DECROLY, Ovide-Jean
Haren ekarpenik nagusiena gaur egungo eskoletan indarrean dauden oinarri teorikoak eta praktika pedagogikoak sartzean datza.
Decroly-ren oinarrizko ideia "Bizitzarako eta Bizitzaren bidezko Hezkuntza" da, haurraren beharrak kontuan hartzen dituen hezkuntza aktibo eta funtzional baten aldarrikapena, hain zuzen.
Ovide-Jean Decroly, 1871n Renaixen (Belgika) jaio eta 1932. urtean Bruselan hil zen sendagile, psikologo eta hezitzaile belgikarra, hezkuntza munduan klasiko bihurtu da.
Ganteko Unibertsitatean Medikuntza ikasketak egin zituen, 1896. urtean doktoregoko ezohiko saria eskuratu zuelarik. Geroago, Berlinen eta Parisen garuneko patologiari buruzko ikasketak eta ikerketak burutu zituen.
Bruselara itzulirik Glorieux Doktorearen poliklinika laguntzaile izendatu zuten. Lanpostu honetan bizi izandako esperientziek haur anormal eta atzeratuentzako hezkuntza erakunde bat sortzeko ondorioratara eraman zuten.
Hori dela eta, 1901ean "Hezkuntza Bereziko Institutua" sortu zuen. Bruselan kokaturiko eraikuntza honetan Decrolyk haur "irregularra" hezi eta aztertzen zuen, iraultza pedagogikoa hasteko asmoa zuelarik.
Haur mota horrekin izandako hezkuntza arrakasta dela-eta, eskarmentu horretan oinarritu zen ikasle arruntei zuzenduriko "L'Ermitage Eskola" sortzeko. Ikastetxe hori, "bizitzarako eta bizitzaren bidezko eskola" lemapean, Lehen Hezkuntza eskainiz 6 eta 12 urte bitarteko ikasleen heziketaz arduratu zen.
Nahiz eta I. Munduko Gerratearen ondorioz hezkuntza zerbitzu hori etenda gelditu, gudak sorturiko umezurtzei babesa eskaintzen jarraitu zuen Decrolyk. Horrela, 1905. urtean Bruselan bertan Umezurtzen Etxea ireki zuen, bertako lehendakari izan zelarik.
Urtebete beranduago Brabanteko Haur Elbarrientzako Institutuko zuzendari izendatu zuten, eta Britainia Handiko Justizia Ministerioaren eskutik Haurtzaro Delitugilerako aztertzaile bihurtu zen 1919an.
Nazioarteko gatazka bukatuta, Decrolyk sortutako metodo pedagogikoa bere estatu osoan zehar hedatu zen, eta Belgikako eskola publikoetan ofizialtasunez ezartzera iritsi zen.
Zeregin praktikoetan ez ezik unibertsitatean ere ikerketa eta irakas lanetan aritu zen. Hezkuntza Bereziari, Haurraren Psikologiari eta Hezkuntza eta Osasun Mediku-Psikologikoari buruzko gaiak irakatsi zituen.
1922. urtean EEBBetara joan eta Ameriketako mugimendu berriztatzailearen aitzindariekin harremanetan jarri zen, besteak beste, Deweyrekin eta Kilpatrickekin.
Garai hartan test psikologikoen eraikuntza arloan lan egiten zuten psikologoekin ere elkarlanean aritu zen, batez ere, Yerkesekin, Termanekin, Otisekin eta Kelleyrekin eta beste batzuekin.
Hego Ameriketan eta Espainian zehar bere ikusmolde berriak ezagutarazten ibili zen, bere metodoak zabalkunde handia eta jarraitzaile asko lortu zituelarik.
Berak idatzitako lana esklusiboki artikulu barreiatuetan datzanez gero, bere ideien eta metodoaren zabalkundea bere laguntzaileei sor diegu: H. Hamaiderri, G. Boomi, L. Dalhemi, Deschampsi eta E. Monchampi, hain zuzen; haiek izan baitira Decrolyk idatzitako testu eta artikuluen bilduma osatu eta liburu bihurturik argitaratzea posible egin dutenak.
Hezkuntza eta eskolari buruzko kontzeptualizazioa
Decrolyren ustez, irakaskuntzaren jasotzailea den ikaslea hezkuntzaren ardatza da eta ideia horrek bi aldagai ikastera eramaten du. Alde batetik, eskola eta bizitzaren arteko harremanak, eta beste aldetik, ikaslea hezkuntza behar anitz, berezi, indibidual eta bakarrak dituena dela.
Decrolyren eskoletako hezkuntza xedea haurra bizitzarako prestatzea da, bere bizitza indibidualerako nahiz bere gizarte bizitzarako.
Decrolyren pedagogiaren ekarpenik garrantzitsuenak"ideia elkartuak " eta"interesguneak" dira. Lehenengoei programa eta bigarrenei metodoa deitzen die.
