Hizkuntza idatzia eta ikasleen aniztasuna

2001-07-01
 
 

> Hizkuntzaren Didaktikaren errronka berriak

SAINZ, Matilde. Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko irakaslea

Didaktikaren esku-hartze guztietan irakaslea da elementurik garrantzizkoena, eta berak hartuko dituen erabakiek –curriculumaz, irakasteko objektuaz, ikasteko teoriaz, irizpide metodologikoaz...– ikasleen ikaskuntzari eta motibazioari eragingo diote, zalantzarik gabe. Halaber, bere usteak gelan hartuko dituen erabakietan ere islatuko dira, alegia, ikaskuntzaz, irakaskuntzaz, sistemaz, curriculumaz, ikasleaz eta bere formazioaz, portaeraz, motibazioaz, nortasunaz eta abarrez dituen usteak. Irakaslearen garrantzia ikusirik, bere profila zehazten saiatuko gara lan honen bukaeran, jakin arren profil hori dinamikoa dela eta hemen egingo diren zehaztapenak osagabeak ere izan daitezkeela. Irakaslearen profila zehaztu aurretik, ordea, gaur egun Hizkuntzaren Didaktikak dituen erronka berriez arituko gara.

Gaur egun ezin dugu ezertaz hitz egin gizartean bizi ditugun aldaketa azkarrak kontuan izan gabe. Aldaketa horiek hainbat gertakariren menpe gertatzen ari dira, baina horietatik nabarmenenak hiru ditugu: globalizazioa, migrazioak eta teknologia berriak. Hiru eragile horiek modu batera edo bestera munduko hiztunengan eta hizkuntzetan eragiten ari dira, eta, ondorioz, hizkuntzekin erlazionatutako kontzeptuak ere aldatzen ari zaizkigu, didaktika barne. Horien artean ditugu eleaniztasunaren kontzeptua, giro hizkuntzaren kontzeptua, lehenengo eta bigarren hizkuntzen kontzeptuak eta abar.

Didaktikak jasan dituen aldaketak izaera anitzekoak izanik ere, irakaskuntza/ikaskuntzaren markoa taxutzen dute guztiek. Horregatik, horiek guztiak biltzeko markorik koherenteena irakaskuntza/ikaskuntzaren markoa bera izan da: hiruki didaktikoa. Dakigunez, irakaskuntza/ikaskuntza fenomeno guztiak hiru elementu hauen interakzioari esker gertatzen dira: irakaslea, ikaslea eta irakas/ikas-gai den objektua –euskara, gure kasuan–. Ondotxo dakizue, hiruki didaktikoaren elementuak dinamikoak direla: ikasleengan aniztasuna aurkitzen dugu –herri ezberdinetako ikasleak ezberdinak dira, talde bereko ikasleak ezberdinak dira (aurrezagutzetan, erabiltzen dituzten estrategietan, motibazioan...)–, oraingo eta lehengo ikasleak ezberdinak dira –euskara ikasteko motibazioa, duten formazioa, denbora librearen erabilera, adina...–. Eta gauza bera gertatzen da hirukiaren beste bi erpinetan ditugun elementuekin –irakaslearekin eta objektuarekin–, horiek ere aldakorrak dira, batetik bestera eta denboran zehar ere aldatuz joan dira. Hiru elementu horien dinamikotasunari erantsi behar diogu, gainera, hiruren interakzionatzeko era ezberdinak, egoera batetik bestera eta denboran zehar. Beraz, hiruki didaktikoaren irudi hori lagun dugula, ikusten dugu jarduera didaktiko guztiak oso dinamikoak eta konplexuak direla. Faktore horiek islatzen eta beren dinamikotasuna ikusarazten saiatuko gara.

Hizkuntzen curriculum bateratua: zenbait zertzelada

SAGASTA, Pili. Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko irakaslea

Komunikazio hau hiru ataletan zatiturik aurkeztuko da. Lehendabiziko atalean Ikastetxeko Hizkuntz Curriculuma bateratzeko dagoen justifikazio teorikoa aipatuko da. Bigarrenean, curriculum bateratuaren kontzeptualizazioaz arituko gara. Ondoren, curriculuma bateratzeko aurreikusten den bidea jorratuko da.

