Niri ez zait matematika gustatzen

2001-07-01
 
 

Ez dakit. Baina problema konplexu honetan eragin esanguratsua duen faktore bat identifikatzeko gauza naizela uste dut. Iraskasleek dakitenak eragin zuzena du erakusteko duten moduan. Horixe da nire tesia. Ondorioa sinplea da: irakasleek dakitena aldatu gabe nekez alda genezake erakusten dutena. Irakasleriaren formazioan jarraitutako estrategia gehienek besterik uste izan badute ere, antzua da "era batean dakien bati" beste era batean nola erakuts daitekeen agertzea, antzua informazio "didaktiko" hori jasotzen duena egin behar duen batuketa burutzeko gauza ez delako. Formula matematiko bat erabiliz azalduko dut esan nahi dudana:

Ezagutza matematikoa + Aholku didaktikoak = Prestakuntza didaktikoa

Berdintza faltsua da.
Batuketa hori ez dago egiterik, ezagutza matematikoak berak bere baitan gordetzen baitu erakuste estiloa. Eta ezagutza ikasteko jarraitu den bidea aldatzeko aholku didaktikoek (normalean aholku metodologikoek) adina indarra izango dutela sinestea ameskeria da. Errealitateak, behin eta berriro, deusestatzen duena.
Gogorra bada ere Matematika beste era batean erakusteak beste era batean ikastea eskatzen du. Horixe da bederen nire sinesmena. Horregatik, ikastaro honetan parte hartzen dutenek ez dituzte "nola erakutsi behar denari buruzko" aholkuak jasoko. Ez da hori nire asmoa ekitaldi hau proposatzerakoan. Irakasleak dakiena eta ez dakiena da niri orain interesatzen zaidana. Irakasleak beren garapen intelektual propioa behar duten pertsonak dira, eta ez bete ahala ustutzen diren kupelak.
Maiz entzuten da irakasleen artean beraiek jakin badakitela, baina dakiten hori erakusteko metodologia egokia dela faltan sentitzen dutena. Ez nago ados. Arazoa sakonagoa da, hots, dakigun Matematika, eta dakigun Matematikak ikaste prozesuan gugan sortu duen perspektiba.
Ahantz dezagun, une batez, irakasleak garela. Pentsa dezagun pertsona hutsak (ez da gutxi) garela. Pentsa dezagun ikastea, ikasten dena ederra bada, berez balio duen zerbait dela. Ikasteari plazera ateratzen ez dion pertsonak nekez sorraraz dezake sentimendu hori besteengan. Irakaslea den pertsona da aldaketa guztien funtsa eta sustengu garrantzitsuena. Maiz ahaztu egiten dugu errealitate hori eta bide laburragoa ibili nahi izateagatik galdu egiten gara.
Matematika ederra da eta ikastea plazer bat. Ez baduzu sinesten, etor zaitez.