Nicaragua. Beste errealitate bat.

2001-03-01
HIK HASIk Takolo, Pirritx eta Porrotx pailazo taldearekin batera Nikaragura bidaiatu zuen urtarrilaren bukaeran. HONEK GKEren eskutik pailazoek hango haurrei eskaini zizkien saioak, eta HIK HASIk Nikaraguako irakaskuntzaren egoera ezagutzeaz gain, hango hainbat hezkuntza elkarte eta taldeetako kiderekin egoteko aukera izan zuen. Gure egoeratik urrun aurkitzen den errealitatearekin egin genuen topo. Hemengo eta hango hezkuntza egoera guztiz ezberdinak dira, eta hori egiaztatzeko aukera emango dizuete HIK HASI aldizkariaren zenbaki honek.
 
 
Nikaraguako irakaskuntza

Nikaragua Ertamerikako bost herrialdeetako bat da. Iparraldean Honduras du eta hegoaldean Costa Rica. 4 milioi biztanle ditu: %60 inguru hiritarra eta beste %40 inguru landatarra. Biztanleria horren erdia baino gehiago haurrak dira, hots, bi milioi eta erdi inguru eta horietatik milioi bat eskolatu gabe dago. Hau da, eskolara joateko adinean dauden haurren erdia ez da eskolara joaten.

Ikasturtea otsailean hasi eta abenduan bukatzen dute. Tartean Aste Santuko oporrak izaten dituzte eta uztailean beste hamabost egun. Aurtengo ikasturtean 1.347.000 haur eskolatu dira; 179.000 eskolaurrean, 848.000 Lehen Hezkuntzan eta 320.000 Bigarren Hezkuntzan. Baina beste 600.000 joan gabe gelditu dira. Horiei unibertsitatera sartu gabe gelditu diren beste 500.000 ikasle gehitu behar zaizkie. Datu horiek kontuan hartuta, gaur egun Nikaraguako eskolatze tasa %7,4koa da. Eskolatze adinean dagoen haur kopurua %8,85 igo den bitartean, matrikulazioa %7,64 igo da.

Okerrena zera da: Lehen Hezkuntzako haurren %45a ez dela Bigarren Hezkuntzara iristen. Horrez gain, urtero 130.000 haurrek baino gehiagok uzten diote eskolara joateari. Ikasketak hasten dituen %25a bakarrik iristen da 6. mailara. Eskola desertzioa izugarria da lanera joaten direlako, ekonomikoki familiari lagundu egin behar diotelako eta irakaskuntzaren doakotasuna ez delako hala praktikan.

Datu ofizialen arabera, 10 eta 19 urte bitarteko 160.000 haurrek egiten dute lan hiri eta herri guneetan. Aitzitik, datu extraofizialei jaramon eginez gero, kopuru hori 300.000ra igotzen da. Horietatik %33,7k 10 eta 14 urte bitarte ditu. Managuako merkatal guneetan, esaterako, lan baztertuak egiten dituzten haurren kopurua %200 igo da, batez beste egunero 7tik 12 ordura bitarte lan egiten dutelarik. Egoera honetan haur horiek jasaten dituzten tratu txarrak oso ohikoak dira.



Ikastetxe motak

Nikaraguan guztira 6.140 ikastetxe daude eta 30.000 irakasle dabiltza berauetan. Ikastetetxe gehienak esttuarenak dira, baina pribatuak ere badaude. Estatuko eskolen artean, ordea, batzuk autonomoak dira. Hauetan eskola kontseiluak zeregin eta parte-hartze handiagoa du. Hau da, Hezkuntza Ministeritzak legeak eta arauak jartzen ditu, baina hortik aurrerakoa gurasoen, irakasleen eta ikasleen esku gelditzen da. Esaterako, Hezkuntza Ministeritzatik dirua jasotzen dute, eta gero beraiek dira diru hori kudeatzen dutenak. Eredu honekin Hezkuntza Ministeritzak eskola kontseiluaren parte-hartzea bultzatzea du helburu, bere erabakiak ahal dituen gehien murriztuz eta ikastetxe bakoitzak bere erabakiak eta aldaketak egiteko malgutasuna ziurtatuz.

Dena dela, denak ez daude ados eredu honekin, askotan erabakiak zuzendarien esku gelditzen direlako, eta zenbait kasutan diru publikoa bidegabe erabili izan den kasuak gertatu dira. Hezkuntza Ministeritzak ikuskariak eta teknikoak bidaltzen ditu eskolaz eskola horrelako egoerak ekiditeko, baina benetako kontrola gurasoen eskuetan dagoela uste du, beraiek direla horrelako egoerak salatu eta moztu behar dituztenak eskola kontseiluaren bitartez.

Ikastetxeetan normalean hiru txanda egoten dira, hots, haurrak goizez, arratsaldez edota gauez joaten dira eskolara. Gelako ratioa 45 ikaslekoa da, baina sarritan 50 edo 60 haur biltzen dira gela bakar batean.



Irakaskuntza dohainik da, baina...

Legeak dioenari kasu eginez, irakaskuntza dohainik da maila guztietan; hasi eskolaurretik eta unibertsitatera arte. Eskolaurrean eta Lehen Hezkuntza ez dago ezer ordaindu beharrik, eta Bigarren Hezkuntzan ere ez. Dena dela, azken kasu honetan ikastetxeari borondatezko laguntza eman diezaiekete gurasoek, baina borondatezkoa.

