Hezkuntza, etorkizuna prestatzeko eztabaida guztien erdigunean

2003-12-01
Hezkuntzako eztabaiden aurrean, euskal ikuspegitik kriterio propioak eta komunak izatea litzateke egokiena.
 
 
Herri, nazio, estatu eta gainontzeko egituraketetan hezkuntzak garrantzi handia duela ezagutzea ona da une honetan gertatzen ari diren eztabaidak eta indar jarrerak ulertu ahal izateko.

Frantziar estatuan datozen 15 urtetarako hezkuntza sistemaren garapen ildoak eztabaidatzen ari dira. Hain egitura zentralista duen estatua Europako beharretara egokitzen joateko dezentralizazio mota bat planteatzen ari da. Hori bai, nazioa eta estatua kontzeptu berean sartuz, eta horren ondorioz frantsesa estatuko hizkuntza ofizial bakartzat mantenduz.

Dena den, hona hemen eztabaidan jarritako puntu batzuk:

"- Zein dira eskola errepublikarraren balioak eta zer egin gizarteak onar/beregana ditzan?

- Zein izan beharko luke eskolaren eginkizunak Europan eta datozen hamarkadetarako?

- Zein berdintasunetara jo beharko luke eskolak?

- Hezkuntzaren esparruan, nola definitu eta banatu estatuaren eta lurraldetako kolektiboen arteko ardurak eta rolak?

- Beharrezkoa al da ikastetxeei autonomia gehiago ematea eta horrekin batera ebaluazioa egitea?"...

Espainiar estatuan, bestalde, denei eragingo dien dekretu eta lege organikoen bidez botereak bere ikuspegi politikoa ezarri nahi du. Ildo horretatik hor ditugu Humanitateen dekretua,Kalitate Legea, Lanbide Heziketaren Legea eta abar.

Aurreko neurrien aurrean, Nafarroan hartzen ari diren erabakiak ditugu alde batetik, eta EAEn hartu nahiko liratekeen eta hartzera behartuta daudenen arteko aldeak ezintasuna sortzen du, bestetik.

Hori guztia aztertuta, eta euskal ikuspegitik begiratuta, Euskal Herriak Bere Eskolak proposamen bat egin du. Besteren artean zera dio: "Euskal Herriak, munduko gainontzeko herriek bezala, inguruak ezarritako erronkei erantzuteko era berezia izan du. Erantzun propio hauek kultur ondare bihurtzen joan dira, beste herriekiko hartuemanen bidez aberastutako ondarea, hain zuzen ere. Hezkuntza izan da kultur ondare hori belaunaldiz belaunaldi transmititu eta eraberritzeko akuilua. Egun, globalizazioaren eta uniformizazioaren aurrean, kultur aniztasunaren balioa aldarrikatzen den honetan, bestelako mundu baten eraikuntzarako geure ekarpena egin nahi dugu..."

Beste une batean hala dio: "...Euskal Herriari eragiten dioten hezkuntza erabakiak Euskal Herrian bertan hartu behar dira, euskaldunon arteko eztabaida libre eta demokratikoaren bidez. Gu geu baikara hobekien dakigunak zer nolako hezkuntza beharrak ditugun..."

Hori guztia hausnartuta, bakoitzak atera ditzala bere ondorioak, eta behin ondorioetara iritsita, ez al litzateke osasungarria horiekin koherentziaz jokatzea?