Literatura eta haurren mundua

2001-07-01
 
 

Euskal haur eta gazte literatura gaur

ETXANIZ, Xavier. EHUko irakaslea eta idazlea

Haurrentzako liburuak ez dira oso berriak gure artean; duela bi mende argitaratu ziren lehenbizikoak. Baina helburu estetikoa duten haurrentzako liburuak, horiek 1960ko hamarkadan hasi ziren argitaratzen euskaraz.

M. J. Minaberrik eginiko liburuak (Itchulingo anderea… 1963, eta Xoria kantari, 1965) jotzen genituen euskal haur literaturaren hasierako liburutzat (Etxaniz, 1997); hots, irakaspen helburuen gainetik entretenitzea zuten liburu horiek. Harrezkero milaka liburu argitaratu dira euskaraz haur eta gazteentzat.

Gordailu eta Iker taldeek ekindako bidetik, euskal irakurle gazteek sortutako eta itzulitako hainbat eta hainbat liburu daukate, batez ere 80ko hamarkadan hasitako oinarrizko bilduma batzuetatik (Sor, Itzul, Auskalo, Perkax...) eta Erein eta Elkar argitaletxeek bultzatuta. Horrela, esan dezakegu azken hogei urteotan euskararen unibertsoa, euskararen mundua, euskararen egoera, asko aldatu den bezala, aldaketa nabarmena izan duela gure haur eta gazte literaturak. Baina aldaketa horiek guztiek gogoetara eraman behar gaituzte; zer, nola, zergatik argitaratzen da?
Haur eta gazte literaturak aldaketa handiak izan ditu, gizartean gero eta garrantzi handiagoa du, unibertsitatean ere bere esparrua hartzen ari da, kritikagintzan ere bere txokotxoa du; alegia, literaturaren sisteman sartzen ari da. Hala ere, heziketarekin erlazionatzen da, heziketaren menpean jartzen da; literatur aditu eta ikerlari askorentzat, baita komunikabide ugarirentzat, haur eta gazte literatura ikustezina da.
Horra hor gaur egungo egoeraren kontraesana, eta alde horretatik, interesgarria izango litzateke nondik gatozen eta zer garen (literatur ikuspuntu batetik) aztertzea.
1803an idatzi zen euskaraz lehen liburua haurrentzat, Aguirre Asteasukoak idatzitako katexima bat. Geroago etorri ziren liburu didaktikoak (alegiak, gehien bat) eta haur eta gazteei idatzitako literatura (Pernando Amezketarra, Abarrak, O. Wilderen ipuinak eta abar). Horiekin batera herri ipuinak bildu eta hainbat lan argitaratu ziren (Barbier, M. Arizti...). Egoera horretan geunden XX. mendearen hasierako hamarkadetan; eta egoera horren ondorioa da haurrentzat eginiko lehen poesia liburua (Haur elhe haurrentzat), Oxobik 1944an egina. Baina Francoren diktadurak eta Iparraldeko egoerak eragina izan zuten hurrengo hamarkadetako basamortu egoeran. Oasis txiki eta preziatu batzuk izan zituen basamortu luze horren ondoren etorri da oraingo egoera paregabe eta aberatsa; euskal literaturak, euskal haur eta gazte literaturak inoiz ezagutu ez duen bezalako egoera aparta.
Gaur egun literatura tradizionala, edo herri ipuinen ingurukoaren ondoren, gizarte arazoak, norberaren barne kezkak edo gai sozialak ukitzen dituzten lanak dauzkagu; testu lirikoen ondoren narratiba zuzena eta bizia aurki dezakegu; haur txikientzako jolas eta irakurri aurreko liburuen alboan gazteen kezkak eta
hizkera lantzen dituzten liburuak ditugu. Hots, arestian bizi izandako basamortua oihan bilakatzeko bidean gaude... neurri batean, gabeziak ere egon badaudelako gure artean (antzerkia eta poesiaren presentzia, haur txikientzako irudi liburuak edo aldizkarigintza, bakar batzuk aipatzearren). Hala ere, baikorrak izateko arrazoiak ditugu; gure idazle eta ilustratzaileek Euskal Herritik kanpora duten oihartzuna eta harrera ikustea besterik ez dago. Gaur egun 300 bat liburu argitaratzen dira urtero haur eta gazteentzat, horietako asko berrargitalpenak, gehiago itzulpenak, baina urtero-urtero 40-50 bat liburu berri plazaratzen ditugu euskaraz mundura, horietako batzuek oso harrera ona dutelarik.