Hizkuntz Curriculuma bateratzeko dagoen justifikazio teorikoa

Azken 30 urteotan elebitasun alorrean egindako ikerketari esker ikasi dugu bigarren zein etxeko hizkuntzetan garatzen diren hizkuntz gaitasunak erlazionatuta daudela. Eleaniztasunaren alorrean ere baieztatu da hizkuntza gaitasunen arteko loturak daudela: hizkuntza batean garatzen diren estrategiak baliagarriak dira beste hizkuntza batean erabiltzeko. Hala eta guztiz ere, ikasleak estrategia horiek martxan jar ditzan, Hizkuntzako irakasleen planifikazio bateratua ezinbestekoa da.

Curriculum bateratuaren kontzeptualizazioa

Eleaniztasuna suspertzeak ez du esan nahi soilik curriculumean bi hizkuntza baino gehiago landuko direla. Eleaniztasunaren ezaugarri bakarra ez baita hizkuntzen kopurua. Beraz, oso garrantzitsua deritzogu eleaniztasunaren ereduaz hitz egiteari.

Curriculuma bateratzeko aurreikusten den bidea

Lehenik eta behin, ikastetxeko diagnostikoa egin behar da. Diagnostikoa egiteko hona hemen aztertu beharrekoak: testuingurua (soziolinguistikoa zein soziokulturala), ikasleen profila, ikastetxeko antolaketa, lan egiturak, gelako jarduera eta abar. Diagnostikoa egin ondoren, hizkuntz curriculuma aztertu behar da diagnostikoarekin bat datorren ala ez ikusteko. Ondoren, beharrak, egokitzapenak edo aldaketak bideratu behar dira.

Sekuentzia Didaktikoak: definizioa eta funtzionamendua

LABAYEN, Pilar. Iruñeko Irakasle Laguntza Zentroko aholkularia

Bi egunetan parte hartuko dut ikastaro honetan. Lehenengoan Sekuentzia Didaktikoaren definizioa eta funtzionamenduaz arituko naiz. Bigarren egunean, ostera, adibide praktikoak ikusiko ditugu.

Definizioa

Sekuentzia Didaktikoak tresna didaktikoak dira, hizkuntzen irakaskuntza-ikaskuntza sistematikoki antolatzeko modu bat. Sekuentziak dira irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan gradualki eta progresiboki aurreratzen doazen tailerren inguruan egituratzen direlako; betiere ikasleen zailtasunak eta landuko diren generoaren ezaugarriak aintzat hartzen direlarik. Didaktikoak dira zera defendatzen duen marko teoriko batean oinarritzen direlako: hitz egitea eta idaztea ez direla ikasle batzuek dituzten eta beste batzuek ez dituzten dohain ukiezinak. Haatik, tresna komunikatibo eta linguistiko batzuk menperatuz irakatsi eta ikasi behar diren aktibitate linguistikoak dira.

Zatiak

Sekuentzia Didaktikoak hiru fasetan egituratzen dira. Lehenengo fasean kontratu didaktiko bat egiten da ikasleekin, hots, idazketarako proiektu bat egiten da. Hasierako produkzioa egitea proposatzen zaie, eta horrek ikasleen gaitasunak aztertzeko balioko du. Horrela, horietara egokituz, beraien gaitasun komunikatiboak eta linguistikoak hobetzen lagunduko duten aktibitateen diseinua egin daiteke.
Bigarren fasea hainbat alderdi testual eta komunikatibo lantzen dituzten tailerrez osatzen da. Sekuentziaren azken fasean testuak berrikusi eta azken produkzioa egiten da idatzitakoa berreginez. Modu honetan, tailerretan aparte landutako nozioak eta abileziak praktikan jar daitezke.

