Praktika psikomotrizaren adinkako analisia
> Haurraren heltze psikologikoaren prozesua
BEÑARAN, Alvaro. Pedagogia terapeutikoan lizentziatuaGai honen inguruko bi saio eskainiko ditu emaile honek bi egunetan.
1.- Haurraren heltze psikologikoaren prozesua, bere dinamikaren ulermena.
Psikomotrizitate ikuspegitik hezkuntzaren helburuak komunikazioa, sormena eta dezentrazioa (pentsamendu operatoriorantz zabaltzea) ditugu. Helburu horiek batean labur daitezke: haurra autonomoa izatea. Hau da, bere heltze prozesuaren subjektua izatea, eta ez hezitzaileon proiektuen objektua. Horrek haurraren ekintzari, hitzari, adierazpenari eskolan lekua ematea esan nahi du. Beraz, konfiantzazko eta segurtasunezko giroa sortzea izango dugu Haur Hezkuntzan helburua. Zertarako? Haurrak bere burua azaltzeko eta mundua esploratzeko aukera izan dezan. Segurtasun hori hezitzailearen jarreretan oinarrituko da, batez ere afektibitatea eta frustrazio legea argitasunez azaltzean. Beraz, aukera hori ematen duten espazioak eta denborak sortu behar ditugu. Horien artean, praktika psikomotrizitatea proposatzen dugu. 0-6 urteko haurrak badu oinarrizko ezaugarri bat: bere ekintzetan oso-osorik inplikatzen da (gorputz mailan, afektiboki eta kognitiboki), eta baliabide garrantzitsuak ditu gorputza eta mugimendua pixkanaka-pixkanaka ahozko komunikaziorantz eta pentsamendurantz bideratzeko. 0-6 urteko haurren bizitza “egitea” da, ete beren “egite” hori batez ere jolasa da: beren gorputzarekin egiten dituzten jolasak, jolas sinbolikoa, plastika jolasak, eraikitze jolasak… bere burua adierazteko eta besteak eta mundua ezagutzeko baliabideak direnak. Eta nola iristen da haurra egite edo sortze dinamika horretara? “Bestea”rekin izaten dituen harremanen bitartez. Eta harreman horietan plazera da bizitzeko, izateko, komunikatzeko eta gogoa sortzeko oinarria. “Elkarren arteko plazera” esan dezakegu, haurraren plazera “beste”aren plazerean oinarritzen baita. Baina, “egitea”, “eraikitzea”, ez da prozesu lineala, dialektikoa baizik; hau da, kontrakoak batu behar dituena: haurrak eraikitzeko (autonomian) “suntsitu” egin behar du! (hau probokazioa pedagogian, ezta?). Honetan Winnicott-en diskurtsoa dugu erreferentzia. Oso laburki esanda honako hau da: haurrak “objektua” eraikitzeko eta erabiltzeko “suntsitu” (eragin) egin behar du.“Suntsiketa” horren aurrean “objektuak“ “bizirik” jarraitu behar du. Orduan, haurrak objektu hori bere omnipotentziatik kanpo aurkitzen du, independientea bezala. Une horretan haurra prest dago objektu hori erabiltzeko (haurra dagoen “nahasketa”tik ateratzen da: “ni” eta “objektua” dikotomia beharrezkoa da haurraren heltze prozesua aurrera joateko. “Ni” eta “ez ni” bereiztea funtsezkoa da). Honek zerikusi handia du ikuspegi konstruktibistarekin eta haurrari “gaizki edo huts egiten” uztearekin ikaste prozesuaren barruan. Beraz, eskolak munduan egiteko eta eragiteko aukera eman behar dio haurrari autonomia prozesu horretan murgildu nahi badu.2.- Psikomotrizitate praktika hezitzailea (HHko bigarren zikloan, 3-6 urte)
