PORTER, Gordon I.: "Arrakasta lortzeko gela berezirik ez dugula behar erakutsi dugu"

2003-12-01
Kanadatik etorri zen Gordon L. Poter jauna "Guztientzako eskola" biltzarrera. Presque Isleko Maine Unibertsitateko Hezkuntzako irakasle elkartua da eta Inclusion InterAmericana erakundeko lehendakaria. Heziketa barneratzailearen ereduez eta estrategiez mintzatu zen hitzaldian, lan horretan eskarmentua duen gizona baita: 20 urteko esperientzia du eskola barneratzaileetan eta funtsezko liderra izan da bere erkidegoan, probintzian eta haietatik kanpo eskola programa barneratzaileak sortzeko orduan.

Kanadan 1982an hasi ziren eskola barneratzailearen ideia zabaltzen. Gordon L. Porterren probintzian, New Brunswick-en, 1982tik 1985era jardun zuten ideia hori lantzen eta 1986an probintzia osoan zabaldu zen. Gaur egun eskola barneratzaile gehien dituen herrialdea da.

Ez da harritzekoa, berez, Gordon L. Porter mundu osoan zehar aritzea horrelako ikastetxeak sortzen eta aholkuak ematen.
 
 
Zer da hezkuntza barneratzailea zuretzat?

Urritasunak dituzten ikasleek auzoko eskolan ikasten duten hezkuntza sistema da, non bere adinekoekin egoten diren, urritasunik ez duten ikasleekin batera, eta beraien gaitasunen eta beharren araberako irakaskuntza ematen zaien.



Zein dira eskola normalaren eta barnetzailearen arteko desberdintasunak heziketa bereziari dagokionez?

Eskola normalean arazoak dituen ikaslea psikologoarengana bidaltzen du irakasleak, eta psikologoak egiten du plangintza, berak erabakitzen du nora bidali, eskola berezi batera eraman edo ez... Irakasleak ez du ezer egiten. Garai batean irakasleak ez zuen psikologoaren txostena irakurri ere egiten. Irakaslea libre gelditzen da eta gustura. Baina gero ikasle gehiago etorriko dira, eta irakaslea beti ihesi ibiliko da.

Eskola barneratzailean, aldiz, ikasleak irakaslearekin jarraitzen du. Laguntza jasotzen du, noski, baina gela barruan. Psikologoa berari laguntzen egoten da eta hark egiten duena ikusten du.

Hezkuntza barneratzailea duen eskola batean lana irakasle arruntek egin behar dute, eta gainerakoek lagundu. Laguntzaileen, logopeden, psikologoen... zeregina irakasle arruntari laguntzea da.



Zer behar da hori guztia martxan jartzeko? Zein dira funtsezko oinarriak?

Eskola barneratzaileak oinarrizko bost praktika ditu: Ikasleentzako Laguntza Taldea, irakasle laguntzailea, maila anitzeko irakaskuntza, irakasleen prestakuntza pertsonala eta arazoak konpontzeko estrategia sortzaileak.



Zer da Ikasleentzako Laguntza Taldea?

Eskola barneratzaileetan Ikasleentzako Laguntza Taldeak daude eta bertan parte hartzen dute ikasleari eta irakasleari laguntzen dioten guztiek: zuzendariak, psikologoak, aholkulariek, gurasoek, profesionalek... Talde horrek erabakitzen du irakasle laguntzaileek norekin eta zenbat denbora egon behar duten. Taldearekin batera, zuzendaria ere funtsezko eragilea da. Oso garrantzitsua da jarrera ona edukitzea, lan taldearekin batera aritzea, eskolan ibiltzea eta bulegoan sartuta ez egotea, arazoei adarretatik heltzea eta liderra edo erreferentzia izatea.



Bigarren elementua irakasle laguntzailea da. Zein da bere eginkizuna?

Irakasleekin, gurasoekin eta beste profesionalekin kolaboratzen du ikasleek arrakasta izan dezaten ikasketa prozesuan. Bere zeregina irakasleari laguntzea denez, denbora gehien gelan irakasleari laguntzen pasa behar du, eta ez eskolan. Bera bakarrik egoten baldin bada haurrarekin, irakasleak ez du ezer ikusten eta ikasten. Horregatik, irakasle arruntarekin egon behar du denbora gehien curriculuma nola antolatu erakusten, arazoa nola bideratu erakusten... Irakasle arruntarekin batera hartu behar du parte, estrategiak sortu, aholkuak eman, gomendioak egin... Irakasle arruntaren entrenatzailea izango litzateke, nolabait esatearren.



Eskola arruntean oraindik ere irakasle laguntzaileak eta gela bereziak ez al dute pisu handia?

Bai, hala da. Oraindik ikaslea laguntzailearen eskuetan uzten da eta uste dut hurrengo urratsa hori aldatzea izan behar duela: hots, urritasunak dituen ikaslearentzat onena bere ikaskideekin eta irakaslearekin egotea dela konturatzea eta errekonozitzea, eta ez gela berezian egotea. Hobe da irakasle bereziarengana bidaltzea baino irakasle berezi hori gelan egotea irakasle arruntari laguntzen. Ikasle bat denbora labur baterako gelatik ateratzea eta irakasle bereziarengana bidaltzea ozeanora harriak botatzea bezala da.



Baina, gela batean urritasun askotariko ikasleak baldin badaude, nola erantzun guztiei?

