Kronika

2003-12-01
 
 
Seaskak lortu zuen azkenik Frantziako Hezkuntza Ministeritzarekin bilkura egitea . Adostutako eguna atzeratzen jardun zuen Ministeritzak, eta azkenik azaroaren 12an bildu ziren, Parisen. Gai nagusiak bi ziren: Seaskak lehen mailarako 93. irakasle postua izatea eta Seaskaren murgiltze ereduaren legezko koadroa adostea.
Ordu t´erdiko bilera izan zen. Harrera ona egin zieten Seaskako ordezkariei (Filgie Claveri lehendakariari eta Pantxika Ibarburu zuzendariari), eta tonu egokian gauzatu zen bilera. Ministeritzako ordezkariek jarrera ona agertu omen zuten.
Baina hitzak haizeak eraman ditu. Frantziako Hezkuntza Ministeritzak bilkuran hitz eman zuen handik 8 egunetara bere erantzuna jakinaraziko ziola Seaskari. Harrezkero ez baietzik eta ez ezetzik, ezer ez dio erantzun Seaskari. Hezkuntza Ministeritzak arazoari heltzen ez dion artean, Seaskak mobilizazioekin jarraituko duela erabaki du.



Partzuergoko haur eskolek ateak ireki dituzte
Abenduko lehen egunotan ateak zabalduko dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan Partzuergoaren bidez sortutako haur eskola askok. 0-3 urteko 1.000 haur hartzeko beste eskola irekiko dituzte urtebetean Haurreskolak Partzuergoko udalek. Eta urtero 1.000 haur gehiagori erantzuteko baldintzak jarri beharko ditu Partzuergoak. Anjeles Iztueta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak esan du datorren urtetik aurrera EAEn jaiotako haurren erdiek izango dutela lekua haur eskoletan, sare publikoko eta pribatuko eskaintzari esker.
Azaroan sinatu zuten Haurreskolak protokoloa Eusko Jaurlaritzak eta Eudelek. Protokoloaren bidez, haur eskolak kudeatzeko zein ardura izango dituen Jaurlaritzak eta zein Eudelek hitzartu dute. Hemendik aurrera beste aukerarik ez dagoen kasuetan udalek ipiniko dute eskola egiteko lekua, eta udalak arduratuko dira eskolak zaintzeaz, hornitzeaz eta garbitzeaz. Jaurlaritzak oinarrizko ekipamenduak ordainduko ditu. Partzuergoak, berriz, langileen soldatak jarriko ditu. Haurreskolak protokoloaren bidez, bestetik, baldintza berdinetan geldituko dira Partzuergoaren bidez sortutako haur eskolak eta EAEko 38 udalerritan aspalditik martxan dauden haur eskolak (azken urteetan Jaurlaritzaren diru laguntzak jaso dituztenak).
Gurasoen patrikari zenbateko zuloa egingo dion 0-3 urteko haurra Partzuergoak sortutako eskolara bidaltzeak, horixe da askoren galdera. Gehienera jota, hilero 180 euro ordaindu beharko zaizkio eskolari haur bakoitzagatik. Kuota ezberdinak daude, haurrak eskolan pasatzen duten orduen arabera. Zentro horiek irekita egongo dira egunean 11 orduz. Baina haur bakoitzak, gehienera jota, egunean 8 ordu pasa ditzake eskolan. Hala, egunean 4 ordu edo gutxiago pasatzen dituzten haurrek 135 euro ordaindu beharko dituzte, eta 4 ordutik gora ematen dutenek 180 euro. Familiei bekak eta diru laguntzak ere emango zaizkie.



