Didaktika integratzailearen ekarpenak

2003-12-01
Euskal Herriko ikastetxeetan, orain arte, ama hizkuntzatzat euskara, frantsesa edo gaztelania duten haurrak izan ditugu batik bat. Azken hamarkadetan, euskal irakasleek lan izugarria egin dute ikasle horiek euskalduntzen.
 
 
Gaur egun, aldiz, ama hizkuntzatzat gaztelania edo frantsesa ez beste hizkuntza bat edo batzuk dituzten haur erdaldunekin topo egiten ari gara. Irakasleek ez dituzte ezagutzen hizkuntza horiek; eta, jatorri, kultura nahiz erlijio askotarikoak izateaz gain, besteak beste, egoera sozioekonomiko kaxkar bateko eta immigrazio mugikor bateko partaide dira; hau da, ez dira lurralde edo komunitate batean urte luzeetarako geratzen, leku batetik bestera dabiltza.

Arrazoi horiek bide, ikasle erdaldun horien euskalduntzeak (bai linguistikoki, bai kulturalki) hainbat sektoreren edota profesionalen elkarlana eskatzen du. Orain arte, haur erdaldunei euskara irakasteko orduan, bereziki, irakasleen eta hizkuntzalarien lana nabarmendu da. Gizarte laguntzaileen, psikopedagogoen eta horrelakoen laguntza ere hor zegoen, baina eskolaz kanpoko zerbitzuak ziren. Orain, aldiz, arestian aipatu dugunez, egoera zabalagoa da eta hizkuntzalarien, pedagogoen, psikopedagogoen, itzultzaileen, gizarte laguntzaileen, ikerlariren eta abarren arteko koordinazioa beharrezko da.

Datuek adierazten dutenez (Eusko Jaurlaritza, 2002), azken urteotan EAEn ikasle etorkinen matrikulazio tasa bikoiztu egin da. 1995-1996 ikasturtean 1.942 ikasle etorkin zeuden, 2001-2002 ikasturtean, aldiz, 5.415 zeuden. Bestalde, horien matrikulazio tasa azken urteetan % 40 ari da urtero igotzen, eta gaur egun, EAEko ikasle guztien % 1,8 dira1.

Bilakaera hori dela eta, nahiz eta oraindik kopurua handia ez izan, urtetik urtera bikoizten doanez, euskal irakaskuntzaren hainbat sektorek eta gizarteko eragileek hainbat jardunaldi, hitzaldi, mintegi... martxan jarri berri dituzte, egoera horri ahalik eta ongien erantzuteko gogoz.

Sektore guztiak bat datoz memento honetan haur etorkinen eskolatzeari begira kezka nagusia zein den adosteko orduan: haur etorkinei nola irakatsi gure hizkuntza ahalik eta denbora gutxienean.

Euskal Herrian bigarren hizkuntzaren irakaskuntzan jada bide bat ongi jorratua dugu (euskara gaztelaniaz mintzo diren haurrei ahalik eta lasterren irakastea), eta horko esperientzia baliagarri gerta dakiguke errealitate berri horri aurre egiteko. Baina, idatzi honen hasieran esan dugun legez, oraingo honetan haur horiek aurkitzen dituzten zailtasun ugariren artean, hizkuntzarenaz gain, kulturarena, erlijioarena, egoera ekonomiko nahiz sozial kaxkarrarena eta abar daude; beraz, nahiz eta kezka nagusia hizkuntzarena izan, ezin dugu gure arreta guztia hor jarri. Arrazonamendu honen adibide dugu, esaterako, haur iberoamerikarren kasua. EAEko ikasle etorkinen ia erdiak iberoamerikarrak dira (Eusko Jaurlaritza, 2002). Gure ikastetxeetara heltzen direnean aurkituko luketen jauzi bakarra hizkuntzarena balitz, hauen etorrerak ez liguke kezka handirik sortuko, EAEn hainbat urte baikabiltza gaztelania ama hizkuntzatzat duten haurrak euskalduntzen. Baina Victoria Mendozak (Mendoza, Victoria, 2002), kultura anitzetako ADISKIDETUAK elkarteko lehendakariak, behin eta berriro dioen legez, Iberoamerikatik datozen haurrek gehienetan aurkitzen duten jauzirik handiena kultura arlokoa da2.

Haur etorkinak gure ikastetxeetara heltzen direnean, jabetzen dira bai beraien hizkuntza eta baita kultura ere ez direla aintzat hartzen eskolako eguneroko ekintzetan, eta horrek jauzia are handiagoa egiten du. Jauzi horrek eragin zuzena du, besteak beste, gure hizkuntzaren ikasketan, beraien integrazio sozialean, emaitza akademikoetan eta egoera psikologikoan (Dasen, P., 2001, Berthelier, 1993). Beraz, argi dago, integrazio kulturalaren alorra ere ezin dugula alde batera utzi.