Proportzio naturala gordetzen da. Haurrak komunitatean bizi dira eta eskolak komunitateari erantzun behar dio. Edonola ere, normalean gela berean ez dira arazodun asko egoten. Noski, premiadun ikasle gehiago baldin badaude, irakasleari laguntza gehiago ematen zaio. Irakasle batzuek egun osoan behar izaten dute laguntza, eta beste batzuek ordu bakanetan.



Zer ezaugarri edo prestakuntza behar ditu irakasle laguntzaileak zure ustez?

Lan hori egiteko ohiko gelan arrakasta duena aukeratuko nuke, ez hasi berria den irakasle bat. Ezagutza izatea ona da, baina esperientzia profesionala hobea. Horregatik, gela barruan aritu den bat aukeratuko nuke. Horrez gain, animoa galtzen ez duen pertsona izan behar du, baikorra, positiboa...



Zenbat irakasle laguntzaile egoten dira eskola barneratzaileetan normalean?

Hasieran asko egoten ziren, baina gaur egun irakasle arruntak trebeagoak diren heinean, gutxiago. Gutxi gorabehera 200-250 ikasleko 10-12 irakasle arrunt eta irakasle laguntzaile bat izan ohi dira.



Zer diozu irakasle arrunten prestakuntzaz?

Prestakuntzarik onena elkarlanean aritzea da. Arazoak sortzen direnean denen artean erantzutea eta elkarri babesa ematea funtsezkoa da. Horregatik, elkarri laguntzeko irakasle taldeak sortzen dira, irakasle laguntzaile bat buru dutelarik. Talde horietan arazo bati irtenbidea bilatzen saiatzen dira 30 minutuko saioan.

Horrela, "adituengandik datozen irtenbideekiko" menpekotasuna galtzen dute eta lankidetza bultzatzen dute. Laguntzailerik onenak lankideak izan ohi dira.



Maila anitzeko irakaskuntza da hirugarren ezaugarria. Zer esan nahi duzu horrekin?

Ikasleen behar askotarikoei erantzuten dien eredua da. Ikasle guztiak gela arruntean onartzen ditugu, baina bakoitzaren maila edo erritmoa desberdina denez, bakoitzari bere neurrira erantzun beharko zaio. Irakasleak premia bereziak zein diren ikusi beharko du eta hori kontuan izanda jokatu beharko du. Adibidez, gai bat lantzerakoan, mailakatu egin beharko du eta lau urrats eman beharko ditu. Lehendabizi gelako oinarrizko kontzeptuak identifikatu. Bigarrenik kontzeptuak nola aurkeztuko diren zehaztu. Hirugarrenik ikasleentzako praktikarako metodoa ezarri. Eta azkenik, ebaluazio modua erabaki. Hori guztia, ikasle guztien premiak kontuan hartuz egin behar da.



Ez al dago arriskurik ikasle jakin batzuengan interpretazio okerrak egiteko, eta ondorioz, dagokiena baino maila baxuagoa eskaintzeko?

Douglas Williams doktorearen ikerketek diote haur baten garapena zein izango den ondoen iragarriko duena berarekin dagoena izango dela, hots, bere irakaslea. Zentzu horretan, teoriek diotenari jaramon egin beharrean, irakasleari egin behar zaio. Esate baterako, urritasun jakin batzuetako haurrek ezin zutela elebidun izan esan izan da. Noski, hori sinesten badugu eta haurrak testuinguru elebakar batean sartu, ez dugu lortuko elebidun izatea. Orain, testuinguru elebidun batean, ikasle hori kognitiboki prest baldin badago, laguntzarekin garatuko du elebitasuna. Beraz, aldagairik garrantzitsuena da ikasle hori norekin dagoen.



Zer onura ekarri dio eskola barneratzaileak gizarteari?

Orain dela 27 urte Peter Pan izeneko eskola berezi bat zegoen gure herrian. Eskola hura nolakoa zen jakiteko kuriositatea neukan. 10 urteko semeak eskola haren ondotik pasa behar zuenez berera joateko, zuzendariarentzako gutun bat eramateko esan nion. Egun batzuk pasa ziren, eta gutuna oraindik etxean zegoen, nik utzitako leku berean. Semeak ez zion eskolari begiratu ere egin. Peter Pan ez zen nire semeak ikusi nahi zuen leku bat, eta ez zuen nahi lagunek handik ateratzen ikus zezaten. Ez zen ohiko lekua, ez ziren pertsona arruntak joaten hara.

Gaur egun, berriz, egoera aldatu egin da. Nire biloba eskola barneratzaile batean dabil, eta semeak ez bezala ikusten ditu gauzak: gelan era guztietako ikaskideak ditu, ez du ikaskide desberdinik ikusten. Gizartearentzat aurrerabidea da ikuspegi hori.

Douglas Williams doktoreak dio eskolan zenbat eta aniztasun gehiago lortu, orduan eta emaitza hobeak lortuko ditugula gure ikasleekin.

Azken batean, arrskasta lortzeko gela berezirik ez dugula behar erakutsi dugu. Hezkuntza barneratzaileak ikuspegi positiboagoa du irakasleei eta ikasleei begira.



Orain arteko esperientziak ikusita, nolako iritzia dute adituek eskola barneratzaileari buruz?

LGEE Lankidetzarako eta Garapen Ekonomikorako erakundeak zera zioen 1999an: "New Brunswick hezkuntza barneratzailearen prozesuaren aitzindari izan da gero eta haur gutxiago bidali dituelako eskola berezietara, azkenean derrigorrezko hezkuntzako ikasle guztiak zentro arruntetan egotea lortu arte".