ZULAIKA, Luis Mari:

2002-12-01
Luis Mari Zulaika zarauztarrak 14 urte daramatza Heziketa Fisikoko irakasle lanetan. 1999an Heziketa Fisikoa eta autokontzeptua tesia aurkeztu zuen eta orain Kirola egiteko 30 arrazoi liburua egin du Maite Muñoarekin batera.

Kirola egitearen garrantziaz eta onurez aspaldian ohartu zen Luis Mari, baina baita kirola egiteko moduak eta helburuek bereziko garrantzia dutela ere. Goi mailako kirola nagusi den gizarte honetan, zaila suertatzen da kirol horren eraginetatik eta balioetatik askatzea; esfortzua, errendimendua, emaitzak dira garrantzitsuena. Eskola kirola edo ariketa fisikoa egitea, ordea, ez da gauza bera, eta hori azpimarratzen du behin eta berriz Luis Marik. Bakoitzari berea.

Kirola eta heziketa, heziketa eta kirola, bi jarduera horien arteko oreka eta osagarritasuna bilatzea da bere kezka, eta ahalegin horretan dihardu han eta hemen bere ekarpenak eginez, eta batzuetan izerdia botaz ere bai.
 
 
Kirola egiteko 30 arrazoi liburua argitaratu berri duzue Maite Muñoa medikuak eta biok. Zer mamitzen da bere orrialdeetan?

Oinarrian izenburuak berak dioena biltzen da eta hori da edukia; kirola egiteko 30 arrazoi ematen dira. Arrazoi bakoitza bi mezu eta irudi batez azaltzen da. Mezu bat haurrei egokitutakoa da; laburra eta komiki moduan agertua orrialde bakoitzaren sarreran. Bigarren mezua, berriz, helduei zuzendutako da eta luzexeagoa. Modu erakargarrian eta ulerterrazean ariketa fisikoa eta osasunaren arteko erlazioa zein den azaltzen da liburuan.

Zerbait baloratu edo maitatu ahal izateko, ezinbestekoa da haren garrantziaz jabetzea. Liburuxka honetan azaltzen diren edukiak zabalduz irakurleengan eragin nahi da; gorputza eta osasuna zaintzea zein ona den ohartarazi nahi da eta, aldi berean, oinarrian ariketa fisikoa duten jardueretan parte hartzera motibatu. Guztiok kirola egitera animatzeko asmoz, ez dago ariketa fisikoaren aldeko ezaugarrei buruz informatzea bezalakorik. Mezu hori hedatzeak jendea parte hartzera bultzatzen lagunduko du, bai eta ohitura sedentarioak izateko arriskua gutxitu ere.

Xede horrekin, liburuan irudiei indar handia eman diegu erakargarriagoa eta arinagoa izateko.



Haurrentzako eta helduentzako moduko liburua da, beraz.

Bai, hala da. Batetik, haurrentzat erakargarria da irudi aldetik landua dagoelako eta mezuak beraiek ulertzeko moduan laburtuta daudelako. Eta horrez gain, beste testu sakonago bat dago helduentzat. Azalpen horretan zifra, taula eta datu ugari agertzen dira, medikuntzako eskuliburuetatik ateratakoak. Dena dela, eskuliburu horiek astunak izan ohi dira eta guk laburtu eta modu erraz eta ulergarrian jarri ditugu, eta horrez gain, euskaratu.



Nolatan otu zitzaizuen liburu hau egitea? Hutsune, gabezia edo beharren bat sumatzen al zenuten?

Argitalpen ugarik jorratu dute ariketa fisikoaren eta osasunaren arteko erlazioa, baina horien artean oso gutxi ditugu euskaraz eta modu labur, ulerterraz eta dibulgatzailean, haurrentzat eta helduentzat balio dezaketenak. Arrazoietako bat hori izan da. Eta beste bat guk geronek sumatzen genuen beharra.

Maite sendagilea da eta ikusten zuen eguneroko lanean jende asko etortzen zitzaiola arazo edo gaixotasunekin. Bera konturatzen zen botikak errezetatu beharrean gaixoen eguneroko bizimoduan zertxobait aldatuz arazoak konpon zitezkeela. Hau da, egunero oinez zerbait ibiliz, eguneroko lanetan aktiboki parte hartuz... Horrelako aldaketa txikiekin arazo ugariri aurre egingo ziela ikusten zuen.

Bestalde, ni Heziketa Fisikoko irakaslea naiz eta aspalditik nabil haurtzaroko kirolaren inguruan kezkatuta eta lanean. Aldaketa garaian bizi gara eta jendeari gero eta gehiago kostatzen zaio konpromisozko kirola egitea. Egia da kiroldegietan jende asko ikusten dugula; squash pixka bat egiten, saskibaloi pixka bat... baina konpromiso serio batekin, kirol batean federatuta, talde batean, lotura batekin... gero eta zailagoa da, jendea ez baitago prest.