Errealitateak, ordea, legeak dioena hainbat kasutan hautsi izan dela erakusten du. Gurasoek matrikula ordaintzen dute, eta horrez gain, eskolari laguntzeko diru kantitate bat eskatzen zaie. Borondatezkoa denez, nahi ez duenak ez dauka zertan ordaindurik. Baina ikastetxe askotan, ordaintzen ez badute, ikasleei ez dizkiete beren azterketen notak ematen. Beraz, irakaskuntza dohainik da, baina errealitatean besterik gertatzen da.

Bestalde, haurrek uniformea jantzita joan behar dute eskolara: blusa edo alkandora txuria, gona edo galtza urdin ilunak, galtzerdi txuriak eta zapata beltzak. Horietako zerbait falta baldin bazaie, eskolara joan gabe gelditzen dira. Hemen zaila suertatzen zaigu hori ulertzea, baina beraiek garrantzi handia ematen diote uniformearekin joateari. Uniformea haurrengan aberriko balioa sortzeko modu bat omen da, aberriarenganako maitasuna sortzeko modu bat. Ez da kasualitatea uniformearen koloreak Nikaraguako banderaren kolore berberak izatea.



Irakasleen egoera larria da

Nikaraguako irakasleen egoera ez da batere ona, batez ere ekonomikoki. Oinarrizko soldata ez da 710 kordobatara (70 dolar, 12.600 pezeta edo 504 libera) iristen zenbait irakasleren kasuan, eta diru hori justu-justu iristen zaie bizitzeko. Somoto herrian 26 urte lanean daramatzan Melba Luz Aguilera irakasleak dio soldata horrekin bere gastuen %60 ordaintzen duela. Managuako Ciudad Sandino auzoko Asentamiento Nueva Vidako estatuko eskolan dabilen Claudia Corea irakasleak bi urte daramatza bertan lanean eta beraien arazorik larriena soldata dela dio"Ni, adibidez, ezkongabea naiz, ez daukat haurrik, ikasten ari naiz eta izugarri kostatzen zait liburuak eta ikasteko materiala erostea. Ez zait iristen. Eta niri, ezkongabe eta ama izan gabe ez bazait iristen, ez dakit nola moldatzen diren besteak!".

Formakuntza aldetik ere gauzak ez daude oso erakargarri. Lana hobeto egin dezaten prestatzen dira irakasleak, baina ez profesionalki gehiago jakin dezaten.

Lan baldintzak oso txarrak dira, ikastetxeak oso egoera txarrean baitaude. Horrek bere eragina du irakasleengan zein ikasleengan. Horrez gain, lan hitzarmenaren arabera, egunean zortzi ordu egin behar dute lan, bost ikasleen aurrean eta beste hiru prestatzen. Ordu horiek talde edo maila ezberdinetako haurrekin pasatzen dituzte askok, eta horrek programa eta lan ezberdinak prestatzea dakar, hots, lana areagotzea.

Egoera horrek guztiak bere isla du irakasleengan. Ez dago motibaziorik irakasle izateko eta jendeak beste ikasketa batzuk egiten ditu unibertsitatean. Irakasle diren askok, berriz, beste zerbait ikasiko dutela diote, eta gazteek ere ez dute irakasle izan nahi. Egoera hori dela-eta, askok beste herrialdetara alde egiten dute eskolak ematera. Urtero 1.000-1.500 irakasle inguru dira beste herrialderen batera alde egiten dutenak edo beste lan batean hasten direnak. Irakasleek ez dute pizgarri ekonomikorik. Nikaraguako lanbiderik garrantzitsuena izan beharko lukeenarentzako pizgarrik ez dago. Melba Luzek dioenez,"sektore produktiboa ez garela erantzun izan digute. Gainera, gure herriaren baldintza ekonomikoak direla eta, soldatak ezin omen dira igo. Ez dago estimulurik, asetasun pertsonala baino ez. Badakigu gazteengatik lan ona egiten ari garela, beren lanbide profesionala garatzeko laguntzen ari garela eta horrek betetzen gaitu. Gurasoek ere gure lana aintzat hartzen dute. Hori da daukagun gogobetetze bakarra".



Managuako Ciudad Sandino auzoko egoera

Iritzi berekoak dira Asentamiento Nueva Vidako Claudia Corea eta Leonel Toruño irakasleak. Lehen aipatu bezala, Irakasle bi hauek Managuako Ciudad Sandino auzoko estatuko eskolan dabiltza lanean. Auzo hori orain dela 25 urte sortu zen, 1972ko lurrikararen ondoren jendea hara joan zenean. Geroztik, Juan urakanaren ondoren jende gehiago kokatu zuten bertan. Hondamen horien ondoren eratuz joan den auzoa da, beraz. Mitch urakanaren ondoren Managuako arrantzaleen auzoak urpean gelditu ziren eta hango 1.300 familia Ciudad Sandinora eraman zituzten. Haientzat etxebizitzak egiten hasi ziren eta gune hori da Asentamiento Nueva Vida.