Sekuentzien ereduen analisia

Zenbait Sekuentzia Didaktikoren ereduen analisiaren ondoren hausnarketa teorikoa planteatuko da. Sekuentzien baitan egituratutako gelako lanak hizkuntzen didaktikaren ikuspuntuan zer aldaketa ekartzen dituen hausnartuko da honako alderdiak azpimarratuz: irakurketa, idazketa eta ahozkotasuna biltzen dituen zentzuzko aktibitateak planteatzeko beharra; hasierako produkzioak aztertzearen garrantzia geletako aniztasunaren trataera kontuan hartuz; erreferentziazko genero sozialen analisia eta azterketa; nola diseinatu gure ikasleek dakitenari egokitutako ikaskuntza tailerrak; Sekuentzia Didaktikoen barruko ebaluazio formatiboa; eta ahozko eta idatzizko generoen inguruko lanaren garrantzia.

Argudiozko testuen lan esperientzia ikastetxe elebidunetan

Irakasle eta aholkulari bezala lan egiten dut Nafarroan eta orain dela urte batzuk hasi ginen elkarlanean Joaquim Dolz Ginebrako Unibertsitateko irakaslearekin. Urtero etortzen da irakasleen formaziorako ikastaroak eta mintegiak ematera.
Lanaren lehenengo zatian argudiozko bi Sekuentzia Didaktiko itzuli, egokitu eta esperimentatzen ditugu berarekin batera. Lehenengo Sekuentzia Didaktikoa “Konbentzitzeko argudiatu” izenekoa da eta DBHko 1. ziklorako da. Bigarrena iritzi testuen hastapenerako Sekuentzia Didaktikoari buruzko “Nire iritzia idazten dut” da, eta Lehen Hezkuntzako 3. ziklora zuzendua dago.
Komunikazio honetan bi sekuentzia horien egokitzapenari eta itzulpenari buruzko alderdi adierazgarrienak komentatuko ditut. Gure artean argudioaren irakaskuntzan ohiturarik ez zegoelako aukeratu genituen, eta interesgarria iruditzen zitzaigulako zenbait eredu edukitzea hainbat ziklotarako. Gainera, Sekuentzia Didaktikoek gure curriculumeko bi hizkuntza ofizialen trataera integralaren inguruan hainbat aukera interesgarri irekitzen zituztela konturatu ginen.
Sekuentziak itzultzen hasi ginenean argi geratu zen egokitu egin behar zirela. Izan ere, testu errealekin eta Suitzako ikasleen errealitatetik gertu zeuden komunikazio egoerekin lan egiten hasi ginen, eta beharrezkoa zen gure testuingurura eta ezaugarrietara egokitzea.
Azkenik, “Konbentzitzeko argudiatu” Sekuentzia Didaktikoan ikasleek egindako hasierako eta bukaerako zenbait testu aztertuko ditut. Ama hizkuntza euskara duten Nafarroako zonalde euskalduneko ikasleek gaztelaniaz idatzitako testuak dira. Hainbat testuren artetik hiru ikaslerenak hautatu ditut Sekuentzia Didaktikoei eta aniztasunaren trataerari buruzko aldi bereko hausnarketa egin ahal izateko; ikasle bat maila ertaineko da (A ikaslea), bestea gaztelaniaz adierazteko zailtasunak dituena (B ikaslea) eta hirugarrena (C ikaslea) heziketa behar bereziak dituena eta gelatik kanpoko laguntza jasotzen duena.

Sekuentzia Didaktikoaren barnean esku-hartze psikopedagogikorako zenbait estrategia

BILBATUA, Miriam. Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko irakaslea

Sekuentzia Didaktikoak eskaintzen digun marko esanguratsuan kokatu ditugu testuaren ulermenarekin eta ekoizpenarekin erlazionatutako estrategiak lantzeko jarduerak. Sekuentzia Didaktikoa lau urratsetan banatu dugu: sarrera, garapena, hausnarketa eta azken elaborazioa, eta urrats bakoitzak prozesuan betetzen duen funtzioen arabera sailkatu ditugu estrategiak eta jarduerak. Dena dela, sailkapen hori malgutasunez erabiliko dugu, eguneroko praktikan sortzen diren aukerak aprobetxatuz.

