Munduko dantzak eskolan

2001-07-01

Programan azaldu genuen bezala, ikastaro honetan ez dugu dantza egiteari buruzko teoriarik azalduko, alegia, ez da inola ere ikastaro teorikoa izango, guztiz kontrakoa baizik: ikastaro honetan dantza egingo dugu gogotik; teoria gutxi eta mugimendu asko

 
 

> Nolako dantzak

Hiru multzotan sailkatuko genituzke ikastaroan ikasiko ditugun dantzak:
a) Munduko hainbat herrialdetako folklorearekin lotutakoak. Horietako batzuk dantza tradizionalak dira, eta beste batzuk tokian tokiko musika tradizionala oinarri hartuta, gaur egun asmatutakoak ditugu. Oso jatorri desberdinetakoak izango ditugu: Euskal Herria, Frantzia, Errumania, Israel, Austria, Grezia, Eskozia... Jatorriaz aparte, bestela ere dantza bakoitzak bere nortasuna du: batzuek erritmo azkar-azkarra dute, hau da, bizi-biziak dira; beste hainbat geldoagoak dira; batzuk korroan eta bakarka dantzatzekoak dira; beste zenbait, berriz, binakakoak...
b) Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailako haurrekin egiteko modukoak. Horietako zenbait Txingudi ikastolako musika irakasleak sortutakoak dira, eta beste hainbat han-hemenka ikasitakoak.
c) Dantza librea. Azken hau eta b) taldekoak saioen hasieran erabiliko ditugu gorputza berotze aldera.

Dantza egin, zertarako?

- Lehenik, ondo pasatzeko, bai ikastaroan bai ondoren, dantzak
eskolatzen ditugunean.
- Erritmoa lantzeko.
- Elkarren arteko harremanak estutzeko.
- Hainbat herrialdetako folklorea ezagutu eta ezagutarazteko.
- Lotsa soinetik astintzeko.

Bukatzeko, hona hemen nolakoa izan daitekeen ikastaro honetako dantza egun bat:

- Aurkezpena
- Beroketa jolasak (haur txikien dantzak eta dantza librea)
- Israelgo “Eroa eta Jakintsua”
- Eskoziako “Cumbreland Ree”
- Austriako “Die kutsche”
Atsedena
- Lehenengo atalean egindakoari errepasoa.
- Errumaniako “Alnelul”
- Euskal Herriko “Zazpi Jauziak”
- Eta, bukatzeko, kalejira berezia.
Edozelan ere, egun bati dagokion egitarautxo hau malgua da, jakina: taldeak hartzen duen erritmoak markatuko du zenbat dantza ikasi eta horien hurrenkera.