AINSCOW, Mel: "Eskola barneratzaileagoak lortzeko, eskolan lan egiteko moduak aldatu egin behar dira. Eskola kultura aldatu behar da"
Hezkuntzari lotutako bere jardunean hainbat erakundetan parte hartu izan du. Besteak beste, UNESCOko, UNICEFeko eta Save The Childreen-eko aholkularia da. UNESCOren irakasleak prestatzeko "Hezkuntza premia bereziak gelan" proiektuaren zuzendaria izan da. Proiektu horren barruan munduko 80 herrialde baino gehiagotan egiten dira jarduerak. Cambridge Unibertsitatean "Guztiontzako hezkuntzaren kalitatea hobetzen" ikerketa eta garapen proiektua koordinatu zuen. Eta "Hirietan bikaintasuna" lidergoa garatzeko taldeko partaidea da. Madrilgo Hezkuntza Ministeritzari hezkuntza politika barneratzaileei buruzko aholkuak ematen ere jardun da.
Ikerketa ugaritan murgilduta egon da betidanik eta argitalpen sorta bat ere kaleratua du. Gehienak eskola barneratzailearen ingurukoak dira, eta gai hori izan da elkarrizketaren ardatz.
Hezkuntza sistema barneratzaileaz mintzatzean atzera begiratu behar dugu, historiara. 100 urte soilik atzera egiten badugu, konturatuko gara hezkuntza jende aberatsaren esku baino ez zegoela, eta normalean mutilak soilik joaten ziren. XIX. mendean hasi zen hezkuntza poliki-poliki orokortzen, eta XX. mendean neska-mutil gehienek eskolara joateko aukera zuten.
Baina urritasunak dituzten haurren auzia beti hor egon da. Banatuta egoten ziren eta beraien hezkuntza erakunde konkretu batzuen borondatearen baitan gelditzen zen. Guraso elkarteak, karitate taldeak eta eliza ziren erakunde horiek. Urritasuna zuten haurrei eskaintzen zien hezkuntza ez zen ofiziala, borondatezkoa baizik.
XX. mendean hainbat aldarrikapen eta borroka egon ziren haur horiek hezkuntzarako eskubidea zutela konbentzi zitezen gobernuak. Hori XX. mendean gertatu zen, eta interesgarria da. Zeren, orain dela hilabete batzuk Katalunian izan nintzen, eta oraindik eskola bereziak badaudela ikusi nuen, gehienbat guraso elkarteek antolatutakoak. Gobernuak ordaintzen ditu irakasleak, baina eskola gurasoena da.
Beraz, gaur egun oraindik ere indarrean dago haur horiek hezkuntzarako eskubidea dutela errebindikatzea. Ingalaterran, esaterako, 1970 arte hezkuntza sisteman integratu gabeko haur taldeak zeuden eta urte horretatik aurrera onartu zuen gobernuak zailtasun larriak zituzten haurrak hezkuntzan sartu behar zutela.
Horrenbestez, heziketa bereziaren historiari so eginez gero, berehala konturatzen gara etengabeko borroka egin behar izan dela taldetik kanpora utzitako haur horien alde, hots, haur horiek integratzeko. Horrela, XX. mendearen bukaeran intregrazioaz hitz egiten zen, eta gaur egun barneratzeaz.
Bi kontzepturekin aurkitzen gara: hezkuntza integratzailea eta barneratzailea. Zein da bien arteko desberdinasuna?
Ez dago batere argi. 1994an Nazioarteko Biltzar bat egin zen Salamancan UNESCOk antolatuta. Bertan mundu osoko gobernuetako eta gobernuz kanpoko erakundetako ordezkariak bildu ziren heziketa bereziaren etorkizunaz eta egin beharko litzatekeenaz eztabaidatzeko. Bertan zera erabaki zen: hurrengo urratsa barneratzearen ideia garatzea zela.
Ia 10 urte pasa dira ordutik, eta oraindik ere ez dago argi zein den integrazioaren eta barneratzearen arteko aldea. Herrialde guztietan dago nahasmena eta ez dago adostasunik. Dena den, nik badut nire iritzia eta hori azalduko dizuet.