Eskola tradizionalaren programak arbuiatzen ditu, haurraren interesak eta pentsamenduaren prozesua kontuan hartzen ez dituztelako eta irakaskuntzaren baliabide bakarra irakaslearen ahozko adierazpena delako.
Haurraren interes psikobiologikoa da arreta mantendu eta zuzendu eta adimenaren bereganatzea erregulatzen duena. Bere ustez, estatu guztietako haur guztien berezko interesak eskolatik kanpo daude, natura gizakien benetako hezitzailea delarik. Gizaki orok behar duena da gizartean bere aldaketei egokitu eta aurre egiteko modua emango dion ezagutza mota eskuratzea.
Horregatik, bere "ideia elkartu"en programak bi helburu nagusi ditu:
- Norbere burua edo berezko pertsonalitatea ezagutzea, eta ondorioz, bere beharrak, igurikapenak, xedeak eta idealak.
- Natura, hots, bizi eta menpekoa den ingurunea ezagutzea, bertan parte hartu behar baitu bere igurikapenak, beharra, xedeak eta idealak errealitate bihur daitezen.
Edukiei dagokienez, ezagutzaren pilaketa ez du puntu garrantzitsuenetzat jotzen, haiekiko interesa eta bereganatzeko trebeziak baizik. Gutxieneko ezagutza intelektuala momentuko eta etorkizuneko haurraren beharrak asetzeko beharrezkotzat jotzen diren edukiek osatzen dute. Ondorioz, haurraren oinarrizko beharretan funtsatutako programa -ideia elkartuak, eta gaur egungo terminologian edukien aukeraketa bezala ezagutzen duguna- diseinatzen du:
- Elikatze premia
- Naturaren ustegabeen aurkako borrokaren beharra
- Arriskuei eta etsaiei aurre egiteko beharra
- Lan egiteko beharra -hori sorrarazi egin behar da, aurreko premiak asetzeko nahitaezkoa baita-.
Haurraren behar horiek asetu ahal izateko ingurunearen aldagaiak lantzea proposatzen du:
- Ingurune naturala: 1) bizirik dagoena: abereak eta landareak
2) hila dagoena: mineralak, eguzkia eta astroak
- Giza ingurunea: 3) familia, eskola eta gizartea
Bereizten ditu: a) Inguruneak gizakiarengan duen eragin positiboa eta negatiboa
b) Gizakiak ingurunean duen eragina bere beharrak asetzeko.
Kulturaren programarekin batera tekniken lorpena -gaur egun prozedurazko edukiak deritzana- proposatzen du:
- Kalkulua
- Idazketa
- Irakurketa
- Eskulanak
- Marrazkia
Edukien denboralizazio eta sekuentziaketari dagokienez, "Ideia elkartu"en programa ha3-4 urteko ikasleekin lantzen has daiteke .
Eduki horien irakaskuntza-ikaskuntza ikasturtero errepikatzen da, gero eta modu zabalagoan eta zailtasun maila gero eta altuagoa izanik irakasgai ezberdinetan. Hau da ardatz nagusiak mantenduz, espiral antzera garatzen joaten dira .
Edukiak lantzeko moduari dagokionez, Decrolyk "ideia elkartu"en programaren interpretazioa baimentzen duen ariketa sail bat aurkezten du. Ariketa hauek ordena psikologiko batean kokatzen dira eta adimenaren prozesuaren ekintza ziklo bat osatzen dute, hurrengo hiru ariketa mota ezberdintzen direlarik:
- Behaketa ariketak: haurrak objektuekin, izakiekin, gertaerekin eta ekintzekin harreman zuzenean jartzeko helburua duten ariketak barneratzen ditu. Ukimenezko materialak eta zentzumenentzat eskuragarriak direnak erabiltzen dira.
- Elkarketa ariketak: errealitatearekin harreman zuzena ezinezkoa edo beharrezkoa ez den kasuetan lantzen dira. Material abstraktuagoak erabiltzen dira, hala nola, oroimenak, irudiak, testuak, e.a. ideia orokorretara iristeko asmoz.
- Adierazpen ariketak: norberaren pentsamendua beste gizakiekin konpartitzea baimentzen duten ariketak dira. Adierazpen zehatzetan marrazkia, modelaketa, eskulanak eta material ezberdinez egindako eraikuntzak barneratzen dira. Adierazpen abstraktuei dagokienez, irakurketa, elkarrizketa, idazmena eta kalkulua ditugu.
Eskolako lana"interesgune"en metodoaren bitartez garatzea proposatzen du, hau baita behaketa, elkarketa eta adierazpena estimulatzen dituena, kontuan izanik ikuspuntu psikologikotik edozein gertaera hiru ikuspegi ezberdinen bidez azter daitekeela.