Asentamentuan 9.000 haur inguru bizi direla kalkulatzen da. Bi eskola daude horientzat: estatuarena eta Redes de Solidaridad taldearena. Aipatu bi irakasleak estatuaren eskolan egiten dute lan eta ikasturtea hasi aurreko astean topatu genituen eskolan. Beno, eskola deitzerik baldin bazegoen. Izan ere, estalperik gabeko bi karpek osatzen zuten eskola; mahaiak elkarren gainean pilaturik zeuden, arbela erdi zintzilik, ez ate eta ez leihorik... Eta bi irakasleak han, eserita, haurrak matrikulatzera etorri zain, irribarrez, ilusioz eta gogoz beteta."650 haur matrikulatu dira goizeko txandan eta arratsaldekoan 500" esaten digu Leonel Toruñok."Normalean goizerako eskakizun handiagoa egoten da, arratsaldez lanera joaten baitira. Gobernuak asteburuan egingo du matrikulazio kanpainako jaialdia eta ea haur gehiago matrikulatzen diren, oraindik oso baxu baitago".

Ikasturte hasieran gela bakoitzean 60 haur izatera irits daitezkeela diote irakasle hauek, baina kurtso amaierarako 25-30 izango direla. Desertzioa %50 baino handiagoa da, gurasoek lan egitera behartzen dituztelako.

Ikasturte batean bi maila irakasten direla azaldu digute; uztailera arte bat eta uztailetik aurrera bestea"Orain arte ez zen horrela, baina eraldatze kurrikularra dela-eta aldatu da". Hala ere, irakasle hauentzat zailena maila ezberdina duten haurrak gela berean edukitzea da."Adibidez, 10 urteko ikasle batekin batera orain arte arkatzik eta kuadernorik hartu ez duen 18 urteko bat egon daiteke".

Askotan irakasle, psikologo, erizain, mediku eta guraso lana egin beharrean aurkitzen dira. Etxean falta duten afektibitatea eta berotasunaren bila joaten dira irakasleengana. Izan ere, auzo horretako arazo sozial larrienak familia nukleorik edo batasunik eza eta droga dira. Tratu txarrak eta familiako sexu abusuak ere jasaten dituzte. Beste askok gurasoen lana bere gain hartzen dute"Iaz 11 urteko mutiko bat neukan 2. mailan. Bere anaia txikiarekin etortzen zen amak kanpoan lan egiten zuelako eta gauera arte ez zelako itzultzen. Bada, mutiko hori arduratzen zen bere anaiaren garbiketaz, janariaz, arropaz...". Beste askotan haurrak gosaldu gabe joaten dira, eta urdaila hutsik edukita ezinezkoa da ikasketetan kontzentratzea.

Egoera gogorra izan arren, irakasle hauek pozik eta ilusioz beteta zeuden."Geure bokazioagatik jarraitzen dugu aurrera. Haurrei laguntzeak aurrera jarraitzeko indarra ematen digu. Oso polita da haurrek zuri irribarre egitea eta asko maite zaituztela entzutea".

Irakasle hauen helburua haurrek ikastea eta maitatuak sentitzea da."Jakin dezatela benetan maitasuna ematen dien pertsona bat ondoan dutela, bere afektibitatea senti dezatela eta kontura daitezela daukan hoberena erakustera datorkiela. Dauzkaten krisietatik atera daitezkeela erakutsi behar zaie".



Asentamiento Nueva Vidako beste ikuspegi bat

Aipatu dugun bezala, Asentamiento Nueva Vida azken bi urte hauetan sortu den Ciudad Sandino auzoko zati bat da. Asentamentu hau Redes de Solidaridad taldeak eraiki du eta hiru ardatz izan ditu bere lanak: azpiegituraren eraikitzea (etxebizitzak eta zerbitzu minimoak), hezkuntza eta lanpostuen sorrera. Prozesu horren hasieratik dabil bertan lanean Cristina Sanz lekaime olitearra eta berak eman digu egin duten lanaren berri.

Bi urte hauetan 400 etxebizitza eraiki dituzte eta enpresa txikiak sortu ere bai jendeari lana emateko: okindegia, bloke fabrika, denda eta josteko tailerra. Mediku zerbitzu bat ere eskaintzen dute eta eskola eta jangela ere badituzte. Alde batetik haurtzaindegia dago, ama asko lanera joaten direnez, haurrak hor uzteko aukera izan dezaten. Eta bestetik, eskolan Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailak, eta idazten eta irakurtzen ez dakiten adin ezberdinetako haurrentzako gela berezia daude. Guztira 15 irakasle inguru daude eskolara joaten diren 200 haurrekin.

Eskola izango den beste eraikin bat egiten ari dira eta hurrengo urteetan haur eta maila gehiago izango dituzten esperantza daukate. Arazoa, ordea, finantziazioa da. Cristinak argitu digunez,"eskolarentzako finantziazio ofizialik ez daukagu eta horrek kezkatzen gaitu. Hau guztia hainbat instituzio eta proiekturen laguntzarekin eraiki da eta horiekin mantentzen dugu. Gobernuak ez du ezertxo ere egin, nahiz eta kaleak "Obras, no palabras" kartelekin josi. Jasotzen diren laguntzak ez dira betirako izaten. Mitchen momentua pasa egiten da eta nola eutsi ondoren? Horregatik, Hezkuntza Ministeritzaren finantziazioa beharko genuke".

Nueva Vidan 9.000 haur bizi dira eta eskola honetara 200 bakarrik joaten dira. Kopuru eskasa da, baina Cristinak finko baiezten du arazoak ezin direla globaltasunean konpondu."Hori ezinezkoa da; zati bat hartu eta hori aldatzen saiatu behar da, eta gu horretan ari gara".

