FLECHA, Ramon:
Alde batetik informazio gizarteari eta berak sortzen dituen beharrei eta erronkei buruzko azterketak aurkeztu dira. Bestetik, hezkuntza esparruan sor daitezkeen arazoei (eskola porrota, gatazken gehitzea...) aurre egiteko nazioartean dauden teoria eta praktikak izan dira hizpide. Eta azkenik, gaur egun hezkuntza esparruan sortzen ari diren gizarte aldaketei eta beren ondorioei buruzko eztabaidak burutu dira.
Unibertsitateko zenbait irakaslerekin batera hainbat ikastetxetako esperientziak ezagutzeko parada izan da, hots, Ikaskuntza Komunitateetako esperientziak.
Besteen artean, Ramon Flecha Bartzelonako Unibertsitateko irakasleak "Berdintasun heziketa informazioaren gizartean" gaia aurkeztu zuen. Informazioaren gizartearen ezaugarriak aintzat hartuta, hezkuntzak nolakoa izan behar duen aipatu zuen. Gauza nabaria da gizartea aldatzen ari dela, eta aldaketa horren aurrean Ikaskuntza Komunitateak garatzea ikusten du egokien berak.
Ikaskuntza Komunitatearen abiapuntua zera da: eskola porrota eta elkarbizitzako arazoak gainditzeko modu bakarra irakasleria, ikasleak, familiak, elkarteak eta komunitateko bolondresak elkarrekin lan egitea da. Pertsona horiek denek talde bat osatuz eta proiektu komun batean bilduz, geletan sartuko dira irakasleari laguntzeko. Horrekin lortzen dena da ikasleak eguneroko heziketa prozesutik ez baztertzea, beren ikaskuntza instrumentala indartzea, eta era berean, arazo horiek gainditzeko elkartasuna garatzea beraien artean.
Egun gizarteko hainbat sektore sozial baztertuta geratzen ari dira. Horren aurrean, eskolak ez du ikaskuntza instrumentalik. Ondorioz, baztertutako ikasleen artean maila oso baxua dago, eta ez dute nahikoa baloratzen eskola erakundea bera. Orduan, ez dira eskolara joaten edota diziplina mailako arazoak sortzen dira. Familiak beraiek ere ez daude motibatuak ikastetxean bertan burutzen denarekin.
Ikaskuntza Komunitateekin ikaskuntza instrumentala handiagotu nahi da, hau da, ikasle guztiek informazioaren gizarte horretan ezinbestekoa den guztia ikasi behar dutela onartzetik abiatzen dira. Adibidez, EAEn orain 10 urte dituzten haurrek eta 2020. urtean 30 izango dituztenek, euskara, gaztelania eta ingelesa menderatu beharko dituzte.
Zer egin daiteke, orduan, haur horiek guztiak biharko gizartean ezinbestekoak izango diren hiru hizkuntza horiek ikasten joan daitezen?
Horretarako, beharrezkoa da 20 bat ikasle dituen irakaslearekin batera beste hiru edo lau pertsona heldu izatea, hauek ere ikasleari beren ikaskuntza instrumental horretan lagunduko baitie. Modu horretan, familiek ikusten dute eskolan egiten denak zerbaitetarako balioko diela beren seme-alabei biharko egunean. Horrela, eskola errefusatzetik bertan parte-hartzera pasako dira, eskolan irakasten diren ikasgaien zenbait gaien inguruan interesa edukitzera iristen direlarik. Horrela, familia eta ikasleak batera ikasten duteneko prozesuak garatuko dira
Honek guztiak eskolari komunitate zentzua ematen dio, eta momentu honetan hori da hezkuntza sistemaren krisia gainditzeko bidea.
Oker ez banago, eskola komunitate bihurtzen da, eta komunitate horretan elkarrekintza sortzen da haur eta helduen artean.
Bai, hala da. Kontzeptu horiek guztiak gaurko Gizarte Zientzietatik jasotzen ditugunak dira, eta ez hezkuntzan aplikatu ohi diren teoria atzerakoietatik hartutakoak. Gaurko Gizarte Zientziak elkarrekintzan oinarritzen dira, dena guk besteekin daukagun elkarrekintzaren araberakoa dela azpimarratzen dute. Orduan, haurrak eskola porrota eta elkarbizitzako arazoak gaindi ditzan, beharrezkoa du pertsona helduekin elkarrekintzan egotea, eta pertsona heldu horiek berarekin ados egotea. Elkarrekintza horren pean dago informazioaren gizarteari dagokion ikaskuntza eta elkarrekintza hori bultzatuz ikaskuntza hobea lortuko da.
Teoria alde batera utziz eta zure esperientzian oinarrituz, zer ondorio ateratzen duzu Ikaskuntza Komunitateei dagokienean?
