Kohlberg

2001-07-01
 
 

> Balio moralak: balioetan hezteko orientabideak?

AZAZETA, Fausti. EHUko Psikologia Fakultateko irakaslea

Balioetan heztea, horra hor irakasleoi plazaratzen zaigun erronka zoragarria, zaila, aldi berean. Hezkuntzaren eguneroko egoeretan galdera asko sortzen zaizkigu, balioen heziketarekin zerikusia dutenak. Nola muga daitezke, zehaztasunez, balioen hezkuntzaren eginkizunak eta helburuak? Balioetan heztea bi amildegien aurrean aurkitzen da: balioen erlatibotasunaren amildegia ("balio guztiek balio berdina dute") eta doktrinamenduaren amildegia. Zer egin? Hezitzaileok ezkutuko balioak txertatzen dizkiegu ikasleei. Hezitzaileen jarduera guztien atzean “ezkutuko curriculum” bat dago. Zer jarrera hartzen dugu prozesu horren aurrean? Zer gertatzen da belaunaldien arteko balio ikusmoldeen desberdintasunekin? Ez al dugu entzuten zaharragoak gazteagoak baino "moralagoak" direla?

Oraintxe aipatu berri dugu “magikoa” bilakatzen ari zaigun kontzeptu, morala alegia. Azken bolada honetan maiz hitz egiten da moraltasunaz jendaurrean; badirudi nolabaiteko "moda" bihurtu den gaia dela. Zalantzarik gabe, "moda" horren azpian dagoen zergatiko bultzatzaileak izaera sozio-kulturala dauka, sortzen ari zaizkigun arazo sozio-kultural berrietan konkreta daitekeena: sinesmenen aniztasuna, bioetika problemak, herri zapalduen burujabetzarako borrokak, eutanasia, kutsaduraren aurkako borroka, Europa Batua eta lana eta abar. Zalantzarik gabe, gertaera horiek guztiek balioak islatzen dituzte: politikoak, zientifikoak, sozialak, ekonomikoak. Baina badirudi, horien artean ordena edo orientabidea jartzearren, balio moralen beharra aldarrikatzen ari garela. Bai, arazo sozio-kultural horiek morala berreskuratzea eragin dute, eta noski, horrelakoa gertatzen denean, ezaguerazko diziplinen zeregina berreskuratze hori lantzea da.

Auzi horretan aritzeko garaian filosofiak hartu izan du ardura nagusia. Hezkuntza moralaren programek hipotesi filosofiko jakin batzuk dituzte hondarrean. Filosofoak izan behar ote dugu, hortaz, hezkuntza moralean jarduteko? Gainera, filosofia moralaz zerbait dakienak filosofoen artean ere desadostasun nabarmenak daudela badaki. Zeini jarraitu behar zaio? Utilitaristei, moraltasuna ekintzen emaitza positiboekin lotzen dutelako (guztiz zilegi ez diren bitartekoen erabilpena ere onartuz, helburuetarako baliagarria izanez gero)? Ala sozialistei, zeinentzat Ongiak eta Gaizkiak izaera kontraesankorra duten (klasista, sexista, belaunaldikoa eta abar) eta, beraz, beti egongo diren, gutxienez, bi moral mota?
Baina, filosofia ez da moralaz kezkatzen den giza jakinduria bakarra. Badaude besteak, psikologia, esate baterako. Psikologiaren esparruan, 60ko hamarkadan, Piageten lanak berreskuratzen dira. Piageten teoria egiaztatzeko asmoz, zenbait egilek egin zituzten ikerketak nagusitzen hasi ziren, eta erreferentzia puntu bilakatu ziren hortik aurrera. Beraz, moraltasunari buruzko gaurko azterlan psikologikoak paradigma kognitibo-ebolutiboari egokitzen zaizkio neurri handi batean. Eta paradigma horren barnean aitzindari dugun egilea Estatu Batuetako psikologo eta filosofo zen Lawrence Kohlberg dugu (1927-1987).
Kohlbergen hezkuntza moralaren muina zein den galderari honelaxe erantzuten zaio gehienetan: dilema-eztabaida. Erantzun hori laburregia eta okerrekoa da. Teoriaren muina Just Communityren ideia da: hezkuntza morala ekintza eta erabaki moralen bidez gauzatzen da; demokrazia demokraziaren praxiaren bitartez ikasten da Just Community , hots, "komunitate zuzena" motako eskoletan justizia printzipio gidari bilakatzen da, elkarrekiko bizitzaren giro moralaren bitartez.
Topaketa hauetan Kohlbergen ekarriak azaltzen saiatuko gara, aldez aurretik jakinda ez dela dagoen hezkuntza moralerako bide bakarra, baina badela laguntza eskaintzen duen bide bat.