Eskola bat irekitzen denean lehentasuna ez da edukiak eta ikasgaiak irakastea, hori askoz ere beranduagoko gauza da."Hemen 9.000 haur zeuden egun osoz kalean, euritan, hautsez beteta, elikatu gabe... Horri erantzun bat emateko sortu genuen eskola. Horri erantzunik ematen ez badiogu, ez gara ezer humanitarioa egiten ari. Ez bagara zerbait hezitzailea eskaintzen hasten balioak alda daitezen, Nikaragua ez da pobreziatik aterako, baldin eta noizbait ateratzen bada".

Dena dela, zaila da jendea kontzientziatzea eta gurasoak motibatzea haurrak eskolara bildal ditzaten."Nikaraguan familiak hain daude desegituratuak, non haurren egonkortasunari ez dion batere mesederik egiten. Eta pobreziak berak sortzen dituen faktoreez gain, badaude kulturalak direnak ere".

Teorian ez dago gutxietsia hezkuntzaren balioa, baina praktikan batere zaindu gabe dagoela dio Cristinak."Teorian inork ezin du esan hezkuntza baloratzen ez duenik. Baina familiek bizirauteari eta jateari ematen diote lehentasuna. Horretarako haur askok lana egin behar du; eskolan zerbait ordaindu behar badute ez dituzte bidaltzen; jendea motibaziorik gabe eta zeharo utzita dago".

Nikaraguarra ez den pertsona batek hango egoera eta etorkizuna nola ikusten dituen galdetu diogu Cristinari. Nikaraguak atzerriko laguntza asko jaso duela erantzun digu, diru gehien jasotzen duen herrialdeetako bat dela, eta horrek zera ekarri duela: jendea norbait laguntzera etorri zain egotea"Eskatzera oso ohituta daude; gobernuren bat, GKEren bat... etorriko dela pentsatzen dute, eta horrek ez du batere lagundu gauzak zaintzeko, kezkatzeko... Horretan sandinistek kulpa badute eta onartzen dute. Bere garaian asko eman zuten, baina legislatura onik gabe, eta ondoren arazoak sortu ziren gobernu aldaketarekin. Horregatik, guk ez diegu ezertxo ere ematen dohainik. Besterik ez bada ere, kordobatxo bat ordaintzen dute, nolabait kolaboratu egiten dute horrela. Esfortzurik eskatu gabe ematea ez da batere hezitzailea".

Egoera honen guztiaren gaineko hausnarketa egin ostean, Cristinak uste du iraultzarekin lortu zen elkartasunaren kultura asko galdu dela eta Nikaraguak berreraikitze oso sakona behar duela.





LUZ AGUILERA, Melba: "Frente Sandinistak irabazita eta bake

egoeran, lehentasuna hezkuntzak izango du"




CGTEN-ANDEN (Confederación General de Trabajadores de la Educación de Nicaragua) da Nikaraguako irakasleen sindikatu nagusiena. 1978an sortu zen, oraindik Somoza agintean zegoenean, eta hasiera hartatik gaurdaino ibili da Melba Luz Aguilera sindikatuan. Era berean, 26 urte daramatza irakasle lanetan. Ongi ezagutzen ditu Nikaraguako irakaskuntzaren lehenaldia eta oraina, eman diren aurrerapausoak eta atzerapausoak.





Zein asmo edo helbururekin sortu zen sindikatua?

Helburua irakasleak biltzea eta sandinistak boterera iristeko aukeraren aurrean prestatzea zen. Hasieran erdi klandestinitatean sortu zen. Izan ere, Somozaren garaian irakasle sindikatu independienteak desagertarazi egin ziren. Managuan 1978an egin zen lehen asanblada eta sindikatua juridikoki sortua gelditu zen. Departamentu ia guztietan sortu ziren taldeak sindikatuak hedadura nazionala izan zezan. Ni neu Somoton nengoen eta egon naiz, Madriz departamentuan.



Zein antolaketa dauka CGTEN-ANDENek?

Zuzendaritza taldea dauka zortzi kiderekin. Federazio bat da eta departamentuetako herri guztietako taldeek osatzen dute federazioa.



Sindikatuaren sorreratik zaude bertan eta urte asko daramazu iraskuntzan. Egingo al zeniguke irakaskuntzaren eboluzioaren balorazioa?

Urte hauetan Nikaraguak etapa ezberdinak bizi izan ditu. Laburutz, 1937-1979 urteetan Somozaren diktadura bizi izan genuen. Somozaren erorketaren ondoren, Frente Sandinista jarri zen boterean, 1979-1990 bitartean. 1982-1989 bitartean gerra garaia bizi izan genuen Frente Sandinista eta Erresistentziaren artean. 1989an hauteskundeak egin ziren eta sandinistek galdu eta Violeta Chamorrok irabazi zuen. 1990-1997 bitartean egon zen boterean eta urte hartako hauteskundeen ondotik Alianza Liberal alderdiko Arnoldo Aleman jarri zen presidente. Aurtengo azaroan egingo dira berriz hauteskundeak.

Ni Somozaren diktaduraren garaian hasi nintzen lanean, nekazal gunean, eta eskakizunak ez ziren asko. Irakasleak askatasuna zeukan ikasleen beharren arabera lan egiteko. Hasi berria nintzenez, ikuskaria noiz etorriko zain nengoen, baina ez ziren etorri. Bilerak egiten genituen, baina orientazio orokorrak emateko, formakuntzarik ez zegoen. Irakasleak lana egiteko askatasuna zeukala sentitu nuen. Baina zergatik zegoen askatasun hori? Gobernuaren interes ezagatik, batez ere. Garai hartan eskolatze indizea oso baxua zen, komunitate askotan ez zegoen eskolarik eta ez zegoen interesik hezkuntza masifikatzeko.

