Hezkuntza gizartearen zerbitzura egotea guztion ESKUBIDEA da

2002-12-01
iza aberastasunaren ikuspuntutik, hizkuntza eta kultura guztiak maila berekoak dira eta denek izan behar dute garatzeko eskubide berdina
 
 
Esparru ezberdinetan hezkuntzari buruz hainbeste hitz egiten da, hainbeste lege, dekretu, agindu, arau eta abar kaleratzen da, hezkuntza munduan lanean ari garenon artean kezka, zalantza eta noraeza sortzen dela.

Askotan, egiten ari garena bere neurrian baloratu ahal izateko, atzerriko erreferentziak falta zaizkigu. Eta ohartzerako, interes partikularrak eta politikoak gizartearen eta hezkuntzaren eskubideen aurretik jartzen dira.

Mundu mailan, badago hainbat erakunde, nazioarteko erakunde direnak, eskubideen ikuspuntutik hausnarketa serio, sakon eta adostuetara iritsitakoak. Gu guztiontzat ezinbesteko erreferente izateko modukoak direnak dira.

Esate baterako, 1948an onartutak Giza Eskubideen Aitorpen Unibertsalak , besteen artean, ondorengo eskubideak jasotzen ditu:

- Pertsona orok arraza, kolorea, sexua, hizkuntza, erlijioa, iritzi politikoa edota beste ezaugarriengatik baztertua ez izateko eskubidea du.

- Pertsona guztiek hezkuntzarako eskubidea dute. Eta oinarrizko hezkuntzak, gutxienez, doakoa izan behar du.

- Gurasoek euren seme-alabei eskainiko zaien hezkuntza eredua aukeratzeko eskubidea dute.

UNESCOren babespean, 1960. urtean Irakaskuntza Mailako Gutxiespenen Aurkako Hitzarmena lortu zen. Bertan, gutxiengoei ikastetxe propioak sortzeko eskubidea aitortzeaz gain, irakaskuntza beraien hizkuntzan jasotzeko eskubidea onartzen zaie.

1989ko Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmenaren arabera, haurrei bere hizkuntzarekiko eta bere kulturarekiko errespetua irakatsi behar zaie.

Herrien Eskubideen Aitorpen Unibertsalak 1976. urtean zera jasotzen du:

- Herri orok bere nortasun nazionala izateko eskubidea du.

- Herri guztiek euren hizkuntzan hitz egiteko eta euren kultura garatzeko eskubidea dute.

- Herri denek atzerriko kultura beraiei ez inposatzeko eskubidea dute.

Eskubideen aitorpenak jasota daude. Galdera da, Euskal Herriari ba al dagozkio eskubide hauek? Guk ez dugu zalantzarik: BAI.