Kukurruku! Zer diozu?<br />Ipuinak, poemak, esaera zaharrak, musika eta elkarrizketak biltzen dituen CD berria

2002-12-01
Ipuinak, poemak, esaera zaharrak, musika eta elkarrizketak biltzen dituen CD berria da Kukurruku! Zer diozu?. Oilarraren kukurrukuak egunaren hasiera iragarri ohi digu, eta oraingoan egitasmo berri baten hastapena aurkezten digu.
 
 
Lan berri honek bost ipuin musikatu eta bost poema musikatu biltzen ditu. Istorio bizi batek ematen dio haria eta bertan euskarazko dozenaka esamolde jator txertatzen dira. Elementu horiek guztiak biltzen dituen egitasmo berri bat da, eta ahozkotasunaren arloan ekarpen berri bat dakar.

Jolasekin bezala, ipuinekin ere ekarpen bat egiteko asmotan zebilen Hik Hasi. Horrela, Mitxel Muruarengandik proposamen bat jaso zuen eta egoki ikusi ondoren, abian jarri zen. Mitxel Muruak berak koordinatu du lana eta euskal literaturako, musikagintzako nahiz irakaskuntzako hainbat lagunek hartu dute parte.

Ipuinen egileak euskal literaturan sona handia duten bost idazle dira: Bernardo Atxaga, Juan Kruz Igerabide, Arantxa Iturbe, Anjel Lertxundi eta Mitxel Murua. Bernardo Atxagak lan honetarako propio egin d Zuk-Zuk jaunaren alfabeto berria . Letra guztiak dantzan eta hizketan jartzen dituen ipuin orijinala da berau. Juan Kruz Igerabideren Ondojoan ipuinak, berriz, Joxe Panpin jostailu eta panpin sailtzaileari Ondojoan herrian gertatzen zaiona kontatzen du. Arantxa Iturbe eta Anjel Lertxundik konplexurik gabeko mezuak bidaltzen dizkigute beren ipuinetan: Beldurtia naiz, eta zer?eta Nik erremerre hitz egiten dut, eta zer?. Mitxel Muruak, ostera, Mari-Puzker ipuin atsegin eta dibertigarria dakar. Ipuinak, Zuk-Zuk jaunaren alfabeto berria izan ezik, Elkar argitaletxeak argitaratuak ditu.

Ipuin kontaketa lanak egin dituztenak Anjel Alkain, Iñaki Beraetxe, Hodei Iruretagoiena, Arantxa Iturbe eta Mitxel Murua izan dira, tartean zenbait haurrek eta helduk ere lagundu dietelarik. Era berean, Beldurtia naiz, eta zer?eta Nik erremerre hitz egiten dut, eta zer? ipuinek musika ere lagun dute, Xabier Zabala arduratu delarik musika konposatzeaz. Estilo, erritmo eta gai desberdinetako ipuinak dira; eta horrenbestez, adin desberdinetako hartzaileentzako modukoak.

Ipuinez gain bost poema musikatu biltzen dira CD honetan. Joxan Ormazabalek idatzitakoak dira eta Elkar argitaletxeak argitaratutako hainbat liburutan bildurik daude. Aipatu bi musikariek landuta agertzen dira poemok: Maindirepean, Kukulumiku-kukulumusu, Tzunpatatzun Jexux Mari Lopetegik musikatu ditu, eta Infinitu eta Maitasuna Xabier Zabalak. Ahotsa jarri dietenak, Garazi Egiguren tolosarra eta Uxue Urruzola billabonatarra izan dira eta koroekin lagundu dietenak Villabonako Musika Eskolako Maitane Odriozola, Maialen Diaz, Libe Arquillo eta Amets Zalakain. Iñaki Zalakain musika irakaslearen gidaritzapean aritu dira denak.

Horri guztiari lotura ematen dion istorio bat dago, lanari haria ezartzen diona. Pirritx eta Porrotx pailazoak, haurrak eta Antonio Bolas, gezurra egiaren kolorean kontatzen duen gizona dira istorio horretako partaide. Beraien arteko elkarrizketak bizitasunez, freskotasunez eta umorez blaituta daude, eta tartekatzen diren euskarazko esamolde jatorrek aberastasun ikaragarria ematen diote.

Oro har, joko eta aukera ugari ematen duen materiala da, eta bereziki ahozkotasuna lantzeko aproposa izan liteke. Modu ludiko eta erakargarrian biltzen dira eduki guztiak, eta entzuketa soilaz gain, esamoldeek, hitz jokoek eta ipuinek gure hizkera aberasteko aukera ematen digute. •