1979 iraultza sandinistak irabazi zuen. Momentu hartan analfabetismoa izugarria zen, %52,9. Sandinistekin alfabetatzeko gurutzada nazionala hasi zen, eta nik departamentuko aholkulari tekniko bezala hartu nuen parte. Herritar zibilak eta denak inplikatu ziren, izugarrizko lana egin zen, eta analfabetismoa %12,9ra jaitsi zen.

Gero Helduen Hezkuntzarako Ministeritza ordeko egiturak antolatu ziren eta nik departamentuan jarraitu nuen lan hori egiten. Jendearen alfabetatzearekin jarraitu genuen eta Helduen Hezkuntzan 6. mailara iritsi ginen. Gaur egun Helduen Hezkuntza hartan ikasitako jendea INPRUN (Instituto de Promoción Humana) eta beste hainbat elkartetan ari da lanean. Emaitzak hor ikusi ziren.

Haurren eskolatzea ere gehitu egin zen sandinistekin. Eskola asko ireki ziren, ezagutzen ez ziren komunitateetan eta dena. Jendearen partaidetza oso dinamikoa izan zen, eta irakasleena ere bai. Nahiz eta hezkuntza asko politizatu, irakasleek edukietan parte hartzen zuten, konstituzioak eskubide hori onartzen baitu. Horrela, irakasleak aktibo ziren; lan egiteko autonomia nahikoa zegoen. Ildo horretatik, egileen kolektiboak eratu ziren; esperientzia askoko irakasle taldeak ziren, gure herrialdeko komunitateen errealitatea ondo ezagutzen zutenak, eta beraiek osatu zituzten edukiak. Irakasle eta ikasleei ere materialak eskura jarri zitzaizkien. Horrez gain, ikasleak analitikoago bihurtu ziren, ikasketa dinamika edo metodologia ikaslea partaide izatea zen, eta irakaslea orientatzaile baino ez. Emaitza oso onak lortu ziren.

Gero, gerraren eraginez, gauzak aldatu egin ziren. Herri irakasle asko (horrela deitzen genien guk) hil egin ziren. Eskola asko hutsik gelditu ziren. Irakasle eta ikasle gazte asko erretserbara eramanak izan ziren eta programa eroriz joan zen. Horrela, gerraren ondoren eta hauteskundeak egin eta gero, Violeta Chamorro jarri zen gobernuan eta gauzak aldatu egin ziren. Guretzat arrotzak ziren edukiak ezarri ziren, Kolonbiako testuliburuak dezente erabili baitziren. Adibidez, Nikaraguan "medicina" hitza erabiltzen da eta Kolonbian "droga". Ondorioz, testuliburuetan gure lexikoa distortsionatzen zen. Hori gure errealitateari ez zegokiola adierazi genuen irakasleok, baina alferrikakoa izan zen. Geroztik irakasleok ez dugu parte hartzen edukiak egiterakoan, liburu guztiak kanpotik datoz eta hori bete behar da.



Ezarri al zen kontrolik liburu horiek erabil zutezen eta eduki haiek irakats zitezen?

Zuzendariek klaseak gainbegiratzen zituzten, baina zenbat ikasle etortzen ziren eta zenbat ez kontrolatzen zuten batez ere, ez zer irakasten zen. Edukiak irakaslearen eskuetan gelditzen zirela esan daiteke. Doña Violeta boterean jarri zenean guk irakasleei esan genien kanpoko eduki berriei jarraitzen bagenien ikasleak robotizatuko genituela, eta ordura arte bezala jarraitu behar genuela lanean. Batzuk lehengo geure bideari jarraitu diogu, eta beste batzuk ez.



Etorkizunera begira, nola ikusten duzu Nikaraguako irakaskuntza?

Eskolatze indizea jaitsi egin da eta guraso gehienek ez daukate haurrak mantentzeko adina. Boterera berriz Frente Sandinista iristen denean egoera aldatu egingo den esperantza daukagu guk. Frenteak irabazita eta bake egoeran, lehentasuna hezkuntzak izango du. Berriz ere alfabetatze gurutzadari ekingo genioke. Beste helburu bat gazteak ikasten jarrai dezaten da, profesionalizatzea. Orain nekez prestatzen dira gazteak eta prestatzen direnak Managuara joaten dira. Hori aldatu egin behar da eta aldaketa hori sandinistekin etorriko da.





Somotoko Quinchoak

Somoto herria Nikaragua iparraldean dago, Madriz departamentuan. Han Quinchoak izeneko eguneko aterpetxe bat dago egoera larrian eta beharrean dauden haurrentzat.

Sandinistek iraultzaren ondoren Nikaragua osoan ireki zituzten izen bereko zentroak, baina 90. hamarkadan isten joan ziren Violeta Chamorroren gobernuarekin. Somotokoa, ordea, 1995ean berriro ireki zen Euskal Herriko udaletxeetatik jasotako dirulaguntzari eta HONEK GKEren lanari esker. Gaur egun ere laguntza horiei esker jarraitzen du irekita.