Nik ateratzen dudan lehenengo ondorioa zera da; Ikaskuntza Komunitate izenez ezagutzen ditugun horiek, izen horrekin edo beste batekin, asko zabaldu eta garatuko direla munduan zehar. Europar Batasunak dagoeneko aitortu du eskola porrota gainditzeko bide bakarra praktika mota hori dela, eta aldi berean, beste herrialdeetan praktika horiek aurrera eramateko bultzatzen ari da. Ziur nago, beraz, Europan horrelako milaka esperientzia aurkitzera iritsiko garela.
Entzun dugunez, esperientzia horiek oso emaitza onak izan dituzte.
Beste proiektu batzuen emaitza falta dela-eta, horrelako esperientzia batzuek emaitzak izatea beti da pozgarria, nik nahiko nituzkeen emaitzak ez badira ere. Gainera, administrazioak ere beren interesa jartzen ari dira proiektu horietan. Eusko Jaurlaritzak, esaterako, proiektu zehatz batean esku-hartu du. Bertan irakasle bat eskaini zaio institutu bati eta institutuak erabakiko du irakasle hori zailtasunak dituzten haurrekin utzi edota geletan sartu.
Dagoeneko badaude horrelako zenbait proiektu, zeinak administrazioaren baliabideekin ari diren aurrera eramaten.
Orduan, dirudienez, gobernua honen guztiaren jakinaren gainean dago.
Bai, momentu honetan gobernu guztiek dute proiektu horien berri. Gertatzen dena da gobernuak esperientzia horien atzean daudela, eta edozein modutara ere emaitzak ikusi nahi dituztela.
Hitzaldian batek baino gehiagok komentatu du aurrekontu falta dagoela. Gobernuak proiektu horien atzean egonda, nola da posible arazo hori egotea, ezin al da gainditu maila batean behintzat?
Lehenik eta behin, onartu behar da gobernuei esperientzia horiek interesatzen zaizkiela, egun hezkuntza momentu zailak igarotzen ari baita eta irtenbidea, hasiera batean, Ikaskuntza Komunitateak baitira. Nire ustez, beraz, gobernuak beren aurrekontuak jartzen ari dira. Aldiz, beste gauza bat da behar den aurrekontua edozein gobernuk hezkuntza mundura zuzentzen duen dirulaguntza baino askoz ere ere handiagoa dela. Horrekin esan nahi dudana da hasiera hutsean gaudela oraindik. Nire iritziz, Hezkuntzako Sailak, eta orokorrean gobernuek, aurrekontu horiek eskaini ahal izateko, lehenengo dirua eduki egin behar dute. Edukiz gero emango lukete. Hala ere, dirua emateko gizarteak kontzientziatua egon behar du, eta hori da benetako arazoa.
Nola kontzientzia dezakegu gizartea?
Bada, esperientzia horiez baliatuz. Esperientzia horien bitartez kontzientziatzen da gizartea. Arrazoi dute, alde batetik, aurrekontu falta dagoela esaten dutenean, baina bestetik, egia da hezkuntzaren hobekuntzarako gauza ugari egiten ari direla ere; esaterako, aipatu esperientzia horiek. Europan lehenengoz Euskadin hasi ziren, dagoeneko lau urte daramatzatelarik. Egun, Ingalaterran, Katalunian, eta abar ere antzeko praktikak egiten ari dira.
Euskadin, beraz, dagoeneko badago talde bat, Ikaskuntza Komunitateko lan talde bat, alegia. Prozesuak geldoa izan behar du, hasieran lau ikastetxerekin hasi ginen, eta pixkanaka 12ra pasako gara. Baina bat-batean lautik laurogeira pasatzea gauzak azkarregi egitea litzatekeela iruditzen zait. Askoz ere hobea da gauzak lasai eta patxadaz egitea.
Guk Ikaskuntza Komunitateen metodoa aplikatzen dugu eta gero ondoriak ikusten ditugu. Azken batean, guk sendatzen dugun metodoa aplikatzen dugu. Zenbat eta gehiago aplikatu, orduan eta gehiago sendatuko dugu.
Badaukazu beste esperientzia batzuren berri ala hauek bakarrik ezagutzen dituzu oraingoz?
Gure zentroa internazionalki lan egiten duena da, eta momentuz, asko bidaiatu badugu ere, esperientzia horiek bakarrik izan dira aurkitu ditugunak, ez dugu ikusi beste eredurik.
Ikaskuntza Komunitateak dira, orduan, alternatiba bakarrak egungo hezkuntza arazoei aurre egiteko eta informazioaren gizartera egokitzeko?
Momentuz bai. Hala ere, beste ereduren bat agertuko balitz eta egokia izango balitz, noski aplikatuko genukeela, horretara guztiz zabalik gaude. Baina, esan bezala, oraingoz esperientzia hauek soilik ezagutzen ditugu.