Beste herrialde batzuetan, aldiz, aspalditik ari dira gai hau lantzen, bereziki, etorkin ugari dituzten lurraldeetan. Esaterako, hor ditugu aitzindarien artean Frantzia, Suitza edota Erresuma Batua. Herrialde horietan, didaktika integratzailea bideratu nahi duten hainbat proiektu daude martxan.

Didaktika integratzaileak haur etorkinen integrazio kulturala nahiz linguistikoa bideratu nahi ditu. Horretarako, besteak beste, ikasgelako haur guztiei kultura eta hizkuntza aniztasunaren inguruko hezkuntza zabala eskaintzen zaie, aniztasun horren aurrean haur guztiek (bai etorkinek eta bai bertakoek) jarrera positiboa izan dezaten.

Oro har, denbora luzerako proiektu pedagogikoak izaten dira; ez dira zuzenean hizkuntzen irakaskuntzaz arduratzen; eta, eskolako ekintzak edo ikasgelan burutzen diren jarduerak (ipuinak irakurri, abestiak ikasi, musika entzun...) egiteko orduan, ikasgelako haur guztien kultura eta hizkuntzak errespetatzen eta kontuan hartzen dira, nahiz eta hizkuntza edo kultura gutxituak izan.

Ikastetxeko jardueretan haur etorkinen gurasoek ere parte hartzen dute. Izan ere, uste da ikastetxeetako hizkuntza eta kultura aniztasunari erantzun egokia emateko ezinbestekoa dela guraso denen arteko elkarlana.

Bestetik, sarri askotan, beti ez esatearren, irakasleak ez daude prest errealitate berri horri aurre egiteko, eta beraz, didaktika integratzailea bideratu nahi duten proiektuek irakasleentzako ikastaro bereziak eskaintzen dituzte.



Jarrera positiboak sortaraziz

Orain arte esandakoaz gain, bereziki Language Awareness (Hawkins, E: 1987) mugimenduaren ildotik doazen proiektuek (EVLANG hik hasi , 79-, EOLE hik hasi , 77-, JALING) kultura eta hizkuntza aniztasunaren aurrean ikasleei jarrera, gaitasun eta jakintza positiboa sorrarazi nahi diete. Jarrera positiboa kultura eta hizkuntza aniztasunaren aurrean eta hizkuntzak ikasteko orduan. Gaitasun positiboa hizkuntzaren ikaskuntzan laguntzen duten gaitasun metalinguistikoen eta kognitiboen lanketan. Eta jakintza positiboa munduan hizkuntzen inguruan bizi diren gai errealen aurrean (migrazioen eragina hizkuntzan, lurraldeetako errealitate linguistikoa, hizkuntza gutxituak munduan zehar, hizkuntza vs. kultura...). Proiektu horiek euskarri didaktikoak sortzen eta beraien ikasgeletan esperimentatzen dituzte, kultura eta hizkuntza aniztasuna curriculumeko ikasgai guztietan landuz. Horien prestakuntzan Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako eta unibertsitateko irakasleek hartzen dute parte eta kontuan izaten da, bai ikasgelako haurren kultur eta hizkuntza aniztasuna, bai inguruan bizi duten errealitate kultural zein linguistikoa.

Didaktika integratzailea bideratu nahi duten proiektuak martxan jarri dituzten ikastetxe guztietan, esperientzia oso positibotzat jo izan da, ikastetxe orotan landu beharrekotzat -etorkinak izan edo ez-. Ikastetxe horiek, bereziki, hiru lorpen nabarmentzen dituzte:

1. Ikasle etorkinen jarrera aldaketa: ikasle etorkinek nota hobeak ateratzen dituzte eta ikasgelan askoz gehiago parte hartzen dute. Ez dira gutxietsiak edo desberdinak sentitzen. Beraien jatorria ezagutu ondoren harro sentitzen dira, denek errespetuz eta berdintasunean tratatzen dituztela ikusten baitute (proiektua martxan jarri aurretik ez bezala). Proiektu integratzaileetan lehen pertsonan parte hartu duten haur etorkinen esanetan, didaktika integratzaileak pertsona legez indartsuago egin ditu, eta sozialki integratzerako orduan ere autoestimua igo die.