Zentro edo aterpetxe honetara 60 haur inguru joaten dira egunero eta hainbat zerbitzu jasotzen dituzte: altuera eta pisuaren kontrola egiten zaie, haurren hazkunde egokia bultzatzen duen elikadura egokia ematen zaie, arreta pertsonalizatua eskaintzen zaie, eskola errefortzuko klaseak antolatzen dira, haurren formakuntza integralean lagungarri diren aktibitateak egiten dira, eta aroztegia eta josteko tailerra daude.

Eskolara goizez joaten diren haurrak arratsaldez joaten dira Quinchoetara, eta eskolara arratsaldez joaten direnak goizez. 8-16 urte bitarteko haurrak biltzen dira Quinchoetan. Eta horiekin guztiekin lana egiteko zazpi pertsona daude. Doña Moncha Martinez sukaldaria da eta bere lanari garrantzi handia ematen diote."Quinchoetara etortzen diren haurrak ondo elikatuta egotea nahi dugu. Ez dute egunero gauza bera jaten, elikadura orekatua da. Izan ere, batzuk etxean ongi jaten dute, baina beste batzuk ez, baliabide urriko haurrak baitira. Horregatik, guk esnea, zukuak, fruta, ogia... elikatzen duten jakiak ematen dizkiegu. Eta hori guztiz garrantzitsua da, beren elikaduraren araberako errendimendua erakutsiko dutelako eskolan".

Doña Teresa Martínez zuzendariak dioenez, haurren arteko harremana asko lantzen dute."Etxean bezala sentitzen dira, elkarri laguntzen diote eta elkar maitatzen dute. Elkarri arropa garbitu edo josten diote; batek bestea orrazten edo garbitzen du.... Gure helburua da haurrek hori guztia ikastea eta ikasitakoa amei eta anai-arrebei erakustea".



Takolo, Pirritx eta Porrotx pailazo taldearen kolaborazioa

Takolo, Pirritx eta Porrotx pailazo taldeak iaz bi saio egin zituen Euskal Herrian Somotoko Quinchoen alde. Saioan bildutakoarekin eta jendeak kontu korrontean sartutako diruarekin milioitik gora pezeta lortu ziren. Eta orain, laguntza horri jarraipena emango diote.

HONEK GKEren bitartez Nikaraguara bidaiatu dute eta hango haurrei "Parrandan" ikuskizun berria eskaini diete. Guztira bederatzi saio egin dituzte zazpi egunetan; Nikaragua iparraldeko herri eta komunitate urrunduetan zein Managua hiriburuan; milaka kilometro egin dituzte kamioi batean traste guztiak hartuta; kolore biziz jantzi dituzte herrietako plazak eta aretoak; irribarrez utzi dituzte haur zein gurasoak; dantzan jarri dituzte "chiguinak"; 1.000 sudur gorri banatu dituzte; eta harreman zuzena izan dute nikaraguarrekin.

Hartu-eman horretan eman adina jaso dute: hango haurren erantzuna, begirada, irribarrea, abestiak, jolasak, dantzak, ohiturak, kultura... Bestalde, Managuan "Guachipilin" txotxongilo taldearekin eta beste pailazo eta artistekin biltzeko parada izan zuten, eta material ugari ekarri dute: kantak, bideoak eta abar.

Horrekin guztiarekin hurrengo ikuskizun berria prestatzeko asmoa dute. Hango kantak euskaratuko dituzte eta Nikaraguari buruzko ikuskizuna egingo dute. Era berean, hango haurren bizimoduari buruzko bideo didaktikoa eta komiki bat egin nahi dituzte. Xedea hemengo jendeari modu apalean hango kulturaren berri ematea da, eta baita Quinchoentzako laguntza ekonomikoa lortzea ere.



Los Pipitos:

haur ezinduen alde lanean diharduen elkartea




Los Pipitos izena oso ezaguna da Nikaraguan. Haur Minusbalia-tuen Guraso eta Familien Elkartea da. 1987an sortu zuten 21 gurasok eta gaur egun Nikaraguako 40 herritako 10.000 familia dira elkarteko kide. Elkartearen bulego zentrala Managuan baldin badago ere, 40 herritan kapituluak daude, hots, herrietako bulego txikiak. Guztietan Down sindromea, burmuin elbarritasuna, burmuin atzerapena eta entzumen eta hizkuntza arazoak dituzten haurrei egokitutako zerbitzuak ematen zaizkie.

Elkarteak hiru helburu nagusi ditu:

1- Minusbaliatuak edo urritasunak dituzten seme-alaben gurasoak eta familiakoak biltzea euren esperientziak elkartrukatzeko, euren arazoak ulertzeko eta denen artean irtenbideak bilatzeko. Betiere helburua seme-alaba horientzat ahalik eta garapen gehien lortzea da, eta bizitzako arloetan erabat integratzea: sozio-afektiboan, hezkuntzan, lan munduan, ekonomikoan, kulturalean eta kirolean.

2- Minusbaliei aurre egiteko, garapeneko aldaketak goiz antzemateko eta familian hezkuntza goiztiarra garatzeko iniziatibak eta ekintzak antolatzea eta bultzatzea.

3- Gizartea sentsibilizatzea, heztea eta konprometitzea minusbaliak, urritasunak edo mugak dituzten pertsonak integratzeko erantzukizuna har dezaten.

Helburu horiek lortzeko bidean, hainbat ekintza burutzen ditu Los Pipitos elkarteak, eta guztiak bost eremutan laburbildu genitzake:

1- Minusbaliatuekin eta urritasunak dituzten pertsonekin bizi diren guraso eta familiakoei zuzendutako lanak egiten ditu.

