Eraiki dezagun denok Euskal Eskola Publiko Berria
Urriaren 26an ospatu zen Sortzen-Ikasbatuaz elkartearen II. batzar nagusia. Bertan, 2000. urtetik hona egindako lanaren balorazioa egiteaz gain, etorkizunera begira jarri eta hainbat proposamen eta ekimen onartu dira.
2000. urtean ekin zion bere ibilbideari Sortzen-Ikasbatuazek aipatu bi erakundeak elkartu ondoren; Sortzen eta Ikasbatuaz. Sortzen izeneko plataforma 1991an sortu zen Hego Euskal Herri mailan. Euskal Herri osoko hezkuntzan ziharduen sare eta ikasmaila guztietako jendea bildu zen bere baitan, Euskal Eskola Publiko Berriaren aldarrikapena eginez. 1993an EAEn Euskal Eskola Publikoaren Legea ezarri ondoren, Sortzen plataforma EAEn desagertu egin zen eta Nafarroako eskola publiko euskaldunen elkartea izatera pasa zen. Oinarri ideologiko eta helburu berberei eutsi zien. Ikasbatuaz, berriz, 1993an sortu zen EAEn sare publikora igarotako ikastola batzuk bildurik. Sortzen plataformaren sorreran bildutako hainbat kide elkartu ziren Ikasbatuazen eta han finkatu ziren helburuei lotu zitzaien. 1995ean legeztatu zen elkarte bezala. 2000. urtean bi elkarteak batu eta Sortzen-Ikasbatuaz elkartea sortu zen.
Bi urteko ibilbidea egin du, beraz, Sortzen-Ikasbatuazek, eta baita hausnarketa ere. Hori da II. batzar nagusiak islatu duena. Eta are garrantzitsuagoa dena; etorkizunari begira Euskal Eskola Publiko Berriaren alde lana egiteko zenbait proposamen onartu dira. Hezkuntzako esparru publikotik Euskal Herriko egituraketari ekarpenak egiteko indarra eta gaitasuna badagoela erakustarazi nahi dute.
Sortzen-Ikasbatuazek argi eta garbi agertu ditu bere helburu nagusiak. Hasteko, ikastetxe publiko euskaldun batek bultza behar dituen ezaugarriak definitzea. Bigarrenik, Euskal Eskola Publikoa Euskal Herriko hezkuntza sistemaren ezinbesteko zutabea dela aldarrikatzea. Eta hirugarrenik, Euskal Eskola Publiko Berriaren gauzapenerako lan-ildoak zehaztea.
Egungo egoera soziopolitikoak euskal eskola publikoaren proiektuari mesederik ez diola egiten ikusten dute, ez euskararen aldetik eta ez euskal edukien aldetik ere. Argi daukate bi estaturen aldetik aldaketarik ez dela etorriko, ez baitute behar den ikastetxeko pedagogia zein kudeaketa mailako benetako autonomiarik bermartuko. Hori dela eta, Euskal Eskola Publiko Berria errealitate bihurtzeko erabaki irmoa hartua dute; dauden hesiak gainditu eta hezkuntzan marko berri bat ahalbidetu nahi dute demokrazian oinarrituta, hots, norberaren hitza eta erabakiak hartzeko eskubidea errespetatuz. Euskal Eskola Publiko Berria aldarrikatzen dute, eta ikastetxe publiko euskaldunaren aldeko urrats praktikoak ematen hasteko unea iritsi dela deritzote. Bide horretan zenbait lan-ildo proposatzen dituzte eta honela zehazten dituzte:
1. Euskal Herriko sare publiko euskalduna gorpuztea ikastetxeetatik bertatik dinamika piztuz.
2. Gaurko instituzioekiko menpekotasunezko harremanak aldaraztea, dagozkigun eskumenak exijituz.
3. Esparru publikoko euskalduntze prozesua azkartzea, murgiltze ereduari eutsiz.
4. Euskal curriculumaren diseinuan parte-hartzea sare publikotik geure ekarpena eginez.
5. Eskola Publiko Euskalduna euskal hezkuntza sistema nazionalaren ezinbesteko zutabea dela argi uztea.
6. Euskal hezkuntzako eragileen arteko elkarlana bultzatzea.
Hori guztia bideratzeko eta gauzatu ahal izateko2003-2007ko plan integrala diseinatu dute lau arlotan oinarrituta: antolaketa, pedagogia, ekonomia eta komunikazioa. Era berean, plan orokor hori martxan jartzeko bi bideri ekin diote ikasturte honetan2002-2003 ikasturteko plana eta inkesta-gidoia .