Niretzat integrazioa bereziak ziren ikasleak ildo orokorrean sartzeko saiakera bat zen. Beraz, haurrak prestatu egiten ziren, haurrak babestu egiten ziren, eta posible baldin bazen eskola arruntera bidaltzen ziren, gehienetan auzoko eskolara auzoko gainontzeko haurrekin batera. Finean, haurrak prestatu eta bultzatu egiten ziren. Gakoa zen haurrek sisteman egoteko gai izan behar zutela eta onartuak izan behar zutela, betiere zegoen eredura egokitzen edo moldatzen baldin baziren. Puzzle bat edukitzea bezala da: haurra pieza bat da eta zuk puzzlean jartzen duzu. Beraz, urritasuna duen haurra puzzlean ondo egokitzen bada, ongi etorria izango da.
Hurbilketa hori nahiko arrakastatsua izan da nazioartean eta gaur egun herrialde askotan urritasunak dituzten haurrak auzoko eskolara joaten dira. Duela urte batzuk hori pentsaezina izango zatekeen.
Baina hurbilketa horren muga zera da: haurra ez baldin bada egokitzen, agur esaten zaio. Haurra egokitzen baldin bada, jarrai dezake. Oso ongi. Ez dago arazorik. Haatik, haurra zaila baldin bada edo eskatzen zaion guztiari erantzuten ez baldin badio, kanpora bidaltzen da berriro.
Barneratzea, ordea, beste modu batera pentsatzea da. Filosofia aldadatzea esan nahi du, gai bati ikuspegi anitzetatik begiratzea. Nik esango nuke barneratzea ez dela haurrak egokitzea, baizik eta sistema aldatzea. Hortaz, "haur hau hezkuntza sisteman egokitzen da" esan beharrean, honakoa galdetuko genuke: nola garatu beharko genuke hezkuntza sistema haur guztiek bertan egoteko eskubidea izan dezaten?
Orduan, nola definituko zenuke eskola barneratzailea?
Barneratzaileak guztientzako eskola esan nahi du, guztiei toki egin behar diela. Noski, ez da erraza, epe luzeko proiektua baizik. Baina norabidea markatzen duen galdera zera da: ezaugarriak edozein direlarik ere, haur guztiak barneratuko eta heziko dituzten eskola garatuak eta aurreratuak dituen hezkuntza sistema bat sortu ahal izateko bideak aurkitzeko gai al gara? Hezkuntza sistema barneratzaileak haur guztiei erantzun behar die, eta arriskuan, baztertuta edo kanporatuta senti daitezkeen haurrei ere bai. Horrek izan behar du helburua.
Barneratzearen ikuspegi horrek herrialde, lurralde, eskualde, herri eta auzo guztietako zentroetan galdera bat jartzen du erdigunean: zer egin behar dugu aurrera jotzeko? Zein da eskolaz dugun ikuspuntua? Zein aldaketa dira beharrezko norabide horretan mugi gaitezen?
Integrazioa baino askoz ere zailagoa da, askoz ere jende gehiago inplikatzea eskatzen baitu. Barneratzeak galdera honi erantzutea dakar: nola gara dezakegu hezkuntza sistema aniztasunari erantzun diezaion? Ados nago Salamancan agertu zen argudioarekin, hau da: sistemaren antolaketan, curriculumean, irakasteko moduan, harremanetan, baliabideetan... egiten baditugu aldaketak, sistema bera aldatu egingo da, eta hori onugarria izango da haurrentzat. Horrenbestez, memento honetan oso ondo moldatzen ez diren haurrak hobeto ibiliko dira, guztientzat izango da onuragarria.
Zein da eskola barneratzailearen muina edo zutabea?
