Kronika

2003-06-01
 
 
Bada dekretu bat azkenaldian hezkuntza munduan ahoz aho dabilena. Orain arte LOGSE legeak ikasgelan gutxi gorabehera arlo bakoitzari astean 4 ordu eskaini behar zaizkiola esaten zuen. Orain, LOCEren jazarpenarekin, bi hizkuntza ofizial dituzten autonomia erkidegoetan derrigorrez gaztelania irakasgaiari 5 ordu eskaintzearen asmoa luzatu dute Madrilgo gobernutik.
Anjeles Iztuetak ez du itxaron dekretu berria "kontserbadorea, kadukatua eta elebakartzat" jotzeko eta "Madrilen beldurra diotela aniztasunari eta eleaniztasunari" adierazi du. EAEan betiko sistemarekin jarraituko da, hizkuntzei lehentasuna eta garrantzia beti eman zaielarik irakasgaien %45arekin. Hori gainera, "mundu mailako erreferentzia" izatera iritsi den eleanitz proiektuaren arrakastarekin garbi geratu da. Ez ote da euskara errefortzu horiek behar dituena ?


Frankismo garaiko hasierako irakasleei omenaldia eta konpentsazioa eman diete
Malkoren bat edo beste isuri zen maiatzaren 9an Donostiako Miramar Jauregian, hara gerturatu ziren ia 200 andereñoren lana eta sufrimenduaren aztarnak agerian geratu zirelarik, nonbait. Egunak eguzki argiaren dizdirarekin batera askoren lasaigarri izango zen bestelako argiaren berri eman zuen Anjeles Iztueta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak.
Frankismo garaian, 1967-68 ikasturtera bitartean modu klandestinoan irakasle aritu zirenei eta inongo onarpen sozialik jaso ez zutenei ordainketa ekonomikoa ematea ziurtatuko dien dekretua onartu berri du Eusko Jaurlaritzak. Dekretu honen arabera, urte horien aurretik lanean aritutakoek, kurtsoko 3.000 euroko ordaina jasoko dute eta irakasle lanetan ari ziren bitartean bestelako edozein giza aseguru jasotakoek, berriz, ikasturteko 1000 euro jasoko dituzte.
Bide batez, dekretuaren onartze ofiziala plazaratzeaz gain, omenaldi xume baina era berean hunkigarria egin zitzaien andereño saiatu haiei guztei. Hasteko, besarkadak eta aspaldian ikusi gabekoen begiradak berriro gozatzea ez zen makala izan, baina gero bideo bat ere izan zuten ikusgai. Bideo horretan, orduko zenbait ikastoletako irudiak agertu ziren eta zenbait ikasle ohik, gaur egun famatuak direnak, beraien andereño maiteei zuzendutako hitz batzuk egin zituzten. Bideoaz gain, bakoitzak opari bat ere jaso zuen ekitaldiaren sarreran, Gernikako arbolaren hosto bizia, hain zuzen ere.
Aipatzekoa da, hamar urte luzeren ondorengo prozesua izan dela dekretua onartu artekoa, lehen eskaerak 1993an hasi baitziren egiten EAEan. Eusko Jaurlaritzari 1996az geroztik ere eskaera luzatu zitzaion, baina ordaina eta errekonozimendua ez da gauzatu 2003ra arte. Angeles Iztuetak Jose Ignacio Pelaezen lanaren garrantzia gailendu zuen dekretu hau gauzatzeko garaian. "Maitasuna, errespetua, fedea eta umiltasuna ardatz zenutelarik, gaur egungo hezkuntzaren eredu aurrerakoi izan zinaten andereño guztioi, zorionak".