Sarrera

Urrats honetan oso garrantzitsua da haurrek bereganatzea Sekuentzia Didaktikoaren bukaeran gauzatuko duten eginkizun komunikatiboaren zentzua eta balioa. Horregatik, oso garrantzitsua da azken xedea egoera errealekin lotzea eta azken xedearen definizioarekin erlazionatutako hainbat erabaki haurren esku uztea: hartzailea nor izango den finkatzea, zer informazio edo material osagarri erabiliko dituzten proposatzea...
Oso garrantzitsua da, halaber, eginkizuna gauzatzeko beraien aurrezagutzak aktibatzea eta ezagutzeko beharra sortzea; horretarako, zenbait estrategiaren bidez ezagutzen dutena gogoratu eta jakiteko nahiak kanporatzen lagundu behar diegu agerian utz dezaten zer dakiten, zer dakiten egiten, zer zaien atsegin, zer ez zaien atsegin, zer jakin nahi duten...
Urrats honek aukera ematen digu taldeko komunikazioarekin zuzendutako portaerak garatzeko: galdetzeko, alternatibak proposatzeko, norberaren aukerak justifikatzeko eta defendatzeko...

Garapena

Urrats honetan gara daitezkeen estrategiak hiru helbururen inguruan antolatu ditugu:
A. Ahozko zein idatzizko ulermenarekin erlazionatutako trebetasunak garatzea: informazioa gogoratu, erlazionatu...
B. Ereduen azterketaren bidez ekoiztu behar dituzten testuen berezitasunak ezagutzea.
C. Ingurunearen ezaguerarekin erlazionatutako edukiak lantzea.

Hausnarketa ekintzak

Azken xedearen ekoizpena egin aurretik, ikasitakoaz hausnartu eta ekoizpena egiteko lagungarri egingo zaizkien tresnak sortu edo aztertuko ditugu haurrekin. Adinaren arabera estrategia desberdinak erabiliko ditugu hausnarketa bideratzeko: euskarri grafikoak, kontrol zerrendak...

Testuaren ekoizpena

Ekoizpena prozesu baten barnean kokatu dugu: zirriborroa idatzi, zirriborroa zuzendu eta azken testua ekoiztu. Prozesuaren une bakoitzean estrategia desberdinak erabiliko ditugu baina helburua beti izango da haurren autonomia garatzea.

Irakaskuntzako praktiken eraldaketa ikaskuntza eraldatzeko

DOLZ, Joaquim. Ginebrako Unibertsitateko Psikologia eta Hezkuntzaren Zientzien Fakultateko irakaslea

Bi saio eskainiko ditu Joaquim Dolzek ikastaro honetan. Bata, “Ahozko eztabaida: irakaskuntzako praktiken eraldaketa ikaskuntza eraldatzeko”. Bestea, “Argibide testutik azalpen testura: hitz egin eta idatzi ikasteko. Gelan gauzatutako Kimikako esperientzia baten gogoeta. Aza gorriaren infusioa, kameleoi kimikoa”.

Ahozko eztabaida: irakaskuntzako praktiken eraldaketa ikaskuntza eraldatzeko

Izenburu hau daraman ikerketa Christiane Moro eta Antonella Pollorekin batera batera burutu dut.
Duela zenbait urtetik hona (Dolz, Schneuwly, 1998) Ginebrako Unibertsitateko Hizkuntzen Didaktikako taldeak hainbat ikerketa egiten dihardu ahozko genero formal publikoen irakaskuntzaren inguruan: hitzaldiak, elkarrizketak, eztabaidak eta abar. Ikerketa hauek idatzizko generoan eta sekuentzia didaktikoan oinarritutako ahozko espresioaren didaktika bat funtsatu nahi dute.
Araututako eztabaidaren eredu didaktikoa egiteak aukera eman digu Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleen ahozko argudio gaitasunak hobetzera bideratutako hainbat sekuentzia didaktiko egitea eta esperimentatzea.
11 urteko haurrek McDonald´s jatetxeen alde eta kontra egindako eztabaidaren transkripzioak eta analisia aztertu ditugu sekuentzia didaktikoa jarraitu aurretik eta ondoren. Horrek idatzizko generoaren irakaskuntzako tresnak (irakasleak bere ikasleekin erabiltzen dituenak) eta ikaskuntzako tresnak (ikasleen gaitasunak eraldatzen laguntzen dutenak) kualitatiboki aztertzeko aukera emango digu. Argudiozko estrategiak garatzen laguntzen duten funtzioak eta unitate linguistikoak bereiztu egingo dira, batzuek zein besteek ikasleen argudio gaitasunen ikasketan eta eraldaketan dauden oztopoak gainditzeko duten eragina aztertzeko.