Beraz, bi arazo horiei bueltak ematen aritu ginen eta kezka komun horri erantzun nahian hasi ginen: batzuen kasuan osasun arazoak konpon zitzakeelako, eta besteen kasuan kirola egiteak merezi duela konbentzitzeko eta animatzeko.



Zuen kezkaz gain, gainontzeko jendearen aldetik horrelako material baten eskaerarik sumatzen al zenuten?

Zenbait irakasleren aldetik bai. "Osasuna eta kirola" LOGSEko 2. mailan eskaintzen den aukerazko arloa da. Arlo hori ematen duten hainbat irakaslek esan digute lan honek hutsune izugarria betetzen duela, arlo horretako eskolak ematerakoan materiala lortu ezinik ibiltzen zirelako, eta are gehiago euskaraz.



Liburuan kirola egiteko 30 arrazoi ematen dituzue. Arrazoi horiek nolabait laburtzekotan, zuk zein onura aipatuko zenituzke?

Oso zaila da liburu guztia laburbiltzea, baina multzoka sailka daitezke, gorputzeko aparatu desberdinei dagokienez zer onura dakarzkigun ikusita.

Horrela, lehenengo eta behin, zirkulazio aparatua aipatuko nuke; hots, odola gorputz osora garraiatzen duen sistema horrek jasotzen ditu bereziki onura nabarmenenak: hodiak malgutzen ditu, odola bera ere arinago joaten da, odolaren osaketan koipea gutxitu egiten da, eta ondorioz errazago garraiatzen da, bihotza gutxiago nekatzen da...

Bigarren mailan lokomozio sistema aipatuko nuke, bai hezurdura eta bai giharrak. Hezurdurari dagokionez, sedentarioa den pertsona batek eta ariketa fisikoa egiten duen batek izugarrizko aldea eduki ohi dute. Osteoporosia, artrosia... agertzen dira pertsona sedentarioen kasuan. Eta giharretan ere aldea oso nabarmena da.

Arnasketa aparatuan ere hobekuntza nabarmenak eragiten ditu kirola egiteak. Xurgatzen dugun oxigenoa odolera iritsi eta karbono oxidoarekin trukatze hori hobeto egiten du ariketa fisikoa erregularki egiten duen pertsona batek sedentarioa den batek baino.

Dena den, liburuan aipatzen diren 30 arrazoi horiek bakar batean laburtu beharko balira, ni lehenengoarekin geldituko nintzateke: bizi kalitatea hobetzen duela. Hau da, ariketa fisikoarekin osasuna hobetzen dugu, eta ondorioz bizi kalitatea.



Kirola eta ariketa fisikoa gauza bera al dira?

Berez kontzeptu desberdinak dira. Oro har, ariketa fisikoa giza gorputzari mugimendua eta nekea eskatzen dion edozein jarduera da. Beraz, hor sartu beharko lirateke egunean zehar oinez egiten ditugun lekualdatze guztiak, etxeko lanak, eskulan guztiak... Horiek guztiak ariketa fisikoak dira eta ariketa fisikoak onurak dakartzala esaten dugunean horiek denak kontuan hartu behar dira. Beraz, kontzeptu hau kirolarena baino zabalagoa da. Kirol jarduera guztiak ariketa fisikoa dira, baina ez alderantziz.



Nekea aipatu duzu. Ariketa fisikoa egiteak nekea edo sufrimendua al dakar beti? Sufrimenduarekin lotu behar al dugu?

Beti lotu izan dugu erosotasuna geldirik egotearekin edo ez nekatzearekin; eta ariketa fisikoa, aldiz, nekatzearekin. Edonola ere, mementu honetan zerbait subjektiboa baldin badago, hori pertzepzioa da. Orduan, zu kontziente baldin bazara zer lortzen duzun ariketa fisikoarekin eta gustuko jarduera aukeratzen baduzu, gozatu egin dezakezu egiten duzun bitartean. Asko gara ariketa fisikoa eginez gozatzen dugunak, jarduera bera egin bitartean ondo pasa eta disfrutatu egiten dugulako. Ariketa fisikoa ez da egin behar ona dela esan digutelako edo agindu egin digutelako eta hortzak estutu eta gaizki pasaz. Behartuta egiten bada, epe laburrean zerbaitetarako balio dezake, baina epe luzera seguru ezetz. Nik ikusi izan dut jendea bat-batean eguerdiko 12:00etan, izugarrizko beroarekin, zira handia jantzita, ahoa zabalduta... Masokak gara, baina dena bere neurrian. Pertsona horiek behin ikusten dituzu, bitan ere bai, baina ez gehiagotan. Horren ordez gutxieneko planifikazio bat egin behar da, epe luzeak ezarri, pixkanaka hasi eta gozatu kirola egin bitartean. Bestela, ziur utzi egingo duzula.