Piagetengandik Kohlbergenganaino

MEDRANO, Conchi.EHUko Pedagogia Fakultateko irakaslea

Kohlbergen ekarrpena ezagututzeko asmoz, bi hitzaldi eskainiko ditut. Lehenengoan”Piagetengadik Kohlbergengaino” izenekoa izango da. Psikologia genetikoa izango dugu aztergai garapen moralaren kasuan eta zergatik ganditzen duen Kohlbergek Piaget. Bigarren eguneko jardunaren izenburua “Garapen moralaren mailak eta aldizak: hezkuntzaren inplikazioak” izango da.

Hitzaldia Kohlbergen teoriari buruzkoa izango da. Autore hau garapen moralaren azalpenean ikuspegi kognitibo-ebolutiboaren ordezkaririk onenetakoa da. Epistemologia genetikoaren markoan autore honek garapen moralaren teoria egin du dilema moralak erabiliz bai subjektuaren ebaluazioa egiteko bere arrazoiketa moralaren mailaren arabera, eta bai arrazoiketa maila altuagoak bultzatzeko eztabaida eta gatazken bitartez. Hau da, bere ereduak hezkuntzako profesionaloi gure ikasleen arrazoiketa moralaren ebaluazioa errazteko balioko digu, eta gelan esku-hartzeko estrategia bezala ere bai.

Garapen moralaren hiru maila handi sailkatzen ditu eta horiek sei fasetan bereizten ditu. Maila aurrekonbentzionalak 1. fasea (moraltasun heteronomoa) eta 2. fasea (harremanen moraltasuna) biltzen ditu. Maila honetan arau sozialen ulermenik ere ez dago, subjektuarengandik kanpo daudela ulertzen baita.
Maila konbentzionalak 3. fasea (pertsonen arteko araudiaren moraltasuna) eta 4. fasea (gizarte sistemaren moraltasuna) biltzen ditu. Pertsonen eta taldeen leialtasuna baloratzen dituen perspektiba soziala du maila honek. Ongia adostasunarekin eta besteek guregandik espero dituzten espektatibak betetzearekin definitzen da.
Maila postkonbentzionalak 5. fasea (giza eskubideen moraltasuna) eta 6. fasea biltzen ditu. Maila honetan subjektua bere taldetik harantzago doa eta bere printzipioak eraikitzen ditu arau sozialen gainetik. Oinarrizko eskubide unibertsalen arabera eta taldearen legeak edo arauak gizakien eskubideen aurka doazenean gizarteak eta indibiduoak mantendu behar dituzten balioen arabera definitzen da ongia.
Garapen moralerako estrategia bat bezala dilemen arteko eztabaida bultzatzen du egileak. Dilemek beti bi balioen arteko gatazka aurkezten dute, eta hipotetikoak edo errealak izan daitezke.
Dilema hipotetikoak arazo deskontestualizatuak planteatzen dituzte, non beti interesen gatazka bat agertzen den. Kolhbergek bederatzi dilemekin lan egin zuen eta zuzenketa eskuliburu bat egin zuen. Horrek subjektuak arrazoiketa moralaren fase batean kokatzea ahalbidetzen digu.
Bien bitartea, dilema errealak ikasleek beraiek egituratzen dituztenak dira, eta beraientzat oso esanguratsuak diren bi balioen arteko gatazka adierazi ohi dute. Dilema horiek zeharka eta hainbat diziplinetan ere plantea daitezke. Edo besterik gabe, heziketa moralera erretserbatutako eta irakasleek aurretik zehaztutako espazio bereziak erabil daitezke.
Kolhbergen teoriarekin ohitzeko modu bat dilemak ebaluatzen saiatzea da. Hori dela-eta, aurkezpenean gure testuingurutik hartutako dilema errealak landuko dira, arrazoiketa moralaren maila bat ezartzen ahaleginduz. Hezkuntza instituzioetan ezartzeko eztabaida moralaren ereduaren pauso nagusienak ere aztertuko dira. Bukatzeko, teoria honen kritika eta muga garrantzitsuenak aztertuko dira, bai teorikoak eta bai ezarpen praktikoan agertzen direnak.