2002-2003 ikasturteko plana
Plan Integral orokorraren xedeak betetzera bideratuta daude ikasturte honetan abian jarritako egitekoak, eta lau dira: antolaketa eta baliabideak, Euskal Herriko curriculuma, ikastetxearen autonomia eta beste hezkuntza erakundeekiko elkarlana.
Antolaketa eta baliabideei dagokienez, bi helburu ditu Sortzen-Ikasbatuazek; bata barne antolaketa indartzea da, eta bestea azpiegitura indartzeko baliabideak lortzea.
Euskal Herrikocurriculumaren kasuan, Euskal Herriko beste erakunde batzuekin batera proposamen bat garatzen hasiak dira.
Ikastetxeen autonomia da esku artean duten beste gaia. Ikastetxe guztiek beren hezkuntza eskaintzan ziurtatu beharko lituzketen gutxiengoak zehaztea ezinbestekoa irizten diote Sortzen-Ikasbatuazeko kideek. Baina behin gutxiengoak zehaztu ondoren, horiek beteko dituen Hezkuntza Proiektua diseinatzeko autonomia osoa behar du ikastetxeak, hots, eskola komunitate osoak. Beraz, Hezkuntza Proiektua garatzeko behar beste baliabide izan behar ditu ikastetxeak, eta baliabide horiek kudeatzeko autonomia, noski. Zentzu horretan, Sortzen-Ikasbatuazek, LAB eta EHIGErekin batera, proposamen ireki bat egiten du ikastetxeetan autonomia hori gara dadin: zenbait ikastetxetan proiektu pilotuak jartzea eta, proiektu horien ebaluaketa integrala egin ondoren, emaitzak onak balira, autonomiaz bizi nahi duen ikastetxe orori aukera hori zabaltzea. Horretarako, lehendabizi ikastetxeetan eztabaidatu behar da proposamena; bide horretan abiatzeko zein dauden prest jakiteko. Eta aldi berean, sindikatuekin, hezkuntzako beste eragileekin eta instituzioekin hitz egingo da, proiektuarekiko ahalik eta adostasun zabalena lortu asmoz.
Azkenik, 2002-2003 ikasturteko planaren azken atala hezkuntzako beste erakundeekiko elkarlanari zuzendua dago, horri ere garrantzi handia ematen diotelarik.
Inkesta-gidoia
Planaren xedeak lortzeko, Euskal Herriko ikastetxe publiko guztietako kideen parte-hartzea funtsezkoa dela azpimarratzen dute Sortzen-Ikasbatuazeko eragileek behin eta berriz. Izan ere, Euskal Eskola Publiko Berriaren eraikuntzan guztiek esku hartu behar dute: ikasleek, gurasoek, irakasleek, langile ez irakasleek...
Hori dela eta, esku-hartzea errazteko, inkesta-gidoi bat prestatu du Sortzen-Ikasbatuazek eta Euskal Herriko ikastetxe guztietara banatuko da, nahi duen orok erantzun dezan. Inkesta hori tresna bat izango da denon artean ikastetxe publiko euskaldun batek zein ezaugarri bete behar dituen zehaztu ahal izateko.
Inkesta-gidoiak hiru atal ditu: 1- Nor gara? 2- Zer nahi dugu? eta 3-Zer egin? Atal bakoitzean definizioen eta helburuen proposamenak agertzen dira, eta norberak horien inguruko ekarpenak eta testu hobekuntzak egin ditzake.
Banaka, taldeka edota ikastetxeka bete daiteke inkesta-gidoia, helburua ahalik eta partaidetza handiena lortzea delarik.