Eskola barneratzaileagoak lortzeko, eskolako lan egiteko moduak aldatu egin behar dira. Eskolako kultura aldatu behar da. Eskola gehienetako kultura oso indibidualista da, bakoitzak berea planifikatzen du, bakoitzak bere kabuz egiten du lan, bakoitzak bere arazoak konpontzen ditu, eta denek biziraun egin behar dute, bakoitzak bere burua zaindu behar duelarik. Barneratzaileagoak diren eskoletan elkarrekin planifikatzen dute eta arazoei elkarrekin bilatzen diete irtenbidea. Horrela, babes, laguntza eta kolaborazio gehiagoko giroa lortzen da. Noski, hori haurrentzat ez ezik, irakasleentzat ere ona da, lan egiteko leku hobea eta atseginagoa lortzen baita.
Irakasleen jarrera eta lan egiteko modua desberdina al da eskola barneratzaileetan?
Irakasleek elkarrekin lan egin behar dutenez, horretarako denbora behar dute; alegia, elkarrekin planifikatzeko, gelan elkarrekin egoteko... Psikologoek, aholkulariek eta kanpotik laguntzera etortzen direnek ere lan egiteko modua aldatu behar dute, irakasleekin lankidetza gehiago eginez.
Horregatik da garrantzitsua integraziotik barneratzera dagoen aldea. Ohiko eskoletan irakasleak bakarrik eta abandonatuta sentitzen dira, euren arazoei bakarrik egin behar diete aurre. Eskola barneratzaileetan, aldiz, irakasleak ez daude bakarrik, talde bateko partaide dira eta talde horrek babesa eta laguntza ematen die; taldekideekin mintza daitezke aholkuak eta laguntza jasotzeko. Hor dago aldaketaren muina.
Zein da gela barneratzaile baten eta ez barneratzaile baten arteko desberdintasuna?
Nik ez nuke gela barneratzaileaz eta ez barneratzaileaz hitz egingo, baizik eta gela barneratzaileaz eta barneratzaileagoaz.
Orduan, gela barneratzaileagoan harreman gehiago egon ohi da. Irakasleek ikasle bezala ikusten dute euren burua, etengabe esperimentatzen dute, eta haur bakoitza taldean barneratzeko moduak bilatzen saiatzen dira, betiere beren esperientziatik eta zailtasunetatik abiatuta. "Nola erakar ditzaket ikasleak? Nola lortu gaiak interesgarriak izan daitezen? Nola bilakatu nire jarduna esanguratsu ikasleentzat?". Horrelako kezkak izaten dituzte irakasleek.
Beste modu batera esanda, irakasleak ikasle sentitzen dira, ikasle berritzaileak, eta horrez gain, gainontzekoak ere ikasle bezala ikusten dituzte. Hau da, badakite haurrak beraiek eragile garrantzitsuak izan daitezkeela gelan.
Gela barneratzaileago batean irakasleak hitz egin, planifikatu eta antolatu egiten du, noski, baina ikasleek ere planifika eta antola dezaten arduratzen da. Ikasleek elkarri laguntzen diote, elkarrekin egiten dituzte proiektuak eta oso aktiboak izan daitezke gelan.
Modu horretan, ikasle guztiek gehiago ikasten dute, gehiago inplikatzen dira, ingurunearekiko aktiboagoak izaten dira, eta noski, guztiek emaitza hobeak erdiesten dituzte. Horrek guztiak irakasleak babestu egiten ditu, eta konturatzen dira esperimenta dezaketela, arriskatu daitezkeela, sekula egin gabeko gauzak egin ditzaketela...
Gela barneratzaileagoetan irakas-
leek elkarrekin egiten dute lan, elkarrekin planikatzen dute. Gela batean irakasle bi edo hiru elkar litezke nola irakatsi behar duten eztabaidatzeko eta erabakitzeko.
Egoera hori nahiko erradikala suertatzen da herrialde gehienetan. Egun, oraindik, eskola batera joaten bagara, irakasle bakoitza bere gelan sartuta ikusiko dugu, atea itxita eta 30 ikaslerekin. Ondoren, irakasle gelan kafea hartuko du, baina ez du jakingo beste irakasleak zer egiten ari diren.
