Muga guztien gainetik...euskaraz! OZTIBARRE ikastola, Izura: Lau alokutibo formatan jarduten duen eskola bakarra
Oztibarre ikastolaren beste ezaugarria txiki izatearena da. Adin desberdinetako haurrak gela berean elkartzen dira, eta horrek ikas prozesua aberastu egiten du.
Gaur 3 urtetik hasi eta 11 urtera bitarteko 34 haur dituzte. Bi ikasgela osatzen dituzte; batean Ama Eskolakoak daude eta bestean Lehen Mailakoak. Gelan adin desberdinetako haurrak izateak asko aberasten du ikas prozesua: txikiagoek beti handienei jarraitu nahi diete, jakin-mina dute handiak lantzen ari direna eurek ere ikasteko. Handiak, berriz, txikiekiko arduradun sentitzen dira, eredu. Gutxiago dakitenei irakatsiz asko ikasten dute.
Toka, noka, zuka eta xuka
Forma bakoitza zertan bereizten den azalduko dugu gainetik. Toka eta noka Hegoaldean ere erabiltzen diren formak dira, toka mutilei egiten zaie eta noka neskei. Xuka eta zuka bereizteko adibide bat jarriko dugu. Euskara batuan edo neutroan, "barnean gira" esango genukena, xuka "barnean gitxu" esaten da, eta zuka "barnean gitzu". Edo "etxea polita da" esateko, zuka "etxea polita duzu" esango litzateke.
Zu alokutiboan gaur jende gutxi mintzo da, aitatxi eta amatxiak gehienik, eta apaizari edo pertsona ezezagunen bati zuzentzen direnean. Hala ere, zu alokutiboa ez omen da Hegoaldeko "berorrika" forma ere. Arrunt berezia da. Orain bi belaunaldi, Oztibarre ibarrean zuka mintzatzen ziren gehien bat, xuka ia batere ez. Aldiz, Donibane Garazi inguruan xuka egiten zen asko. Beraz, eskualdeen arabera bazen diferentziarik. Egun xuka mintzatzen dira gehienak, eta gazteak kasik ez dira inoiz zu alokutiboan mintzatzen. Bi belaunalditan gauzak erabat aldatu dira, beraz. Gaurko haurrek zu alokutiboa ez badute ikastolan ikasten, ez dute atxikiko.
Euskara batuan edo neutroan ez dute sekula hitz egiten bertako haurrek. Haurrek xuka, toka eta noka hitz egiten dute. Irakasleek diotenez, horretan eragin handia du haurrek aitatxi eta amatxiekin duten harremanak. Etxe berean bizi ohi dira, eta belaunaldien arteko transmisioa segurtatzen da. Nahiz euskara batua edo neutroa ez duten sekula erabiltzen, ezagutu egiten dute, nonhaitik jasotzen baitute neutroa (telebistatik, liburuetatik...).
Herri bertako hizkera, ikastolako hizkera
Martta da lau irakasletan Izura bertakoa, eta ikastolaren sorreratik dagoena. Marttak lehen egunetik xuka egin zien haurrei. Hala irten zitzaion naturalki, ez zitzaion neutroan egiterik burutik pasa ere egin. Landibarreko haurrak etortzen hasi ziren gero ikastolara, eta haiek toka eta noka egiten zuten aise. Marttak beharra sentitu zuen berak ere toka eta noka ikastekoa, Landibarreko haurrek zekarten aberastasunari lekua egin behar baitzitzaion gelan. Gero emeki-emeki, zu alokutiboa ere lantzen hasi ziren.
Harrigarria omen da haurrek zeinen azkar ikasten dituzten alokutibo formak. Ikasgelan lehenik xuka mintzatzen hasten dira beti, etxetik dakartena horixe baita. Ama Eskolan toka eta noka ikasten dute eta behin forma berriok menperatzen dituztenean, orduan hasten dira zuka. Orain arte zuka ikastea Lehen Mailarako utzi izan dute, baina aurten Ama Eskolan jada hasi dira zuka, esperientziaz ikusi baitute txiki-txikitatik gai direla lau formak lantzeko.
Irakasle bakoitzak forma alokutibo bat
Lau alokutibo formak ikasteko modurik onena, ikastolan eguneroko bizitzan erabiltzea da. Hori oso kontzienteki pentsatua dute Oztibarren. Irakasle bakoitzak alokutibo forma bat hautatua du, eta ikasleei hasieratik azaltzen die berarekin zein formatan hitz egitea nahi duen. Hala, Marttak zuka hitz egiten die beti. Gainerako irakasleek, talde osoari zuzentzen direnean xuka egiten dute, eta haur bakoitzarekin banaka jardutean toka edo noka. Haurrek euren artean toka eta noka jarduten dute. Beraz, ikasleek badute alokutibo forma bakoitza norekin erabili.