Egutegiari dagokionez, Aste Santuak bitartean ikastetxeetan eztabaidak gauzatzeko eta ekarpenak egiteko epea irekiko da. Ondoren, ekarpen guztiak bildu eta txosten bat egingo da eta Sortzen-Ikasbatuazen asmoa ekainean ezohiko batzar batean txosten adostua aurkeztea da. Ondorioak Euskal Herriko ikastetxe publiko guztietara igorriko dituzte eta parte hartu duten pertsona guztiekin bilduko dira lan-ildoak azpimarratzeko eta bakoitzak bere ikastetxean plan integralaren garapena bultza dezan.
Hona hemen inkesta-gidoian planteatzen diren galderak
1. Nor gara?
Nortasunaren ikurrak:
Definizio proposamenak
1.1. Ikastetxe publiko euskalduna eskola eredu berri bat da
- Euskaraz hezi eta bizitzea bultzatzen duen eskola.
- Autonomian oinarritutako eskola.
- Anitza eta integratzailea den eskola eredua.
- Euskal Herrirako lan marko berri eta propio baten alde dagoen eskola.
- Eredu publiko eta osoki finantzatutakoa bultzatzen duen eskola.
- Erabaki guneetan eskola komunitate osoaren parte-hartze zuzena bermatzen duen eskola.
-Euskal Herriari dagokion hezkuntza sistema nazionalaren oinarria den euskal eskolaren alde dagoen eskola.
2. Zer nahi dugu?
2.1. Ikastetxe publiko euskaldun batek bultzatu beharrekoa da: euskalduntasuna
- Euskara
- Euskal kultura
- Euskaraz hezi eta bizi
2.2. Ikastetxe publiko euskaldun batek bultzatu beharrekoa da: autonomoa eta demokratikoki kudeatua
- Titulartasuna
- Partaidetza
- Planifikazioa
- Langileria
- Kudeaketa ekonomikoa
2.3. Ikastetxe publiko euskaldun batek bultzatu beharrekoa da
- Laikoa
- Hezkidetzan oinarritua
- Anitza
- Kalitatezkoa
- Integratzailea
- Pedagogia berritzailea
2.4. Ikastetxe publiko euskaldun batek bultzatu beharrekoa da:osoki finantzatua
- Ikasleei begira
- Pedagogia berrikuntzan
- Hezkuntza egitasmoaren arabera
2.5. Ikastetxe publiko euskaldun batek bultzatu beharrekoa da: lan marko berri bat
- Lan harremanetarako euskal esparrua
-Lan hitzarmen propioak
3. Zer egin?
3.1. Erronkei erantzuteko eredu praktikoa
- Esparru publikotik bertatik ekarpena egitea
- 2003-2007ko plan integrala
- Partaidetza
- Plan Integrala onartzeko ezohiko batzar nazionala egitea.
3.2. Plan integralaren arlo nagusiak eta egin beharrekoa
- Antolaketan
- Pedagogian
- Ekonomian
- Komunikazioan
Euskal Eskola Publiko Berriaren eraikuntza parte hartu nahi baduzu , zure ikastetxeak nolakoa izan behar duen erabaki nahi baduzu, har ezazu parte prozesu honetan.
Sortzen-Ikasbatuaz
Tel.: 943 303 504
E-posta: sortzen-ikasbatuaz@ikasbatuaz.euskalnet.net
sortzen@arrakis.es
sortzen-ikasbatuaz@euskalerria.org
"Euskal Eskola Publiko Berriaren eraikuntzan denak parte hartzera bultzatzen ditugu"
Sortzen-Ikasbatuazek Euskal Herri osoko ikastetxeetara banatuko duen inkesta-gidoiari buruz aritu gara elkarteko lehendakari Juankar Aretxabaletarekin eta koordinatzaile Marije Fullaondorekin. Inkesta horren zergatia eta beraien planteamenduaren nondik norakoen berri eman digute.
Zer-nolako inkesta-gidoia da?