Nik uste dut bakoitzak gustuko duen espezialitatea bilatu behar duela, berari dagokion intentsitatea, bolumena, jarduera maila eta abar, nolabait kirola eginez ongi pasatzeko.

Nori gustatzen zaio nekatzea edo izerdia botatzea? Nola bultzatu kirola egiteko motibazioa horren aurrean? Gakoa da beste asetze iturri batzuk lortzea eta kirola egiten den bitartean ondo pasatzea. Asetze iturri hori batzuek koadrilarekin astean behin palan jokatzera joanez aurkitzen dute, beste batzuek galtzen duenak garagardo bat ordainduz... Bakoitzak ikusiko du asetze iturri hori zein bidetatik lortu, baina garbi dagoena da kirola egin bitartean ondo pasatzea eta gozatzea lortu behar dela.



Eskolaren esparruan edo haurtzaroan hiru kirol mota bereizten dira: heziketa fisikoa, eskola kirola eta kirol federatua. Zein dira hiruren arteko desberdintasunik azpimarragarrienak?

Desberdintasuna helburuek jartzen dute. Heziketa Fisikoaren eta eskola kirolaren helburua haurraren garapen integralean laguntzea da, ikuspegi hezitzailea dute. Kirol federatuaren xedea, ordea, errendimendua hobetzea eta emaitza onak lortzea da.

Kirol federatua 12-14 urtetik gorako gazteentzat izaten da eta klubek eta federazioek antolatzen dute. Helburua errendimendua hobetzea da eta gaitasun altuko gazteek baino ez dute parte hartzen.

Heziketa Fisikoa oinarrizko hezkuntzaren barruan dagoen derrigorrezko ikasgaia da eta oinarrizko curriculum diseinuak zehazten du nola gauzatu behar den. Hau da, Hezkuntza Sailak arautzen du eta gero ikastetxe bakoitzak zehazten du. 3-16 urte bitartekoa da eta helburua haurraren garapenen integralean laguntzea da. Hori kontuan izanik, beraz, kirolaz gain hainbat jarduera biltzen ditu: gorputzaren ezagutza eta onarpena, gorputzadierazpena, trebetasunak, aisialdirako aukerak, natur ekintzak, jolasak... Beste ezaugarri bat erabateko partaidetza da. Derrigorrezko hezkuntzan haur guztiek parte hartzeko ekintzak egin behar dira, gelako haur guztientzat baita. Denen onurako den zerbait da eta bakoitza bere mailan eta erritmoan joango da hobetzen.

Eskola kirola eskola orduez kanpo egiten den kirola da eta bere helburua ikasle edo partaide horien garapen integrala lantzea litzateke, formatzailea eta hezitzailea izatea, alegia. Modu honetan bakarrik uler daiteke eskola kirola izeneko antolaketa bat; bestela, eskolako adinean gauzatutako kirola edo beste zerbait izango litzateke.

EAEn Foru Aldundiek eta ikastetxeek antolatzen dute, nahiz eta modu berean ez egin. Gipuzkoa da, esate baterako, ikuspegi hezitzailera gehien hurbiltzen dena. Hau da, bera da 8-16 urteko gazteentzat eskola kirola antolatzen duena eta federazioek edo klubek ezin dute beste antolaketa paralelorik prestatu. Horrela, lehentasuna gazte guztien partaidetzari ematen zaio. Beste lurraldeetan, aldiz, federazioek eta klubek adin horretako kirolaririk onenak hautatu eta horiekin antolatzen dituzte txapelketak, eta gainontzekoentzat eskola kirola dagoela argudiatzen dute. Modu horretan goi mailako taldeetarako harrobia ziurtatzen dela esaten da, baina ikusi egin beharko litzateke zer eragin edo kalte dituen gainontzeko gazteen artean bereizketa hori egiteak. Izan ere, sarritan gazte asko lur jota gelditzen dira aukeratuak izaten ez badira.



Nolako eskaintza egiten die eskola kirolak gazteei?

Lehen esan bezala, normalean 8 urterekin hasten dira eta ikasturte bakoitzean kirol bat baino gehiago egiten dituzte DBHko 1. ziklora arte, hots, 14 urtera arte. Adin bakoitzean kirol kopurua desberdina da eta hiruhilabetero txandatzen da. Kirol ugari dituzten aukeran: atletismoa, igeriketa, futbola, saskibaloia, eskubaloia, eskupilota, herri kirolak, mendizaletasuna...eta horrela, 30 aukera baino gehiagotara iritsi arte.