Euskara jakitea eta erabiltzea: bi mundu ezberdin
Atera dira datorren ikasturteari begira aurrematrikulazioen behin-behineko datuak eta aipatzekoa da orokorrean B eta D ereduen eskaerak gora egin duela. Hala ere, agerian geratu da datu horiek eta euskararen jakintza ez datozela bat bere erabilerarekin. Hori da, bederen, euskararen munduan eta irakaskuntzan dabiltzan zenbait adituk aipatu dutena
Lehenik eta behin, matrikulen gorakada berri pozgarria dela aipatzea zilegi da. Honela, D eredukoen emaitzak Bkoak baino hobeak dira, eta era berean, B eredukoak Akoak baino hobeak. Baina, familia eta etxeko hizkuntzak, bizitokiak nahiz hizkuntzen arteko interferentziek ere eragin zuzena dute, noski, besteak beste.
Errealitatean hiriburuetara jotzen badugu, euskararen erabilera "anekdotikoa" dela adierazi dute adituek eta horretarako zerbait egin beharra dagoela. Besteak beste, eskola orduetako euskara ez dela aski adierazi dute.
Erabilera sustatzeko egin daitekeenari begira, irakasleen euskara mailak landua eta goi mailakoa izan behar duela aipatu dute adituek, eta euskararen gehiegizko kontrolak kalte egiten duela ere onartu dute. Aisialdiko denbora euskararen transmisiorako aprobetxatu behar da eta eskolaz kanpoko ekintzetan ere lan asko dago.
Gazte belaunaldiak euskara balio sinboliko gisa jasotzen ari dira eta ez modu komunikatibo eta funtzional batean. Zenbait euskara taldek azpimarratzen duten, toki publikoetan hasita eta prentsa euskaldunarekin jarraituta, hizkuntza ohiturak pixkanaka aldatzen joatea dela erabilera sustatzen joateko modu bat.
Nafarroako gobernuari dagokionez, berriz, I eta J ereduen dekretua onartzeaz gain, martxan jartzeari ekin dio, lurralde honetako euskararen egoeraren kalterako. Sortzen-Ikasbatuazek eta zenbait sindikatuk euren kexak plazaratu dituzte dekretuaren zentzu pedagogiko eza salatuz. Gainera, D eta B ereduak ez dira eskaintzen aukera bezala euskaraz hitz egiten ez den tokietan. Nola lor daiteke egoera normalizatua oinarrizko hizkuntza eskubideak etengabe urratuak baldin badira?


Bada nahiko mugimendu euskararen inguruan Euskal Herri osoan, eta Iparraldean ere jarri dira zenbait proiektu martxan euskara sustatu eta eguneroko bizitzan erabilgarria izatera iristeko asmoz.
Ildo horretatik, Seaskak komunikazio kanpainaren aurkezpena egin zuen maiatzaren hasieran. Kanpaina honi "murgiltze eredua" izena jarri diote eta euskara sustatzeko bertan murgildu behar dela esate dute norberak egin behar duen ahaleginari men eginez. Gehiengoak ez duela euskara ezagutzen aipatu zuten eta erabilera murritza dela. Baina, CDA soziologia elkarteko datuek adierazi dutenez, gurasoen gehiengoak beraien seme-alabek euskara z ikas dezaten nahi omen dute eta hori baikorra izateko modukoa da. Kanpainaren lagungarri, 15 urtetik beherako haurrak dituzten 47.000 familiei liburuxka bat bidali zaie, non ikastolei eta eredu ezberdiinei buruzko informazio osoa ematen den modu erakargarrian. Seaskak "haurren gaitasunean fidatzeko" eskatzen du.
Era beran, Seaskaren hitzak Hazparneko Ezkia ikastola berriaren inaugurazioan ere izan ziren entzungai. Mixel Etxeberria lehendakariak euskal botere publikoen eta estatu frantsesaren aurkako hitzak luzatu zituen ikastolei ez dietelako laguntzarik ematen. Aldiz, Eusko Jaurlaritza eta Udalbiltzari esker onak luzatu zizkien Iparraldeko ikastolen sustatzaile izateagatik.
Bestalde, Ikas-Biren XVII. festa arrakasta handiz ospatu zen Donibane Lohitzunen.