Sortzen-Ikasbatuazek lau urteko plan integrala egin du Euskal Eskola Publiko Berria errealitate bihur dadin. Plan horretan Euskal Herriko ikastetxe guztietako pertsona guztiei parte-hartze zuzena izateko aukera ematea planteatzen dugu. Haatik, plan integralaren txosten mardula banatu beharrean, lana errazteko asmoz eta erakargarria egiteko, inkesta xume bat egin dugu.
Inkesta-gidoiak hiru zutabe ditu: lehenengoa, nor garen definitzeko, hau da, ikastetxe publiko bat nola osatzen den, zein den bere asmoa, ibilbidea...; bigarrena, zer lortu nahi dugun erabakitzeko, hots, helburu zehatzak; eta hirugarrena, nola lortu zehazteko.
Guk abiapuntuko hausnarketa egiten dugu esparru publikotik; badakigu zer daukagun eta etorkizunari begira, zer nahi dugu? Datozen aldaketen aurrean zerbait planteatu behar dugu, zerbait egin behar dugu. Bada, hori da jakin nahi duguna, eta horretarako, noski, oso garrantzitsua da ahalik eta pertsona gehienen iritzia jasotzea. Horregatik, inkesta Euskal Herriko ikastetxe publiko guztietako zuzendaritza taldeei, klaustroko irakasle guztiei, ikasleen ordezkariei, guraso elkarteko ordezkariei, langile ez irakasleei... banatuko diegu.
Inkestaren bitartez eztabaida ikastetxe guztietara zabaldu nahi dugu, parte hartzeko mezuarekin batera. Ez dugu etengabeko eztabaida teorikoa planteatzen, baizik eta norberak esatea epe motz bati begira nola ikusten duen ikastetxe publiko euskaldun batek egin beharrekoa. Gure proposamenak tresna bat izan nahi du, ez jomuga.
Zergatik planteatu duzue orain, memento honetan?
Orokorrean Euskal Herrian hainbat arlotan definitzeko garaia ailegatu zaigu, eta hezkuntzan ere bai, ez baita irla bat. Hemendik aurrera ezinbestekoa da Euskal Herriko ikuspegiaz aritzea, ezin dugu jarraitu orain arteko eskemarekin; hau da, puntualki hezkuntzako sektore desberdinetako pertsonak bilduz zerbait planteatzeko, eraso bati erantzuteko... Hori egin behar da, baina guk zerbait egonkorragoa planteatzen dugu: etorkizunari begira zer-nolako eskola nahi du Euskal Herriak? Eta gure kasuan, zer motatako eskola publikoa? Herritarra? Ofiziala?
Gaur egun gizartea dago legearen zerbitzura eta ez alderantziz, legea gizartearen zerbitzura. Zentzu horretan, gauzak dagoen legediaren arabera planteatzen dira eta ondoren lege horien aplikazioak datoz, gainera. Aplikazioak murriztaileak baldin badira, desmotibazioa dator, eta hori ikusten dugu orokorrean: legea ez dugu propiotzat sentitzen, eta hala sentitzen ez denean ez gara inplikatzen. Gure neurrira eta gure betebeharrei dagozkien legeak eta planteamenduak behar ditugu, eta horiek zein diren ondoen dakiena eskola komunitatea da.
Batzuek gustura egongo dira oraingo funtzionamenduarekin, baina beste batzuek ez. Eta gustura ez gaudenoi aldatzeko aukera ematea nahi dugu.
Esan al liteke orain arteko eskola publikoaren ereduak ez zaituztetela asetzen eta beste eskola publiko mota bat bilatzen duzuela?
Dudarik gabe. Daukaguna ez da nahikoa eta beste eredu bat behar dugu, guztion partaidetzan oinarritua, adostua, diseinatua, garatua...
Zer da, zuen ikuspegitik, eskola publikoan aldatu behar dena?
Gaur egungo eskola publikoari hainbat gabezia ikusten dizkiogu. Adibidez, sare publiko euskaldunak gorpuztu egin behar du eta euskalduntze prozesua azkartu egin behar da. Bestalde, historikoki instituzioekin izandako menpekotasunarekin amaitu egin behar da, beste harreman mota bat sortuz. Horrez gain, izugarrizko atomizazioa dago ikastetxeen artean, ikastetxeko sektoreen artean, pertsonen artean... eta horren aurrean ezinbestekoa da elkarlana trinkotzea.