Eskola barneratzailea lortzeko egin beharko liratekeen aldaketa zehatz batzuk aipatuko al zenituzke?
Hezkuntza barneratzaileak haur guztiak bere baitan hartzen dituenez, ez dago zertan izendatu eta bereizi behar. Hori da lehenengo gauza.
Bigarren puntua normaltasuna kontzeptuari lotua dago. Zer d normaltasuna ? Zer da normala izatea? Ikuspuntu horrek pertsona normalak eta anormalak daudela pentsatzera garamatza, eta bien arteko marra bat ezartzera. Ikuspegi barneratzaileak normaltasunaren definizioa zabaldu egiten du guztiak normalak garela esanez, guztiak gizakiak garela esanez, eta ez du axola zein ezaugarri, hizkuntza, kultura, erlijio, urritasun fisiko edota adimen urritasun ditugun, normaltasunak denak barneratzen gaitu eta. Denak biltzen dituen gizarte barneratzaile bat nahi baldin badugu, hurrengo haur eta gazte belaunaldia prestatu egin behar dugu gizarte barneratzaile batean bizitzeko gai izan dadin.
Zer egin da orain arte? Zer deritzozu?
Azken 10 urteotan herrialde askotan eskola batzuk aurrerapausoak eman dituzte. Gai hau aztertu dute eta aurrera nola egin ikasi dute. Baina niretzat arazoa da eskola bakanak direla hori egiten dutenak, hots, pertsona indibidualak, normalean eskola aldatu nahi duten pertsona gogotsuak, gartsuak eta karismadunak. Noski, pertsona horiengandik asko ikas dezakegula pentsatzen dut, baina ez da nahikoa.
Orduan, zer gehiago egin behar da?
Aldaketa sakonak eta benetako eboluzioa nahi baditugu, sistema osoa aldatu behar dugu, ez eskola bakan batzuk. Eskola guztiek norabide berean jardun behar dute eta horretarako komunitate osoak pentsatu eta sinestu behar du sistema barneratzailean.
Horrek liderrak eskatzen ditu eskola barruan, beren gelatik atera eta elkarrekin lan egingo duten irakasleak, hezkuntza komunitatearengandik eta familiengandik gertuago dauden eskolak, eta eskolaren ikuspegi hori bera duten hezkuntza politika, politikoak eta administrariak. Teknikoki erraza da, baina sozialki oso konplexua da.
Zein dira traba nagusiak?
Traba ugari daude eta horietako batzuk fisikoak dira. Adibidez, eraikuntzak ez dira egokiak, baina hori erraz konpon daiteke. Beste eragozpen batzuk curriculumari lotutakoak dira, beste batzuk irakasteko moduari, beste batzuk ebaluazioaren gainekoak eta beste batzuk harremanei lotutakoak. Edonola ere, trabarik nagusiena pertsonen pentsamendua da. Baliabideak hobeto ustiatzea edo errekurtso gehiago edukitzea teknikoki erraza da. Zailena denen arteko adostasuna lortzea da, denak elkarrekin lan egitea, egiten ari dena guztiek modu berean ulertzea. Aurretik daukagun esperientziak mugak jartzen dizkigu. Zentzu horretan, esperientziarik ez dutenak errazago moldatzen dira. Esperientzia duten irakasleei zaila egiten zaie inoiz egin ez duten zerbait egitea. Nolabait esatearren, beti maleta batekin ibiliko bagina bezala da, non hor gordetzen ditugun aurreko ideiak eta esperientziak. Horietako batzuk erabilgarriak izan litezke, baina beste batzuk arazoak sortzeko baino ez dira.
Zenbateko garrantzia ematen diozu familiarekin eta inguruko erakundeekin lan egiteari?
Hori funtsezkoa da. Familiarekin, erakundeekin, gobernuarekin, gobernuz kanpoko erakundeekin, aisialdiko taldeekin eta abar lankidetzan aritzea funtsezkoa da eraldaketa sakonak egiteko. Alderdi guztiak elkarrekin aritzea ezinbestekoa da. Eta hori zaila da. Izan ere, gure gizartean norabide horretan joan nahi ez duen jendea badago, hots, eskola barneratzaileak nahi ez dituen jendea. Beraz, eztabaida eskolaz haratago doa; komunitate osoak erabaki behar du nolako eskola mota nahi duen.