Proiektu hau gauzatzeko, irakasleek alokutibo formak ikasi behar izan dituzte. Martta soilik da Oztibarre ibarrekoa. Xole urepeldarra da, Mailis lapurtarra, Uztaritzekoa, eta Xantia Zuberoako Urrüxtoi-Larrabilekoa. Ikastolara etorri zirenean ez zekiten forma alokutibo horiek erabiltzen. Proiektuan sinesten dutelako ikasi behar izan dute, eta diotenez, ez da batere erraza; haurrek fiteago ikasten omen dute helduek baino. Irakasleek argi esaten diete haurrei ez dakitela eurek bezala mintzatzen, eta mesedez irakasteko. Haurrek jarrera bikaina omen dute, eta zuzenketak eginez irakasleak ikasiz doaz. Hutsak egiteari beldurra kendu behar izan diote, beraz, irakasleek, eta Xolek azaldu digunez zailena horixe da, zeure burua hala entzutea, zeurea ez den mintzaira batean. Irakasleentzat, aditz alokutiboak ikasteaz gain, oso garrantzitsua da Izura bertan erabiltzen diren hitz bereziak ikasi eta erabiltzea ere. Izura aberatsa baita, aditz mailan partikularki, baina baita hiztegi mailan ere.
Bistan da irakasle denek duten inplikazioa. Horixe omen da proiektu honen sekretu nagusia: ikastolako irakasle eta langileak talde bat izatea, eta denek egitea ahalegina.
Idatziaren arazoa
Oztibarre ikastolan 1999an hasi ziren Lehen Maila ere ematen. Orduan hasi ziren arazoak. Lehen Mailan haurrek idazketa lantzen hasi beharko zuten, eta zein formatan idatzi erabaki beharra zuten irakasleek. Euskara batua izanagatik ofizialki onartzen dena idatzirako, euren ondasuna lantzea ere oso garrantzitsua ikusten zuten. Azkenik, erabaki zuten ahulen zegoen forma hautatu behar zela idatzian ere lantzeko, gal ez zedin. Haurrek neutroa naturalki ikasten dute, eta zu alokutiboa dagoenez ahulen, horixe hautatu zuten idatzirako. Gurasoei ere oharrak zuka bidaltzen dizkiete.
Idatzirako zuka forma hautatzeak, zailtasunak zekartzan: batetik, ez zegoen testurik alokutiboan idatzirik. Material guztia irakasleek sortu behar izan dute. Bestetik, orain arte ez dago arautua nola idatzi behar den alokutiboan. Irakasleek ikertu behar izan dute hori. Aditz taulak osatzeko lanean ari dira. Taulak, aditz neutro bakoitzaren ondoan aditz hori lau alokutibo formatan nola esan eta idatziko litzatekeen bilduko du. Alegia, "euskaltzain ttipien" lan erraldoia egiten dihardutela. Aditz taulak osatzeko, Martta eta Xole hiru herritako hiru pertsona adinduekin biltzen dira astean behin: Izuran Xantreteiko Eñautekin, Jutsin Arlaneko Gaxuxarekin eta Arhantsusin Larrondoko Alexandrerekin. Hiruok bere-berean mantendu dituzte forma alokutiboak, inongo eraldaketarik gabe, ez baitute euskara neutroaren eraginik izan. Nola ahoskatzen duten erreparatzen diete bereziki. Behin aditz taulak osatzean Euskaltzaindiari erakusteko asmoa dute, ikusteko ofizialki zer den onargarri.
Esparru berrietan erabiltzea erronka
Ikastola barruan oso ongi funtzionatzen du esperientzia honek. Aurrera begirako erronka alokutiboan mintzatzeko ohitura hori beste testuinguruetara eramatea da. Izan ere, ikastolara kanpoko norbait bisitan datorrenean, nahiz pertsona horrek xuka edo toka-noka jarduteko ohitura izan, automatikoki neutroan mintzatzen omen dira, bai haurrak eta baita bisitaria ere, euren "txipa" baita eskolako hizkuntza, ofiziala, neutroa dela. Mentalitateetan ere bada lan bat egiteko, beraz, ikus dezaten eskolan etxean bezala mintzatzea aberastasun bat dela.
Gauza bera gertatzen da haurrak Donaixtiko kolegiora joaten direnean; hango haurrekin ez dute toka eta noka jarduten, ezta xuka ere. Neutroan zuzentzen dira jende berriari. Kezka hori medio, Oztibarreko irakasleek iaz bizpahiru bilkura egin zituzten Donaixtiko irakasleekin, euren proiektua aurkezteko eta ikusteko kolegiokoek zer pentsatzen zuten. Ba omen dute hor bide bat egiteko. Bestetik, kolegioan euskalkien arazoa ere badute, irakasle asko beste eskualdeetatik etortzen baitira. Erabaki nahian omen dabiltza, ea irakasle bakoitzak bere euskalkian mintzatu behar duen, denek bertako euskalkian egin behar duten edo neutroan zuzendu behar zaizkien ikasleei. Oztibarreko irakasleek argi dute ez direla nor erabaki hori hartzeko, eurak ez baitira kolegioan. Dena den, euren ikastolako filosofia zein den ez dute zalantzarik: haur bakoitzak etxetik dakarren aberastasuna atxikitzea ikastolan, etxetik dakarten hori hartzea eta erabiltzea, aldez aurretik teorikoki finkatu beharrean zer hizkera behar den hartu eskolarako. •