Hiru belarritan iragan hitz isila orotan laster dabila...

OLAIZOLA, JM, “TXILIKU”. Idazlea eta ikasliburu egilea

Horixe da hik hasik udako ekitaldietarako eskatu eta Literatura eta haurren mundua ikastaroaren barruan jarritako nire hitzaldiaren (edo berriketaldiaren) izenburua.

Esaldi horrek badu, alde batetik, gaiztakeriaren kutsua, maliziaren ukitua, eta alderdi horretatik ulertzen da, gainera, gehienetan. Alegia, ez dagoela ezkutuko hitza pertsona gehiegiri esaterik, ez badugu nahi sekretua uste genuena edonora zabaltzea; hiru belarriak entzuten badute ezkutuko hitz hori, laster baino lehenago ibiliko dela ahoz aho eta belarriz belarri.

Baina esaldia ikuspegi baikor eta positibotik ere har genezake, hau da, guk zabaldu nahi dugun hori (ahozko literatura deitzen dugun hori izan edota hizkuntzako trebetasunerako tresneria) aise joango dela ahoz aho eta belarriz belarri hiru belarritara iristea lortzen badugu.
Hortxe baitugu kakoa, beste kako askoren artean, hortxe gu guztion kezketako bat : nola lortu hizkuntzaren altxorra ahotik belarrira zabaltzea.
Lehen, beste garai eta gizarte batean, ahotik belarrirako transmisioak bazituen bere iturriak. Artazuritzeak, lino-lanak, dandak eta gainerako auzolanak… aipatzen dira oraindik ere, eta egia zen ahotik belarrirako transmisioak garrantzi izugarria zuela eskola gutxi, lan asko eta denbora ugariko gizarte iragan hartan. Amonak, amak, arrebek, ahizpek eta, batzuetan, anaiek, aitak edo aitonak ipuin, kondaira eta bestelako istorioak kontatzeko denbora nahikoa izaten zuten. Orduan denborak ez baitzuen gaur egun balio duen adina balio, astia franko izaten baitzen, eta edozertarako beta har baitzitekeen…
Baina alferrik da lehengo denboren nostalgian galduta ibiltzea. Nekazaritzan oinarritutako gizartea amaitu da ia erabat (bazter ezkuturen batean ez bada behintzat, eta hori ez da, inola ere, aztertu behar dugun gaiaren muina). Ahaztu zaigu zer diren artazuritzeak, lino-lanak, dandak eta auzolanak; gaur egungo amonek, amek eta, askoz gutxiago, gainerakoek, ez dute (ez dugu) istorio, kondaira eta ipuinik kontatzen. Ez dute (ez dugu) astirik! (Baina astia, beta edo nahi duzuena ez omen da inoiz edukitzen, beti hartu egin behar omen da).
Eta irakasleek?
Kontatzen ote dituzte istorioak irakasleek?
Honaino irakurri duen irakasleari zintzurreraino etorriko zitzaion, seguru aski, halako estuasun bat, nolabaiteko ezinegona… Eta ezpainetara galdera hau:
—Hau ere guk egin beharreko zerbait ote da?
Ahotik belarrirako isuri horretan zer den bakoitzak egin dezakeena, zertarako balio dezakeen, nola egin daitekeen, eta beste hainbat gauza argitzeko asmoa du uztaileko ekitaldi horrek.
Benetan gauza gehiegitxo izan daiteke egun bakar batean, zirt-zart, konpontzeko, eta, seguru asko, askoz gutxiagorekin konformatu beharko dugu, baina, arazoa zein den (arazoa baldin bada, behintzat) eta nondik hel geniezaiokeen ikusten hasteko aukera ederra izan daiteke.
Kontuak kontu, egindakoarekin pozik itzultzeko arrazoi bat beti izango dugu: elkarri ahotik belarrira hainbat kontu esateko, eta beste hainbat entzuteko, aukera izan dugula. Eta badakigu hiru belarritan iragan hitz isila, orotan laster dabila…