Zergatik antolaketa anitz hori?

Filosofia umetan denetik egitea delako, ez kirola soilik, baita beste hainbat alderdiren lanketa ere: motrizitatea, pertzepzioa, koordinazioa... Hori guztia landuta daukan gazte bat, 14-16 urte egitera iristen denean, gai da edozein jardueratan moldatzeko, kirol teknikaz gain oinarrizko heziketa fisikoa landuta duelako. Orduan, pertsona hori biharko egunean berak aukeratutako kirolean moldatu ahal izango da. Aldiz, kirol bakarra lantzen bada gaitasun batzuk soilik lantzen dira.

Ikerketa ugari egin dira horren inguruan. Esate baterako, Bartzelonako Joko Olinpikoetan dominak irabazi zituzten kirolari gehienak ez ziren kirol horretan hasitakoak, gaztetan beste modalitate edo kirol batean arituak baizik. Beraz, espezializazio goiztiarra ez da egokiena.



Noiz hasten dira, orduan, kirol bakar bat egiten, edo bestela esanda, noiz hartzen dute gustuko duten kirolean aritzeko erabakia?

Gipuzkoan 14 urtetik aurrera aukera lezake bakoitzak zein kirol duen gustukoena, horretara soilik mugatzeko urte osoko denboraldian zehar. Gaitasun handia duten haurrek, zenbait espezialitatetan (futbolean esate baterako), 12 urterekin hasteko aukera badute.



Nolakoa da Heziketa Fisikoko irakasleen eta eskola kiroletako erakusleen prestakuntza?

Lehen Hezkuntzako irakasle izateko espezialitate horretako irakasle diplomatura behar da eta Bigarren Hezkuntzarako SHEEko (IVEF) lizentziatura.

Eskola kirolari dagokionez, ostera, egoera nahasia eta desberdina da. Neurri handi batean jokalari gazteak dira haurrei erakusten dietenak. Horien prestakuntza ez dago arautua eta planifikatua. Beraien kualifikazio maila hobetu beharra ikusten da eta eskualdeka ikastaroak antolatu izan dira. Hala ere, zaila da. Gipuzkoako kasuan, Foru Aldundia Internet bidezko ikastaroak prestatzen ari da, entrenatzaile eta monitore bakoitzak bere etxetik landu ahal izateko.



1999ko martxoan "Heziketa fisikoa eta autokontzeptua" tesia aurkeztu zenuen. Zer aztertu eta ondorioztatu zenuen lan harekin?

Autoestimuaren eta kirolaren arteko lotura aztertu nuen. Beti espero da eskola kirolak pertsonen osotasunezko garapenean laguntzea eta ariketa fisikoak eta kirolak dituzten onurak ematea. Baina jakina, horren balio hezitzailea bere diseinuaren eta orientazioaren baitan egongo da.

Horrela bada, kirola egiten dutenek egiten ez dutenek baino autoestimu altuagoa ote zuten aztertzeko egin nuen ikerketa. Horretarako, Gipuzkoako zenbait ikastetxetako 10-11 urteko ikasle batzuk hartu nituen lagin bezala eta hiru parametro aztertu nituen:

1- Eskola kirolean parte hartu edo ez: parte hartzen zutenek autoestimu altuagoa zutela ikusi genuen.

2- Titular, ordezkoa edo ez parte-hartzaile izan: titularrek ordezkoek baino autoestimu altuago zutela ikusi zen, eta ordezkoek parte hartzen ez zutenek baino altuagoa. Hori nahiko interesgarria izan zen, zenbaitetan ordezkoek parte hartzen ez dutenek baino autoestimu baxuago eduki izan dutelako.

3- Generoa: neskek mutilek baino autoestimu baxuagoa zuten.

Datu horiek bildu ondoren autokontzeptu fisikoa hobetzeko programa berezi bat eraman genuen aurrera. Hiru ikastetxetan ikerketan murgilduta geundenok eman genizkien Heziketa Fisikoko eskolak 10 urteko ikasleei hiruhileko batean, eta beste hiru ikastetxetan ohiko irakasleek. Heziketa Fisikoa irakasteko moduak autoestimuan eraginik ba ote zuen edo ez jakin nahi genuen eta baietz ohartu ginen. Denek parte hartzeko jarduera bat egiten bada, gorputza lantzen ikasteko, bakoitza bere neurrian hobetzeko, konpetitiboa ez dena... haurrek beren buruaz duten pertzepzioa hobetzea lortzen da. Beraz, Heziketa Fisikoko curriculum espezifiko batekin autokontzeptu fisikoa hobe daiteke.