2. Bertakoen eta haur etorkinen arteko harremanen hobekuntza nabaria.

3. Guraso etorkinen interes handiagoa eskolarekiko.



Guretzat ere baliagarria da

Orain artekoa irakurri ostean, irakurleren batek galde dezake: baina honek guztiak Euskal Herriaren kasurako balio ote du? Eta bereziki, haur etorkinei euskara irakasteko balio al dute mota honetako proiektuek?

Lehenengo galderari erantzuteko gogoz, egia da bai, Euskal Herriko egoera, esaterako, Ingalaterrarekin edo Austriarekin konparatzen badugu, errealitate linguistikoari dagokionez behintzat, desberdina dela; Euskal Herria elebiduna baita eta, hizkuntzetako bat, euskara, hizkuntza gutxitua baita. Hala ere, adibidez, hor dugu Kataluniako kasua. Katalunia ere herrialde elebiduna da, eta hizkuntzetako bat, katalana, hizkuntza gutxitua da. Kataluniak bai EVLANG proiektuan, bai JALINGen parte hartu du, eta proiektu horien bertako arduradunen hitzetan, lortu diren emaitzak oso positiboak izan dira, bai integrazio kulturalari eta bai linguistikoari dagokienez. Jakinekoa da Kataluniako biztanleriaren elebitasun tasa askoz altuagoa dela Euskal Herrikoa baino, eta horrek gauzak zaildu egiten dituela haur etorkinak Euskal Herrian linguistikoki zein kulturalki integratzeko orduan. Baina kontuak kontu, gure egoera linguistikoaren antzekoa bizi duten herrialdeetan didaktika integratzailea bideratu nahi duten proiektuak oso positibotzat jo baldin badira -haur etorkinen integrazio kulturalari begira besterik ez bada ere-, guk ere, kontuan behintzat, hartu beharko genituzke.

Haur etorkinei euskara irakasteko orduan didaktika integratzailea bideratu nahi duten proiektuak lagungarri ote diren edo ez galderari dagokionez, guk baietz esango genuke. Izan ere, mota honetako proiektu askotan -bereziki "Language Awareness" mugimenduaren ildotik doazenak-, hizkuntzaren alorrean, besteak beste, hizkuntza desberdinen arteko berdintasunak eta desberdintasunak, familia bereko hizkuntzak, jatorri bera duten hitzak, hizkuntza gutxituak... ezagutzeaz eta era sinple batean aztertzeaz gain, ikasgelan burutzen diren ekintzetan gelako haur guztien ama hizkuntzak kontuan hartzen saiatzen dira. Horrela, hizkuntzaren alorrari begira behintzat, beste helburu askoren artean, honako bi hauek lortzen dira: hizkuntza berri bat ikastea errazago izatea haur guztientzat eta ikasle guztiek ikasle guztien edo gehienen ama hizkuntzan oinarrizko hitz nahiz esaldi batzuk jakitea.

Kontuak kontu, egia da bai, proiektu hauek zuzenean ez direla arduratzen hizkuntzen irakaskuntzaz. Baina bigarren hizkuntzaren ikaskuntzan inplikaturik dauden hainbat arlo, komunikatiboa, soziala, emozionala eta auto-irudia, ongi asko jorratzen dituzte, eta gogoan izan behar dugu, sarri askotan, bigarren hizkuntzaren ikaskuntzan alde horiek indar gehiago dutela, adibidez, material didaktiko ona izateak baino. (Gebhard, J.G & Oprandy, R., 1999).

Gure ustez, beraz, mota honetako proiektuetatik badugu zer ikasirik, eta egokitzapenak eginez, baliagarri gerta dakizkiguke gure gizarteak behar duen kultura eta hizkuntza aniztasuna eskolan lantzeko.

Hala ere, argi dago gure herrian fenomeno berria dela haur etorkinen etorrera gero eta handiago hau, eta horrek, didaktika integratzaileak eskain diezazkigukeen laguntzez gain, erantzun on bat emateko beste hainbat ikerlan eskatzen dituela; esaterako, giro euskaldunetara zein erdaldunetara heltzen diren haurren euskalduntze prozesuaren datu enpirikoak, material didaktiko egokia sortzea, ikasgeletan haur horiekin zer gertatzen den zehazki ikustea... •





OHARRA: artikulu hau 2003ko azaroan EHUn Itziar Idiazabal zuzendari nuela doktoretzako ikerlan legez aurkeztu nituen lanetako baten laburpena da. Lan hau ikusi edota gai honen inguruko informazio gehiago nahi lukeenak, edota mota honetako proiektuetan erabiltzen den material didaktikoari begiratu bat eman nahi liokeenak, nirekin harremanetan jartzea baino ez dauka.