Literaturaren lanketa eta erabilera ikuspegi eraikitzaile batetik

LAIZ, Elena. Zizurkingo San Millan ikastetxeko irakaslea
MUÑOZ, Lourdes. Errenteriako PATeko aholkularia
OLASKOAGA, Begoña. Oiartzungo Elizalde ikastetxeko irakaslea

Ipuinetatik eta haur folkloretik abiatuz, haurrek ezagupen asko bereganatzen dituzte idaztiei buruz.

Hizkuntza idatziaz ikasteko ariketarik eraginkorrena haurtzaroan ipuinak entzun izana dela dio Wellsek bere ikerketan (86). Esperientzia horren bidez haurra hizkuntzaren ahalmen sinbolikoa deskubritzen hasten da, eta hitzaren bidez mundu posible edo imajinarioa sortzeko aukera izaten du.

Kontakizunak eraikitzen eta ulertzen irakastea eginkizun nagusia da irakaskuntzan; ikasleak narrazio testuak ahoz nahiz idatziz ekoizteko eta interpretatzeko gaitasuna garatzea da, beraz, helburuetariko bat.

Bestalde, ipuinak haurraren barruko munduarekin konektatzeko ahalmena duenez, bere bizipen eta sentsazioak ulertzeko tresnak ematea garrantzizko helburu bilakatzenda. Eta nola ez, haurraren emozioekin zubi bat egitea irakurle bihurtzeko bidean jarriz, eta literaturaz gozatzea.
Ipuin itxura duten liburu guztiak ipuinak al dira? Galdera hau soberan dagoela badirudi ere, eskolan, Haur Hezkuntzan batez ere, izen orokor hori ematen zaio ia edozein libururi.
Ipuina izateko, ordea, baldintza jakin batzuk bete behar ditu testu horrek: egitura kanonikoa, asmatutako gertaerak eta pertsonaiak, berariazko lexikoa...
Ipuina eta ez-ipuina bereiztearen arrazoia zera da: ikasleei konturaraztea euskarria ez dela testuari bere nortasuna ematen diona, eta testu mota bakoitzak ezaugarri propioak dituela. Ezagutza hau beharrezkoa da edozein testu interpretatu edo ekoiztu ahal izateko.
Gaur egun badakigu haurrak bere ezagupenak eraikitzen dituela, baina ezagupen horiek ez dira erabat garatuko ez badu elkarreraginean lan egiten bera bezala eraikitzen ari diren kideekin eta, batez ere, ez badago ikasle eta ezagupenen arteko bitartekari den irakaslerik.
Beraz, irakaslearen eginkizunak garrantzi handia du hainbat alderditan: haurren ezagupenak kontuan harturik jarduerak antolatu eta aurrera eramateko garaian, ikasleen arteko elkarreragina sustatzean, baliabideak eta materialak aukeratzean, hausnarketa uneak bultzatu eta denen ekarpena ahalbideratzean, prozesua ebaluatu eta hobekuntzak egiteko momentuan…
Hasieran esan bezala, haurrek gertukoa dute ipuinen mundua eta ezagupen ugari dute ikastetxean lanketa honetan hasi baino lehen; beraz, ezagutza horretaz baliatzen gara.
Orain arte esandakoa kontuan hartuta, ipuina lantzeko jarduerak planifikatzen ditugu Haur Hezkuntzako lehen ikasturtetik aurrera. Adibide gisa, sekuentzia didaktiko batzuk azalduko ditugu.