Argibide testutik azalpen testura: hitz egin eta idatzi ikasteko. Gelan gauzatutako Kimikako esperientzia baten gogoeta. Aza gorriaren infusioa, kameleoi kimikoa

Ginebrako Unibertsitateko Zientzien Fakultateko Kimika Organikoko laguntzaile Yves Allembach-ekin batera egindako ikerketa da honako hau.
Kimika eta Espresio Idatzia ikasgaien hastapenetan burututako diziplinarteko lan bat da hau. Lehen Hezkuntzako haur talde batek eta heldu talde batek esperientzia kimiko bat burutu dute aldi berean. Esperientzia horretan aza gorriaren hostoen infusioa koloredun adierazle bezala erabiltzen da. Bere propietatea azidoekin (limoi zukua, adibidez) eta baseekin (garbigailurako xaboiaren disoluzioa, esaterako) nahastean kolorez aldatzen dela da.
Gelan burututako esperientziak argibideen plan bat idazteaz gain, gertatutako kolore aldaketa esplikatzeko testu bat idaztea eskatzen du. Haurrek eta helduek idatzitako azalpenezko testuen arteko konparaketak eta analisiak zera erakutsiko digu: Lehen eta Bigarren Hezkuntzan lantzea merezi duten generoaren dimentsioak.
Esperimentuan erabilitako sekuentzia didaktikoaren elementuak ikerketaren behin-behineko emaitzak ikusita aurkeztu eta eztabaidatuko dira.

Laburpena: nola irakasten dugu irakasleok? Zer ikasten dute ikasleek? BILBATUA, Miriam. Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko irakaslea.

ETXABE, Marisol. Arrasateko Arizmendi ikastolako irakaslea.
ETXEBERRIA, Lourdes. Aretxabaletako Kurtzeberri eskolako irakaslea

Laburpena lantzeko bi galdera hauen inguruan egin dugun azterketa eta hausnarketa hartu ditugu ardatz gure komunikazioa antolatzeko. Hasteko, irakasteko ikuspegiak alderatuko ditugu; ondoren, bi testu mota lantzeko erabilitako Sekuentzia Didaktikoa azalduko dugu; eta, bukatzeko, ikasleen ezagutzaren prozesuaz hausnarketa egingo dugu.

Laburpena lantzeko bi ikuspegi bereiz daitezke: laburpena ariketa deskontestualizatu gisa lantzen duena eta laburpena testuinguru komunikatiboan kokatzen duena.

Lehenak laburpena ikasleen ulermena neurtzeko tresna gisa erabiltzen du edota helburu funtzionalik gabeko trebetasun gisa. Ondorioz, ez ditu kontuan hartzen laburpenaren parametro komunikatiboak: zertarako idatziko den, norentzat, zeri buruz...
Bigarren ikuspegiak, ostera, parametro horiek abiapuntutzat hartzen ditu, ez baita gauza bera liburu baten irakurleak erakartzeko, informazioaren bilketa errazteko, informazioa elkartrukatzeko edota norberaren oroimena ziurtatzeko laburtzea.
Bigarren ikuspegian oinarritu ditugun bi Sekuentzia Didaktikoak lantzerakoan, ondoko urratsak izan ditugu aintzat:
- Laburtuko den testuaren egoera komunikatiboa aztertzea, baita laburpenaren ondorioz sortuko dena ere, garrantzitsua baita egoera desberdinak direla kontuan izatea.
- Haurrek laburtutako testuaren egoera komunikatiboa irudika dezaten jarduerak planifikatzea.
- Jarduera horien bidez ikasleek laburpenaren inguruan dituzten ideiak eta ezagutzak behatzea eta gure esku-hartzea egokitzea.
Sekuentzietan landu ditugun testuak testu narratiboa eta azalpenezkoa dira eta haurren adina 9-10 eta 11-12 urte.

