Ikastolen Elkartearen joko didaktikoek jolasa eta ikasketa uztartzen dituzte

2002-12-01
Ikastolen Elkarteak material berria kaleratu du joko didaktikoen esparruan. Euskarri desberdinetako materialak gehitu dizkio bildumari, besteak beste, lan-koadernoak, jokoak eta CD-ROMak. Euskal kulturaren zabalkundea dute xede guztiek eta horretara bideratuta daude.
 
 
Esku artean izango ditugun joko berriak lau dira."Hilabeteak" izenekoa 28 puzzlez osatutako jokoa da eta 4-7 urte bitarteko haurrei bideratua dago. Hilabeteak ikasteko eta urtean osatzen duten zikloa ikasteko lagungarri da. Hau da, hilabete bakoitzeko elementu esanguratsu baten identifikazioaren bitartez hilabeteak ikasiko dituzte haurrek, eta baita hilabeteek urtean duten ordena ere.

"Zenbat dira?" jokoak zenbakiak ezagutzen lagunduko die 3-5 urteko haurrei, egurrezko puzzleen bidez zenbaki bakoitzari dagokion kantitatea zein den erakusten baitu.

"Zer ordu da?" 5-8 urte bitarteko haurrei zuzendutako jokoa da eta 24 puzzleren bitartez eguneko 24 orduak adierazten dira.

Laugarren jokoak"Nire gorputza" du izena eta gorputzeko atalak ezagutzeko balio du. 30 piezako bi puzzlek osatzen dute eta horietako bakoitzean 10 pieza handi eta 20 txiki daude. Pieza handiek neskaren edo mutilaren gorputza osatzen dute eta txikiek gorputzaren atalak irudikatzen dituzte izen eta guzti.

Lehen hiru jokoak matematika lantzeko prestatuak daude, eta azkenekoa gorputza, nortasuna eta autonomiaren esparruan koka daiteke. Joko hauek, aurretik kaleratutako guztiek bezala, curriculumeko arlo desberdinak lantzen dituzte, ez dira joko hutsak. Adin zehatz bakoitzari dagozkion gaitasunak garatzen laguntzen dute, eta curriculumeko proiektuarekin uztartzen dira. Horrez gain, balioak ere lantzen dira jokoen bitartez, eta gure kasuan, euskal kulturaren balioak.

Aipatu dugunaz gain, begien bistan dago jokoak une ludikoetarako tresna direla eta erraminta horiek euskaraz eskainiz gero, ahozko hizkuntzaren garapenari bultzada izugarria ematen diote.



Subil, euskal kultura ezagutzen

Jokoak ez ezik, beste hainbat euskarri ere baliagarriak dira aipatu balioak eta euskal kulturaren zabalkundea lantzeko. Helburu horrekin ekin zion Ikastolen Elkarteak Subil, euskal kultura ezagutzen lan-koadernoak argitaratzeari, eta orain 6. zenbakia argitaratu du. Azken lan horrekin Lehen Hezkuntzako 1. mailan hasitako ibilbidea amaitzen da, 6. mailan, hain zuzen ere.

Subil bildumak Euskal Herriko lau ospakizun ezagun eta esanguratsu lantzen ditu: Olentzero, Santa Ageda, Inauteriak eta San Joanak. Olentzero eta San Joanak neguko eta udako solstizioen antzinako ospakizunak dira, Inauteriak garai bateko urte hasierako jaiak eta Santa Agedako oles egitea antzinako errito pagano batzuen aztarna.

Subil 6 azken lan honetan, maskaradak dira ardatz eta antzerki genero horretako pertsonaia ugari aztertzen dira.

Teknologia Berriek eskaintzen duten aukera aprobetxatuz,"Xipri eta Xexili" CD-ROMa kaleratu dute. Bertan Subil 1 eta Subil 2 lan-koadernoetako edukia biltzen da, hots, 6-7 urtekoentzako jokoak.

CD-ROMen eskaintzaren barruan"Xake zakurtzarrari!" ere aipatu behar da. Xakean ikasteko programa bat da eta beste hainbat aukera ere ematen ditu.

Joko didaktikoek baliabide pedadgogiko bezala duten garrantzia aintzat harturik ari da lanean Ikastolen Elkartea, eta horregatik, material hauetan guztietan gozamena eta ikasketa uztartzen dituzte. •