Kronika

2002-12-01
 
 
Donibane Garazin eraikitze lanari ekingo diote urte berrian Garaziko ikastolak egoitza berri izan dezan. Sortu zenetik ikasle kopurua handitzen joan izan den heinean lekuz aldatu behar izan dute, behin baino gehiagotan; Donibane, Uharte, Lasa... Horregatik, kokapen egonkorrago baten finantzamendua lortzeko negoziaketetan ibili dira oraindaino. Urte luzeetan agintari frantsesekin izandako elkarrizketak alferrikakoak suertatu dira, Frantziako estatuak laguntzarik batere ez diela emango adierazi baitie. Egoera horrela, Seaskak hartu du bere gain lanen ardura. Urtarrilean hasteko diren eraikuntza lanak Gasteizko gobernuak, EAJ-EAren Udalbiltzak eta Seaska berak, Herri Urratsari eta egingo duen kanpainari esker, osatuko dute beharrezko den finantzaketa, laster ikasgela berriak erabiltzerik izango duteneko itxaropenez.


Nafarroako legeztatu gabeko ikastolen finantzaketa gelako egingo da
Nafarroako zonalde ez-euskaldunean dauden legeztatu gabeko ikastolen finantzaketa gelako egingo da, eta ez haur bakoitzeko. Hala erabaki du Parlamentuak eta horrela, ekainaren 27an hartutako erabakia atzera bota dute. Izan ere, Pedro Pegenautek zuzentzen duen Hizkuntz Politikako Zuzendaritza Nagusiak diru laguntzak banatzeko irizpidea aldatu egin zuen, eta ondorioz zonalde horretako bost ikastolek 643.000 euro gutxiago jaso zituzten. Ekainaren 27an aurreko diru laguntzen sistemara itzultzea proposatu zuen EA-EAJk, baina asmoa ez zen aurrera atera IUN-NEBren hutsegite batengatik. Orain, hutsegite hori zuzendu dute eta berriz 2000. urtera arteko finantzaketa jasoko dute ikastola horiek.
Aipatu lau ikastolak Tuterako Argia, Bianako Erentzun, Irunberriko Arangoiti, Lodosako Muskaria eta Sartagudako Deikaztelu (orain azken biek bat egin eta Ibaialde ikastola osatzen dute) dira. 1991. urteaz geroztik gelako subentzionatzea erabaki zen, eskola unitarioetan bezala. Gehienak txikiak ziren gelako ikasle kopuruei zegokienez eta ez ziren iristen gutxieneko haur kopurura -hamazortzi ikasle Haur eta Lehen Hekzuntzan-.
Iazko aurrekontuekin, ordea, aldaketa ailegatu zen. Pedro Pegenatuek iragarri zuen irailetik aurrera soilik gutxieneko kopurura iristen ziren gelek jasoko zutela moduluaren diru kopuru osoa, eta gainontzekoetan haurren proportzioan gutxituko zela laguntza.
Banaketa berri horren ondorioz iaz 163.000 euro gutxiago jaso zituzten eta aurten 480.000 euro gutxiago. 2000. urtean 1.370.000 eurokoa izan zen ikastola horiek jaso zuten diru laguntza. Egoera horrek kinka larrian utzi ditu ikastolak, oinarrizko gastuei aurre egiteko zailtasunekin.
Nolanahi ere, ikastola horien diru laguntzen gaiari berriz heltzekotan gelditu ziren Parlamentuan. Izan ere, Jesus Laguna Hezkuntza kontseilariak ikastola horien "pribilegioak" aipatu zituen, beste ikastetxeentzat bidegabea dela esanez. Legeztatzea ez zitzaiela interesatzen ere aipatu zuen.


Sarean Elkarteak haur eskolen mapa diseinatzeari ekingo dio
Sarean elkarteak XIII. Topaketen ondotik haur eskolen mapa egiten hasiko direla adierazi du. Hezkuntza Saila"planifikazio argi eta ganorazko bat egiten ez dela ari" ondorioztatu ondoren hartu du erabaki hori, eta hezkuntza publikoko beste erakundeekin batera ekingo dio gizartearen eskaera erantzuteari.
Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan kezka handia dago gai horren inguruan. Dekretuaren behin betiko onarpena eta argitaratzea atzeratzen ari da eta horri lotutako Memoria Ekonomikoaren berri ere ez da ematen. Bien bitartean, sare pribatuko ikastetxe asko ziklo hau eskaintzeko beharrezkoa den baimena eskuratzen ari dira, eta horrek eragina izango du etorkizuneko eskola mapan.
Titulartasunari dagokionez, Hezkuntza Sailaren asmoa da partzuergoaren bidea jorratzea, eta Sareaneko kideek uste dute horrek sektorearen pribatizazioa erraztu dezakeela. Bestalde, nahiz eta 0-3 etapari izaera hezitzailea onartu, beste adinei onartzen zaien doakotasunik ez zaio aitortzen.
Sareanek egin asmo duen eskola maparen diseinuak hiru ezaugarri nagusi hartuko ditu aintzat. Hasteko, titularitate publikoa izango duen eskaintza osoak Hezkuntza Sailaren menpe egon behar duela defendatzen dute; udalek, Aldundiek eta abar finantza eta kudea dezakete, baina titulartasunak ez du beraiena izan behar. Bigarrenik, eskola publikoaren eskaintzak osotasunean finantzatua egon behar duela eskatzen dute. Eta hirugarrenik, eskaintza publikoa hezkuntza barruti guztietara hedatu behar dela diote, euskal gizarte osoak Euskal Eskola Publikoan sartzeko aukera izan dezan.
Bien bitartean, Nafarroako Ongizaterako Institutuak 0-3 zikloko zentroak jartzeko ebazpena plazaratu du. Bertan, haur bakoitzaren kostua 3.125 euro ingurukoa dela aurreikusten da, eta diru hori lortu ahal izateko langileen kostuak murriztuko dituzte. Gobernua harro dabil ekimen aitzindaria dela esanez, baina langileek eta hainbat adituk ez dute uste bide ona eta egokia denik, eta onena porrot egitea dela uste dute.


Euskal Herriak Bere Eskola kanpainan aldarrikatu zen Euskal Herriak bere eskola izateko zuen beharra, eskubidea eta nahia. Ondotik sortu zen
Euskal Herria Bere Eskola ekimenak prozesu berri bat jarri du martxan Euskal Herriak behar duen eskola eredua diseinatzen hasteko.
Prozesu hori Donostian bildutako hamalau herrietako ordezkariek (Iruñea, Durango, Zarautz, Gasteiz, Hernani, Leitza...) hasi zuten, lehen pausoa herri bakoitzean
dituzten beharrak eta gabeziak identifikatzea baita.
Gerorago tokian tokiko lehentasunezko ildoak
zehaztuko dira.
Hauekin guztiekin aldarrikapen taula bat osatuko da eta mintegi nazionalak antolatuko dira, iritzi guztiak jaso
eta adostasunezko dokumentu batera iristeko.
Ibilbide horretarako Euskal Herriko ikasle, irakasle, guraso eta herritar guztiei
zabaltzen zaie deia.
Madrilen eta Parisen erabakitzen dituzten legeak ere salatu zituzten eta horiei aurre egiteko geure legea behar dugula adierazi,
Xede horiekin bada, urratsak ematen hasiko dira ikasturtean zehar.