna" erakutsi dute, eta euskararen normalizaziorako atzerapauso nabarmena dela azaldu dute. Oinarriak taldeak "euskararen kontrako gurutzadan azken urratsalarria" izan dela adierazi du, eta "Gobernuaren konfrontaziorako estrategia honi gizartearen ahotsa zentzuzkoa kontrajarri behar zaiola". Oinarriak plantaformak iaz aurkezturiko proposamena baliagarria dela aldarrikatu du eta euskararen ofizialtasuna dela konponbidea. Kontseiluak, bere aldetik, egoera honen aurrean neurriak hartuko dituela jakitera eman du. Horrela, txosten bat idatzi eta bidaliko du Europako Parlamentura eta UNESCOra Sanz Nafarroan egiten ari denaren berri izan dezaten.
EAren ustez UPNren jarrera eta jokaera euskararen aurkako "eritasun obsesiboan" oinarritzen da. IUren esanetan "UPNk euskararen normalkuntzaren aurrean duen fustrazioaren seinale da". ELA, LAB, EILAS, CGT, ESK eta EHNEk Gobernuak hartutako neurriak jurdikikoki aztertuko dituzte. Ez da ahaztu behar dekretu honen eragina ez dena administraziora mugatzen, gizarte osoara baizik.

Seaska eta Hezkuntza Ministeritzaren arteko negoziazioak ez dira bukatu
Oraindik ere luze iraungo dute Seaskaren eta Frantziako Hezkuntza Ministerioaren arteko negoziaketek. Azken bileren ostean, gauzak gehiago aztertzea hitzartu zuten.
Negoziazio hauetan Seaskaren eta euskal irakaskuntzaren geroa eztabaidatzen ari dira, betiere ikastolak publiko bihurtze aldera. Besteak beste puntu hauek dira eztabaidagai: ikastegien kudeaketa, Seaskaren lekua, irakasle elebidunen trebakuntza, frantsesaren lekua, metodo pedagogikoa eta eraikuntzak. Estatuaren proposamenaren arabera, ikastolak Hezkuntza Ministeritzaren ardurapean geldituko lirateke, eta Seaska "zenbait pedagogia eta eskolaz kanpoko aktibitateetako laguntzaile" gisa geldituko litzateke. Bestalde, eraikuntzen premia ere gogorarazi zien Seaskak Hezkuntza Ministeritzako arduradunei azken bileran.
Nahiz eta gauzak oraindik argitzeke eta erabakitzeke egon, giro lasaia eta lanerako modukoa somatu zuten Seaskako arduradunek azken bileran.
Bestalde Bai Euskarari hitzarmeneko konpromisoak hartzen ari dira Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako 213 sinatzaileak. Euskararen presentzia eta erabilera handitzeko helburu estrategikoak finkatu ondoren, orain horiek erdiesteko urratsak definituko dituzte. Bai Euskarari hitzarmenaren Jarraipen Batzordeko kideak sinatzaile guztiekin bilduko dira apirila bitartean. Sinatzaile bakoitzak betetzeko moduan izango den konpromisoak hartuko ditu. 213 sinatzaileak 10 sektoretan banatu dituzte eta horietako bakoitzaren beharren araberako proposamenak egin ditu aipatu batzordeak. Ondoren, sinatzaile bakoitzaren egoerari egokitutako proposamenak ere egin ditzute .Jarraipen Batzordetik proposamenen %35 betetzea eskatuko zaie bost urteko epean. Apirilaren hasieran egingo den batzar nagusian emango dute sinatzaile guztiek hartutako engaiamenduen berri.

Ikastolen Elkartearen Eleanitz Proiektua Europako hamar herrialdeetan erabiltzen dute, eta bertako 17 aditu hona etorri dira atzerriko hizkuntzen didaktikari buruzko mintegian parte hartzera.
Eleanitz programa duela hamar urte sortu zuen Ikastolen Elkarteak. Gaur egun Euskal Herriko 58 ikastoletako 15.000 ikasle daude proiektu horren barruan. Horrez gain, Alemania, Austria, Danimarka, Eslovakia, Espainia, Finlandia, Holanda, Hungaria, Irlanda eta Italiako 36 ikastetxetan erabiltzen dute. Herrialde horietan ingelesa, gaztelania, nederlandera, italiera eta irlandera irakasteko erabiltzen dute Eleanitz Proiektua.
Bertako adituak trebatzeko antolatu du aipatu mintegia Ikastolen Elkarteak. Materialak ezagutzeaz gain, hizkuntza ezberdinetan nola erabil dezaketen ikusteko aukera izan dute eta kultur testuinguru ezberdinetarako era baliagarria dela frogatu dute. Horrelako bilerak oso garrantzitsuak direla adierazi dute mintegira hurbildu diren aditu eta irakasleek, bakoitzaren esperientzia kulturala trukatzeko aukera ematen baitu. Horrez gain, programa honetako materiala berritzailea, irekia eta malgua dela azpimarratu dute, eta horrek aukera didaktiko handia ematen duela. Izan ere, edozein momentutan zerbait alda dakiokeen CD-ROMek irekitasuna ematen dute, eta gela barruan egin ahal diren ekimen didaktikoen aukera zabalago ere bai.