Sekuentzia Didaktiko baten adibidea

RODRIGUEZ, Lourdes. Urretxuko Gainzuri eskola publikoko irakaslea

Irakaslearentzat garrantzitsua da bere esku-hartze didaktikoari buruzko gogoeta egitea. Hori dela-eta, kanpoko laguntza dela medio, nire ikasleekin erabili dudan Sekuentzia Didaktiko baten hausnarketa egiteko aukera izan dut.

Horretarako, aukeratu genuen testu mota informatiboa zen, eta horren inguruan Sekuentzia Didaktikoa eraiki dugu.

Dakizuenez, Sekuentzia Didaktikoaren bidez antolatzen da testuaren lanketa sistematikoa. Sekuentzia Didaktikoaren bukaeran, ikasleek azken xedea burutuko dute, gure kasuan “Herriko zerbitzuen gida”.
Edukiak zehazteko hainbat alderdi ezagutu behar genituen: testu informatiboaren ezaugarriak, ikasleen aurrezagutzak (testu horri buruz, zerbitzu gidari buruz, testu horren antolaketari eta testuratzeari buruz eta abar). Ikasleen aurrezagutzak jakiteko, ikasleek idatzitako aurretestuaz baliatu gara. Hauek dira ikasleek landu beharrekoak iruditu zaizkigun alderdiak, eta beraz, bakoitzarekin tailer bat antolatu dugu: gaiak eta azpigaiak ezberdintzea eta ordenatzea (ideien ordena, parrafoa, puntu eta aparte, maiuskulak), izenburua eta bere garrantzia, testuaren hasiera, ideien arteko loturak (izen ordezkapenak), gai berrien aurkezpena eta abar. Tailer horiek guztiak elkarren artean erlazionaturik daude eta guztiak azken xedea ongi egiteko bideratuta daude, alegia, testu informatiboaren ekoizpena hobetzera bideratuta. Hizkuntza modu horretara landuz, hizkuntz erabilera errealetan aritzeko aukera ematen zaio ikasleari.

Hizkuntza eta curriculumeko beste arloak

GARCIA, Ines M. EHUko irakaslea

Izenburu honen pean hizkuntzaren erabilerak duen garrantzia azpimarratu nahi dugu, hizkuntz eskoletan zein curriculumeko beste arlo guztietan hizkuntza baita, ahoz edo idatziz, elkarren artean komunikatzeko eta ideiak azaltzeko erabiltzen dugun bitartekorik garrantzitsuena.

Hizkuntzaren irakaskuntza, baina, gure kasuan euskararena, izen bereko ikasgaira mugatzen da gehienetan; beharrak, ordea, esparru hori gainditu eta ohikoak diren beste zereginetan ere antzematen dira.

Eskola eta hizkuntza aktibitatearen inguruan hainbat egilek egin dituzten hausnarketa batzuk gogora ekarri ondoren, 12 eta 13 urte bitarteko ikasleek euskaraz idatzitako azalpenen azterketari ekingo diogu, ikastetxeetan gaztetxoek sarritan erabili behar izaten baitituzte tankera horretako idazlanak, besteak beste, azterketetan.
Horretarako Natur Zientzietako eskola batean ekoiztutako testu idatziak bildu ditugu. Dituzten ezaugarri orokorrak behatu ondoren, testuan zehar informazio unitate berriak nola sartzen diren eta jarraian, gaiaren garapenak aurrera egin dezan, aurretik emandako informazio horiek nola berreskuratzen diren ikusiko dugu. Kontua da, azken finean, testuaren izen-kohesioan eragiten duten adierazpen anaforikoen erabilera aztertzea, hauek ziurtatzen baitute informazioaren jarraikortasuna, eta ezin dugu ahaztu alderdi honek azalpenetan duen garrantzia.
Ondorioetan zera ikusiko dugu: beraien azalpena emateko orduan ikasleak identitatearen lotura duten elementuetan oinarritzen direla. Izan ere, errepikapenaren bitartez ziurtatzen dute testuaren izen-kohesioa, eta horrek eragina du beraien idazlanek azkenean izango duten itxuran.