Euskal Herrira etorri zara. Nola ikusi duzu hemengo egoera?
Beste herrialdeekin konparatuta, nahiko errekurtso daukazue, eta hezkuntza barneratzailearen alde pauso garrantzitsuak eman dituzue. Horrez gain, Hezkuntza sailburua horrelako biltzarretan dirua jartzeko prest dago, eta horrek adierazten du garrantzia ematen diola. Biltzarrak garestiak dira, baina era berean, errazak dira. Ez duzu ezer aldatu behar. Biltzarra antolatu eta kito. Argazkiak atera, sailburuak hitzaldia eman, atzerriko jendea ekarri eta abar. Finean, biltzarrek ez dute balio ezer aldatzeko. Baina, gauza positiboak ere badituzte: esanahi indartsua duen sinbolo bat sortzen dute, eta hori garrantzitsua da aurrerapausoak emateko. Herrialde batzuetan horrelakorik ez dago, eta hori okerrago da.
Europan non garatu da gehien hezkuntza barneratzailea?
Gehienbat Eskandinaviako herrialdeetan: Norvegian, Suedian, Danimarkan, Finlandian eta Islandian. Orain dela 200 urte jada integratuta zeuden. Norvegian, esate baterako, "guztientzako eskola" XVIII. mendetik zetorren filosofia izan da. Herrialde horiek oso demokratikoak eta parte-hartzaileak izan dira, tradizio indartsua dute horretan, eta eskoletan hori islatu egin da.
Kontinentean behera eginez gero, Holandan, Belgikan, Frantzian, Alemanian, Britania Handian... tradizionalki sistema baztertzaileak izan dituzte. Britania Handian, adibidez, sistema baztertzaileak egon dira, baina ez urritasunak dituzten haurren kasuan soilik, baita klase bazterketakoak ere. Aberatsentzako eskolak eta behartsuentzako eskolak zeuden; erlijio honentzako eskolak eta erlijio harentzako eskolak. Herrialde horietan banaketaren ideia egon da, Eskandinavian ez bezala.
Latindar herrialdeak interesgarriak iruditzen zaizkit. Azken urteotan izugarrizko aldaketak egon dira Portugalen, Italian eta Espainian politika arloan. Diktaduratik demokraziarako prozesuek bertako hezkuntza sistemetan eragin dute.
Munduan zehar zer esperientzia daude?
Hego Afrikan apartheid-aren ondorengo garaian asko eztabaidatu zen hezkuntza motaren inguruan. Apartheid egoeratik gizarte demokratikora pasa behar bazen, zein eskola sistema behar zen? Hori zen galdera.
Munduan zehar herrialde askotan ari dira eskola barneratzailearen aldeko urratsak ematen, bai herrialde aberatsetan eta bai herrialde behartsuetan. Hego Afrika aipatu dut lehen; Australian izugarrizko aurrerapausoak eman dituzte; Txilen, Perun, Brasilen... ere bai. Mugimendu handia dago.
Hortaz, nola ikusten duzu etorkizuna?
Esan dudan bezala, mugimendua badago, baina ez du esan nahi beti aurrerapausoak ematen direnik, ez baita erraza eta arazorik gabe gauzatzen. Baina mugimendua badago eta horrek badu bere historia atzetik: haur eta gazteei eraginkorrago irakasteko moduak nola garatu ikasten ari dira herrialdeak.
Ni baikor nago. XX. mendean ildo hori nagusituko dela uste dut. Hezkuntza herrialde gehienen agendan dago, batez ere Mendebaldean. Hezkuntzari buruzko eztabaida sozialak eta politikoak ugaritzen ari dira eta hori ona da.
Ziur nago aurrerago joan gaitezkeela, ez dakit noraino, baina aurrerago joan gaitezke, hori bai.