Jakin badakigu hori guztia ez dela erraza, baina nonbaitetik edo norbaitek hasi behar du, eta guk, gure ikastetxetako eskola komunitate osoaren (guraso, ikasle, irakasle, langile ez irakasle...) ordezkari izanik, hasiera emateko motore izan gaitezkeela uste dugu.
Euskal Eskola Publiko Berriaren planteamendua egiten duzuenean ikastetxea hartzen duzue subjektutzat.
Bai, hala da. Egin dugun planteamendua hezkuntzako erakunde guztiei aurkeztu diegu eta ekarpenak eta zabalpena eskatu dizkiegu: sindikatuei, alderdi politikoei, instituzioei... baina kontziente izanik benetako indarra ikastetxeetan dagoela, horiek direla oinarrizkoak; ikastetxeak eta ikastetxe bakoitzaren Hezkuntza Proiektua, hori baita eskola baten arima edo iparra. Zoritxarrez, ordea, memento honetan daukagun egiturazko arazoarekin proiektu horrek mugak ditu. Gaur egun ezin ditugu ikastetxeetan onartuta dauden Hezkuntza Proiektuak garatu, mugatuta gaude.
Zein dira Hezkuntza Proiektua garatzeko dauden mugak?
Batez ere historikoki izan diren lege organikoak, bai estatu frantsesekoak eta bai estatu espainiarrekoak. Guk ez dugu zuzeneko esku-hartzerik izan lege horietan, inposatuak izan zaizkigu.
Nafarroan eta EAEn datorren Kalitate Legea ere inposatua izango da. Muga horren aurrean zer aurreikusten duzue? Nola jokatuko duzue?
Guk ezin diogu itxaron lege horrek ikastetxeetan edo Ikastetxeko Hezkuntza Proiektuetan izango duen gauzapenari, eta ezta ere instituzio desberdinetatik etorriko zaigun aginduari. Helduak garenez, prozesu honetan esku-hartze zuzena izateko eskubidea daukagu. Hau da, zilegi da guk geronek lantzea gure Hezkuntza Proiektua. Beraz, goazen egin behar dugun hori lantzera eta gero ikusiko dugu non dauden trabak. Bigarren mailatik atera eta protagonistak bihurtu behar dugu.
Euskal Eskola Publiko Berria eta euskal hezkuntza sistema propioa errebindikatzen dugu. Hori izateko eskubidea daukagu eta memento honetan eskubide hori ez da errespetatzen. Beraz, egoera aldatu egin behar dugu, bestela, zer-nolako hezkuntza eta balioak jasoko dituzte belaunaldi berriek?
Baina, nola eramango duzue hori aurrera praktikan?
Negoziatu egin beharko da administrazioarekin, sindikatuekin... Guk planteatzen dugun prozesuak denontzat onurak ekarriko dituela uste dugu: ikastetxearentzat bere Hezkuntza Proiektua garatu ahal izango duelako, ikasleentzat zer esanik ez, eta baita irakasleentzat ere, egonkortasun minimo bat eta proiektuari egokitutako lan baldintza egokiak ziurtatzen dituelako.
Beste aldetik, baliabideak ikastetxeak berak bere beharretatik abiatuta kudeatzeak ere abantaila dakar.
Egun ikastetxeetan dagoen pasibitatetik ateratzeko ilusioa piztu dezakeen aukera berri bat, proposamen berri bat aurkezten dugu. Eta horrek guztion partaidetza eta sektore guztien malgutasuna eskatzen du.
Esan al liteke ikastetxe bakoitzak bere Hezkuntza Proiektua garatzeko duen ahalmena hartzen duzuela oinarritzat?