Kohlbergen proposamen psikopedagogikoaren deskribapena: just comunity

OIHARTZABAL, Lontxo. EHUko Pedagogia Fakultateko irakaslea

Pertsonak ezagutza etiko-moralaren eremuan egiten duen garapena aztertu zuen lehenikKohlbergek, eta garapen horretako urrats nagusiak deskribatu ondoren, ikalsla garapeneko zein mailatan aurkitzen den jakin ahal izateko eskuliburu bat ere moldatu eta argitaratu zuen.

Kezka batek astintzen zuen, ordea, autorearen barrena: etikoki arrazoitzeko gaitasuna nahikoa garaturik izanik ere, garatutako arrazoibideen aurka jokatu ohi duela askotan gizakiak, eta hori izan zen bere ikerketetako ondorioetako bat. Nondik sortzen ote da pentsaeraren eta jardunaren arteko etendura eta kontraesan hori? Arrazoiketa morala ez ezik, pertsonaren izaera emozionala ere konprometitua dago jarrera ea jokabide etikoetan; horren ondorioz, hezkuntzak izakiaren bi alderdi horiek batera landu beharko lituzkeela zioen Kohlbergek, aipatutako eten hori gaindituko bada.

Zentzu horretan, eskolak berak komunitate zuzen (just community) moduan jardun beharko luke, ikasleen arrazoiketa eta konpromiso praktikoa aldi berean lantzen joan ahal izateko, zioen gure autoreak. Izan ere, konpromisoak -egoera gatazkatsuetan erantzukizunez jokatzea, alegia- inplikaturiko egoeraren azterketa arrazionala eta ondoriozko erabaki erreala eskatzen baititu, biak batera. Bestela esanda , jarrera eta jokabide etikoaren xede nagusi den erantzukizunez hartutako konpromiso egoera erreal gatazkatsuetan partaide eraginkor izanaz bakarrik irits daiteke gizakia.
Eskolako bizitzan egoera gatazkatsu ugari sortu ohi da egunerokotasunaren gurpilean: arau berdinak modu ezberdinean interpretatu eta bizi dituzte ikasleek, irakasleek eta gurasoek, baita ikasle batzuk eta beste batzuk; ikasleen jarrerak eta jokabideak oso era ezberdinean epaitu eta bizi dituzte ikasleek, irakasleek eta gurasoek, eta bar. Egunerokotasunak bere dituen gatazka horiez nola baliatu ikasleen (baina baita irakasleen eta gurasoen) juzgu eta jarrera moralaren garapen bultzatzeko? Horretarako hezkuntza proposamen praktiko bat da eskola= komunitate zuzenaren egitasmoa.
Egitasmo honen ezaugarri nagusiak aztertzea da hitzaldi honen helburua nagusia:
a) zein eratako partaidetza eremuak sor daitezke eta sortu beharko lirateke ikasleentzako eskolako egunerokotasunean?
b) zein eratako jarrera eta eginkizun ditu irakasleak eskola egoera gatazkatsuetan?
c) zer egin dezakete gurasoek beren seme-alaben garapen etiko-morala eskolarekin batera bultzatzeko?
Antzeko gaiak jorratuko dira teorikoki, eta gero guztien artean eztabaidatuko.