2- Minusbalia, urritasun edota atzerapenak dituzten haurrentzako Osasun eta Hezkuntza zerbitzuak eskaintzen ditu.

3- Sentsibizazioa eta gizarte integrazioa bultzatzeko ekimenak antolatzen dira.

4- Formakuntzarako eta lan mundurako alternatibak bultzatu eta kudeatzen dira.

5- Elkartearen garapena eta iraunkortasuna bermatzeko ekimenak egiten dira.



"Eskola eredua, denontzako eskolak" proiektua

Nikaraguan osoan gutxi gorabehera 3.900 haur ezindu daude, eta ez dago horiei erantzuteko prestatua dagoen ikastetxerik. Hezkuntza Bereziko 17 zentro daude, baina ongi antolatu gabe daude eta ez daukate indar handirik. Gainera, 4.000 haur inguru horietara ez ezik, zentro normaletara joaten dira, eta dauzkaten baldintzak ez dira egokiak, inolaz ere. Hezkuntza sistema haur horiei erantzuteko prestatau gabe dago.

Horregatik, Los Pipitosek "eskola ereduak, denontzako eskolak" proiektua jarri zuen abian duela hiru urte. Guillermo Gosebruch elkarteko idazkari exekutiboak azaldu digunez,"eskola hauekin haur ezinduentzako eskola eredu bat eratu nahi dugu, ondoren Hezkuntza Ministeritzari erakutsi ahal izateko". Lau eskola dituzte eta beraietan haur horiekin lana egiteko prestatuta dauden irakasleak daude. Azpiegitura ere beharrei egokituta dago. Ezintasunen inguruko kezkak, beharrak, legeak, giza eskubideak eta abar etengabe aztertzen dira zentro horietan.

Ikastetxe horiek aurrera ateratzea erronka handia da Los Pipitos elkartearentzat, baina Gosebruchek beste erronak bat ere azpimarratu digu: minusbaliatu nerabeei erantzutea."14 urte hauetan haurrekin jardun gara lanean, eta hasieratik gurekin egon diren haurrek 15-18 urte dituzte dagoeneko. Adin horretako gazteentzat ez dugula ezer egin konturatu gara. Hezkuntza Berezia 16 urterekin bukatzen da, gaztea etxera itzultzen da, eta kitto" esplikatzen du Gosebruchek."Horregatik, Institutu Teknologikoarekin akordio bat egin nahian gabiltza. Beraiek ezintasunentzat egokitutako mintegi bat daukate, eta gazte horiek han nola integratu aztertzen ari gara".



Nikaraguako

egoera soziala


Hezkuntza arloko egoeratik abiatu bagara ere, hezkuntza ez dago gizartetik at. Egoera ekonomikoak, politikoak, sozialak eta abarrek eragin zuzena dute, hori bistakoa da.

Arlo bateko zein besteko egoera aldatzeko lanean ari diren elkarte edota taldeak ugari dira Nikaraguan. Horietako bi CISAS eta NITCA dira. Gizarteko bizi baldintzak aldatzea dute helburu biek, eta batez ere haurrenak.



CISAS: osasun eskubidea bermatu nahian

CISAS (Centor de Información y Servicios de Asesoria en Salud) Gobernuz Kanpoko Erakunde nazionala da. Gaixotasunen prebentzioan egiten du lan, osasuna pertsona guztien eskubidea dela pentsatzen dutelako. Diana Brooks CISASeko hezitzaileetako batek adierazi digunez"osasunaren inguruko ezagutza dezentralizatu behar dugu. Pertsonak kontziente egin behar ditugu osasuna eskubidea dela eta osasun hori mantentzeko ahal dutena egin behar dutela".

Intentzio horrekin egiten dute lan CISAS erakundeko hezitzaileek hainbat komunitateetan haurrekin, nerabeekin, emakumeekin eta gizonekin. Komunitateko kideei euren arazoak detektatzen laguntzen diete eta ondoren horiei irtenbideak bilatzen. Horretarako, bertako hainbat eragile formatzen dituzte, gero horiek izaten direlako komunitateko aktibitateak bultzatzen dituztenak."Ezagutza demokratizatzeaz ari bagara, beraien osasunaren erantzuleak direla eta zerbait egin dezaketela esaten ari bagara, erabakitzeko aukera eta espazioa eman behar diegu. Horregatik uzten dugu eragileen ardurapean"dio Brooksek. "Oso garrantzitsua da lana beraiek egin behar dutela konturatzea. Guk laguntza ematen diegu eta horrela ezagutza eta jakintza eskuratzen dute. Horrek aukera emango die beraien lanarekin jarraitzeko gu ez gaudenean".



Haurrentzat º"Niño a Niño" metodologia

Esan bezala, komunitate horietako haur, gazte, emakume eta gizonekin egiten dute lan. Haurrei dagokienez, "Niño a Niño" metodologia erabiltzen dutela adierazi digu Brooksek. 1977an sortu zen lan egiteko modu hau 70 herrialde baino gehiagotan zabaldua dago eta Nikaraguan 1980an hasi ziren erabiltzen. Metodologia horren oinarria da haurrei espazio bat ematea hitz egin dezaten, parte har dezaten, jakintzarako eskubidea izaten dezaten eta ekarpenak egin ditzaten. Horretarako, lau pauso ematen dituzte:

1- Aztertu: haurrek diagnostiko bat egiten dute komunitatean eta familian dituzten zailtasunak eta arazoak zein diren jakiteko.