Bai. Izan ere, Hezkuntza Proiektua da ikastetxearen oinarria, bere iparra eta nortasuna markatzen duena. Dena den, proiektuak, paperetan, zoragarriak izan daitezke, baina ikastetxeetan gauzateko aukerarik ez badago, ez da posible aurrera ateratzea. Hori bai, gauzatzeko aukera izanik ere, proiektu zoragarri baten atzean horretan sinesten duten pertsonak ez baldin badaude, orduan ere ez da posible izango ezer egitea. Guk geure proiektuetan sinesten dugu, eta horregatik gaude hemen.
Zuen planteamenduetatik ondoriozta al dezakegu ikastetxeek autonomia gehiago behar dutela? Hori aldarrikatzen al duzue?
Bai, Hezkuntza Proiektuak aurrera eramateko ikastetxeek orain daukatena baino autonomia gehiago behar dute izan. Horregatik, autonomia garatuko duten proiektu pilotu batzuk hainbat ikastetxetan abian jartzea da gure lehen asmoa. Gure planteamendua da eskola komunitate osoak zehaztu, definitu, adostu eta onartu behar duela Ikastetxeko Hezkuntza Proiektua eta berau aurrera eramateko behar dituen baliabideak. Eta horretarako, autonomia behar du. Beraz, hori zenbait ikastetxetan martxan jartzea da gure lehen erronka.
Eta gero, ondorio positiboak ematen baditu, nahi duten beste ikastetxeetara orokortzeko aukerarik ikusten al duzue?
Autonomiaren aukera, inor derrigortu gabe, horrela bizi nahi duten ikastetxe guztiei zabaltzea da gure helburua. Ez dakigu, norainoko zabalkundea izan dezakeen proiektuak, horrek egitura aldaketa eskatzen baitu eta aldaketa hori eman dadin borondate politikoa ezinbestekoa da. Hori ez dago, zoritxarrez, gure esku. Dena dela, guk gure aldetik positiboa dela erakusten jarraituko dugu, eta positiboa den heinean, aukera hori bizi nahi dugun guztioi irekitzea exijituko dugu.
Zergatik pentsatzen duzue autonomia gehiagorekin hobeto funtzionatuko duela ikastetxe batek?
Oso erraza da. Memento honetan zentralismo batetik abiatzen gara eta badirudi 100 km-tara dagoen batek gure herriko eta, sekula santan bisitatu ere egin ez duen gure ikastetxeko egoera guk baino hobeto ezagutzen duela eta berak esaten digu zer motatako eskola egin behar dugun, gure gela kopuruarentzat zenbat irakasle dagokizkigun eta abar. Ikastetxean bertan dagoenak ez al du hobeto jakingo zein diren bere egoeratik abiatutako beharrak? Ikastetxe guztiak berdinal al dira, bada? Eta, ondorioz, "denontzako kafea"ren politika baliagarria al da?
Bestetik, egungo hezkuntza sisteman, sare publikoan ez bada ere, badaude autonomiaz funtzionatzen duten ikastetxeak, eta euren emaitzak onak direla ere frogatuta dago.
Gure ustetan, hezkuntza mailako esperientzia positibo guztiak baliatu behar ditugu kalitatezko hezkuntza publikoa berma dadin.
Baina gauza batzuk ezarrita daude. Adibidez, Gaztelania astean lau ordu irakatsi behar direla. Ikastetxe batek ezin esan dezake bi ordu emango dituenik.
Zergatik ez? Legez ez, baina ikastetxeak erabakitako ibilbidearekin legeak ezartzen duen gutxiengora eta gehiagora ere irits daiteke. Gutxiengoak bete behar dira, baina nork esaten du gai konkretu bat 3. mailan eta 8. mailan irakatsi behar dela? Zergatik ezin da ikasi beste maila batean? Adibidez, hiri oso industrializatu batean bizi diren ikasleen beharrak eta ezagutzak ez dute zerikusirik baserri giroko ikasleek dituztenekin. Batzuk berez dituzten ezagutzak, etxetik eta ingurutik jasotzen dituztenak, besteek ez dituzte.
Gutxiengo batzuetara iritsi behar dute ikasleek, baina ikastetxeak antolatu dezake horra iristeko ibilbidea. Ikastetxeak berak ezagutzen ditu ikasleak, zer behar dituzten, zer egoera sozio-linguistiko-ekonomiko duten...