3-6 urteko haurrak bestearengandiko banaketa prozesua burutu duenez, bere burua eta bestearen iraunkortasuna barneratu dituenez, autonomia bidean zeharo murgildurik dago. Esfinterren kontrola, gorputzaren kontrola, hitzaren garapena, baliabide sinbolikoen garapena… aldaketa anitz aurkitzen ditugu aurreko zikloarekin alderatuz. Pentsamendurantzako bidea irekita dago, sozializaziorako bidea ere bai, baina haurra oraindik oso zentratuta dago bere baitan. Dezentrazioa eta sozializazioa ez dira izango ziklo honetako abiapuntuak, helmugak baizik. Haurrak oraindik lan handia du bere buruarekin: denbora, espazioa eta materialak behar ditu bere baitan lasai zentratzeko eta plazerean bizitzeko, egite plazeretik pentsatze plazerera pasatzeko. Egin eta eragin egin behar du: bere gorputza eta mugimenduarekin, objektuekin, besteekin (lagunak eta helduak)… bere burua ziurtatu, bere burua ezagutu… behar du marko baten barruan, marko hezitzaile baten barruan. Baina haurrak hori guztia egin dezake bere premia, gogo, gaitasun, zailtasun eta beldurrak entzungo dituen heldu bat prest baldin badago, bai eta ez esaten dakien heldu bat, gertu eta urruti egoten dakien heldu bat, bere identitatea galdu gabe haurraren identitatea errespetatzen duen heldu bat. 3-6 urteko haurrentzako psikomotrizitate gelan hori guztia eskaintzen saiatzen gara; espazioak, denborak, materialak, jarrerak sakonki aztertzen, adin horietako haurrei erantzun egokia eman ahal izateko. Haur Hezkuntzan pertsonaren oinarriak lantzen ari gara, eta gure gizartean ematen zaiona baino garrantzia handiagoa du horrek.Zer gertatzen da psikomotrizitate gelan 0-3 urteko haurrekin?
ARMENDARIZ, Mari Jose. GARIJO, Lourdes, MARTIN, Josefa Rufina MEARA, Montserrat. Gasteizko Udal haur eskoletako hezitzaileak. Psikomotrizitate praktika hezitzailean prestatuakGasteizko Udal haur eskoletako hezitzaileak eta Bergarako Eskolan ikasitako psikomotrizistak gara. 6-10 urteko esperientzia daukagu tutore eta psikomotrizista bezala 0-3 urteko haurrekin. Gasteizko Udal haur eskola guztiek ez dituzte 0-3 urte bitarteko haurrak hartzen: batzuetan sehaskan dauden haurrak edo oinez ez dakitenak daude; beste batzuetan, aldiz, urte eta erditik gorakoak. Hori bai, guztietan daude 2 urteko haur taldeak.
Bergarako eskolaren bitartez iritsi zitzaigun topaketa hauetan parte hartzeko gonbidapena. Gure taldea orain dela 5 urte inguru hasi zen lanean eta beharraren ondorioz sortu zen. Esperientziak, kezkak, ezinegonak, inpresioak, beldurrak… konpartitzeko beharretik, hain justu.
Urte hauetan zehar galderak sortu izan zaizkigu, eta sortzen zaizkigu oraindik ere, eta talde txiki honetan erantzunak bilatzen ditugu. Zenbait ondoriotara iritsi gara, eta batez ere, gure esperientziak elkartrukatzeko konplizitate nahikoa lortu dugu. Hori guztia konpartitzeko asmoz gatoz topaketa hauetara: praktika psikomotrizeko esperientzia eta eguneroko lana, saioetatik, ekintzetatik, harremanetatik eta espazioarekiko erlazioetatik eta objektuetatik abiatuz. Aldagai horiek haurraren egoera islatzen digute. Adin hauetako haurrekin oinarrizko printzipioa zera da: jakitea eta kontuan hartzea ekintza dela haurrak ulertzeko eta munduarekin erlazionatzeko daukan erreminta, gorputzaren eta keinuen hizkuntza (tonua, jarrerak, begirada, adierazpenak…) ahozko hizkuntzaren gainetik baitago. Bernard Aucouturier-ek proposatutako praktika psikomotrizak espazioa-denbora markoaz eta haurrarekin dagoen helduaren interbentzio espezifikoaz hitz egiten digu. Behaketa aktiboaren bidez eta haurraren ekintzan parte hartuz ematen diegu zentzua bere produkzioei, eta bere eskaeretara egokitzen gara. Praktika hau, hezitzailea izateaz gain, prebentiboa ere bada. Izan ere, haurrari leku pribilegiatua eskaintzen dio bere beldurrak, larritasunak, beharrak, gatazkak, pultsioak… adierazteko. Gure agerpena bukatzeko zera azpimarratu nahi dugu: praktika hau egiteko, egoteko, begiratzeko eta haurra ulertzeko modu bat bilakatu dela gelako eguneroko lanean, eta ez psikomotrizitate gelan soilik.