Garapen morala neurtzeko tresna bat

VIGUERA, Oskar. Lasarte-Oriako PATeko aholkularia
DEL RIO, Gema. Donostiako IBTko aholkularia

Lan honen helburua ez da Kolhbergen maila moralen ezaugarriak eta definizioa ematea. Baina, garrantzitsua iruditzen zitzaigun galdera bati erantzuna ematen saiatzea: ba al dago ikasleen (pertsonen) garapen morala neurtzerik?

Guretzat galdera horrek zerikusi handia du beste batzuekin: garapen morala eskolan bultza daiteke, ala berez, naturalki, gertatzen den prozesua da? Ikasleen garapen moralaren maila kontuan hartu behar al du eskolak bere ekintzetan? Garapen moralari dagokionez, ba al dago alderik adin bereko ikasleen artean? Eta eskolen artean?...

Garbi geratzen da galdera horiek guztiek garapen moralaren neurketa posible izatea eskatzen dutela. Baina puntu hori ez dago zeharo garbi. Bilatzen hasi ginenean ez genuen garapen morala neurtzen zuen froga askorik aurkitu. Garapen morala neurtzeko saiakera nagusienetariko eta ezagunenetariko bat DIT izenekoa da. Rest-ek diseinatu zuen, eta asko zabaldu da hainbat herrialdetan zehar. Estatu mailan ere itzulpena eta balioztapena eginak zeuzkan. Froga horrek gure emaitzak beste batzuekin erkatzeko aukera ematen zigun. Baina, gure kezka nagusia zera zen: froga hori garapen morala neurtzeko baliagarria zen ala ez egiaztatzea.
Gure lehenengo lana froga itzultzea eta egokitzea izan zen. Horretan ari ginela lehenengo oztopoak aurkitu genituen. Frogaren egitura eta zentzua mantendu nahian, hainbat arlo erraztu eta egokitu izan behar genituen, batez ere, hainbat arrazoiren erredakzio era. Frogaren oinarria sei istorio hipotetikotan datza, bakoitzean gatazka moral bat agertzen delarik. Ikasleek gatazka moralari irtenbidea eman behar diote. Erantzun hori emateko eskaintzen zaizkien hainbat arrazoi baloratu eta sailkatu behar dituzte.
Derrigorrezko Hezkuntzaren bukaeran ikasleen artean sortzen ziren emaitzak jasotzea erabaki genuen, eta horretarako, DBHko 4. mailako 415 ikasleek egin zuten froga. Ikasle horiek 19 gela ezberdinetakoak ziren, eta zoriz aukeratutako 18 ikastetxetakoak, publiko zein pribatutakoak.
Emaitzen azterketak zera adierazi zuen: emaitzen eta frogaren barne koherentzi maila. Ikasle bakoitzeko erantzunak maila batean edo ondoko bi mailen artean kokatzeko tendentzia nabaritzen da. Ez da salto handirik aurkitu oso urrun dauden mailen artean. Beraz, arrazoiketa moralaren progresioa eta atzeraezintasuna egiaztatu dira emaitzetan.
Erantzunak, oro har, beste testuinguruetan lortutakoekin bat datoz. Ez da alde garrantzitsurik ikusten Delgadok eta besteek estatuan lortu zituzten emaitzekin konparatuz gero.
Froga horrek ez digu erantzunetara iristeko jarraitu den arrazoiketa bidearen berririk ematen. Beraz, erantzun bera eman duten ikasleen arteko arrazoiketaren berezitasunak ez ditu kontuan hartzen, eta arrazoiketa horiek zenbait kasutan garrantzitsuak izan daitezke.
Bestetik, froga horrek arrazonamendu moralaren maila neurtu nahi du. Baina, ez da arrazonamendu morala garapen moralarekin nahastu behar. Gure ustez, garapen morala zabalagoa da, eta arrazonamenduaz gain, ekintza eta jarrerekin ere koherentzia eskatzen du.
Gatazkei buruzko eztabaida tresna baliagarritzat hartzen dugu arrazoiketa morala lantzeko. Hainbat arrazoirekiko kontaktuak, batez ere ondoko mailakoak baldin badira, goiko mailara pasatzea ahalbidetzen du. Eztabaida horiek ikasleen artean gauzatzen badira, “irekiagoak” azaldu ohi dira.