Zer ikasi dute ikasleek Sekuentzia Didaktikoarekin? Ikasleen aurretestuak eta ondotestuak

GARCIA, Ines. EHUko irakaslea.
SAINZ, Matilde. Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko irakaslea

Testua idaztea oso jarduera konplexua da, faktore asko eduki behar dira kontuan eta guztiak aldi berean. Horregatik, Hizkuntza irakasleontzat zaila izaten da jakitea ikasleak zer dakien egiten hizkuntzarekin. Alabaina, irakasleak informazio hori beharrezkoa du ikasleari egokituko zaion esku-hartze didaktikoa martxan jartzeko.

Bestalde, badakigu ikasle bakoitzaren aurrerapenak ebaluatzeko, esku-hartze didaktikoaren aurretik dakiena eta ondoren egiten duena alderatu egin behar ditugula; horrela eginez, ikasi duena ebaluatuko dugu. Nola jakin daiteke, beraz, ikasleak zer dakien eta zer ez ikaskuntza saioa baino lehen?

Hizkuntza idatziaz ari garela, aurretestua ekoiztea proposatzen dugu horretarako. Ikasleak ikaskuntza saioen aurretik ekoiztuko duen testua da aurretestua. Ekoizpen hori aztertu ondoren, jakin daiteke ikasleak zein hutsune dituen eta zer-nolako edukiak landu behar diren Sekuentzia Didaktikoan, ikasleek beren ekoizpenak hobe ditzaten.
Aurkezten dugun lan honetan, DBHko 3. mailako haurrek ekoiztutako aurretestuak eta ondotestuak alderatu ditugu, jakiteko ikasleek zer ikasi duten Sekuentzia Didaktikoan. Ekoiztutako testuetan “herriko zerbitzuen” inguruko informazioa azaltzen da (kiroldegia, suhiltzaileak, osasun zentroa...). Testu informatiboak direla esango dugu.
Aurretestuak eta ondotestuak alderatzeko, izaera ezberdineko bi aldagai izan ditugu kontuan: ikasleen maila eta testuaren egitura. Bi alderdi horiek aintzat harturik, hona hemen erabili dugun metodologia. Testuak lau multzotan sailkatu ditugu (A, B, C eta D); A multzoan eredu sozialetik gertuen dauden testuak kokatu ditugu eta D multzoan, aldiz, eredu sozialetik urrunen daudenak. Hona hemen horretarako kontuan izan ditugun lau irizpideak: 1) izenburua agertzen da eta bertan testuaren gaiari buruzko informazio osoa ematen da; 2) testuaren hasieran gaia aurkezten da; 3) azaltzen duen zerbitzua lekutu egiten da (non dagoen esaten da); 4) testuak badu sarrera bat.
Sailkatze lan hori egin ondoren, beste zenbait ezaugarri ere aztertu ditugu ikasleen ekoizpenetan: testuan azaltzen den informazio mota, testuaren antolaketa eta puntuazioaren erabilera. Ezaugarri horiek guztiek lagundu digute testuen arteko ezberdintasunak nabarmentzen, eta, halaber, ikasle bakoitzak ikaskuntzaren ondoren ikasi duena zehazten.
Lan honek adieraziko digun bezala, proposatzen dugun metodologia eskuratuz gero, gai izango gara ikasleen ekoizpenak modu objektiboan ebaluatzeko; halaber, esku-hartze didaktikoari esker, nabarmen geldituko dira bai ikasleak egin dituen aurrerapenak eta baita oraindik egiteko falta zaizkion ikaskuntzak ere.