Ikasle Abertzaleak-en 15. urteurrena
Azaroaren 15ean Ikasle Eguna ospatu zuten Alegian. Bazen festarako motibo berezirik gainera: aurten 15 urte betetzen baititu Ikasle Abertzaleak (IA) erakundeak. 1988an sortu zen IA Euskal Herri mailako antolakuntza gisa, ikasleek dituzten beharrei erantzuteko eta ikasleen eskubideen alde egiteko.Bi urterik behin ikasleriaren biltzar nazionala antolatzen du IAk, Euskal Herriko ikasle guztiei zabalduta. Biltzar horretan zehazten dira hurrengo bi urteetarako norabideak. Alex Marañon IAko kideak hala esaten zuen Berria egunkarian:"Gure bitarteko guztiak jartzen ditugu jendeak parte hartzeko. Azkenean, Euskal Herriko ikasleriak pentsatzen duena islatzen dugu".
Ikasle Abertzaleak-ek 15 urte betetzen dituen honetan, urrats berri bat etorri da gainera: Nazioarteko Ikasleen Elkartean onartu berri dutela IA erakundea. Horrek badu bere garrantzia, batez ere Nazioarteko Ikasleen Elkartea NBEren ardurapean dagoen erakundea delako. Halaxe azpimarratzen zuen Alex Marañonek: "NBEren ardurapean dagoen elkarte batek Euskal Herria nazio modura hartzen duen lehen aldia da. Hori jarri genuen baldintza, eta onartua izan da".
Orain hamabost urte IAn lan egin zutenek ez omen zuten inolaz ere antzematen mugimendu honek gaur duen irudia eta prespektiba lortuko zuenik.Garai hartan are zailagoa izango zen pentsatzea gaur web orria sortuko zutenik (www.ikasle-abertzaleak. org), eta aldizkaria ere bideratuko zutenik. Hamabost urtetan aldaketa handiak izan dira. Aurrera begira ere badute zer eginik, Alex Marañonek azaltzen duenez: "Herri honek behar duen hezkuntza eredurantz pausoak emateko garaia da. Izan diren erasoekin, egoera jasangaitza da. Gure oinarrizko arloak direnak, euskara eta euskal kultura, kolokan daude, eta horiek indartzen joan behar dugu". Horregatik, Alex Marañonen esanetan, ikastetxeetan euskal curriculuma ezartzeko proiektuari eta euskal unibertsitatea sortzeko proiektuari Ikasle Abertzaleak erakundeak bere ekarpena egin beharko dio.



Iruñean azaroak utzi du bere arrastoa: 2.700 sinadura aurkeztu zituzten udalean, eskatzeko Arrotxapea auzoan egiten ari diren haur eskola euskarazkoa izan dadila. Arrotxapea auzoan lehendik badira beste bi haur eskola ere, eta biek gaztelaniaz eskaintzen dituzte zerbitzuak. Iruñean denera euskarazko bi haur eskola soilik daude, biak Txantrea auzoan. Eskaera, aldiz, izugarria da: Iruñean gurasoen %64k euskarazko haur eskola nahi du bere haurrarentzat. Arrotxapea auzoan kopuruak gora egiten du gainera: %71k nahi baitu haur eskola euskalduna.
Udalak oraindik ez du argitu ea Arrotxapean eraikitzen ari diren haur eskolak euskaraz ala gaztelaniaz jardungo duen. Auzoko gurasoak jada antolatu dira. 2.700 sinadura biltzeaz gain, udaleko alderdiekin bilerak egin dituzte, eta gaia Iruñeko udalbatzara eramateko asmoa dute gurasoek.
Azaroak utzi du beste aldarrikapenik ere Iruñeko karriketan. San Frantzisko eskola publikoa lekuz aldatu nahi du Nafarroako Gobernuak. Eskola Ezpeleta Jauregira eraman nahi du , teresatarren komentura . Eskolako ikasle eta gurasoak aurka daude, teresatarren komentua "arriskutsua, txikia eta legez kanpokoa" delako eta aldaketak "seme-alaben heziketari kalte egiten diolako". Hala salatu zuten Iruñean egindako manifestazioan. Irakasleen klaustroak ere bere kexa azaldu zuen, esanaz aldaketa horrek "ondorio pedagogiko larriak" ekarriko dituela. Irakasleen klaustroak asmoa birplanteatzeko eskatu zien Iruñeko Udalari eta Nafarroako Gobernuari.