Aurreko guztia printzipio orohartzaileak blaitzea planteatzen du. Izan ere, Decrolyk estrategia orohartzaileei egiten die erreferentzia. Metodo hau haurraren somaketaren eta pentsamenduaren prozesuen kontzeptualizazio gestaltikoan oinarritzen da, zeinak gizakia bere osotasunean hartzen duen.
Hala ere, irakurketaren irakaskuntzaren kasuan baino ez zuen printzipio honen aplikazio koherente eta zehaztua adierazi: esaldia hitza baino konkretuagoa da eta azken hau silaba baino abstraktuagoa. Beraz, ikaskuntza ordena esaldia-hitza-silaba-hizkia izanen da.
Decrolyk defendaturiko irakurketa-idazketa metodoaren aurrekiak Itardek eta Bournevillek haur "anormal"entzako asmaturiko eta geroago ikasle guztiekin aplikatutako metodoan aurki ditzakegu.
Metodo ideo-bisual, ideografiko edo begi naturala haurraren ezagutza psikologikoan oinarritzen da, hurrengo ezaugarri nagusiak dituelarik:
- Irakurketaren begi metodoa da. Ikusmena haurraren bizitzaren hasieratik gehien garatu den zentzumena da eta entzumenaren aurrekoa. Irakurmenak begi izaera du. Entzumena, berriz, zeharkako zentzumena da, landutako balioa izateko ahozko hizkuntzatik igaro behar baitu. Ikusmenak balio sintetiko edo orohartzailea duenez, hizkiz hiki joan gabe irakurketa arrunta baimendu du.
- Esaldi eta hitz osoaren erabilera. Ikaskuntzak sinpletik konposatura eta konkretutik abstrakturako printzipioei jarraitzen die. Sinpletzat hartuko dugu esaldi konkretua, haurrari esanahi erreal eta ezaguna adierazten diona -esaldia eta hitza-. Silaba eta hizkia, berriz, abstraktuak dira, analisi prozesu baten emaitza baitira. Horregatik, haurraren komunikazioa esaldi eta ideien bitartez gauzatzen da, eta ez silaba edota hizkien bidez.
- Interesak eta jolasak lagundutako errepikapena. Decrolyren irakurketa metodoa begi oroimenaren trebakuntzan oinarritzen da, ikaslearen begi irudien gordetze ordena hurrengoa delarik: irudiak-esaldiak-hitzak-hizkiak. Ondorioz, irakurketaren irakaskuntzaren metodoak etapa hauei jarraitzen die.
- Irakurketa interesgunearen programan oinarrituta dago eta irakaskuntza orohartzaileren bidez ikasitakoari aplikatzen zaio.
- Begi oroimenaren lanketa. Idazketa ikaskuntzari dagokionez, lehenengo urratsa haurraren berezko marrazkia eta modelaketa dira -hasieran hizkia itxuragabekoa izaten den arren, pixkanaka egoki bihurtzen joaten da-. Ondoren, arbelean idatzitako esaldiak begi-bistan gero eta epe laburragoetan utziz, ikasleak buruz kopiatu behar du, jarduera mota honetako helburua begi oroimena lantzea delarik.
Printzipio orohartzailearekin batera, Decrolyk hezkuntza jolasari garrantzi handia ematen dio. Jolasak ikaslearen berezko ekintzaren eta lanaren arteko zubia izateaz gain, lan jarduerarako ere prestatzen du. Horregatik, eta material egokia erabiltzen bada, balio handiko baliabide hezgarria bihur daiteke.
Decrolyk "hezkuntza jolasak" deritzanak eraiki zituen, zeinen hasierako helburua Hezkuntza Bereziko arloan aplikatzea izanik, Haur Hezkuntzan arrakasta handiz erabiltzen hasi ziren. Jolasak hiru multzotan sailkatu zituen:
- Zentzumenezko sumaketa eta gaitasun motorea garatzera bideratutakoak
- Ideia orokorren edo elkarte induktibo eta deduktiboen jolasak
-Propioki didaktikoak: aritmetika eta irakurketaren hasierakoak, hizkuntza eta gramatikaren ulermenezkoak eta denbora kontzeptuari dagozkionak.
Eskolaren antolaketari dagokionez, hurrengoak dira haren postulatuak:
- Eskolak naturarekin harreman zuzena izango duen ingurune batean kokaturik egon behar du.
- Aretoek tailerren eta laborategien antza izango dute.
- Eskolak adin eta sexu ezberdinetako ikasle kopuru txikia izango du.
- Ikastaldea ahal den homogeneoena izango da eta gehienez 20-25 ikaslek osatuko dute
-Ikasle atzeratuen kasuan ikastaldea 10-15 lagunek osatuko dute.
- Diziplina haurraren aktibitate eta lanaren ondorio da, eta ez geldotasunaren, pasibitatearen eta obedientziaren emaitza.