2- Arazo horien zergatia eta ondorioak zein diren ikusten da.

3- Komunitatera egokitutako plana egin eta exekutatzen dute.

4- Ebaluaketa egiten da zer eta nola egin den ikusteko eta berriz ere aztertzeko.



"Niño a Niño"ren xedea da haurrak kontziente egitea lanaren fruituak ikusteko eman behar dituzten lau pauso horietaz. Hori posible izan dadin hiru modutara prestatzen dituzte haurrak:

1- Jakintza ematen diete: zer den CISAS erakundea, zer den eragilea, nola eskaini lehen sorospenak, teknika parte-hartzaileak (txotxongiloak, pailazoak, eskulanak, ipuinak...).

2- Proiektuak egiten hasten dira. Haurren ikuspegitik proiektu txikiak nola egin ikasten dute.

3- Independentzia lortzen dute. Hasitako lana beraiek jarrai dezakete eta CISASekoek aholkatu baino ez diete egiten. Hilean bi aldiz joaten dira, eta gainontzekoa beraiek egiten dute, hots, beraiek ateratzen dute aurrera lan plangintza osoa.

CISASekoek haur seguruak nahi dituzte, esperantzak eta ametsak dituztenak, solidarioak, elkarri errespetua diotenak, beraien komunitatea maitatzen dutenak, natura eta ingurunea maitatzen dutenak, elkar maitatzen dutenak... eta hori guztia pausoz pauso lortu behar da. Denbora eskatzen du, baina haurrak aldatzen ari direla ikusten ari dira, iniziatiba hartzen ari dira eta hori da garrantzitsuena.



NITCA: kaleko haur langileen egoera hobetu nahian

NITCA (Niños Trabajadores de la Calle) erakundeak kaleko haur langileekin egiten du lan. Haur horiek dituzten osasun eta heziketa arazoak gutxitzeko proiektuak bultzatzen dituzte. Momentuz komunitate batean ari dira; Managuako kanpoaldean dagoen batean. Komunitate horretan nekazal guneetatik etorritako jende asko bizi da eta langabezia arazoa izugarri da.

Proiektua abiatzeko komunitate horretako haur, gazte, emakume eta gizonekin bildu ziren eta zein arazo, behar eta muga zeuzkaten aztertu zuten denen artean. Gauza asko atera ziren eta botaketa baten ondoren haurrentzako jangelari, osasunari ea hezkuntzari eman zitzaien lehentasuna. Momentu honetan 85 haur elikatzen dira eraikitako jangelan. Amak dira janaria prestatzen dutenak eta euren inplikazioa handia da.

Inplikazio hori lortzea ezinbestekoa dela irizten du Fidel Moreira NITCAko kideak."Garapena eta aldaketak lortzeko beraiek garatuko dituzten iniziatibak bilatu behar dira, bestela ez dute sekula gaitasunik edukiko beren garapena aurrera eramateko. Noski, ez da egun batetik bestera lortuko, indibiduoari bere aldaketa propioa egin dezan segurtasuna ematen zaionean baizik . Gure proiektuak benetako arrakasta lortuko du "agur, prest gaude" esaten badigute".

Horretara iristeko bidea oztopoz beteta dago, ordea. Lan hori zaildu egiten du familiek bizi duten egoerak. Lehentasuna bizirautea da eta arazo ugari dituzte: haur asko dituzte, ama ezkongabe ugari dago, ez dute zortzi orduko lanik, goizean atera eta gauean iristen dira etxera, hiriguneetako pobrezia areagotu egin da nekazal guneetako migrazioengatik, ez dago elkarbizitzarik beraien artean... Moreirak dioenez"Hegoamerikako herrialdeetan orain dela 30 urte gertatutakoa orain ari gara pairatzen Nikaraguan. Gainera, eraldaketa hori globalizazioaren garaian gertatzen ari da, eta horrek ere eragiten du. Denok ikusi ditugu hemendik 5, 6, 10 edo 15 urtera Nikaragua nola egongo den agertzen duten datu estatistikoak, eta gobernuak kasurik egiten ez badie, ez dakit zer gertatuko den. Pobreziaren eta familiaren egiturarik eza oso arazo larriak dira".



Lan bateratuaren beharra

Egoera hau guztia aldatzeko NITCA bezala beste hainbat erakunde ari dira. Baina Moreirak guztien arteko koordinazioa falta dela dio."Egoerari aurre egiten diogu, baina bakoitzak bere aldetik, sakabanatuta. Benetan orokorrean eragina izateko dibulgazio eta kontzientzizazio politikak zabaldu behar ditugu. Gizarte zibil bezala eragin nahi badugu, denok batera egin behar dugu lan".

Akatsetako bat indibiduoan zentratu eta proiektu indibidualak aurrera eramatea izan dela dio Moreirak. Horren ordez komunitateko eta gizarteko proiektuak egin behar direla uste du. Eta horretarako oso garrantzitsua da komunitatean integratze."Askotan ez gara benetan integratu komunitateetan eta oinarri zientifikotan oinarritu da guk planteatutako garapena. Beste askotan modaren atzetik ibili gara eta hori da egiten dugun beste autokritika bat".

Dena dela, hori aldatzen ari dela dio, eta hurrengo urteetan erakunde horien arteko koordinazioa areagotu egingo dela pentsatzen du.