-Sariak eta zigorrak ekidin egin behar dira
- Irakaslea aktiboa, adimentsua, sormen handikoa, eta animalia, landare eta haurraren behaketarako prestua izango da. Haurra maite behar du.
Ebaluaketa dokumentuei dagokienez, Decrolyren eskoletan buletinak eta notak txostenek ordezkatzen dituzte, zeinetan ikaslearen egoera psikologikoari buruzko azterketa indibidual, zehatz eta osoa agertzen den.
Gaur egungo eskoletan isla
Decrolyren ikusmolde pedagogikoa eta berak proposaturiko neurriak, erabat berriak eta iraultzaileak izan zirenak bere garaian, Haur Hezkuntzan aritzen diren profesional eta adituek oso arruntzat hartzen dituzte. Horrek esan nahi du gaur egun Decrolyren pentsamenduak Haur Hezkuntza osoa blaitzen duela eta oso zaila gertatzen zaigula haren ekarpenik gabeko etapa honen hezkuntza irudikatzea. Are gehiago, hare metodoaren printzipio nagusiak Lehen eta Bigarren Hezkuntzan ere aplikatzen dira .
Hala ere, badago hark onartutako ideia bat eta gaur egun baztertuta duguna -teorikoki behintzat-: haur "hezgarri" eta "hezigaitz"en arteko bereizketa egitea erakunde ezberdinetan bananduz, hain zuzen. Ez zen gizartearen aparatuen izaera hautakorraz ezta eskolak ikasle talde homogeneoetan banatzeak sortzen dituen ondorio sozialez ohartu.
Bestalde, Decrolyrentza hezkuntza orokorra eta berezia bereiztezinak dira . Arrazoia d ez duela pedagogia orokorra eta bereziaren arteko ezberdintasunik azaltzen , hau da, haren postulatuak ez du inplikatzen haur batzuen eta besteen hezkuntzak printzipio ezberdinetan oinarritzen direnik; aitzitik, arrunta nahiz "patologikotzat" hartutako prozesu biologikoek lege berberei jarraitzen diete.
Bibliografia
Decrolyren lanak :
- DECROLY, O. (1903). "Paralysie pseudobulbaire chez l'enfant", in Policlinique, octobre.
- DECROLY, O. (1922). Hacia la escuela renovada. Una primera etapa. L.g.: La Lectura.
- DECROLY, O. (1929). Problemas de psicologÃa y pedagogÃa. Madril: Beltrán.
- DECROLY, O. (1934). El niño anormal. Madril: Beltrán.
- DECROLY, O. (1934). PsicologÃa aplicada a la educación. Madril: Beltrán.
- DECROLY, O. (1935). Estudios de psicogénesis. Madril: Beltrán.
- DECROLY, O. (1961). Introducción al método Decroly. Buenos Aires: Losada.
- DECROLY, O. (1968). "La función de globalización y su importancia", in LUZURIAGA. Ideas pedagógicas del Siglo XX. Buenos Aires: Losada.
- DECROLY, O. (1977). "La función de globalización y la enseñanza", in Madrisas (Haur Hezkuntzari buruzko aldizkaria), 35. zenbakia.
- DECROLY, O. eta BOON, G. (1965). Iniciación general al método Decroly. Buenos Aires: Losada.
- DECROLY, O. eta BOON, G. (1921). Vers l`école renové. Bruxelles: Office de publicité.
- DECROLY eta HENROTIN (1912). "Un cas d`insuffisance motrice", in Journal de Neurologie.
- DECROLY, O. eta MONCHAMP, E. (1928). Iniciación a la actividad intelectual y motriz por los juegos educativos. Madril: Beltrán.
- DECROLY, O. eta MONCHAMP, E. (1986). El juego educativo. Iniciación a la actividad intelectual y motriz. Madril: Morata.
- DECROLY eta VERMEYLEN (1921). "Semeiologie de l`affectivitié", in Bulletin de la Societé de Médicine Mentale.
Decrolyri buruzko lanak :
- BOON, G. (1926). Aplicación del método Decroly a la enseñanza primaria y a la instrucción obligatoria. Madril: Beltrán.
- GASTON, H. (zuzendaria) (1978). Educación nueva y mundo moderno. Bartzelona: Planeta.
- HAMIDE, H. (1930). El método Decroly. Madril: Beltrán.
- HAMIDE, H. (1922). Méthode Decroly. Paris: Delachaux et Nestle.
- RODRÃGUEZ, F. (1925). El método Decroly. Madril: Ikasketa Zabalkuntzarako eta Ikerketa Zientifikoetako Batzarra.
- VIOTTO, P. (1972). "Ovidio Decroly y los Centros de Interés" in Educación, (Hezkuntzari buruzko aldizkari latinoamerikarra), 91 zenbakia.